Telefono konpainiek amorrarazten gaituzte gehien


2006ko abenduaren 03an
Euskal Herrian ez da protestarik falta, eta ziur aski, protesta egiteko arrazoirik ere ez. Euskaldunok gure kexa edo protestak gauzatzeko taldean biltzeko joera dugu, baina bakarka ere gero eta gehiago aritzen gara. Euskal Herriko edozein txokotan aurkituko dugu kexatzeko edo protesta egiteko prest dagoen herritarren bat. Horietako batzuk asko kexatzen dira, baina ez dute arazoa konpontzeko ezer egiten. Beste batzuek, ordea, Euskal Herriko kontsumitzaile elkarteetara edota Arartekoarengana jotzen dute. Hain zuzen, azken bost urteetan erakunde hauetara jo duten herritarren kopurua bikoiztu egin da.

Susana Arizkun Nafarroako Iratxe kontsumitzaile elkarteko zuzendari ordearen esanetan, «argi dago kontsumitzaile elkarteen garrantziak gora egingo duela etorkizunean. Kontsumoan oinarritzen den gizarte batean bizi gara, eta kontsumo gizarte honek eskaintzen dituen zerbitzuak ez dira beti onenak». Iratxe kontsumitzaile elkarteak hiru egoitza ditu Nafarroan: Iruñean, Tuteran eta Tafallan. Dena den, azken urteetan jaso duten kexen gorakada ikusita, beraien helburua Nafarroako herri bakoitzean kontsumitzaileentzako bulego bana zabaltzea da. Udalekin harremanetan jarri dira, eta orain arte 42 bulego zabaltzea lortu dute.

«Gaur egun jasotzen ditugun kexa gehientsuenak telefono enpresen aurkakoak dira, %40 baino gehiago. Halaber, bestelako kexak ere iristen zaizkigu: etxebizitza eta maileguak, aseguru etxeak, autoa konpontzeko tailerrak... Iaz, 40.000 kexa baino gehiago jaso genituen, eta aurten askoz gehiago izango dira», azaldu digu Arizkunek. Iratxe kontsumitzaile elkartera jotzen duten 10 herritarretik lauk telefono enpresen gehiegikeriak salatzen dituzte: egin gabeko deiak kobratzea, interneteko tarifak aldatzea, konpainiaz aldatzeko trabak jartzea... Ez da arrazoirik falta telefono konpainien jokaera salatzeko. Arizkunek dioenez, «askotan herritarrak beldurtzen saiatzen dira. Iaz, oso kasu berezia izan genuen. Iruñeko andre bat epailearen aurrera eraman nahi izan zuten dirua zor zielako. Zorraren zenbatekoa hutsaren hurrengoa zen: 1,20 euro. Andre horrek guregana jo zuen, eta gu telefono konpainiarekin harremanetan jarri ginen beraien jarrera salatzeko. Azkenean, beraien erabakian atzera egin zuten, eta ez zuten andrea epailearen aurrera eraman».


Informazio falta

Jon Ariño Euskal Autonomia Erkidegoko kontsumitzaile elkarteko kidea ere iritzi berekoa da: «Telefono enpresek ez dute askotan oso garbi jokatzen, eta horregatik sortzen dira beraien aurkako hainbeste kexa. Gainera, ez dugu ahaztu behar sakelako telefonoarena nahiko mundu berria dela, eta horrelakoetan iruzurrak egiteko aukera askoz ere handiagoa dela». Garai batean gauza bera gertatzen zen etxebizitzekin eta ordaindu beharreko maileguekin: «Orain dela urte batzuk etxebizitzen ingurukoak ziren kexa gehientsuenak. Gaur egun, berriz, herritarrek askoz ere informazio gehiago dute etxebizitza eta maileguei buruz, eta informazioarekin batera kexen kopurua jaitsi egiten da. Horregatik uste dut hemendik urte batzuetara telefonoen inguruko kexa zaparrada ere jaitsi egingo dela».


%90 konponduta

Milaka kexa jasotzen dituzte urtero Iratxen eta EAEko kontsumitzaile elkartean. Zer egiten dute, ordea, jasotzen dituzten kexekin? Zer nolako arrakasta dute herritarren kexak konpontzeko jartzen dituzten helegiteek? «Iristen zaizkigun kexen %90 konpondu egiten ditugu. Alegia, guk egindako lanari esker kontsumitzaileari arrazoia ematen diote ia kasu guztietan. Hori bai, iristen zaizkigun kexak zentzuzkoak izan behar dira, ondo arrazoituta egon behar dute eta dokumentazio egokia izan behar dute», azpimarratu digu Ariñok. Iratxeko Susana Arizkunentzat elkarrizketa eta diplomazia oso garrantzitsuak dira kexa edo salaketa bat arrakastatsua izan dadin: «Epaiketak saihestea da gure helburua. Elkarteko langile guztiak abokatuak gara, eta badakigu epaiketak zenbat luzatzen diren. Horregatik, salaketa jaso duen enpresarekin akordio batera iristen saiatzen gara, eta kasu gehienetan lortzen dugu».


Administrazioa, kexa iturri garrantzitsua

Erakunde publikoak herritarren zerbitzura daudela entzun dugu behin baino gehiagotan. Askotan, ordea, administrazioak berak sortzen dizkigu arazoak herritarroi. Kasu hauetan Arartekoarengana jotzeko eskubidea dugu. Juan San Martinen gidaritzapean orain 17 urte jaio zen erakunde hau, eta gaur egun Iñigo Lamarca da burua. Arartekoak administrazioaren gehiegikerien aurrean herritarren eskubideak defendatzen ditu, eta ez zaio lanik falta. Urtetik urtera handitzen ari da jasotzen dituzten kexa edo salaketen kopurua. «Iaz 2.000 kexa baino gehiago jaso genituen. Trafiko agenteek jarritako isunen aurkako kexak, babes ofizialeko etxebizitzen zozketen aurkakoak, oposizioak gainditzeko azterketen zailtasuna salatzen dutenak... Denetarik iristen zaigu», onartu du Faustino Lopez de Foronda Arartekoaren bulegoko idazkari nagusiak.

Lopez de Forondak 17 urte daramatza erakunde honetan lanean, erakundea jaio zenetik hain zuzen ere. Urte hauetako esperientziak argi eta garbi erakutsi dio euskaldunak gero eta gehiago kexatzen garela: «Guri, behintzat, gero eta kexa gehiago iristen zaizkigu. Nik uste herritarrek administrazioarengana jotzeko beldurra galdu dutela, eta zerbaitekin ados ez daudenean bitan pentsatu gabe jotzen dutela guregana. Gainera, kontuan hartu behar da gaur egun komunikazioa askoz ere errazagoa dela. Lehen posta arrunta erabili behar zuten guregana iristeko, eta orain posta elektronikoa erabil dezakete».

Argi dago euskaldunak gero eta gehiago kexatzen garela. Are gehiago, gure desadostasunak salatzeko gero eta gehiago mugitzen gara. Hori bai, gehiago kexatzeak ez du esan nahi gure arazoak konponduko dituztenik. Arartekoaren bulegoan eman digute horren adibide garbiena: bulego honetara iristen diren hamar salaketatik zazpik ez dute arrakastarik. Gehiago kexatzen badakigu; nahi duguna lortzea ez da oraindik hain erraza.

Ibai Maritxalar, oposizioetara aurkeztua: «24 ordu lehenago jakin nuen azterketa non eta noiz izango zen»

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak deituriko oposizio batzuetan eman zuen izena apirilaren hasieran. Izena emateagatik 20 euro ordaindu zituen. Geroztik pasa dituen komeriak ikusita, ordea, 20 euro horien ordainketa txikikeria bat besterik ez zaio iruditzen. Ibai Maritxalarrek ez du kexatzeko arrazoirik falta.

Kontaiguzu zure kasua.
Eusko Jaurlaritzak Barne Diseinuko irakasle izateko oposizioak deitu zituela jakin nuen egunkarian irakurrita. Donostian duten egoitzara joan nintzen, eta lehendabiziko komeriak izena emateko garaian hasi ziren. Oposizioan izena emateagatik 20 euro ordaindu behar izan nituen, eta beste 10 euro mediku azterketa bat pasatzeko. Horretaz guztiaz gain, lau paper entregatzeko izugarrizko joan-etorri pila egin nituen.

Azterketaren data jakinarazi al zizuten?
Ezta pentsatu ere! Telefonoz deika ibili behar izan nuen hurrengo bi hilabeteetan, eta Hezkuntza Sailean inork ez zekien ezer. Ez zidaten informaziorik ematen! Ekainaren azkeneko astean egunero deitu nuen, eta 24 ordu lehenago jakin nuen azterketa non eta noiz izango zen. Ostegun batean deitu nuen, eta azterketa ostiralean, hurrengo egunean izango zela esan zidaten.

Azterketa egin ahal izan zenuen?
Bezperan abisatuta lanean jai hartu nuen, eta ez zidaten trabarik jarri. Hori bai, Gasteizera joan behar izan nuen azterketa egitera. Azterketari dagokionez, ez zeukan zerikusirik nik ikasitakoarekin. Hezkuntza Sailean ez dizute azterketako materiala eskuratzeko laguntzarik ematen, eta horrela zaila da azterketa ondo prestatzea.

Jakin al duzu azken emaitzaren berri?
Hilabete eta erdi pasa dut berriro telefonoz deika, eta azkenean jakin dut azken emaitza. Bigarren gelditu naiz oposizioetan, irakasle plaza atera duenaren atzetik. Kontua da, bigarren postu honek ez didala inolako eskubiderik ematen. Ez naiz inongo irakasle zerrendetan sartuko. Hezkuntza Sailean esan didate oposizioaren irabazlea baino ez dutela hartuko aintzat, eta aurkeztu ginen beste guztiekin ez dute inolako konpromisorik.

Zure desadostasun hauek guztiak nonbait salatzeko asmoa duzu?
Nik eskatuko nukeena oposizioak askoz ere argiagoak izatea da. Deialdiak behar bezala egitea, azterketen data eta emaitzaren berri pertsonalki jakinaraztea, eta Hezkuntza Saileko funtzionarioek gauzak zaildu beharrean gauzak erraztea. Hori guztia horrela izan dadin lan egiteko prest nago, eta Arartekoari nire kexaren berri ematea pentsatzen ari naiz.

Mikel Lizarralde, Landarbaso bizirik plataformako kidea: «Erraustegia jartzea, guri ezer esan gabe politikariek hartutako erabakia izan zen»

Ekainaren 22an jakin zuten beraien etxe ondoan erraustegia jartzeko asmoa zutela. Berehala mugitu ziren, eta Landarbaso bizirik plataforma sortu zuten. Uneotan, 500 lagun inguru ari dira lanean plataforma honetan helburu garbi batekin: «Erraustegirik ez». Mikel Lizarralde elkarte honetako kidea da.

Zergatik sortu duzue Landarbaso bizirik?
Gure burua defendatu behar dugulako. Ekainaren amaieran, prentsa irakurtzen ari ginela, gure etxe ondoan erraustegia jarri nahi zutela jakin genuen. Guri ezer esan gabe, politikariek hartutako erabakia izan zen, eta hori lotsagarria da. Gauzak horrela, Landarbaso bizirik elkartea sortzea erabaki genuen.

Zein da elkartearen helburua?
Gure helburua erraustegirik ez egitea da, ez Landarbason eta ez inon. Erraustegiak oso arriskutsuak dira. Ingurumena hondatzeaz gain, osasun arazo larriak sor ditzakete: begietako arazoak, nerbio-sisteman arazoak, malformazioak, minbizia... Gai honetan aditu diren medikuekin hitz egin dugu, eta denak iritzi berekoak dira.

Zer nolako erantzuna jaso duzue administrazioarengandik?
Jarrera sofista. Poncio Pilatosen jarrera bera. Edozein astakeria defendatzeko prest daude udalean duten eserlekua mantentzeko. Ez gaituzte aintzat hartzen, eta gainera esan dute Landarbason bi baserri besterik ez daudela, alegia, erabaki honek ez diola ia inori kalterik egiten. Hori gezur handia da, Landarbason 500 bizilagunetik gora bizi gara.

Aurrerantzean zein bide jorratuko duzue?
Gure protestarekin bete-betean jarraituko dugu. Erraustegiaren aurkako kontzientzia soziala bultzatu nahi dugu, sinadura bilketa egiten ari gara, kamisetak eta paskinak kaleratu ditugu, eta legalki ere lan egiteko asmoa dugu. Abokatu batekin harremanetan jarri gara eta Donostialdeko udal guztietan erraustegiaren aurkako mozioak jartzeko asmoa dugu.


Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude