Net Hurbil: Herrialde txiroen kanpo zorraren auditoria nola egin


2007ko urtarrilaren 14an
Kongok zenbat diru zor die herrialde aberatsetako estatuei, hango banku pribatuei eta nazioarteko finantz erakundeei? Kongotarren kolonizatzailea izan zen Belgikan bada sentsibilitate pittin bat haiekiko, eta Bruselako senatuan galdera horri erantzunez agiri garrantzitsuak aurkeztu zituzten hainbat adituk joan den urrian. Dokumentazioak bildu eta eztabaidatuz, Kongoren kanpo zorraren auditoria egiten ahalegindu ziren jakintsuok, eta ekarpenen bilduma Comité pour l'Annulattion de la Dette du Tiers Monde (CADTM) erakundeak eskaintzen du bere webgunean.

CADTM 1990ean fundatu zen, Gilles Perrault idazleak eta Renaud kantariak egindako deialdiari erantzunez; Belgikako Liejan dauka bulego zentrala eta hortik zabaldu da mundu osora. Altermundialisten artean erakunde ezaguna da eta bere guneak frantsesez, ingelesez eta gaztelaniaz funtzionatzen du. CADTMk beste erakunde batzuekin batera plazaratu du Hirugarren Munduaren zorra auditatzeko eskuliburua, paperean eta Internetez pdf formatuan eskaintzen duena. Kongoko kasuaz egin duten auditoria da ikerketa-eredu berri honen adibide on bat.

Ezaguna da kanpo zorra dela Hirugarren Mundua edo Hegoaldea edo Periferia deitzen den horretako herrialdeen arazo nagusia, zor horrek dauzkala txirotasunean eta miserian itota. Alde batera utzirik herrialde batek bere barruan daukan zorra, bertako estatuak atzerrian hitzartuta dauzkan zorrak dira ikertu eta kontabilizatu nahi direnak: bai beste estatuekin, bai kanpoko enpresa eta erakunde pribatuekin eta bai nazioarteko erakundeekin hitzartuta daudenak.

«Hogei urte baino gehiago daramagu Hirugarren Munduaren 'zorraren krisiaz' hitz egiten -dio CADTMren eskuliburuak- horri konponbidea ipintzen zitzaiolakoan. Baina herrialde horien zorra etengabe puztu da: 1970ean 70.000 milioi dolar ziren, 1980an 540.000 milioi dolar eta gaur 2,8 bilioi inguru dira. 35 urteotan 40 halako bihurtu da». Oraingoz zorpetzearen katea inork ez du eten, eta arazoa bihar larriagoa izanen da.

1960-1970eko hamarkadetan uste izan zen nazioarteko kredituek balioko zutela herrialde «atzeratuak» aurrera ateratzeko. Beren etorkizuna konpontzeko behar zuten bakarra kapitala zelakoan. Baina geroztik, aurreko zorrak beste zor handiagoz estali ziren. Eta kanpoko kredituetatik lortutako diruak desbideratu egin ziren, proiektu megalomanoetan xahutu, okerreko asmoetan inbertitu, arma eta errepresio sistemetan gastatu, lehengo kolonizatzaileei erosketak egiteko erabili... Baina ororen buru herritarrek ez zuten kreditu haien inolako etekinik ikusi.

Gero, 1980an, ordainketen krisia gertatu zen, eta aitzakia horrekin nazioarteko erakundeen presioz -Nazioarteko Diru Funtsaren eskariz batez ere- herrialde horiek beren ekonomia eta gizarteetan aldaketa bortitzak egin behar izan zituzten: osasunerako eta beste programa sozialetarako aurrekontuak arras murriztu, ekonomiak dolarizatu, enpresa publikoak pribatizatu, bertako merkatuak sakrifikatu. Herritarren bizi-baldintzak izugarri hondatu arren, zorra gero eta handiagoa zen.

1990eko hamarkadarako Hegoaren eta Iparraren arteko kapital saldoa aberats hauen aldekoa zen argi eta garbi, askok uste dutenaren kontra. Orain Nazioarteko Diru Funtsa da -gaur buruzagi Rodrigo Rato espainiarra duena- kapitalaren zurrupatze hori kudeatzen duena, eta honek herrialde askotan ekarri dituen ondorio sozialak, ekologikoak eta bestelakoak, CADTMren eskuliburuan esplikatzen dira, adibide zehatz pila batekin.


Justizia eskea zenbakiz justifikatu

Munduaren Iparraldeak Hegoaldeari egiten dion lapurreta hau informazio uholdearen artean ezkutatuta geratzen da, eta lantzean behin publikatzen diren kopuruek ez dute balio izaten arazoaren larritasuna erretolika filantropikoaren lainotan estaltzeko baino gehiago. CADTM eta nazioarteko justiziaren aldeko beste erakunde batzuek erabaki dute kanpo zorraren eraginaz orain arte egin diren planteamenduetatik harago joan behar dela; horretarako, mundu mailan eta herrialdez herrialde kanpo zorra sakon eta zehatz ikertu behar dela. Nazio bakoitzaren kredituen eta zorren auditoriak egitea proposatu dute.

Auditorien lehen helburua da herrialde bakoitzaren zor kopurua zehaztea, ordaindu ezin diren kredituen historia eta une honetako egoera kopuru garbietan ipiniz. Bigarrenik, zorretan eskuratutako dirutzak nortzuk eskatu dituzten eta nork eman dizkien argitu nahi da. Alegia, estatu bakoitzak gaur zor duen kreditu bakoitza nola sortu den, nork eta nola erabili duen, eta zertarako.

Honela bereizi nahi dira alde batetik herrialde bakoitzak daukan zor «legezkoa» -herritarren izenean eta mesederako justifikatzeko modukoa- eta «ez-legezkoa»; ondoren, zor legezkoen ordainketak birnegoziatu beharko dira, eta aldiz «ez-legezkoa» kitatutzat joko da. Aldi berean, benetako zordunak nor diren argituko da. Kasu askotan gainera alferrik ordaindu den dirua berreskuratzea eskatuko dute Hirugarren Munduko herrialde horiek.

Auditoriak egite honekin iragana argitzeaz gain beste eragin bat ere lortu nahi dute militante altermundialista hauek: «Honek bultzatu behar du -irakur daiteke CADTMren eskuliburuan- herritarren mobilizazioa, hauek beren gain hartzeko beren egoera eta etorkizunari buruz daukaten fatalismoa ezabatzeko. (...) Estatuaren gain aginte puska bat hartzeko herritarrei tresna indartsua eskaintzen diete auditoriok. Nazioarteko harremanen eta munduko ekonomiaren mekanismoak ulertzeko eskola ere badira».

Auditoria sistema honekin Iparraldearen eta Hegoaldearen arteko elkartasun harremanak sendotu nahi lituzkete CADTMk eta bere sozioek. Tarteka G8ak, Munduko Bankuak eta beste nazioarteko erakundeek halako zor kitatze sinboliko eta partzialak eginez propaganda handia egiten dute. Hori militante altermundialistek beren garaipentzat daukate, baina aberatsen eskuzabaltasun gisa aurkeztuta Iparreko eta Hegoko herritarren arteko harremanak kaltetzen ditu, karitate eskeman agertzen direlako.

Hori guztiagatik, honako lau helburu estrategiko lortu nahiko dira auditoriok egiterakoan: 1) zorraren kitatzea gardentasun eta justizia eskeman burutzea; 2) herritarren heziketa eta mobilizazio mugimendu zabala eratzea; 3) herrialdeak elkarrengana hurbiltzea, karitate planteamenduak baztertuz; eta 4) zorrak kitatzeko operazioek ez ditzatela eragin herrialde txiroen kontrako kanpaina arrazista eta gorrotozkoak.

Helburuak zabalak eta ausardiaz beteak dira, eta ikusi beharko da erakunde eta militanteon indarrak hainbeste erdiesteko kapaz diren. Hasteko, Eric Toussaint bezalako militante ezagunen bermea dute gero eta gehiago entzungo ditugun auditoria horiek.

-------------------------------------------------------------------------
argia.eus/nethurbil


Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude