Uhinen erasoa


2006ko urriaren 15an
Uhin elektromagnetikoak naturaren gertakari dira. Uhin elektromagnetikoa da, esaterako, oraintxe lerro hauek irakurtzea ahalbidetzen dizun argi ikuskorra. Espektro elektromagnetikoari begiratuta, ordea (ikus irudia 6. orrialdean), erraz konturatuko gara argi ikuskorra haren zati txiki bat baino ez dela. Uhin edo erradiazio elektromagnetiko mota asko dago, eta sano ezaugarri desberdinak dauzkate.

Uhin elektromagnetikoak ionizatzaileak edo ez-ionizatzaileak izan daitezke. Lehenbizikoek -gamma izpiek, X izpiek eta argi ultramore urrunak, hain justu- oso energia handia dute, eta gauza dira karga elektrikorik gabeko atomoak kargatutako atomo, hau da, ioi, bihurtzeko. Materia bizietan, erradiazio ionizatzaileak «zelulak hil ditzake, edo haien ugalketa-sistema eraldatu», Oscar Martinez de la Fuente EHUko Ingeniaritza Nuklear irakasleak dioenez. Aldaketa horien ondorioetako bat minbizia izan daiteke. Erradiazio ionizatzaileak ondo ezagunak dira eta nazioarteko legedia, honenbestez, oso zorrotza da haiei dagokienez.

Aldiz, eta Martinez de la Fuenteren hitzetan, «ez dakigu hainbeste uhin ez-ionizatzaileek giza-osasunari egin diezaioketen kalteez». Azken urteotan, telefonia mugikorraren zabalkundeak mahai gainean jarri du eztabaida. Telefonoaren eta antenaren arteko lotura mikrouhin bidez egiten da, eta orain dela hamarkada asko ezagutzen dugu haien eraginetako bat: materia berotzen dute. Baina iritziak ez datoz bat erradiazio mota honen bestelako ondorioez.

Juan Manuel Roman Ecologistas en Acción elkarteko kideak dioenez, azken urteotan makina bat ikerketek agertu dute telefono mugikorren mikrouhinek era guztietako kalteak egiten dizkiotela gure osasunari: aldaketak elektrokardiograman eta entzefalograman, kalteak guruin endokrinoetan, liseri-aparatuko gaitzak, kalteak inmunologia-sisteman... Josu Jauregi GEAko (Geobiologia Aztertzaile Elkartea) kidearen esanetan, uhinok burmuinari eragiten diote, eta informazio genetikoa ere aldatu ahal dute. «Horren ondoriorik arinenak -dio Jauregik- lo egin ezina, ondoeza, arreta eza... dira. Larrienak, tumoreak».

Hala dioen ehunka azterketa dago, eta aurkakoa aldarrikatzen duen beste mordo bat ere bai. Juan Manuel Romanek berak adierazi digunez, Osasunaren Munduko Erakundeak (OME) esan du telefonia mugikorrak ez daukala inongo eragin kaltegarririk giza-osasunean: «Industriaren presioa jasaten dute horiek ere, diruak agintzen du eta».


XXI. mendeko kontua

Ekologistek salatu egiten dute azken urteotan barra-barra ipini direla telefonia-antenak, zaharrak kendu gabe gainera. Hain zuzen, Romanek dio orain dela lau urte-edo hasi zela gai hau pil-pilean jartzen Espainiako Estatuan, «denok eskuko telefonoa edukitzen hasi ginenean gutxi gorabehera».

2001ean, hain zuzen, gai honi buruzko txostena prestatu zuen Espainiako Osasun eta Kontsumo Ministerioak; eztabaida pizten hasia zen ordurako, nonbait. Ministerioko adituek hitz gutxitan azaldu zituzten euren lanaren ondorioak: «Gaur egungo igorpen-potentzia, gomendioen arabera kalkulatutako distantziak, zein zientziaren ezagupideak kontuan hartuta, telefonia-antenak eta eskuko telefonoak ez dira kaltegarriak osasun publikorako». Besteak beste, txostenak aipatu egiten du ez dela, orain arte, uhinen eraginaren eta inolako gaixotasunen arteko harreman biologikorik aurkitu.

Telefonia mugikor konpainiek ere kezkak uxatu nahi dituzte: «Guk uhin elektromagnetikoei buruzko legedia betetzen dugu zehatz-mehatz», dio Euskalteleko bozeramale batek. «Are gehiago: gehienezko igorpenen %10ean ibiltzen gara». Euskaltelen ustez -bide batez gogoratu dezagun beraiek ez daukatela antenarik ipintzeko baimenik, beste batenak ustiatzeko baino ez-, gizartea alferrik ari da asaldatzen gai honen inguruan.


Mikrouhinak bakarrik ez

Espainiar Ministerioaren txostenak, alabaina, ez zuen telefonia mugikorra -hots, mikrouhinak- bakarrik aztertu. Kezka, itxura denez, espektro elektromagnetikoko eremu zabalago bati dagokio, eta horregatik orain dela bost urteko lan hartan 0 hertzio (Hz) eta 300 gigahertzio (GHz) arteko maiztasuna daukaten eremu elektromagnetiko guztiak aztertu zituzten -arriskua sortzen dutenik ukatuz beti-. Hau da, oso maiztasun txikiko irrati-uhinetatik hasi eta argi infragorrira arte. Juan Manuel Romanek azaldu digunez, Ecologistas en Acción taldea arreta bereziz ari da jarraitzen transformadore, goi-tentsioko linea eta azpiestazio elektrikoak: «Batzuen inguruan jende askotxo hil da minbiziz, eta badaude zenbait ixteko sententziak».

Romanek dioenez, ikerketa batzuek agerian utzi dute badagoela harremanik halako instalazioen eta umeen leuzemiaren artean, ondorioetako bat besterik ez aipatzearren. Eta adibide modura Madrilgo transformazio-zentral biren inguruko afera gogoratu du Ecologistas en Acciónekoak: «Bertako ingurugiro fiskalak biak hala biak ixtea eskatu du. Baten inguruan 45 lagun hil dira minbiziak edo bihotzeko gaitzen batek jota; bestearen inguruan, 13».

Josu Jauregik, berriz, etxean dauzkagun tresna elektrikoen (hozkailua, arropa-garbigailua, ordenagailua...) arriskuez ohartarazten gaitu. «Kaltegarria da halakoen ondoan lo egitea, telebistatik hurbilegi jartzea... Eta berdin dio beste gela batean egotea, eragina bera da. Orain, esaterako, jende askok dauka iratzargailu elektronikoa. Burutik oso hurbil edukitzen dira, egunero zortzi orduz, eta horrek izugarrizko kaltea egiten du». Jauregik dioenez GEAko kideek topatu izan dituzte, etxez etxe egindako ikerketetan, uhin elektromagnetiko horien eta minbiziaren arteko loturak.

Askok diote, berriz, ez dela behin ere frogatu uhin horien eta minbiziaren arteko harremanik, biologiaren ikuspuntutik bederen. «Lemoizko zentralaren aurkako borroka puri-purian zegoenean ere -argudiatzen du Jauregik-, erradiazio nuklearra ez zela kutsakorra esaten zuten zientzialari askok. Ea Txernobilen gertatutakoaz geroztik nor ausartzen den halakorik esatera». Antzeko zeozer gertatzen da orain uhinekin, GEAkoaren aburuz: «Interes handiak daude tartean eta saiatzen dira noski uhinek eraginik ez dutela esaten». Susmo hutsa nahikoa arrazoi litzateke ordea neurriak hartzeko, Jauregiren esanetan. «Ikertzaile batzuek harremana ukatu arren, beste batzuek harremana egon badagoela diote eta!».


«Funtsik gabeko kezka»

Jose Manuel Barandiaranek elektromagnetismoa irakasten du EHUn. Beraren ustez, uhinengatiko kezkak ez dauka funtsik. «Arriskutsuagoa da eguzkitan eta babesik gabe lo egitea, telebista ondoan baino. Eta telefono mugikorraren arriskurik handiena gidatzen den bitartean erabiltzea da». Mikrouhinei dagokienez, Barandiaranek dio beroketa dela oraingoz ezagutzen den eragin bakarra; «eta hainbeste urtean ikertu eta gero ez bada besterik aurkitu, oso litekeena da ez egotea». Mikrouhinak, beraz, oso potentzia handitan baizik ez dira arriskutsuak, zientzialariaren esanetan. «Konparazio baterako, mikrouhin-labean sartuko bazenu burua, erre egingo zinateke noski; baina legeak ezarritako mugak oso urrun daude hortik, erradiazio maila hutsaren hurrengoa da».

Etxetresna elektrikoek igorritako uhinek, berriz, maiztasun txikiegia daukate kalteren bat egin ahal izateko, Barandiaranen ustez. «Tresna horiek 50 Hz-tan lan egiten dute; maiztasun txikiegia eta beraz uhin-luzera handiegia, kilometro askokoa». Hori horrela, etxeko tresnen erradiazioak, erradiazio legez, ez dauka eraginik. «Izatekotan, eremu estatiko baten eragin bera eduki dezake. Alegia, ukitu, ikara elektrikoa jaso eta bertan seko gelditzea».


Milaka substantzia kimikok inguratuta

Tresna elektrikoek igorritako uhinen inguruan iritzi desberdinak daude; aldiz, askoz adostasun handiagoa dago tresna horietako batzuk -eta eguneroko bizitzan arruntak diren beste zenbait produktu- egiteko erabiltzen diren substantzia kimikoen arriskuaz.

Nicolas Olea Erradiologia Katedraduna da Granadako Unibertsitatean (Espainia). Disruptore endokrinoei buruz hamaika azterketa egin ditu, eta zientzialari gutxik edukiko du hark besteko eskarmentua alor horretan. «Disruptore endokrinoak hormona naturalen antzera diharduten substantzia kimikoak dira», azaldu digu. «Hori, berez, ez da ez ona ez txarra, hormona baten jarduna zerbait arrunta da eta. Baina arriskutsua izan daiteke kasu batzutan». Emakumezko sexu-hormona bat bezala aritzen den disruptoreak ez dio kalterik egingo umeak eduki ditzakeen emakume gazte bati, baina dezentekoa egin diezaioke hazten ari den mutil bati.

Europako Batasunak 680 disruptore endokrinoren izenak dauzka bilduta zerrenda batean. Gehienak, guztiak ez esatearren, eguneroko bizimoduan erabiltzen ditugu. «Detergente biodegradagarrietan, plastikoetan, margoetan, zartagietan... aurkitu ahal dira». Hala ere, elikagaien bidez ailegatzen dira gure gorputzetara. «Produktu hauetako asko aspalditik ekoizten dira; azkenean ingurumenera heltzen dira, eta handik gure plateretara».

Gizakiak, ustez, 140.000 konposatu kimiko desberdin sortu ditu azken mende eta erdian. Horietatik, 30.000 inguru erregistratuta daude. Olearen esanetan, «130 edo 140ri buruzko informazio toxikologiko osoa -edo balekoa sikiera- besterik ez daukagu». Milatik bat, gutxi gorabehera. «Ezezagutza handia dago, eta okerrena zera da: konposatu kimikoon eragin toxikoa konposatu bakoitzean aztertu dela, bakarka. Ez ordea batzuk besteekin nahasita sortzen dena. Eta konbinazio kopurua eskerga da». Katedradunak gogoratu duenez, Espainiako Ingurumen ministroak odol-analisia egin zuen, eta 43 substantzia atzeman zizkioten. «Ministroak, irizpide onez, zera galdetu zien zientzialariei: 43 substantzia, kontzentrazio txikitan, kontzentrazio handitan dagoen substantzia bakarra bezain kaltegarriak al dira?».


REACH erregistroa

Anabasa kimiko hau arautu nahian, Europako Batasunak REACH izeneko substantzia-erregistroa jarri zuen indarrean iaz. Besteak beste, araudi berriak substantzia bakoitzaren eragina aztertzera behartzen ditu enpresak; produktu bat merkaturatu ahal izateko, arriskutsua ez dela frogatu behar du saltzaileak. «Baina REACHen ez zieten heldu nahasketei», ohartarazten gaitu Nicolas Oleak, «produktu bakoitza banan bana aztertu dute, ez besterik». Olearen ustez, zientzia gai izango litzateke gaur egun halako azterketa bati ekiteko. Azken urteotan saio dezente egin da, eta emaitza harrigarriak lortu dira zenbait substantzia nahastuz; «produktu bakoitzaren ezaugarriak jakitea ez baita nahikoa nahastearen jokabidea aurreikusteko. Batzutan, berez arriskutsua ez den substantzia arriskutsu bihurtzen da beste batekin elkartzean».

Baina zientzia prest egonagatik, zaila izango da Olearen aburuz araudiek bide hori hartzea. Aurrekontu txikiak, nonbait. «Hala, REACHek norberaren produktuaren gaineko erantzukizuna hartzera behartzen ditu enpresak, baina ez beste substantzia batzuekin elkartzean gerta litekeenaren gainekoa».

Naturaren erradioaktibitatea, gure eguneroko lagun
Fernando Legarda EHUko Ingeniaritza Nuklear katedradunak azaldu digunez, unibertsoa partikulak elkarri itsatsiz sortu zen. Protoiak eta neutroiak elkartuz atomoen nukleoak eratu ziren, atomoak elkartuz molekulak... eta abar. Baina nukleo batzuk ez dira egonkorrak, eta desegiten dira. «Erradioaktibitatea, funtsean, hori da: nukleoak desegitea. Eta horren ondorioz erradiazioa igortzen da». Hain zuzen ere, prozesu nuklear guztiek gamma izpiak ematen dituzte; ikusi dugunez, horiek dira energia altueneko uhin elektromagnetikoak, eta arriskutsuenetakoak beraz.

Naturan atomo erradioaktiboak daude, eta horiek erradiazioa igortzen dute noski. Erradiazio naturala esaten zaio horri, eta nukleo mota bik sortzen dute batez ere: uranio-238ak eta torio-235ak. Biak nonahi ditugu gure planeta honetan; zoruan, uretan zein atmosferan.

Izan ere, nukleo horiek deseginez doaz, baina desegitearen ondorioz sortzen diren nukleo berriak ere erradiaktiboak dira eta berriz ere desegiten dira... Beraz, uranio eta torioarekin batera substantzia erradiaktibo mordotxo bat egoten da. Horietatik bat, radona, gasa da eta airean dago. Eraikuntzako materialetan uranioa eta torioa daudenez, radona etxeen barrura sartzen da. Beste batzuk disolbagarriak dira, eta euria dagoenean urak eraman egiten ditu. Azkenik, gure etxeko txorrotera iristen dira.

Ontzat eman behar jatorri nuklearreko erradiazioarekin bizitzen ohituta gaudela. Baina nondik aurrera da arriskutsua erradiazio hori? Antza, ez dago horri erantzuterik. «Pentsa, hasteko -dio Legardak-, erradiazio natural kopurua oso desberdina dela Lur planetaren alde batzutan eta besteetan. Indiako zenbait lekutan, adibidez, hemen baino 10.000 bider handiagoa da. Zein da ona? Egokitu zaizuna. Jakina, erradiazioa oso handia denean bizia ezinezkoa da. Muga hori zenbakitan neur daiteke, eta ondo ezaguna da. Eragin ez-estokastikoaren muga da, hau da, erradiazio maila horretatik gora, osasunak eragin kaltegarriak jasaten ditu nahi eta nahi ez».

Hamabi substantzia kimiko tematienak
«Konposatu kimikoen toxikologia aztertzean, eragin ditzaketen ondorioak ez ezik, ingurumenean duten iraupena ere aztertzen da», azaldu digu Nicolas Olea ikertzaileak. Irizpide horren arabera sortu zen hamabikote zikina izeneko konposatu zerrenda. Oleak dioenez, «hamabi horietatik, hamaika pestizidak dira. Mundutik desagerrarazi nahi ditugu, baina arazoa da oraindik ere ekoizten direla». Ez denak ordea; DDTa, esaterako, 1977tik dago debekatuta. Hori ez da eragozpena, baina, Espainiako Estatuko biztanle guzti-guztiek eduki dezaten haren zantzuren bat, gutxienez, beren gorputzetan.

«DDTa saltzen zenean -gogoratzen du Oleak- honelako amuekin erakartzen zituzten erosleak: 'nekazari jauna, produktu hau garestia da, baina behin erabilita haren eraginak luzaroan iraungo dizu'». Ez zebiltzan oker. Hamabikote zikina osatzen duten substantziak gantzetan pilatu ohi dira, eta giza-gorputzak oso astiro kanporatzen ditu.

Sei substantzia debekatu ditu Europako Batasunak
Uztaila hasieran, Europar Batzordeak sei substantzia debekatu zituen giza-osasunari eta ingurumenari egin diezaieketen kaltea dela eta. Hala, ezin izango da salgai ipini substantzia horietako bat daukan gailu elektrikorik (konputagailu, eskuko telefono, etxetresna elektriko...). Debekuak ez die eragingo, ostera, uztailaren 1a baino lehenago merkaturatutakoei; horiek orain arte bezala salduko dira.

Substantzia debekatu berrietan, lau elementu metalikoak dira: beruna, kadmioa, kromo hexabalentea eta merkurioa. Beste biak -bifenilo polikloratua eta bifenilo polibromatu eterra- suaren agerpena atzeratzeko gai dira, eta ezaugarri horri esker oso erabiliak dira bai jantzitan bai era guztietako tresna elektrikotan. Europar Batzordearen arabera, «giza-ugalketa sistemari kalte egin diezaiokete, eta tumoreak eragin». Berunak eta merkurioak, berriz, burmuinari eta nerbio-sistemari eraso egin ahal diote, eta bereziki arriskutsuak dira ume txikientzat eta emakume haurdunentzat, Batzordeak kaleratutako agiri batek dioenez.

Espektro elektromagnetikoa
Espektro elektromagnetiko esaten zaio uhin elektromagnetiko multzoari. Alboko irudian ikus daitekeenez, haien sailkapena ez da erabat zehatza: tarteak, maiz, gainezarrita daude. Errepara iezaiozue, esate baterako, gamma eta X izpiei; banaketa ez da inondik inora zehatza, eta tarte zabal batean biak batera ageri dira. Izan ere, bi izpi mota hauen arteko desberdintasuna jatorria besterik ez da: gamma izpiak atomoen nukleoan eratzen dira, X izpiak elektroi-geruzan. Ikusten ari zaretena, azken batean, hurbilketa baino ez da.

Bestalde, hemen ageri diren uhin mota batzuk talde desberdinetan banatuta daude. Argi ultramorea, konparazio baterako, hurbilekoa edo urrunekoa izan daiteke. Bereizketa oso garrantzitsua da, urruneko ultramorea ionizatzailea delako eta hurbilekoa ez. Infragorriak, berriz, hiru multzotan sailkatu ohi dira: hurbilekoa, erdikoa eta urrunekoa. Hurbilekoa da, hain zuzen, argi ikuskorretik gertuen dagoena. Erreportaje honetan hainbestetan aipatzen diren mikrouhinak, irudian azaldu ez arren, argi infragorriaren eta irrati-uhin laburren artean daude.

Diagrama honen eskumako zutabean uhin mota bakoitzaren uhin-luzera ageri da. Zenbat eta luzera txikiagoa izan, handiagoak dira maiztasuna eta energia. Irudiaren goiko aldeko uhinak dira, hortaz, energia gehien daukatenak. Hori bai, uhin elektromagnetiko guztiek dute abiadura bera: argiaren abiadura, 300.000 kilometro segundoko.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Eremu elektromagnetikoak
Linky argindar kontagailu inteligenteak
Osagarria eta bizi pribatuaren errespetua zalantzan

Izan partikularren zein udalen partetik, Linky deitu argindar kontagailuaren aurkako jarrerak biderkatuz doaz Ipar Euskal Herrian. Bi kezka nagusi daude errefusaren oinarrian: batetik, dakarren bizi pribatuari buruzko informazio bilketa; bestetik, hedaturiko uhin... [+]


2016-03-15 | Arabako Alea
Gasteizek antenen mapa izango du

Gasteizek telefonia mugikorraren antenak kokatzeko mapa osatuko du aurten, udal aurrekontuetan jasota dagoen moduan. Proiektuak bi epe izango ditu; lehenik eta behin, Gasteizen dauden antena guztien kokapena zehaztuko da eta, bigarrenik, izan ahal dituzten arriskuak aztertuko... [+]


2015-04-21 | Unai Brea
Espainiako Estatuko abokatua, Gasteizko antenen ordenantzaren aurka

Espainiako Gobernuak, estatuko abokatuaren bitartez, helegitea aurkeztu du telefonia mugikorreko antenak arautzen dituen Gasteizko ordenantzaren aurka. Urtarrilean onartu zuten ordenantza, EH Bildu, EAJ eta PSEren aldeko botoekin. Gobernuan dagoen PPk ezetz bozkatu zuen.


2014-05-16 | Unai Brea
Bilboko auzo elkarteak, antenak jartzeko teilatua desjabetu ahal izatearen aurka

Madrilgo Diputatuen Kongresuak –PP, PSOE, CiU eta EAJren botoekin– apirilaren 29an onartutako Telekomunikazio Lege Orokorraren aurka azaldu da Bilboko Auzo Elkarteen Federazioa, prentsa ohar baten bitartez. Diotenez, legeak oztopatu egiten du osasunaren defentsa... [+]


2013-12-01 | Unai Brea
Jose Alberto Arrate
"Eremu elektromagnetikoen gaian, alarma datuek eurek sortzen dute"

Eibarren jaio zen 1955ean, elkarrizketa hau egin dugun etxean. Sorlekuan bertan du bulegoa Jose Alberto Arrate abokatuak, Euskal Herrian eremu elektromagnetikoen kalteengatiko auziak daramatzan bakarretakoa, bakarra ez bada. Berriki Donostian egindako jardunaldi... [+]


Eguneraketa berriak daude