Elhuyarri agur eta ongi etorri

1981eko udan, Elhuyarren parte hartzeko aukera eskaini zidatenean, ez nuen pentsatu ere egin hurrengo 14 urteko nominak hantxe kobratuko nituenik.

Lehenengo urteetan larunbat arratsaldeetan elkartzen ginen nominadunak eta boluntarioak; bilera haietan gure estrategiak zehazteaz gain lanen segimendua egiten genuen. Boluntarioa edo euskararen aldeko militante asko ezagutu nituen; guztia egiteko zegoen eta gu testugintzan, bideogintzan, softwaregintzan, alfabetatze teknikoan eta aldizkarigintzan aritu ginen hasieran, beti ere zientzia eta teknika euskaraz egitea helburu zelarik. Gerora itzulpen teknikoak, hitzaldiak, irratsaioak eta abar ere etorri ziren. Geure artean asko hitz egiten genuen hau ala bestearen komenientziaz eta gehienetan jotzen genuen gure kolaboratzaile «ideologiko»engana iritzia ezagutu nahian.

80ko hamarkada hura nire lan-bizitzako onena izan zen eta izango da ziurren. 90ko hamarkadan gauzak aldatu egin ziren; gero eta zailagoa zen boluntarioak eskuratzea, proiektu handi bezain konplexuak sortu ziren, euskararen industrian lehia hasi zen eta Elhuyar enpresa bezala egituratu behar izan zen. Fase horretan batzuk Elhuyarren trenean azken estaziora ailegatu ginela ulertu genuen eta beste esparru batzuetan aritzen gara gaur egun.

Orain aste pare bat Elhuyar Kultur Elkartea ere betirako kotxerasen sartuko zela esan zidaten eta hori ospatu behar genuela ere bai. Ez nuen dudarik izan, urte luzeetan bidaia-lagun izan nituenekin elkartu nahi nuen bai agurraren bileran, baita gure bihotzean gordeko dugun argazkian eta baita bazkarian ere. Seguru nago txisteak izango direla, baina bazkaria izanda, estrategiaz eta egoeraz ere hitz egingo dugula eta batzuekin minutu batzuetan agian haserretu egingo naizela, garai batean bezala.

Ez dakit nolakoa izango den Elhuyar berria, Elhuyar Fundazioa alegia, urruti samar bainago, nik ere orain boluntarioa izateko zailtasunak baititut. Jakin badakit hamabiko talde hura 90 pertsonako enpresa bilakatu dela eta pentsatzen dut lehen hamabiren artean izaten genituen eztabaidak orain lauzpabost pertsonen artean gertatuko direla eta gainerakoak lan zintzoa egingo dutela.

Egia esan inoiz faltan bota izan ditut ordutako bilera filosofikoak, orain dena di-da egin behar baita eta horregatik epe motzera baino ez baita begiratu behar.

Agur Elhuyar Kultur Elkartea eta ongi etorri Elhuyar Fundazioa.



ASTEKARIA
2006ko abenduaren 17a
Azoka
Azkenak
Ei politikariak, “pope” akademikoek esaten badizuete, aktibatuko al zarete behingoz?

Behetik gorako komunikazioetan ez da erraza mezuen garrantzia transmititzea eta makinaria politikoa aktibatzea. Askotan, gure mezuak "belarri batetik sartu eta bestetik atera" egiten direla sentitzen dugu. Beraz, gaurkoan, nazioarteko ikertzaile ospetsu batzuek... [+]


Mundu mailako lapurra

Azeria kanido bat da, otso eta txakurren familiako haragijalea. Animalia zuhur, maltzur eta argiaren fama dauka, eta ez alferrik! Ez da indartsuena izango, baina beti moldatzen da han eta hemen, mokaduren bat lortzeko.


Eguneraketa berriak daude