Ihesi: Infernuak borda dotorearen itxura du Baztanen


2006ko urriaren 22an
Infernuko errota lurzoru malkartsu eta sarbide zailekoa zen eta martxan zebilen garaian, egurra alde batera eta bestera eramaten zuten baso lanetako langileek infernuan egotea baino okerragoa zela zioten. Dena den, izena zehatz-mehatz nondik datorkion ez dakigu. Kondaira batek dio bertan deabruak bere burua bota zuela inguruko hizkuntza ezin zuelako ulertu. Bertze batek dio pizten zuten txondorraren keak eta sugarrak infernua ziruditela eta hortik datorkiola izena. Herriz herri kantari ibiltzen ziren bi anaia protagonista dituen istorioa ere bada. Horren arabera, errota inguruan egiten ziren akelarreetako partaideek amildegitik behiti bota zuten anaia zaharrena, pertsona bat hiltzeko zeukaten erritua hausteagatik. Geroztik, larunbatero, larunbat santutan izan ezik, gorputz batek erortzerakoan egiten duen soinua eta oihu bat entzuten omen dira leku honetan.

Kondairak kondaira, bertara txangoa egitea erabaki dugu. Iristeko, Orabidea errepidea hartu behar dugu (NA-4453). Oronoz Mugairetik bi kilometrora dagoen harrobitik joan gaitezke. Etxalar herritik abiatuta ere bai. Orabideak Etxalar, Baztan eta Zugarramurdi lotzen ditu. Otsondotik ere iritsi gaitezke bertara. Guk bigarren aukera hartu dugu, Etxalartik alegia. Hamalau bat kilometroko bidea egingo dugu autoan, estua eta bihurgune ugariduna, baina aldi berean paisaia zoragarriak dituena.


Kontrabando gune

Herritik abiatuta, Argatako bidea jartzen duen errepidea hartuko dugu eta Orizki auzotik barna, Orizkiko lepora iritsiko gara. Hemendik ere joan daiteke Infernuko errotara, seinaleztatua dago, baina bidea luzeagoa da, pare bat ordukoa eta guk nahiago dugu aurrera jarraitu. Errepide hau, antzina, mendietan zehar gaulana edo kontrabandoa egiteko oso maiz erabili izan zen. Halaber, ikazkinen ikatz-txondorrek urte askotan zehar pagoz beteriko baso zabal hauek keaz zipriztindu zituzten. Etxalarko baserri urrunetatik Elizondoko azokarainoko ganadu transhumantzia ere aski ezaguna izan zen duela urte asko. Bertako gurdibide eta bidezidorrek Infernuko erreka aldeko errotara joan ohi ziren baserritarren urratsak ezagutu zituzten. Beste garai batzuk ziren, gogorrak eta zailak, guda guztien ondotik izan ohi direnen antzekoak.

Bidean, Etxebertzeko Borda jartzen duten seinaleak jarraitu behar ditugu. Jatetxe sonatua da eta batez ere amuarraina jatera gerturatu ohi da jendea bertara. Autoa aparkalekuan utziko dugu. Dagoeneko Baztango lurretan gaude, Etxebertzeko Borda Lekarozko lurretan baitago. Hemendik hasiko dugu itzulia. Ibilbidea oso erraza da, seinale zuri-berdeei erreparatu behar diegu. Kilometro eta erdiko osteratxoa da gutxi gorabehera eta erreka parean doa. Infernuko errekak Baztango ipar mendebaldean du iturburua. Etxalarren, Tximista errekarekin bat egiten du eta Bidasoa ibaian bukatzen da.


Artoa xehetzeko sukaldean zain

Zuhaitz hostozabaleko basoa dugu inguruan. Gaztainak, pagoak, urritzak... Landaretzaz babestutako lekua da. Garai batean, Karlisten gordeleku izan zen. Gerra ostean, Espainiako Estatuak erroten kontrola zuen eta irina deklaratu beharra zegoen. Garai hartan izan zuen jarduera gehien Infernuko errotak, ikuskatzailearen begietatik urrun eta ezkutuan baitzegoen. Jendea gauez joaten zen astoekin, gehienbat artoa xehetzeko asmoz. Berrogei kilotatik hiru errotariarentzat izaten ziren. Errotariak sukaldetxoa zuen bertan eta bisitariek han itxaroten zuten beraien txanda iritsi arte.

Ehotzeko ardura duten errotarriak mugitzeko, errekako uraren indarra baliatzen zuen. Errota honek gurpil horizontala du, baina ez du ur gordailurik, ur jauziaren saltoaz soilik baliatzen zen martxan jartzeko. Hala, uraren indarraz gurpil horizontala mugitu eta honek errotarriak birarazten zituen. Egun, errota igarotzen duen ura Etxalarko zentraleraino bideratzen da, aurreko mende hasieran eraikitako kanalaren bidez.

Baina itzul gaitezen ibilbidera. Etxebertzeko Bordatik errotarantz goazela, ezkerrera zubi bat ikusiko dugu, eta geroxeago beste bat, baina guk aurrera egingo dugu. Hirugarren zubia, ordea, zeharkatu egin beharko dugu. Eta baita laugarrena ere. Azken zubi honek Baztango lurrak Etxalarkoekin mugatzen ditu. Izan ere, errotak sarrera bat Baztandik du eta bestea Etxalartik.

Konturatzerako, errotan izango gara. Eskuinetik bide zidor bat ikusiko dugu. Orizkitik etorriz gero horra iritsiko ginateke. Errota, harriz eta egurrez egindako mendi borda dotorea da. 60ko hamarkada amaieran erabiltzeari utzi zioten. Ordurako, gazte migrazioaren ondorioz inguruko baserri guztiak hustuak zeuden. Errotaren jarduerak ere behera egin zuen. Etxebertzeko Bordako jabeak erosi zuen eta 1999an berritze lanak hasi zituzten. Ordutik, errota erakustoki gisa baino ez da erabili eta guk horixe egin dugu: Infernuko errotaz eta inguruko bistez gozatu. Ondoren, bueltako bidea hartzeko ordua iritsi da. Etxebertzeko Bordara bide beretik itzuliko gara, lehen aurkitutako zubi eta basoan zehar.

Antzinako errotatik gaurko irinoletara
Erromatarrak izan ziren errotak Euskal Herrian sartu zituztenak. Harrien artean, garia eta artoa xehetzen zuten lortutako irinarekin ogia egin ahal izateko. Garagar eta oloarekin, ganaduarentzako pentsua lortzen zuten.

Ordutik, Euskal Herrian 2000tik gora errota izan dira, ia denak ibai errotak. Itsas errotak denera hogeita hamahiru inguru baino ez dira izango eta hamabost bat haize errota. Ibai errotak errekako uraren indarraz baliatzen ziren errotarriak birarazteko. Itsas errota edo marea errota deiturikoek, aldiz, itsas uraren indarrarekin egiten zuten lan. Haize erroten hegal handiak, azkenik, haizeak mugiarazten zituen irina lortzeko.

Badirudi lehenik Ipar Euskal Herrian hasi zirela itsas errotak erabiltzen, XII. menden. Haize erroten kasuan, Bizkaian ditugu datu gehien, XVIII. mende ingurukoetan. Ibai errotak lehenagokoak dira: VII. mendean Tuteran bazeuden jada. Araban, IX. mendekoak dira aurkitutako zaharrenak eta Bizkaian berriz, XI. mendekoak dira jasotako lehen datuak. Mende bat beranduago azaldu ziren Gipuzkoan.

Ibai erroten artean, bi mota bereizten ditugu: gurpil handi bertikalak dituztenak -ur emari etengabea behar dute- eta gurpil horizontalekoak. Euskal Herrian, gehientsuenak bigarren motakoak dira. Hauek ur gordailua dute, ur emari gutxiko sasoietan erabili ahal izateko. Ur gordailuko atea irekita, ibai errota martxan jartzen zen. Bertatik ateratzen zen ur txorrotada itzelak gurpil horizontala mugiarazten zuen. Era berean, gurpil horizontalak goiko harria birarazten zuen eta goiko eta beheko harriaren artean, alea sartzen zen, harriek erabat txikitzen zutelarik. Errotariak harrien abiadura, irinaren lodiera edo kalitatea eta ehotze erritmoa kontrola zitzakeen.

Oraindik martxan dauden hainbat errota ezagutzen baditugu ere (Gipuzkoako Aiako Agorregi, Arabako Apellaniz eta Larrinoa, Bizkaiako Zeanurikoa...), gaur egun irina irinoletan lortzen da. Hauetan, prozesu guztia informatizatua eta mekanizatua dago eta txukunak dira, bai, baina arazo bat dute: ehoketa metalezko zilindro artean egiten denez, azala ez da behar bezala txikitzen. Ondorioz, irinolako irin integralarekin egindako ogia ez da errotakoa bezain osasungarria. Irinolan ehotutako azala ez da behar bezala xehetzen, zuntz luze eta zorrotz moduan geratzen da. Honek hesteak narritatzen ditu eta liseriketa ongi egitea eragozten du.

Azkenak
2025-06-07 | ARGIA
Euskara hutsezko plaza bete dute Ziburuko Azokan

1.000 euskaltzale eta kulturazale baino gehiago giro goxoan ibili dira Ziburuko liburu eta disko azokan, eta larunbat goiz eta arratsaldez gozatu dute hitzaldi, kontzertu eta liburu aurkezpenez. 33 argitaletxe eta 10 diskoetxeren lanak ezagutzeko eta erosteko aukera probestu... [+]


EAEko euskaltegietan A2 mailan matrikulatzea oraingoaren laurdena kostako da

Datorren ikasturtetik aurrera, euskaltegietan A2 mailan matrikulatzen direnek orain arte bezala 310 euro ordaindu beharrean, 70 euro ordainduko dituzte. Maila gaindituz gero, ordaindutakoa itzuliko zaie ikasleei. 


Guardia Zibilak “hemendik fan egiteko” eskatuko dute ekainaren 14an Oñatin

Kuartela herrixantzat lelopean indar okupatzaileek Euskal Herritik irten behar dutela aldarrikatzen du Fan Hemendik taldeak.
 


Gure haurrak ere badira ekimenak mobilizazioa egingo du ekainaren 12an, Gasteizen

Rafah-ra doan nazioarteko martxarekin bat eginez, Gasteizen mobilizatzera deitu du plataformak, baita ikasgeletan ere. Palestinar haurrekiko elkartasun argazkiak ateratzeko eskatu du.


Bake Bideak eta Bakegileak bide amaierara iritsi dira

Aieteko Nazioarteko Bake Konferentzia 2011n egin zen Donostian eta ondoren sortu zen Bake Bideak, Ipar Euskal Herritik bake prozesua sustatzeko. Bakegileen zeregina ETA armagabetzeko ekinbide zibila antolatzea izan zen. Orain, desegingo direla iragarri dute bi ekimenek.


2025-06-06 | Gedar
EAEko kartzelariak greba egitera deitu ditu ELAk

Espetxeetako funtzionarioek lanuzte partzial bat egingo dute ekainaren 9tik 15era bitartean.


Idoia Asurmendi
Bihotzetik berriz pasatzea

IDOIA ASURMENDI
Non: Bilboko Kafe Antzokian.
Noiz: maiatzaren 29an.

----------------------------------------------------
 
Termometroak 30 gradutik gora markatzen ditu, uda giroa nagusi da eta Bilboko kaleak herritar aztoratuz beteta daude. Horrelako egun... [+]

Torturaren 21 biktima berri aitortu ditu Nafarroako Gobernuak

21 pertsona “giza eskubideen urraketen biktima” gisa aitortu dituzte ofizialki. Espainiako Estatuko funtzionarioek eta eskuin muturreko taldeek torturatutako pertsonak dira eta biolentzia horren lagin txikia baino ez direla dio Egiaren Garaia Da ekimenak.


111 Akademiak banatuko duen azken saria jaso du Miren Amurizak

Ostegunean banatu dute saria, Amasa-Villabonako Hika txakolindegian. Bertan jakinarazi dute 2024koa izan dela 111 Akademiak banatuko duen azken saria.


Non daude kaparrak?

Lorazainok bi hilabete baino gehiago daramatzagu greban, eta, horietan, udaltzaingoek indarrez zapaldu gaituzte piketeetan. Hirian zehar jarraitzen gaituzten sekretek jazartzen gaituzte, eta mobilizazio bakoitzean zelatatzen gaituzte. Enpresak ez gaitu aintzat hartzen, eskaintza... [+]


“Zaurgarritasun Indizea”, Jaurlaritzak nahi duena egiteko koartada

Nork sinesten du urtebetean Ordiziako errealitatea goitik behera aldatu dela eta desorekak desagertu direla?

Udaberriko oporren ataritan egunkarietan Begoña Pedrosak eman zigun titularra: Ordiziak ez du desorekei aurre egiteko plan berezirik behar... [+]


GALen biktimei barkamena eskatu die Alonsok, Gogora Institutuko zuzendariak

Datorren irailaren 25ean 40 urte beteko dira GALek Baionako Monbar hotelean egindako atentatutik, non lau euskal errefuxiatu hil zituen. Horren karietara, Gogora Memoria, Elkarbizitza eta Giza Eskubideen Institutuak oroimen ekitaldi bat egingo du udazkenean.


Energia berriztagarrien arloko kooperatiben europar federazioko Kontseilu Errektoreko kide bihurtu da Goiener

Rescoop.eu federazioko Kontseilu Errektorean sartu da Goiener kooperatiba, eta  "lorpen handitzat" jo du ardura berri hori. Iragan maiatzaren 22an Krakovian (Polonian) egindako Energia Komunitarioaren Foruman parte hartu ahal izan dute, eta une inportantea izan... [+]


Eguneraketa berriak daude