Baratze homeodinamiko bakarrak 8-aren forma du

Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas
Añuako eliz atarian 9:55. Zitara bost minutu lehenago iritsi izanak aukera eman digu Jaiotzako Andre Mariaren (XIII. mendekoa) harrizko eskulturari itzulia egiteko. Buelta hau iragarpen bat izan da, ordu batzuk geroago zeruko beste indar batzuen inguruan egingo ditugun itzulinguruen abisu eman diguna. Iritsi da bere kotxea. Jarraitzeko eskatu digu eta kotxez pare bat kilometro egin ditugu, bide gero eta zidorragoan, baratze anderearekin topo egin dugun arte. «Nola izan duzue bere berri?» agurtu gaitu adeitsu:

Juan Mari Pagaldai. Haur bereziekin lan egiten du, irakaskuntzan. Baratzetxo batean ematen zituen ordu libreak, homeodinamikaz irakurtzen hasi eta ikastarotara joan zen arte. Orduan nekazaritza homeodinamikoan sartu zen buru-belarri, lursail honetan. Eskoriatzakoa jaiotzez, handik Aramaiora joan zen bizitzera, eta gero Gasteizera. Bizitzan bezala baratzean ere oreka lortzeko, bidea 8-aren forma kiribilduan antolatu du, energia etengabe zirkulatzen duen zortzian, zortzi armonikoan.


8 formako baratzearen begirada panoramikoa

Duela 2 urte ekin zioten baratze hau lantzeari. Ordura arte nekazaritza intentsiboak zukutu zuen, eta lurra goxatu zedin, urtebetez izan zuten hirusta-zelaiz jantzirik. Parez-pare dugun baratzeak egun, bestelako itxura agertzen du. Baratzea antolatzen duen bidexka, guk egingo duguna, 8 formakoa da. Formak oinarrizkoak dira nekazaritza eta mundu ikuskera homeodinamikoan. «8 armonikoa» deritzo eta forma honekin, indar fluxu bat sortzen da, giroa armonizatu egiten duena.

Zortzian sartu aurretik, begirada altxa eta panorama orokorra ikus dezagun. Bidexkatik edo zortzitik kanpoaldera baratzeak osatutako manta zabaltzen da lurrean. Erremolatxa, letxuga, piper, borraja... Bakoitza eremu txikitan landuta, denen artean mosaiko koloretsua osatzen dute. Basoxka batek babesten du baratze osoaren kanpoaldea, aldameneko nekazariaren lurretatik. Zortziaren zuloetako baten barrura begiratuta, berriz, fruitarbolak eta belarra ditugu. Belarretan ardiak jarriko dituzte. Beste zuloan, berriz, sendabelarrak jarriko dituzte. Zortziaren erdian, bideak gurutzatzen diren puntuan, nabea eraikitzen ari dira. Bazter batean negutegi txiki bat dago, eta laster erleak jarriko dituzte.

Bidea markatzeko, 8 metroro arbola bat landatuta dute, arbola bakoitza astro batekin lotua. Baina goazen mundu armoniko honetan sartzera.


Lehen zuloa

Sartu gara zortzian eta bagoaz bidean aurrera. Bi urte baino ez ditu ekosistematxo honek, baina denborarekin «paseatzeko baino ez bada ere sekulakoa» izango dela espero du Pagaldaik, «armonizatzen duen giroa».

Zortziaren barrura, alegia zuloetako bati begira, bertako frutarbolak energia hartzaileak direla azaldu digu: Frutarbolak, loratzean, astroen indarra hartzen dute. Intsektuek, hara-hona ibili-ibilian, indar hau baratze kanpoko basoxkatara banatzen dute. Eta txoriek basoxkatik baratze osora. Horregatik, denborarekin nabari omen dute nola aldatzen doan inguruneko txori klasea. «Egun, edozein baratzetan ugari dagoena belea da, txori zikin edo gradu baxuenekoa» dio Pagaldaik. Aldiz, txori abeslariak, giroa gehiago armonizatzen dutenak, ugaritzen hasiak dira baratze honetan. 8aren zulo honetan jarriko dituzten ardiek ere giroa armonizatzen lagunduko dute, eta euren gorotzekin konposta egin ahal izango dute, lurra ongarritzeko. «Nekazari askok gorotz freskoa botatzen du, baina lurra ez da hori liseritzeko gai, eta lurra erre ere egiten du. Guk konposta egiten dugu, horrela gorotzak 6-7 hilabetean transformazio prozesua jasaten du, eta hori laguntzeko preparatu batzuk botatzen dizkiogu. Hori dena lurrarentzako aurre-digestio baten modukoa da, eta orain, udazkenean, konposta zabaltzen dugunean, lurra digeritzeko gai da». Ardiak bezala jar zitzakeen zerriak edo behiren bat. 8 honetan, ordea, ezer ez dago aurrez pentsatu gabe: «Lurraren kualitateen arabera, animalia bat edo bestearen gorotza komeni da. Gurea lur kalkareoa da, eta hobe datorkio ardi eta behiena. Orokorrean, Euskal Herrian ondoen datozenak behi, ardi eta zaldien gorotzak dira». Oreka hau dena mantenduz, lurra kualitatiboki hobetzera irits daitekeela azaldu du, emankorra den humus maila handituz. «Aldiz, nekazaritza konbentzionalak, humusa gehitu beharrean materia inorganikoa botatzen du. Bai, landarea gizentzen da, neurri handikoa da, baina ez du kalitate onik».


Zapore eta koloreak

Aurrera jarraitu dugu eta zortziaren kanpoaldera begirada luzatu: kalabaza sail handi bat dugu, eta karretilak joan-etorrian dabiltza. Ondoko baratze zatian, ilaraka orraztutako lurra. Hurrengo urtean garai berean etorrita desberdin ikusiko genukeela ohartarazi gaitu gure gidariak, izan ere, kultiboak txandakatzen dituzte: «Landare bakoitzak kualitate bat du, badira asko kontsumitzen dutenak, gutxiago, ia baterez... Kultiboak txandakatuz, lurrari deskantsua ematen diogu, eta era berean, landare mota bakoitzak propietate bat ematen dio lurrari».

Begiek gozatu ederra hartu dute garaiko fruituei begira, eta ahoak eta sudurrak ere estimatuko luketela ziurtatu digu Pagaldaik: «Nekazaritza homeodinamikoarekin egindako produktuak txikiagoak izan ohi dira, baina usain, zapore eta kolore handiagoa dute. Hemendik jaten hasten dena ez da bestera itzultzen. Kontua da ohitu egin garela oraingo gustuetara, eta jada ez dugu jatorrizko zaporea ezagutu ere egiten».


Zodiakoari begira

Aurrera, gurutzadurarantz jarraitu dugun bitartean azaldu digu zergatik diren kualitatiboki hobeak horrelako produktuak. Elementu kualitatiboa astroek ematen dutela, horregatik egiten du lan biodinamikak eta bere alaba homeodinamikak astroekin. Esaterako, leguminosak (ilar, babarrun...) zodiakoko Cancer-ekin daude lotuta. Ilargi edo eguzkia Cancer-en dagoenean leguminosekin laboreren bat eginez gero, indartsuago etorriko direla azaldu du. Zodiakoko gune bakoitzak indar mota bat du. Indar hau eguzki edo ilargian proiektatzen da, eta batez ere indar honekin lotutako landereengan du eragina. Ikusten denez, eguzkiak eta ilargiak zubi lana egiten dute. Baina bien bereizgarria zera da: ilargia hogeita zortzi egunero errepikatu egiten dela, eta beraz, lanerako erabiltzea errazagoa da, indar denak 28 egunero helarazten baititu. Eguzkiak, aldiz, indar bakoitza urtean garai batean bakarrik.

Baina nekazaritzarako astroei begiratzea hain berritzailea da, ala gure arbasoek beti egin izan dutena? Pagaldairen arabera, «gure arbasoek intuizioz egiten zituzten gauza hauek, zergatia jakin gabe. Betidanik, persiarren garaitik, natura orain baino askoz gehiago behatu izan da, zuzenean, ez ikasketen bidez. Zaharrenek oraindik badakite horrela eginda ondo ateratzen direla gauzak, baina zergatik ez. Oraingo gizakiaren lana da hau kontzientziara ekarri eta zergatia ulertzea». Zer da bizitza eta nola funtzionatzen du? Zientziak bakarrik esplikatu ez dezakeen betiko galdera da. Galdera hori eta homeodinamikako beste asko landuko dira justu gu iritsi garen puntuan, gurutzaduran, hurrengo urtetik aurrera. Begi bistan dugun sakonunean (ikus irudia) nabe bat eraikitzeko asmoa dute eta bertan emango dira Pagaldaik duela zazpi urtetik hona urtean bitan antolatzen dituen ikastaroak. Enzo Nastati homeodinamikako erreferente nagusia etorri ohi da hitzaldia ematera, eta ikastaro bakoitzean 30-40 ikasle izaten dira, normalean nekazaritza ekologikotik datozenak. Espainiako Estatuan antolatzen diren bakarretakoak dira.


Bigarren zuloa. Botika homeopatikoak

Aurrera eginda, zortziaren bigarren zulo edo borobilera sartu gara. Hirustek estaltzen dute zelaia, eta erle zein beste intsektuen burrunbaz ernetu zaigu entzumena. Gaitz kontuekin zirikatu dugu Pagaldai: eurek nekazaritzan prestakin homeopatikoak erabiltzen dituztela azaldu digu, eta botika homeopatiko denak bezala, sustantzien indarrak uretan dinamizatuz lortzen direla. «Zientziak ez du metodo hau onartzen, indar hauek ez direlako zientifikoki perzibitzen, baina praktikan ikusten da funtzionatzen duela», eta beraz balio dio Pagaldairi. Nekazaritza arruntean botika kimikoak saldu daitezen atzean interes industrial handiak daudela salatu du Pagaldaik: «Baina lurra akabatzen ari gara, eta hori nekazariek badakite. Gero eta abono eta pestizida gehiago bota behar dituzte».


Beste aldetik abiapuntura buelta

Zortziaren puntu honetan, kanpoaldea lantzeko dagoela ikusi dugu, oraindik ez baitute denborarik izan. Aurrera begira, hor ere baratzeak joango dira. Eta aukera baliatu dugu nekazaritza homeodinamikoak orokorrean lantzeko dituen beste eremu labainkorragoez hitz egiteko.

Nekazaritza homeodinamikoa hemen ez da errentagarri, baina Italian bai, urte asko daramatelako lantzen. Bere ahaide den nekazaritza biodinamikoa, aldiz, errentagarri da hemen, eta Espainian egiten den asko Alemaniara saltzen da, «han heziketa handiagoa dagoelako janaria zaintzeko». Pagaldaik ez du kanpoan saltzeko asmorik, ordea: «Gure filosofia ez esportatzea da, bertan saltzea, eta beraz, autosufizientea izatea». Esportazio-inportazioak sortzen duen garraio gastua erokeria dela azpimarratu du, eta etorkizunean duen arriskuaz ohartarazi: «Kanpotik iturria ixten diguten egunean salduta egongo gara».

Zuzeneko salmenta da bere apustua, bitartekariek irabazien erdia eramaten dute eta. Gehiena Gasteizko merkatuan saltzen du, eta horrez gain, badu erosle finkoen zerrenda bat. Zerrenda horretako kideek informazioa jasotzen dute, baratzean landu dituzten garaian garaiko produktuei buruz, eta epostaz eskaera egiten dute astero. Ostiralero euren eskaria banatzen zaie. Dena den, baratzera datozenek ere bertan erosteko aukera dute.

Aurrera begira, kontsumitzaileekin baikorra da Pagaldai. "Saltoki handiekin plazako merkatuak krisian egon dira, baina konbentzituta nago gero eta hobe joango direla. Elikadurari buruzko gero eta kontzientzia handiagoa dago, batez ere, gaixotasunengatik». Añuako baratze honen bezero asko gaixotasunen bat gertutik bizi izan dutenak dira. «Gero eta jende gehiago dago sano jateko prest. Noski, gurea garestiagoa da, eskulan handia delako eta beste logika bat duelako. Ez da berdina azenarioak 1.000 metro koadroko eremuan lantzea, edo 7 hektarean. Merkeenaren bila dabilenak ez du hemen erosiko. Baina etorkizunean, ondo jan nahi duenak ordaindu egin beharko du».

Erosleak produktu homeodinamikoak bereizteko zigilurik ez dago, ordea. Zigilu ekologikoa da elikagai hauek dutena. Produktu biodinamikoen nazioarteko zigilua, berriz, Demeter da.

Euskal Herriarentzat erakundeek diseinaturik duten etorkizunean, ez da horrelako nekazaritzarik aurreikusten. «Erakundeak ez dira bustitzen. Nekazaritza integratua delakoa sustatzen ari dira, baina hori zer da? Orain arte bezainbeste botika bota beharrean, gutxiago botatzen duena. Orokorrean nekazaritza ekologikoak laguntza handia behar du, jendea sentsibilizatzen eta informatzen, eta batez ere, honetan hasten direnei laguntza ematen».


Nola hasi homeodinamikan?

Nekazaritza mota honetan sartzean eskema aldatu zitzaiola kontatu du Pagaldaik. «Hemen aritzeko ahaztu behar duzu lanaren zentzua dirua bakarrik dela». Euskal Herrian badira oinarri homeodinamiko batzuk lantzen dituzten nekazariak, baina Pagaldairen baratzea da erabat homeodinamikoa den bakarra. Nekazari hauetako batzuk hilero elkartzen dira. Homeodinamikari buruzko irakurraldiak egiten dituzte, elkarren finkak ikusten eta informazioa trukatzen. «Baina hortik aurrera bakoitzak ikasi behar du, zeren finka bakoitza bakarra da, ez dago formula majikorik». Behatuz, giro bakoitzak eskatzen duena egitea da kontua.

Pagaldaik argi du gazte jendeak sartu behar duela honetan: «Edadeko jendeak galdu du lurrarekin harremana. Ziur nago nekazariak ez, baizik hiritik datozenek ekingo diotela eredu honi. Beste izpiritu batetik sortuko da, lehengoek eskema karratuagoak dituzte».

L’Alvero della Vita elkartea da homeodinamikan norabidea markatzen duena. Berak egiten ditu produktu homeopatikoak eta egutegi homeodinamikoa ere ateratzen du, astroen arabera noiz ureztatu, tratamenduak noiz egin eta abar jakiteko.

Zortzian barrena ibilita abiapuntura iritsiko gara, baina ez ditugu gauzak abiatutakoan bezala ikusiko, nekazaritza itzulerarik gabeko bidean doala badirudi ere.

Eskejeak kalte
8aren barruan dauden frutarbola denak hazitik ateratakoak dira: «Eskejeak lehenago ematen du, baina botika asko bota behar zaie, frutarbolak degeneratzen ari dira eta bizitza laburragoa dute. Hazitik datorren landareak berriz, kosmosarekin harreman zuzena du eta indar handiagoa», dio Pagaldaik.

Nabea
8aren erdigunean, gurutzaduran, nabe bat egiten hasiko dira urtarrilean, eta udarako bukatzea espero dute. Paisaian inpaktu handirik eragin ez dezan egin dute hain zulo sakona. Era berean, nabearen oinarria lurpean egoteak bertan biltegia jartzeko balioko du, barazki eta fruituak ahalik eta freskoen gorde ditzaten. Goiko solairuan, berriz, urtero antolatzen dituzten homeodinamika ikastaroak emango dituzte.

Nori okurritu zitzaion aza hostoak kosmosarekin lotzea?
Homeodinamika, nekazaritza ekologikoaren barruan, biodinamikaren alabatzat definitzen da. Biodinamikak lurraz gain astroak ere kontuan hartzen ditu nekazal ustiaketarako. Homeodinamikak berriz, aurrekoaren oinarriak onartzeaz gain, kutsadura, transgenikoak eta abarrei aurre egiteko homeopatiaren baliabideak erabiltzen ditu, sendagai gisa. Metodo homeodinamikoaren jatorria azaltzeko, Persiako Zarathustra (Zoroastro) filosofoaren garaira joan izan dira. Baina ez gara gu Aitzin Aroko oasietan nekazaritza nola lantzen zuten azaltzen hasiko. Izan ere, XX. mendean aurkituko ditugu biodinamikaren eta homeodinamikaren sorreraren gako nagusiak:

- Rudolf Steiner: Biodinamikaren sortzailea Rudolf Steiner (1861-1926) izan zen. Gizakia, inguruarekin eta kosmosarekin estuki lotu zuen Steinerrek eta bere pentsamenduak hezkuntzan -Waldorf izeneko eskolen bidez-, medikuntzan eta nekazaritzan aplikatu zituen.

- 1924ko ikastaroak Silesian: XX. mende hasieran nekazaritza lantzeko teknikak eta sustantzia kimikoak izugarri garatu ziren, eta lurrak jasan zezakeen kalteaz arduratuta, zenbait lagunek ikastaro batzuk emateko eskatu zioten Rudolf Steinerri. Silesian egindako ikastaroetan, filosofo austriarrak biologia-dinamikoaren inguruko teoriak plazaratu zituen eta horrekin batera sortu zen nekazaritza biodinamikoa.

- Demeter ziurtagiria: Silesiako ikastaroen ondoren, Steinerren jarraitzaile talde batek nekazaritza biodinamikoa praktikan jarri zuen eta 1928an Demeter ziurtagiria sortu zuen. Jainko greziarraren izena daraman zigilua nekazaritza biodinamikoaren ziurtagiri nagusia da gaur egun.

- Enzo Nastati, homeodinamikaren sustatzailea: Enzo Nastati italiarra Demeter erakundearen kontseilaria zen, baina gorabehera batzuk medio erakunde hartatik banandu eta metodo homeodinamikoarekin hasi zen. Nastatik Txernobilgo gertaeren ondoren ekin zion metodo honi, erradiazioak zenbait lurretan egindako kalteaz jabetuta. Gaur egun Italiako L'Albero della Vita elkartea da erreferentzia nagusia homeodinamikaren munduan eta Nastati da horren presidentea.

Basotxoa, babesa
Botika kimikorik erabiltzen ez duten nekazari askori ondoko nekazarien botikak iristen zaizkio. Hauengandik babesteko dago jarria baratzearen bueltan basotxoa, ingurunea babesteko azal modura. Naturak ez duela partzelaka funtzionatzen azpimarratu du Pagaldaik: «Gure proiektuak inguru osoan du eragina, ez gure lurrean bakarrik. Baratze honetan sortzen ari garen energia eta giroa babes bat da, kutsadurari kontra egiten dio. Era berean, ez dut ezer konpontzen nik bakarrik finka aldatzearekin, ondoan oso kutsakorra den proiektu bat baldin badago. Ingurua bere zabalean zaindu behar da».

Baratzera bisita
Kokapena: Dulantzi (Araba) ondoan dagoen Añua herrixkatik pista bat jarraitu kilometro inguruan, Azazeta mendate aldera.

Kontaktua: Juan Mari Pagaldai.

Helbide elektronikoa: askoaj@teleline.es Telefonoa: 945-460078.


Azkenak
11 urteko mutil bat hil da, igandean Bilboko igerileku batean bero kolpea jasan eta gero

Bilboko Errekalde auzoko igerileku batean gertatu zen ezbeharra. Larrialdi zerbitzuek erreanimazio lanak egin zizkioten adin txikikoari, eta Gurutzetako ospitalera eraman zuten; hiru egunetara hil egin da.


Ostiraleko bileran Putinek su-etena onartu ezean, Trumpek dio “ondorio larriak” izango direla Errusiarentzat

Ostiralean Alaskan izango duten bileraren bezperan heldu da mehatxua. Friedrich Merz Alemaniako kantzillerrak deituta, gailur birtual bat egin dute asteazkenean Zelenskik, Trumpek eta Europako hainbat agintarik. Ukrainako presidenteak adierazi du Trumpen eta Putinen arteko... [+]


50 maliar inguru ari dira kale egoeran bizitzen Gasteizen asilo eskaera ebazten duten bitartean

Ostegunean eman dituzte asilo eskaera tramitatzeko lehen txandak: bederatzik lortu dute, irailerako. Eusko Jaurlaritzak ebazpena arintzea, eta migiratzaileak ostatzeko zentroetara mugitzea eskatu dio Espainiako Gobernuari.


Alberto Alonso (Gogora): “Txiki eta Otaegi ez dira erreferente; indarkeria, beldurra eta terrorea erabili zuten”

Aurten Txiki eta Otaegi fusilatu zituztela 50 urteko beteko direnean, Alonsok adierazi du ETAko bi kideek ez zutela nahi Franco osteko gizarte demokratiko bat: "Diktaduraren aurka borrokatzen ziren, baina diktadurak erabilitako tresna berberekin".


Jai eredua neurodibergentziatik aztertzen

Bilboko Aste Nagusia pertsona autistentzat irisgarriagoa izateko zenbait gako dakartzate Oihan Iriarte Eletxigerrak eta Iker Boveda Martinek, euren esperientziatik.


Ostiraletik aurrera berriz debekatuko dituzte nekazaritza jarduerak Nafarroan

Tenperatura igoera dago aurreikusita datozen egunetarako, eta, sute arriskuak ekiditeko, ostegun iluntzeko 20:00etatik aurrera debekatuta egongo da uzta lanak egitea. Aurretiaz ere neurriak hartuta zituen gobernuak, baina Zarrakazteluko sutea kontrolpean izanda, neurriak malgutu... [+]


Auzo ibilbideak
Atzoko eta gaurko borrokak gogoan

Ezagutu dezakezu Euskal Herria gure txoko eder eta famatuenak bisitatuta, Instagramerako edo postal baterako argazkiak aterata zure buruari, kostaldeko paisaietan edo monumentu bisitatuenetan irri eginez. Baina ez duzu Euskal Herria guztiz ezagutuko. Horretarako, hobe zenuke... [+]


Ipar Euskal Herriko 158 herritan ur murrizketak ezarriko dituzte, alerta egoeraren ondorioz

Ostiraletik aurrera ur murrizketak ezarriko dituzte Euskal Hirigune Elkargoak barne hartzen dituen eta alerta egoeran dauden 158 herritan, eta metereologia zerbitzuek abisu horia ezarri dute trumoien arriskuagatik. Hego Euskal Herrian, berriz, leku ugaritako termometroek 40... [+]


Jaurlaritzak Bailen Energia enpresari Oionen bi parke fotovoltaiko eraikitzeko baimena eman dio

Bakoitzak 1.680 eguzki panel izango ditu, eta megawatt bateko potentzia. Enpresak hiru urteko epea izango du Muga eta Val izeneko instalazio fotovoltaikoak eraikitzeko. 


Delitugile migratzaileak zuzenean deportatzea proposatuko du Erresuma Batuko Gobernuak

Erresuma Batuko gobernuak proposatu du delituak dituzten migratzaileak berehalakotasunez deportatzea, ekainean onartutako legearen bide beretik. Lege horrek baimentzen du sententzien %30 beteta dutenak deportatzea; igandeko proposamenarekin ez dute zigorrik bete beharko... [+]


7 urteko ume bizkaitar bat hil da Errioxako kanpin batean, zehaztu gabeko arrazoiengatik

7 urteko umea oporretan zegoen Fuenmayorren (Errioxa). Logroñoko San Pedro ospitaletik Nafarroako ospitalera eraman zuten eta bertan hil zen. 


Israelek gutxienez ehun palestinar hil ditu azken bi egunetan, eta Gaza hiriaren aurkako erasoak gogortzen ari da

Astelehenetik asteazkenera bitarte eginiko aire erasoetan gutxienez ehun palestinar hil ditu Israelek, horietatik gehienak Gaza hirian, hura osorik okupatzeko asmotan. Gazako Osasun Ministerioaren arabera, 2023ko urriaren 7az geroztik 227 lagun hil dira elikagai eskasiagatik... [+]


Txikik eta Otaegik Zarauzko Udalaren aitortza behar dutela aldarrikatu du Sortuk

Txiki eta Otaegiren fusilamenduen 50. urteurrenaren harira jarritako olana kendu du Zarauzko Udalak. Sortuk salatu du udalak, EAJ eta PSE-EEk osatuta, "zaborra izango balitz bezala" tratatu zuela olana. Zenbait herritarrek berreskuratu eta Azken Portuko plazan ireki dute.


Piano bikaina, Biarritzen

Zer: Biarritz Piano Festival. Amaierako errezitaldia. Benjamin Grosvenor, pianoa. 

Egitaraua: Schumann eta Moussorgskyren lanak

Lekua: Biarritzeko ‘Espace Bellevue’.

Data: abuztuaren 8a.

-------------------------

Biarritz Piano Festival... [+]


2025-08-13 | Nagore Legarreta
Ibaiak begirada itzuli zigunekoa

Munduko hainbat txoko zeharkartzen dituzten ibaiek, bizirik dauden heinean, euren begirada propioa dute mundua bera ikusteko. Gizakiaren garapenaren testigu isilak dira: hirigintza, gerra, kutsadura, uholdeak... dituzte ikusmiran, baita euren bazterretan etengabe ernetzen diren... [+]


Eguneraketa berriak daude