Balkanetako nomaden azken bidaia


2006ko urriaren 22an
Primuveara, veara, toamna eta yarna esaten omen dira urtaroak armanestien hizkuntzaz. Izenok eskuartean dudan aldizkarian aurkitu ditut, ume batek marraztutako lur planetaren eguzki inguruko dantzan. Haurrak Amerika bereizi du, gutxi gorabehera, baina ez besterik. Egia esan, bete betean asmatu du munduaren irudikapen erraz honekin. Seguru aski bere herri txikia kokatzeko gai da, Mazedoniako hegoaldean, baina mundu «globala» handiegia da xehetasunei erreparatzeko.

Aldizkaria Nicola Babovskik luzatu dit, Bitolako Armanestien Elkarteko presidenteak. Lehenengo alea da, hiltzear dagoen hizkuntza berpizteko ekimen ausart batena. Zortea lagun, beste bat aterako dute bi hilabetera.

Mazedoniako bigarren hiria da Bitola, Grezia eta Albaniako mugetatik oso hurbil. Bere kokapen estrategikoa dela eta hamaika jabe izan du historian zehar. Horregatik, ez da lan erraza armanestien hizkuntza bereiztea, kalean entzuten diren greziar, albaniar, mazedoniar edota turkiar hotsen artean.

Bestalde, Sirak Sokak kale nagusiko hainbat etxetan Daviden izarra ikus daiteke balkoietako forja herdoilduan. Nicolak dioenez, agure bat mintzo da oraindik Gaztelatik kanporatutako judutarren gaztelania zaharraz.

- Itsua da eta burua galdua du. Skopjen (Mazedoniako hiriburuan) gehiago aukituko dituzu - dio Nicolak.

Zorionez, Mazedoniako armanesti hizkuntzaren egoera ez da judu itsuarena bezain larria. Umeentzako hautazko ikasgaia da eskolan eta Mazedoniako Gobernuak zertxobait laguntzen du kultura eta hizkuntza mantentzen, irratsaio, prentsa, edo bestelako esparruetan. Bitolan armanestiera entzuteko bertakoen etxeetara joan beharra dago, edo St. Constantin eta St. Elena-ren elizara. Kale nagusitik ehun metro eskasera dago baina zaila da aurkitzea, harresi batek babestua baitago. Armanestiak kristau ortodoxoak dira eta meza euren hizkuntzaz entzuten dute kandelez soilik argitutako tenplu honetan. Suaren dardarapeko santuen ikono eta ofizio ortodoxoaren kantuek, berebiziko xarma edo «espiritualtasuna» ematen diote eliza txiki honi.

Primuveara hitz ederrak agerian uzten du armanestieraren jatorri latindarra. Parabolikek harrapatutako Italiako telebista saioak erraz ulertzen dituzte armanestiek, are errazago Errumaniatik datozenak. Hemengo armanestiei «mazedo-errumaniarrak» ere deitu ohi zaie, hain dira antzekoak bi hizkuntzak.

- Batzuen ustez, erromatar legionarioen ondorengoak gara, Erroma eta Konstantinopla arteko bidean sakabanatutakoak. Hiriok lotzen zituen galtzada sare honek Via Egnatia zuen izena, eta Europako garrantzitsuena izan zen mende askoz -, azaldu du Nicolak.

Hiriak hiri, armanestiak mendi eta bailarei lotuta egon dira beti, urtaroek eta artaldeen goseak markatutako bidea jarraituz.

- Grezia, Mazedonia eta Albania hegazkinetik ikustean erraz bereiz daitezke armanestien herriak -dio Nicolak-. Bailaran ez, mendi tontorrean herri bat ikustean, ziur egon gutakoa dela. Baita artalde gehienak ere. Nire aitona hemengo Pellister mendietatik Greziako lautadetara jaisten zen bere ardi eta ahuntzekin, negu hotzetik ihesi. Egungo muga, aldiz, ezin da inola ere igaro.

Ez da harritzekoa, artzaintza ibiltarian mendez jardun duenak muga berriak gogoko ez izatea. Balkanetako nomada hauentzat mapa gehiegi aldrebestu da azken ehun urteetan, abereen ohiko mendi-ibilbideak nazioarteko bide zeharkaezin bihurtu diren arte.

Baina armanestien oztopo bakarra ez da azken mendean sortutako herrialdeena izan. Jugoslavia ohiaren gobernu komunistak nomada asko sedentario bihurrarazi zuen, kolektibizazio prozesuen bidez. Garai bateko jabeak «gobernuko artaldeen arduradun» bilakatu ziren: soldatapeko langile hutsak.

- Artzainak bakarrik ez; merkatari, baita oso zinemagile trebeak ere izan gara! -esan du harro Nicolak.

Antza denez, Balkandar penintsulako zinemaren aitzindariak armanestiak izan ziren. Manaki anaiek, Despina, beren 114 urteko amona atera zuten lehendabiziko filmaketan, Mazedonia Turkiar inperioaren beste eskualde bat baino ez zenean.

- Ba al dakizu Von Karajan orkestra zuzendaria eta Gica Hagi futbolaria armanestiak direla? -galdetu dit bat-batean-. Egia esan, denetarik egon da gurean, nekazariak izan ezik. Gure arbasoek uko egin zioten beti lurra lantzeari. Antropologoek ere, «herri ez nekazari»en zerrenda batean paratu gaituzte, eta arrazoi osoz. Agian lurrarekiko lotura finkoaren falta izan daiteke egun gure herrialdearen jabe ez izatearen arrazoia.

Nolanahi, adierazgarria da oso «nazio» edo «etnia» kontzeptuak ez existitzea armanestieraz. Fara Armaneasca dute haien ordezkoa, hau da, Armanesti Tribua: Balkanetako beste «tribu»engandik bereizteko hainbat mendez balio izan duen esamoldea.


Albania: hautsak estalitako nomadak

Sveti Naum-en eliza Albaniako mugatik oso gertu dago. Bi herrialdeen arteko Ohrid lakuaren gainean bista zoragarriak ditu, eta mazedoniarrek diotenez, meza entzuteko oso toki aproposa da «Albania basatira» igaro aurretik. Egia esan, bizantziar harribitxi hau albaniarra izan zen, 1925ean Tiranako Gobernu ustelak Belgradi saldu zion arte. Anekdota bat baino ez, frontera malguak, aldakorrak izan baitira hemen beti.

Albaniako hegoaldean makina bat armanesti bizi da, mazedoniar eta greziar jatorriko beste gutxiengoekin batera, baina oso zaila da jakitea zenbat. Tiranak ez du interesik bere gutxiengoen zentsurik bideratzeko, bai, ordea, Mazedonian edo Montenegron bizi diren albaniarrena. Greziak eta Mazedoniak politika bera jarraitzen dute bere mugetatik kanpo gelditu diren herrikideen kopuruekin. Talde etnikoen zifrak interes geopolitikoen arabera puzten dira. Baina ez da horrela gertatzen armanestiekin, ez baitago Armanestia izeneko herrialderik.

Voskopoja herria 1.000 metrora dago eta 1.000 lagun eskas bizi dira bertan. Haietako batzuk herriko plazan elkartu dira, eskuan garagardo bana, bandera albaniarra duen kiosko txikiaren inguruan. Beste batzuk, Korça hiri nagusitik datorren autobusaren zain daude, gehienak senideren batek bidalitakoa jasotzeko. Zama handiren baten esperoan, adineko alargun batek astoa ekarri du. Fardel astuna ikusita, korrika hasi da animalia bat-batean. Eta atzetik doa jabea, oihuka, hauts eta asto-arrantza arteko madarikaziotan. Zine areto edo antzekorik ezean, gaurko korrikaldia izango da asteko gertakizun entretenigarriena Voskopojan.

Sinesgaitza da, baina herri hau Balkanetako hiri handiena izan zen apenas bi mende lehenago. Moscopole izena zuen garai hartan, eta Venezia eta Konstantinopla arteko merkataritza gune nagusia izan zen mende askotan. 50.000 biztanle paseak ei ziren sasoi onenetan, garaiko Atenas edo Belgraden baino gehiago. Hiri honetako milaka eraikinen artean, 24 eliza, erietxea, liburutegia, unibertsitatea, eta Balkanetako lehenengo inprenta zeuden. Gauza jakina da hainbat idazlek euren lanak argitaratu zituztela bertan, grezieraz, edo alfabeto greziarrean idatzitako armanestieraz. Baina gero gainbehera luzea etorri zen: turkiarrek hiru aldiz arpilatu zuten XVIII. mendean, italiarrek I. Mundu Gerran eta alemaniarrek Bigarrenean. Azkenik, Enver Hoxharen 50 urteko diktadura iritsi zen: armanestien artaldeak «kolektibizatu» eta mendiak porlanezko bunkerrez josi zituen honek, batez ere mugan dauden armanestien eskualdeetan.

Vasilek hogeiko hamarkadako bere argazki bat erakusten du beti, gaztetxo zenekoa. Eskuineko eskuan krabe izeneko armanestien akuilua darama; ezkerraldean bere zakurra, artzain-zakurra, noski.

- Bi mila ardi nituen urte haietan. Gero komunistek boterea hartu eta artalde osoa kendu zidaten. Animaliarik gabe ez neukan mugitzeko arrazoirik eta Voskopojan gelditu nintzen.

Antzinako oroigarri dira ere herrian gelditzen diren bost elizak. Besteak desagertu edo ardi eta behientzako ukuilu bilakatu dira: Ehunka urte dituzten freskoek dekoratutako luxuzko kortak.

Baina Moscopoleren gainbeheraren azken pasartea duela hamar urte gertatu zen: udako oporraldian zeuden hiru gaztek, St. Mihail elizako 23 santuen begiak urratu zituzten laban batez, balkandar zoritxarreko ohitura bati eutsiz.

- Inori ez dio axola hemen. Albaniarrok arazo gehiegi dugu gauza hauetaz kezkatzeko - dio Simon Vrushok.

Eskolako irakasle eta idazle honek urteak eman ditu Moscopoleko ondare kulturala berreskuratu nahian. Frantziako GKE batekin jarri da harremanetan berriki eta, dirudienez, freskoen zaharberritzeari ekingo diote.

- Tiranak ez du gure kontrako jarrerarik baina ez digu laguntzarik ematen gure kultura sustatzeko. Albanian ez dago telebista, irratsaio edo hezkuntza ofizialik armanestieraz. Nire ikasleekin armanestieraz hitz egiten saiatzen naiz baina ingelesa edo greziera nahiago dute. Denek emigratu nahi dute. Eta ez nire ikasleek bakarrik, albaniar orok!


Grezia: ahaztu hizkuntza eta eutsi folkloreari!

Orain hamar urte, Sotiris Bletsas izeneko arkitekto bat epaitu zuten. Kargua: Informazio faltsua banatzea. 15 hilabeteko espetxe zigorra jasan zuen atenastar honek, armanesti jaialdi batean «legez kanpoko» mapa bat banatzeagatik. Dokumentua, Europar Batasuneko EBLUL-ek (hizkuntza gutxituak babesteko erakundeak) egina zen, eta Greziako gutxiengoak adierazten ziren bertan. Orban gorriek armanestiak ordezkatzen zituzten, Grezia iparreko Epiro eta Pindo mendikateetan, hain zuzen.

Mikonos, Creta edota Santorini izenak, besteak beste, Mediterraneoko turismo gune handien sinbolo gisa datozkigu burura, baina milaka irlek ezin dute Greziaren balkandar izaera ezkutatu. Ezin ahaztu Balkanetako «legezko» mapan, Albania, Mazedonia, Bulgaria eta Turkia dituela mugakide.

Armanestiak ez dira etorri berriak mugako mendi edo mendiko muga hauetan. Baina nola biziraun du egundaino latinarekin antza handia duen hizkuntza honek? Mendi garaiek inposatutako isolamenduak izango du zerikusirik, ez baita lan erraza gaur ere, Aminciu (Metsovo) herrira iristea.

Atenasetik abiatzekotan, trenez aldatu behar da goizeko ordu txikietan Kalanbakara iristeko. Handik, autobusak Greziako errepide altuena zeharkatu behar du, Katara mendi-igarobidearen 1.705 metroak gainditzeko. Beti ere elurrak itxita ez dagoenean.

Turkiar familia ugari pasatzen da egunero hango zerbitzugunetik, bidaia luzeak eskatutako atsedena hartzeko. Ia ehun urte pasa dira turkiarrak hemengo jabeak zirenetik, baina antzinako Via Egnatian zehar doaz berriz ere, Europa aberatsera lan bila oraingoan.

Askok ez diote erreparatu ere egingo magal aldapatsuan behera dagoen Aminciu herriari, baina bisitak benetan merezi du, are gehiago armanestiar ezkontza bat ospatzen ari bada. Bi egun irauten dute eta ehunka gonbidatu bertaratzen dira herriko plazara armanestien jantzi koloretsuez jantzirik, ezkontzak dituen erritu anitzei laguntzeko: senargaiaren bizar-mozte «publikoa», emaztegaiaren gurasoei ezkontzeko mandatu egitea, edota emaztearen kulunkatzea herriko plazan, besteak beste, dantza eginez, kantuz eta algaraz, ardoa lagun dutela. Irudiok zuri beltzean ikusiko bagenitu, Manaki anaiek orain ehun bat urte jasotakoak zirela pentsa genezake, hain dira zorrotzak hemengo armanestiak euren tradizioekin.

Hurrengo egunean paseotxo bat eman dugu herrian, jaialdiaren aje gogorra baretu nahian. Kafe turkiar bat hartu ostean (bertakoek «greziarra» dela badiote ere), kale estu eta aldapatsuetatik jaitsi eta herriko plazako liburudendan sartu gara. Baina alferrik eskatuko dugu armanestiei buruzko liburu, aldizkari, edo bestelakorik. Ez dago, ez Aminciun ezta Grezia osoan ere. Turismo bulegoak emandako lau orriko liburuxkarekin konformatu beharko dugu: elurtutako paisaia bat, St. Nikolairen monasterioa, gertuko teleferikoa... Den-dena inpertsonala oso, eta grezieraz soilik azaldua. Herriko museoa ere ageri da, non eskualdeko lanabes, alfonbra eta bestelako objektu tradizionalak ikusgai dauden. Azalpen urri eta elebakarrak dira museokoak ere, armanesti hitza irmoki saihesten dutenak.

- Ez gara gutxiengo bat, greziar peto-petoak baizik! -dio museoko zuzendaria den Yannis Vlaikos-ek. Berrogei bat urte izango ditu, eta Aminciuko Armanestien Elkarteko presidentea ere bada.

Grezia da, hain justu, armanesti gehien dituen herrialdea, baita aberatsena ere. Baina Euroguneko herrialde honek ez du gutxiengorik onartzen bere mugen barruan, ez behintzat Europako mendebaldean egiten den bezala. Kultura edo hizkuntza desberdina ez, erlijioa da Atenasentzat bereizgarri nagusia. Gauzak honela, ipar ekialdean bizi diren turkiar, Rom ijito eta bulgariera mintzaira duten Pomak-ek gutxiengo bakarra osatzen dute: musulmanak. Gutxiengo honen eskubideak ukatzeaz gain, Atenasek eurentzako ghettoak sortu ditu. Pomakek, esaterako, nortasun agiri berezi bat dute, eta atzerritarrek bisitatu ezin zituzten guneetan bizi ziren orain 10 urte baino ez. Biziguneok armadaren kontrolpean daude oraindik eta pomakek baimen berezia behar dute hauetatik 30 kilometrora joan ahal izateko.

Alferrikakoak izan dira Bruselak eta beste hainbat nazioarteko erakundek bideratutako salaketak, Greziak gutxiengoak behar bezala onar ditzan. Alferrikakoak ere hamaika armanesti elkarterekin egindako saiakerak folklorea ez ezik, hizkuntza ere plazara dezaten. Inork ez du «bigarren mailako» greziarra izan nahi mintzaira arrotza erabiltzeagatik, eta are gutxiago «musulmantzat» hartua izatea. Atenaseko propagandak bete-betean asmatu du, jatorri «ez-greziarra» duen edonor bere buruaz lotsarazteko.

- Nire emaztea eta biok armanestieraz hitz egiten genuen hasieran, baina orain grezieraz mintzo gara beti. Gure bi alabei ez diegu inoiz armanestieraz egin, ezta beharrik ere! Armanestion arbasoak heleniarrak ziren jatorriz, baina erromatarrek euren hizkuntza inposatu eta greziera galarazi zieten -horixe dio Vlaikos-ek, uste osoz.

Vlaikos-en argudioak Balkanetan nagoela gogorarazi dit berriro ere. Europako eskualde honetan, atzo eta orain bi mila urte gertatutakoak balio bera du. Alexandro Mazedoniarraren balentria edo Atenaseko politikari baten azken ustelkeri eskandalua, naturaltasun osoz nahasten dira tabernako solasaldian. Tabernatik kanpo, Greziako herri nagusi orok «Konstantinopoulos» izena duen seinale bana du, ekialderantz, orain bost mende galdutako hiribururainoko distantzia azaltzen duena. Haraino iristen ziren armanestiak euren bidaietan, Balkanetako mendikate garaienak zeharkatu ostean.

Baina mendiz mendi zebiltzala, beheko bizilagunek kanoien laguntzaz ekin zioten mugak marrazteari. Artaldeen arrasto luzeak aldiz, ez ziren inoiz irauteko egin; belarrak primuvearan behin eta berriz ezkutatzeko baizik.

Erromako legioen balkandar ondorengoak
Valakoak Balkandar Penintsulan bizi diren eta hizkuntza erromaniko batez hitz egiten duten herrien izena da. Erromatarrengandik jaso zuten euren hizkuntza eta ezagunenak Danubio iparrean dauden errumaniarrak dira, «daco-errumaniarrak» izenaz ere ezagunak. Gainontzeko hiru taldeak -Istro-errumaniarrak, armanesti edo aromuniak eta meglen-errumaniarrak- desagertzeko zorian daude.

Istro-errumaniarrak Kroaziako Istriar penintsulan bizi dira, Zejane eta Susnieviça herrietan nagusiki. 1.000 bat hiztun dira eta euren mintzairak kroazieraren eragin nabarmena du. Nolanahi, errumanierarekin antza handiena duena da.

Armanesti edo aromunioek 400.000ko talde bat osatzen dute. Albania, Mazedonia eta Grezian daude nagusiki, baina Bulgarian, Serbian, baita Montenegron ere talde txikiagoak aurki daitezke. Valako hauek artzaintza ibiltaria ogibide izan ohi dute, eta mendeetan zeharreko kontaktuaren ondorioz ugariak dira turkiar, albaniar eta greziar hitzak euren hizkuntzan.

Meglen-errumaniarrak, Greziako Thessaloniki iparreko Moglena bailaran eta Mazedoniako Gevgelija herri inguruan bizi dira. 15.000 laguneko talde hau armanestiekin nahastu ohi da maiz, baina artzainak ez, nekazariak dira jatorriz. Euretako batzuk Islama onartu zuten eta Turkiara kanporatu zituen Greziak 1920ko hamarkadan.


Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude