Polizia neurri


2006ko abenduaren 17an
Ez dakit asautxo dagoelako den -irla han da urrutian- eta ez etxe atarian, baina zain beltza dut Ipar Irlandan Saint Andrewseko itunaren ingurukoak, zinez oharkabean pasatzen ari zaizkigula. Anekdota bai, gogoan dugu. Michael Stone loialista, hilerriko hiltzailea -nola deritzo figura erretoriko honi?- Stormonten sartu nahian, zaindari batek besoa lotua. Baina, gainerakoa? Bai, gauzak ez doazela ondoegi, Ian Paisley ahardikume hori... eta zerbait gehiago?

Hango eta hemengo egoerak bestelakoak izanagatik, bada bi korapiloetan aintzat hartu beharreko kontutxo bat, orain arte nahikoa aitatu ez dena. Saint Andrewseko akordioak hainbat konpromiso betetzera behartzen zituen Ipar Irlandako alderdiak. Laburbilduz, Paisleyren DUPi, errepublikanoekin batera esertzea biharko gobernuan, eta Sinn Feini, berriz, Ipar Irlandako Polizia berritua onartzea. Urrats horiek emanez gero onartuko du soilik britainiar gobernuak, antza, Justizia eta Polizia eskumenak Stormontekoaren esku uztea.

Polizia berria onartzearenak, badu bere koska. Urteetan, mugimendu errepublikarraren aitzi aritzeko tresna beldurgarria izan den Ipar Irlandako Poliziari, RUCari, izena ere aldatu egin behar izan zioten, barne osaketarekin batera, Sinn Feinek onartuko bazuen. Alegia, ordura arteko Polizia ez zela «Ipar Irlandako gizartearen isla» esatera behartu zuen bake akordioak britainiar gobernua. Oreka bilatze aldera, kontratazio berrietan, diskriminazio positiboaz hitz egin zen, errepublikarren alde beti, noski. Bake nahia handia da, baina aldaketak aldaketa, errezeloak ez dira txikiagoak, eta horretan daude oraindik.

Han den irla gogora ekarri didan albiste txepela azaro hondarretan gure ekonomia orrialdeetan. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan hauteskunde sindikalak burutzen ari dira hainbat arlo publikotan, tartean, Ertzaintzan. Emaitzek, eman dute zer esana: aurrekoetan ez bezala, ERNEk, alde nabarmenez, aurrea hartu dio ELAri, osterantzekoak, CCOO, EUSPEL, ESAN eta SIPE, atze samarrean dituztela.

Harrak helduta, Nafarroako Foruzaingoaren emaitzetara jo dut. 2003an, AFAPNA eta ASIT-SPF atera ziren garaile, ELA, CCOO eta UGT zituztela hurrenez hurren gibelean. Lardaskan aritu naiz. Nafarroako suhiltzaileetan, LABek lortu zuen ordukoan ordezkari gehien, ia herena. Nafar administrazioko gainerako ataletan, batzuetan aurrerago besteetan atzerago, baina hor ageri dira nonahi LABen emaitzak. Oker ez banabil guztietan, Justizian eta Foruzaingoan izan ezik. Kasualitatea?

Zer pentsa ematen duen datua Hegoaldeko Polizietako ordezkari sindikalena, nik neure aldetik -koldar halakoa- denik eta abertzaleena ere begiko ez nukeen arren. Ipar Irlandan berebiziko garrantzia eman zitzaion Polizia eraberritzeari, garai berrien ikur gisa baino harago beti ere. Gasteizen eta Iruñean, izan da inoiz horrelako asmorik? Badakit, beti esan ahal izango da ezker abertzaleko berak direla, tradizioz hain anti beti, Polizia autonomikoetan, infiltratu gisa ez bada, sartu nahi izan ez dutenak, eta hauteskundeak libreak direla. Garenak garela.

Datu konparatiboek gure gizartearen erradiografia amorfoa erakusten digute, ordea. Nola liteke fabriketan, irakaskuntzan, administrazioan, osasun arloan, dendetan gizartearen osterantzeko arlo guztietan ordezkaritza zabala duen sektore bat estatuaren esku zikinenetan ez egotea normaltasun osoz onartzea? Nola ulertu behar dira datuok?
- Halakoak dira: ez dute gaizkileen kontra aritu nahi. Ez daude gidariei laguntzeko prest! Antisozialak dira, berez!
- Eta suhiltzaileetan nagusi?
Ez iezadazue gaizki ulertu. Gaiztoan baino ez naiz ari. Segi hizketan, ni hau utzi eta banoa. Osaketa orekatuagoa eskatzeko, fede gehiago beharko nukeen, benetan.
- Esadak, kosovotarrek lapurreta egiten badiate nori eskatu behar diek laguntza, arrantzaleei?

Arrazoi. Baina esadazue, gure irlan, nor da ispilugilea?


Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude