Aintzane Ezenarro: «EAJk eta PSEk berriz bat egitea eragotzi beharko genuke»


2006ko abenduaren 10an
Gatazka eta normalizazio prozesua tartean dela, ba al dago politika eraginkorrik egitea Eusko Legebiltzarrean?
Bai, badago, besteak beste, Gobernu honek gehiengo osoa ez duelako. Egoera honek legeak onartzeko akordioetan eragiten du. Esaterako, Lur zoruaren legean gure taldeak aurkeztutako 195 zuzenketatik 171 onartu edo egokitu ziren.

Etxebizitza plana hizpide, nola baloratzen duzu EB burutzen ari den politika?
Etxebizitza saila inoiz baino politika aurrerakoiagoa burutzen ari da, nahiz eta beti egin daitezkeen gauzak hobeto. Hala ere, etxebizitza politika fiskalitateari lotua da, eta berau foru aldundien esku dago. Diputazioek etxebizitza erostea primatzen dute -erosketa batek %15 desgrabatzen du-, baina alokairua ez behar adina. Gainera, etxebizitza hutsa ez da fiskalki zigortzen. Zergei dagokienean, jendeari hobeto ateratzen bazaio etxebizitza erostea, ez dugu alokairu politika sustatuko. Gobernua alokairua bultzatzen ari da, baina horrek ere eskatzen du ezinbestean, diputazioetatik egiten den politika fiskalak zentzu horretan eragitea; eta hori ez da egiten ari. Ezkerreko etxebizitza politikak ezkerreko fiskalitate politika eskatzen du, eta hori da EBk eta Aralarrek Batzar Nagusietan elkarrekin gogor defendatuko duguna.

2007ko aurrekontuak eztabaidatuko dira aurki. Egiguzu euren balorazioa.
Hainbat eremu dago. Batetik, euskal Y proiektua dago. Obraren lehen zatirako 250 milioi euro jasota daude aurrekontuetan. Egiari zor, diru hori guztia Estatuari kenduko zaio Kupotik, beraz, ez du aurrekontuetan eragingo. Dena den, zoritxarrez, azpiegitura aurrera doa. Gu ez gaude tren modernoa egitearen aurka, baina beste modu batez egin zitekeen, ez gatoz bat ereduarekin ezta trazatu honekin ere. Ez da Euskal Herriko orografiari dagokion eredua, ez lurralde txiki honek behar duen azpiegitura.

Hizkuntza politikaren eremuan berriz, adostasun batzuk daude. Hala ere, administrazioa euskalduntzeko askoz diru gehiago sartu beharko litzateke. Edonola ere, hizkuntza politikarako zuzendaritza aurrerapenak egiten ari da, eta zerbait adosteko aukera badago.

Politika sozialean ere baditugu desadostasunak. Gai honen printzipioak Batzar Nagusietan lantzen diren arren, Jaurlaritzak badu zeregina: besteak beste, oinarrizko errentak eta larrialdietarako laguntzak. Legealdiaren hasieran, lanbide arteko gutxieneko soldataren %86an ezarri eta urtero puntu eta erdi igotzeko konpromisoa hartu zuten Batzar Nagusiek, oinarrizko soldata (540 euro) emateko, alegia. Aurten ordea, kopuru hori izoztu egin dute, gai horren eztabaida gunea Legebiltzarra dela aitzakia erabilita. Guk %100 izatea eskatzen dugu, bizibaldintza duinak bermatzeko neurri ona delako.

Azkenik, etxebizitza alorrean ere finantzazio handiagoa behar da. Etxebizitza politika ez da lege bidez aldatuko soilik, injekzio finantzarioa behar du, egoera normalizatzeko erabateko politika pizgarria. Etxebizitzaren prezioa ari da egonkortzen, baina babes ofizialeko etxeen eskariari erantzun sendoa emanda baino ez da bukatuko espekulazioarekin, ez bestela.

Zein izango da Aralarren botoa?
Aldeko botoa ia ezinezkoa da. Gainerakoan, negoziazioak irekita daude.

Jar gaitezen datozen udal eta foru hauteskundeei begira. Zer ekarriko du EB-Aralar koalizioak?
Ezkerreko boto gehiago biltzea eta eraginkorragoa izatea udal eta foru batzarretan. Udalerrietan egiten den politika ez da nazioari begira izan behar, gai sozialei buruz baizik. Tamalez, batzuetan, ezkerra ez delako behar beste batua egon, bestetan, instituzioetan ezkerrekoak mega-gaiez baino arduratzen ez direlako, ez da gai sozialen gainean behar bezala jardun. Gai nazionalaren inguruko jarduna nagusitu da eta, adibidez, etxegintzako promotoreek negozio borobilak egin dituzte EAJ eta EA Gobernuan egon direnean. Ezkerreko politika egin nahi dugunok ezkerreko botoak batu behar ditugu udal askotako gehiengo osoak apurtzeko. Koalizioaren bidez ez gara gobernatzera iritsiko, baina gobernatzen dutenek ez dituzte eskuak horren libre izango.

Gipuzkoa da horretarako lurralde egokiena, akaso.
Gipuzkoan ez da gehiengo osoa izango gobernua osatzeko. EB-Aralar koalizioa giltza izan daiteke, EAJk alde batera edo bestera egin dezan. Etorkizunari begira, nazio eraikuntzaren ikuspegitik EAJk eta PSE-EEk berriz bat egitea eragotzi beharko genuke, 80ko hamarkadako estrategia ez errepikatzeko. Gipuzkoako EAJk hautagai berria proposatu badu [Jon Jauregi], besteak beste, erabakitzeko eskubidearen aldekoen elkarlana sustatzeko da. Aralarren asmoa, herriaren norabidean, ezkerreko abertzaletasunak eragitea da, eta beraz, koalizio posibleak alde horretatik bilatzea eta ez PSEren aldean.

Aralarren asmoa instituzioetan esparrua bereganatzea dela diote batzuek, ez dela ezeren alternatiba, alegia.
Politikan gauden guztiok erabakiak hartzen diren lekuetan egotea dugu helburu, eta kontrakoa esatea umekeria da. Ezker abertzalearen esparrua zabala eta anitza dela diogu guk, eta eraginkorrak izateko bide politiko soiletatik elkarlanean abiatu behar dugula. Batzuek bide hori egiteko dute eta besteok ez gaude prest zerura begira zain egoteko. Areago, ezker subiranistaren esparruan gauden alderdi guztiok -eta EB sartzen dut- bat egin behar dugu benetako alternatiba izan nahi badugu, ez egitura berean, baina bai lanerako marko batean. Ezker subiranozalearen etorkizuna ez da Euskal Herritarrok-en (EH) errepikapenetik etorriko, berez bakarrik ez delako alternatiba. Benetan, ezkerreko alternatiba eraiki nahi badugu, erabakitzeko eskubidea onartzen duten ezkerreko sektore eta alderdi guztiak batuz baino ez dugu lortuko.

III. Biltzarra burutu duzue Bilbon. Egidazu haren balorazioa, arren.
Kontsolidazioaren Biltzarra izan da, barrura nahiz kanpora begira. Eztabaida egon den arren, ponentzia nagusiak eta koordinatzaile nagusiak %93ko babes zabala jaso dute. Areago, bidean sortutako desadostasunak, modu aberasgarrian bizi ditugu, izan ere, alderdi bat kontsolidatzen doan heinean, normala da ñabardurak eta desberdintasunak agertzea, adibidez Irauli ildoa.

Iraulin ezkerreko polo subiranozalearen eragile nagusiak daude, ordea.
Iraulik etorkizunean ezkerrak bat izan behar duela azpimarratzen du, Batasuna barne, baina baita gainerakook ere. Diferentzia erritmo eta denboretan egon daiteke, izatekotan. Akordio hori gaur ez da posible baina etorri daiteke, ez dugu bide hori ixten. Batasunari Na-Bain egoteko eskaintza egin diogu behin eta berriz. Beraiek dira etorri nahi ez dutenak.

EB-Aralar koalizioan prozedura akatsa dagoela aipatu dute Arabako zuzendaritzako kideek, herrialdeko organoei erabakitzea dagokiela esan dute.
Araban sektore bat koalizioaren kontra dago erabat. Zerbaiten kontra zaudenean argudio ezberdinak erabiltzen dituzu. Akordioaren aldekotasuna oso gardena da ordea, alderdiaren %76ak onartu du.

Zein batzarrak erabaki du baina?
Hegoaldeko batzarrak. Edozein alderdi demokratikotan organo gorena asanblea da. Berari zegokion erabakimena eta berak hartu du erabakia.

Bake eta normalizazio prozesua hizpide orain, zein egoeratan dago?
Ni ez nago negoziazioan, beraz ez dut egoera zehazki ezagutzen. Batzuek akordio politikoa bakegintzarekin lotu nahi dute, baina eskema hori gainditu behar da behingoz. Bakearen aldeko jardunak biktimak erreparatzea eta presoak kaleratzea jaso behar ditu. Eskubide nazionalen aldeko borrokan aurrera egiteko, berriz, ETAk politikari bide eman behar dio behingoz eta betiko, alde bakarreko urratsa eman behar du. Hori da abertzaletasunari egin diezaiokeen ekarpen onuragarriena. Bestela arrisku bat dago: prozesuaren bilakaeran ETAk armak uzteko akordio politiko bat behar badu ezinbestean, gerta liteke akordio politiko hori ez izatea hain ona eta ez izatea gatazka politikoa konponduko duena. Akordio txar batek borroka politikoa hipotekatzea ekar lezake. Kontuz! Batzuk ez gaude horretarako prest.

ETAren pauso hori etor liteke epe laburrean edo kimera al da?
Hori izan daiteke pauso duin bakarra. PSOE zein politika egiteko prest dagoen ezagutzeko aukera izango genuke-eta. Politika egiteko bidea libre behar dugu. Akordio duina lortzeko, lehenik erabakitzeko eskubidea onartu behar da eta gero berau nola egikaritu adostu. Orduan, agian, gatazka konpondu liteke, baina ez gaude egoera horretan.

Zein egoeran gaude? Alderdiak mahaian eseriko ote dira gidoi zuri baten aurrean?
Gatazka politikoa konpondu ahal izateko, guztiak berdintasunean jarduteko aukera izateko, ezinbestekoa da lurralde esparru ezberdinetan erabakitzeko eskubidea onartzea. Gero, erabakitzeko eskubidea nola egikaritzen den paktatu beharko litzateke. Printzipioa hori da, ez da orri zuria onartu behar, gatazkak badu konponbidea...

Zein?
Adibidez, Kanadako Auzitegi Gorenak dioenez -Quebeceko auzia tarteko-, herri batek gehiengo argiz esaten badu dagoen Konstituzioa aldatu nahi duela, aldatuko da, aldaketa gauzatu behar da. Auzitegi horrek ezin dela hori modu unilateralean erabaki dio halaber, herri horrek onartu duen aldaketa emateko modua kide den Estatuarekin paktatu behar dela. Hori da XXI. mendean autodeterminazioa ulertzeko jurisprudentzia. Onartu dezagun herriak gehiengo argi batez erabaki duena, eta hitzartu dezagun Estatuarekin aldaketa hori nola eman.

Artean batzuek lurraldea eta autodeterminazio eskubidea hobesten dituzte eta besteek bakea.
Baina zergatik bakea eta normalizazio politikoa nahastu?

Orduan?
Egoera ez bada aldatzen, ez dut gatazka politikoa gainditzeko modurik ikusten, borroka politikoa indartzeko modua ETAk bidea guztiz libre uztea da.

Bidea horrela PSOEk onartuko al luke Quebeceko Auzitegi Gorenaren printzipioa edo ebazpena?
Gutxienez, baldin eta gehiengoa batzen bagara, ebazpenaren printzipioa ezbaian jarriko dugu. Lehen jomuga, printzipio hori onartzen dutenen arteko akordiora iristea da, eta horretarako elkarlana indartu behar dugu. Eta elkarlanerako bidea urratzeko, herriaren gehiengoak aspaldi eskatu zion ETAri armak uzteko. Ez dezagun ahaztu, Espainiako Estatuak unerik zailena eta estuena Lizarra-Garaziko Akordioaren aurrean izan zuela. Falta dena ausardia da.

Ezker abertzalearen etorkizuna: «Batzuen amets monolitikoak amaitu dira»

«Aralarrenak egin duela diote batzuek. Sortu ginenetik besterik ez dugu entzuten batzuen ahotik, errealitateak besterik erakusten du, ordea. Adibidez, Batasunak oso zaila du azaltzea zergatik ez dagoen Nafarroa Bai (Na-Bai) koalizioan, eta ABk -gure alderdi kidea Iparraldean- Euskal Herria Bain (EH Bai) sartzeko proposamena zergatik onartu duen. Iparraldean bai eta Nafarroan ez esatea ulergaitza zaio edozein abertzaleri. Guk etorkizuneko ezker abertzale subiranozalea eraiki nahi dugu, eta ez bakarrik Batasunak eta Aralarrek osatua, ezkerreko sektore guztiek baizik, klixerik gabekoa, edonork du ezkertiar eta abertzale izateko eskubidea, inork ez dio inori labelik zertan eman. Batzuek labelak banatzeko eskubidea dutela uste dute nonbait. Ezkerreko abertzaletasunaren esparrua, erabakitzeko eskubidea onartzen dugun ezkertiar guztiona da: AB, Batzarre, Zutik, Aralar, Batasuna eta EBrena, besteak beste. Batzuen amets monolitikoak amaitu dira. Batasunak ez badu batzeko klabetan aritu nahi, bide politiko soilen aldeko apustu garbia eginez, beste batzuk ariko gara».


ASTEKARIA
2006ko abenduaren 10a
Azoka
Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude