Ekintzaileak: Nire buruaren nagusia izan nahi dut


«Pauso hau eman aurretik gau asko eman nituen lorik egin gabe, etxeko hipotekan sartu berria nintzen, gainera. Baina 26 urterekin gaztea naiz oraindik, eta sekulako ilusioa dut. Zergatik ez nire buruaren nagusia izan? Zergatik ez saiatu? Ez dut uste ausarta izan naizenik, beti dagoelako enpresa bateko zortzi orduetara itzultzeko aukera». Hala deskribatu du Eneko Navarro irundarrak (Gipuzkoa) duela sei hilabete berak bakarrik abiatu zuen ekimena. Orain, pozik dago hartutako erabakiarekin: siderometalurgia arloan krisia dagoela eta ez dela proiektu berrietarako unea askotan errepikatu dioten arren, sortu duen Bigumetrik enpresa ondo dabil. Enpresa bateko Metrologia departamentuan lan egin ostean, azpikontratatu ohi den zerbitzu hori -lantegietako piezak neurtzea- eta kalitate zerbitzua bere kabuz ematea erabaki zuen. Navarrok zerbitzua gainontzeko enpresek baino merkeago eskaintzen du eta hori egin ahal izateko neurtzeko makineria Zeiss enpresa alemaniarrak uzten dio, «alokairu» baten truke. Gainera, Euskal Herrian hiru dimentsioko besoarekin neurketak egiten dituen bakarra da Bigumetrik eta enpresa alemaniarraren beso hori Espainian eta Portugalen komertzializatzeaz ere arduratzen da. Ateak irekitzeko Zeissen babesa ezinbestekoa izan dela aitortu du Navarrok. Hori bai, marketina eta bezeroen arteko ahoz ahoko komunikazioa ere funtsezkoak izan zaizkio.

Iruñeko Itziar Luri ados dago: bezeroak lortzeko garaian, marketina eta ahoz ahokoa nahitaezkoak dira. Horrez gain, lan mota lehenagotik ezaguna izatea eta merkatuan zerbait berria eskaintzea garrantzitsua dela dio. Lurik 26 urte ditu eta duela hiru miscelanea komunikazio enpresa sortu zuen Rakel Gilekin batera. Nafarroan eta bereziki Iruñean enpresentzat egiten den komunikazio lana publizitate kanpainetara oso mugatua dagoela konturatu ziren eta beste komunikazio mota bat eskaintzeari ekin zioten: prentsa bulegoetan espezializatua. Hartara, nahi duen enpresari prentsa bulego baten funtzioak eskaintzeaz gain, publizitatea, ekitaldien antolakuntza eta komunikazio aukera anitz eskaintzen dizkiote. Diru laguntza gutxirekin abiatu ziren -Iruñeko Udalak emandako 600 euro eta Nafarroako Gobernuak gaztea izateagatik emandako beste 1.000 euro- eta lehenbiziko sei hilabeteak oso gogorrak izan zirela gogoan du Lurik. Baina lehenengo bezeroa lortu zuten (Turrones Primitivo) eta pixkanaka handituz joan da negozioa. «Gauzak ondo irteten direnean zure egitasmo propioa izatea oso pozgarria da eta norbaitek zutaz hitz egiten entzun duela jakitean, harrotu egiten zara». Norbere lana aintzat hartua izatea beti baita atsegina. Eneko Navarrok abantaila gehiago aipatu ditu: «Hilabeteotan asko ikasi dut, zentzu guztietan, baita pertsona bezala ere, master bat egitearen modukoa da, lanaren ikuspegi zabalagoa garatzen duzu. Gainera, enpresa pila bat ezagutzen dituzu, harremanak eta ekarpenak areagotuz». Okerrena berriz, lanaren segurtasun falta: «Astero atera behar dut bezero bila, lan bila -dio Navarrok-. Hurrengo asterako lana lortu dut, baina hurrengorako? Eta hurrengorako?». Lan ordu asko direla ere diosku Lurik eta presioa handia dela, erantzukizun guztia norberarena delako. Proiektua aurrera ateratzeko orduan, dirua lortzea ere zailtasun garrantzitsua izan ohi dela aitortu dute.


Eroso bizi gara

Hain zuzen, aipatutako segurtasun falta da enpresak sortzen dituzten euskal herritarren portzentajea urteko %5-6 ingurukoa baino ez izatearen arrazoi nagusietakoa. Hori uste du pertsona ekintzaileei buruzko Global Entrepreneurship Monitor nazioarteko azterketaren baitan EAEri dagokion ikerketa zuzendu duen Iñaki Peña Deustuko Unibertsitateko irakasleak (ikus bukaerako koadroa). Bere hitzetan, herrialde pobre askotan, jendeak bere burua behartua ikusten du enpresak sortzera; beharra da beraien motibazioa. Hemengo ekonomiagatik, aldiz, ez ditugu balore edo behar horiek, jendea ondo bizi da, eroso, eta ez du arriskurik hartu nahi, are gutxiago dirua arriskatu behar badu eta astean ordu pila sartu behar baditu. Hala ere, badira gure herrialdeak baino ekonomia maila aurreratuagoa izan arren, enpresak sortzeko gaitasun handiagoa dutenak; AEB eta Kanada bezalako herrialde anglosaxoiak kasu. «Horietan, enpresak sortzeko kultura hedatuagoa dago, hezkuntzan zein gizartean; arriskuak hartzea eta porrot egitea ere onartuago dago; merkatu finantzarioak aurreratuagoak dira...», azaldu du Peñak.

Kultura ekintzailea indartzeko Euskal Herrian hobetu behar diren faktore horiek guztiak koadroan zehaztu ditugu, baita alde onak ere: garrantzitsuena, hemen sortutako enpresa gehienek duten biziraupena altua dela. Iruñeko Aise zentro psikopedagogikoa horren adibide da. Ines Marcillak duela hamabost bat urte zabaldu zuen, dislexia edo ikasteko beste era bateko arazoak dituzten gazteei zuzenduta. Klase partikularrak eta laguntza psikologikoa uztartuz, beste behin ere balio erantsia eskaintzea izan da gakoa. Denbora luzea daramatenen arrakasta motibazio ezin hobea da hasiberrientzat. Ainhoa Lizarraldek eta Larraitz Tejeriak, hain juxtu, optika bat ireki nahi dute martxorako Villabonan (Gipuzkoa) eta ezagutzen dituzten optiketatik bat ere ez itxi izanak animatu ditu. Oraindik ez dute izenik pentsatu eta lokala prestatzeko obrak nahi baino geldoago doaz, baina ilusiorik ez zaie falta, hori baita halako planetan sartzen diren denek soberan dutena. Bidean ez erortzeko, proiektuarenganako grina beharrezkoa da, une txarrak beti daudelako eta halakoetan, ingurukoengan babesa bilatzea, baikorra izatea eta norberaren proiektuaren aldeko apustu garbia egitea funtsezkoa da. Pello Barandiaran aholkulariak motibazioaren garrantzia azpimarratu du: «Egitasmo hauek lan asko eskatzen dute eta gogoa izan behar da, ezinbestean. Proiektu batean, nahiz eta merkatuak, produktuak, prezioak eta oro har kanpoko faktoreek garrantzia izan, balio eta jarrera pertsonala dira giltza». Barandiaranek gomendio hori ematen die bere eskuetatik pasatzen direnei. Hain zuzen, gehienek beraien proiektuaren bideragarritasun plana egiteko eta enpresa bat sortzearen prozesu burokratiko deseroso eta luzean laguntzeko aholkularitza agentzietara jo ohi dute lehenengo, behin-betiko urratsa eman aurretik.

Gehienek bai, baina ez denek. Aitzol Goikoetxea betidanik ibili da diseinuaren munduan eta halako batean lagunentzako kamisetak margotzen hasi zen. Duela pare bat urte, serigrafia ikastaro bat egin zuen Donostiako Artelekun, Ainhoa Lujanbio laguna animatu zuen eta Gabonetarako beraiek diseinaturiko aiko maiko markako arropa denda irekiko dute Hernanin (Gipuzkoa), «bideragarritasun planik gabe, aurrera egin dugulako asko pentsatu gabe». Hala ere, jendeak beraien lana gustuko duela ikusi ahal izan dute behin baino gehiagotan eta Euskal Herriko kamiseten azokan ere arrakasta izan zuten. Jendeak arropa hura non erosi zezakeen galdetzen ziela ohartuta, denda zabaltzea pentsatu zuten. Euskal abestiak, olerki zatiak... hartu eta hitzak eta horiei lotutako irudiak uztartzen dituzte kamisetetan. Oraingoz asmatu dutela dio Goikoetxeak: «Jendeari gustatzeko produktu desberdina egin behar da eta guk zerbait berria atera dugu. Kamiseta koadroa balitz bezala hartzen dugu».

Elkarrizketatutako askok horixe nabarmendu digute: zerbait berria eskaintzea dutela helburu, balio erantsia duen produktua, desberdintzeko eta merkatuan lekua egiteko modu bakarra baita. Amaste, adibidez, Ricardo Antón bilbotarrak eta Txelu Balboa gasteiztarrak zuzenduriko agentzia benetan bitxia da. 2001ean sortu zutenetik, komunikazio estrategia ez konbentzionalak, sormen estrategia berritzaileak, bitartekaritza kulturala, kultura urbanoa eta astinaldi soziokulturala jorratzen dute, besteak beste. Maider Lopez artistak Intza mendian auto-ilarak irudikatuz egindako Ataskoa lan ezaguna, esaterako, beraiek antolatu zuten. Berezia da, halaber, komunikazioa eta marketina uztartzen dituen Harman enpresa. Senpereko (Lapurdi) Joana Mendiburu eta Pasai Antxoko (Gipuzkoa) Joseba Kamio daude proiektuaren atzean eta marketin eta komunikazio estrategiak garatzeko garaian, antropologiari eta etnografiari lotutako baliabideak erabiltzea dute xede. «Egindakoa era egokian komunikatzeko, pertsonen larru azalaren azpian sartu beharra dago, haien beharrizan eta pertzepzioak zein diren jakiteko», dio Kamiok.


Enpresa-inkubadoreak

Kontuak kontu, argi dago berritzailea eta desberdina izatea abantaila dela aurrera irteteko eta erakunde publikoetatik halako proiektuak sustatzen dituzte, enpresa-inkubadoreak direlakoen bidez. Gipuzkoako Bic Berrilan zentroak -Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzaren eta SPRI Industri Sustapen eta Birmoldaketarako Sozietatearen mende-, esaterako, laguntza eskaintzen dio eduki teknologikoa edo berritzailea duen negozioa martxan jarri nahi duenari. Sormen handia duen jendea identifikatzen da, planteatzen duen proiektua baloratzen da eta baietza ematen bazaio, laguntza ekonomikoa, aholkularitza, zentroan dauden ikerketarako azpiegiturak eta enpresekin harremanetarako aukera jasoko ditu, potentzialtasun hori guztia merkatura bideratzea baita zentroaren egitekoa. Bertako ekintzaileak unibertsitatetik edota zentro teknologikoren batetik etor daitezke; lan bat utzi duen jendea ere badago. Denetik aurki daiteke, baina gazteak gehienbat, eta gizonezkoak nahiz emakumezkoak ia kopuru berdinean. Batez ere, arriskatzea erabaki duen jendea da, «eta horretarako dena emateko prest daude, ordu pila sartuz, edozein enpresatan lasai asko lanean egon zitekeen jendea izan arren», azaldu du Marisa Arriola Bic Berrilaneko gerenteak. Telekomunikazio alorreko egitasmo ugari dituzte eta bioteknologiako bi jarri berri dira martxan. Sektore metal mekanikoko proiektuetatik jatorri humanistikoa dutenetara arte, denak dira onargarri. Iaz garatutako ekimenen artean, bi adibide nabarmendu ditu Arriolak: ezintasun fisikoak dituzten pertsonak ordenagailu bidez komunikatu eta lan egin ahal izateko begietako irisaz baliatzen den Iriscom egitasmoa, eta diabetesa edo arazo kardiobaskularrak bezalako gaixotasunak dituztenek larrialdi bati aurre egiteko laguntza teknologiko eta motorizatua eskaintzen duen proiektua.


Porrotaren mamua

Aurten ere aterako da proiektu interesgarririk Bic Berrilan zentroan, 50 egitasmo inguru dituztelako martxan, ohikoa baino gehiago. Dena den, horietako batzuk bertan behera geratuko dira merkaturatu aurretik, «gutxienez %30», onartu du Arriolak. Beste batzuek, Pello Barandiaran aholkulariak kontatu digunez, enpresa martxan jarri bai baina ez dute iraungo: beregandik pasatzen direnetatik %60-70 mantendu ohi dira. «Dena den -zehaztu nahi izan du-, askok uzten dute ez bideragarria ez delako, beste arrazoi batzuengatik baizik. Ostalaritzan, adibidez, ordu asko sartu behar direlako, edota komertzioan, ez duelako hasiera batean uste zuen adina diru lortzen...». Bere izenik argitaratzerik nahi ez duen 27 urteko neska donostiarra aldizkari bat ateratzen saiatu zen duela pare bat urte, baina ideia ez zen gauzatu, bideragarritasun plana egiten hilabeteak eman ostean etekin ekonomiko garbirik emango ez zuela konturatu baitzen. Bere ustez, lehenbailehen ikusi behar izan zuten ez zela bideragarria: «Aholkulariak errealista izan behar du, bera baita profesionala, eta proiektuaren benetako aukerak garbi utzi behar zizkidan hasieratik. Izan ere, nahiz eta produktu on bat egsin, merkatu azterketa egiterakoan konturatu nintzen hori finantzatzeko aukerarik ez nuela izango». Babes gutxi jaso zuela dio donostiarrak eta erakunde publikoen diru laguntzak nahikoa ez direla kritikatu du. Hala ere, esperientziak merezi izan zuela dio, proiektua bideratzeko ahaleginetan sortu zitzaizkion arazoei aurre egiten ikasi zuelako eta saiatu ez balitz, arantza betirako barruan geratuko litzaiokeelako.

Ahalegina, beraz, ez da inoiz baztertu behar eta erreportaje honekin horretara norbait animatu bada, hauentzat aholkuak eskatu dizkiegu siderometalurgia, komunikazioa, publizitatea, marketina, kamiseten diseinua, optika eta hezkuntza bezalako arlo hain desberdinetan topatu ditugun ekintzaileei. Ez duela funtzionatuko esan diezaguketen arren, saiatzeko gomendatzen dute, eta ideia pazientzia handiarekin garatzen joateko, pixkanaka, gauzak ondo finkatuz. «Nik ikasleei egia esaten diet -aitortu digu Ignacio Largo EHUko Enpresekin Harremanetarako zuzendariak-; merkatua izugarri gogorra dela, borroka latza. Gogoz zaude? Bada aurrera. Beraien ahalmenean sinestea garrantzitsua da». Itziar Luriren esanetan, gogoa izatea ezinbestekoa da, «baina ez enpresa baten nagusi izateko, etekin ekonomikoa ateratzeko eta halakoetarako, proiektua bera aurrera ateratzeko gai zaren ikusteko baizik». Betiko lana ez da muga izan behar, Eneko Navarroren aburuz. «Nire ustez, mundu guztiak du bere baitan lana utzi eta egitasmo propioa egi bihurtzeko ametsa. Ekintzaile izatea ahots horri jarraitzea da; norbere buruari galdetzea: eta zergatik ez?».

Datua: Urteko %5,45 ekintzaile
Global Entrepreneurship Monitor (GEM) nazioarteko proiektuan 42 eskualdek (35 herrialdek) hartzen dute parte eta enpresak sortzeko herrialdeek duten gaitasuna neurtzen du. Zazpi urte daramatza martxan, EAEk duela hirutik hartzen du parte eta Nafarroak lehenengo aldia izan du. Azken azterketaren arabera, enpresa sortzaileen portzentajea %5,45 ingurukoa da Hego Euskal Herrian eta zifra hori hobetzeko eginbehar ugari dagoela argitu digu EAEko azterketaren zuzendari Iñaki Peñak. Hala nola, hezkuntza sistema guztian -ez soilik unibertsitatean- kultura ekintzailea eta sormena gehiago landu behar dira; erakunde publikoek gai honetara bideratuta dituzten programak ez daude koordinatuta, beste herrialdeekin alderatuta hemen dugun burokrazia geldoagoa delako eta leihatila bakarraren beharra dagoelako; eta finantzazioan inbertitzaile profesionalaren papera falta zaigu. Arazo serioena, dena den, motibazioa da, gizarteko balore eta kultura aldaketa: «AEBetan, adibidez, norbaitek bost aldiz huts egin dezake enpresa sortzeko ahaleginetan eta ez da looser kontsideratuko, hemen porrot eginez gero, joan gero bankura diru bila...».

Alde onik ere badu Euskal Herriak, noski: sortutako proiektuak sendoak izan ohi dira, biziraute tasa altukoak «eta beraz, horrek esan nahi du jendeak enpresak kudeatzeko gaitasuna duela eta ingurua ez dela kontrakoa». Halaber, etorkinen eta emakumearen parte-hartzea gero eta garrantzitsuagoa da. Nafarroa, esaterako, Hungariarekin batera emakume ekintzaileen tasa gizonezkoena baino altuagoa den leku bakarra da. Peñak Irlanda aipatu du eredu gisa: hazkunde ekonomikoak eta beste hainbat faktorek eraginda, enpresa berrien gorakada izugarria izan da. Gure herrian zein garapen mota nahi dugun jakitea da kontua: gu baino aurreratuago dauden herrialdeen artean, Japoniak baino enpresa gehiago sortzeko ahalmena dugu, baina AEBen erdia. Enpresak sortzea berrikuntzarako eta gizarte progresista baterako garapen motorra dela garbi du Peñak.

Diru laguntzak
EAEn, enpresa berria jartzen duenari Eusko Jaurlaritzak 6.000 euroko diru laguntza ematen dio. Horretarako baldintza batzuk bete behar dira: gutxienez hiru hilabetez langabezian egon izana, Jaurlaritzak homologatutako ikastaroren batean parte hartu izana, proiektua bideragarria izatea eta aurreko sei hilabeteetan proiektu berean autonomo ez jardutea. Nafarroako Gobernuak, aldiz, jardueraren eta forma juridikoaren araberako laguntzak ematen ditu, baina enpresa bat martxan jartzeagatik ez du automatikoki subentziorik eskaintzen.

Hezkuntza: Ideiak negozio bilakatzeko lanean
Pertsona ekintzaileak izan nahi dituen herriak filosofia hori bere herritarrei txikitatik erakutsi behar diela konturatu dira Hezkuntza alorreko eragileak. Helburu horretara bideraturiko programak areagotu dira eta goi mailako hezkuntzan, unibertsitateetan alegia, gero eta ohikoagoak dira ikerketa programak, ideia onenen lehiaketak, irakasle nahiz ikasleentzako hitzaldiak edota enpresekin antolatutako topaketak. Gaiak beren eguneroko jardunean lehentasuna duela ziurtatu digu Ignacio Largo Euskal Herriko Unibertsitateko Enpresekin Harremanetarako zuzendariak. Hala ere, mundu guztiak funtzionario izan nahi duela dio, gizartean kultura ekintzailerik ez dagoelako eta ikasleek erosotasuna bilatzen dutelako. «Zaila da jarrera ekintzailea duen jendea aurkitzea, gutxi dira, baina ditugunak bikainak dira, ikasteko ahalmen ikaragarrikoak». EHUk autoenplegurako ideiarekin datozenak laguntzen ditu, baina oinarri zientifiko eta teknologikoa duten ideiak interesatzen zaizkie batik bat, pertsona horrek sor dezakeen enpresak etorkizun handiagoa izan dezakeelako. Largoren esanetan, benetako ekintzaileak, ideia oso onak dituenak, lanpostu asko sortzen ditu.

Horretarako, proiektu bat duenak beregana jotzen duenean, ona bada patentatu egingo dute eta egitasmoa non garatu bilatuko diote, enpresa-inkubadoreetan normalean. «Egun, berrikuntzaren gizartean, ideia da funtsa eta ideia horiek dituen jendea kanpora ez joatea nahi dugu». Gaia 2000. urtean serioski abiatu zutenetik, 30 enpresatik gora sortzea lortu dutela eta horietatik 20 baino gehiagok bizirik dirautela azaldu du Largok. Ez da datu txarra, beste leku batzuetan proiektu asko abiatuagatik ondoren gutxiagok egiten dutelako aurrera. Dena den, enpresa mundua oraindik unibertsitatetik urrun dagoela uste du, unibertsitatea hezkuntza gisa baino ez delako hartzen. «Baina guk asko esateko daukagu ikerketaren arloan eta ikerketa hori merkatura igortzeko garaian; hots, berrikuntzan. Unibertsitatean, ikerketarako eta probak egiteko denbora har daiteke, enpresetan ez bezala».

Profila
Global Entrepreneurship Monitor ikerketaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoan enpresa bat sortzera ausartzen den pertsona ekintzailearen profila ondorengoa da: gizonezkoa, 25 eta 45 urte bitartekoa. Oinarrizko ikasketak ditu -unibertsitatean lizentziatuak herena baino ez dira- eta urratsa eman aurretik hamarretik zazpik hilero 1.200 eurotik gorako errenta netoa du.

Aholkularitza: Urratsez urrats
Pello Barandiaranek Gertu Aholkularitza Agentzian egiten du lan eta 1999az geroztik Gipuzkoako Foru Aldundiak bideratzen duen Txekin programan hartzen du parte. Ekimen horren bitartez, bi etapatan banatutako laguntza jasotzen dute negozio bat beren kontura jartzeko asmoa dutenek: batetik, bideragarritasun plana egiten laguntzen diete, egitasmoa teknikoki eta ekonomikoki egingarria den ikusteko. Finantzazio iturriak zehazten dira, merkatuaren azterketa egiten da, marketin plana, gastu politika, distribuzioa... Horretarako, 25 orduko doako aholkularitza du ekintzaileak. Barandiaranen arabera, batzuetan garbi ikusten da egitasmoa ekonomikoki ez dela bideragarria eta esan egiten zaio, baina norbaiten gaitasun falta dela medio proiektuarekin ez jarraitzeko esatea ez da samurra. Hala ere, komenigarria da halako zerbaitetan sartu aurretik lehenbailehen ohartaraztea, azken erabakia bezeroaren eskuetan egon arren. Beti asmatzea zaila dela ere onartu digu aholkulariak. Bigarren etapa pertsona horrek bere enpresa martxan jartzen duen unean hasten da eta beste 25 orduko doako aholkularitza jasotzen du lan, prebentzio eta kontabilitate gaietan, besteak beste.

Aholkularitzara mota guztietako jendea iristen zaio Barandiarani, baina azken urtean ostalaritza eta eraikuntza alorrean atzerritar asko sartzen direla nabarmendu du. Izan ere, batzuk prestatuta datozen arren, beste batzuen asmoa bizirautea da, hutsetik abiatuta eta ezer galtzeko beldurrik gabe. Bestalde, normalean jende nahiko gaztea joan ohi zaio eta helduak direnean, taldeka eta ondo ezagutzen dituzten sektoretan murgiltzen dira. «Pertsonaren egoerak baldintzatu ohi du zein proiektutan eta zein dimentsiokotan sartzen diren».


Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude