La Naval pribatizatuak gerorik izango al du?


2006ko irailaren 17an
Sestaoko La Naval SEPIk Espainiako Industria Partaidetzarako Estatu Sozietateak -Estatu Espainiarreko enpresa publikoak barne hartzen dituenak- saldu egin du. Eroslea zenbait enpresa biltzen dituen CNN Construcciones Navales del Norte izan da. Irailaren amaierarako hasiko dira enpresa pribatu horiek La Naval kontrolatzen eta kudeatzen. Jose Luis Alvarez izango da La Naval ontziolaren buru. Enpresari hau oso ezaguna da, esperientzia handia baitu zenbait sektore estrategikoetako industria-birmoldaketan: altzairu bereziak, siderurgia eta ontzigintza. La Navalekin ere izan zuen zerikusia, La Naval Izar enpresa publikoaren parte zen garaian zuzendari nagusia izan baitzen.

Sektore publikotik pribaturako pausoak, CCOO eta UGT sindikatuen babesarekin egindakoak, langile askoren eta CAT, ELA eta LAB sindikatuen haserrea eta aurkako jarrera sorrarazi ditu. Hauen ustez, etapa berri horrek ontziola historikoaren itxiera ekarriko du, Bilboko erdigunean zegoen Euskalduna ontziola historikoarekin gertatu zen moduan. Ontziola haren lekuan Kongresuen eta Musikaren Euskalduna Jauregia eraiki dute.


Enpleguak murriztea

Antzeko kasuetan bezala, ez dute esan ontziolaren salmentaren zenbatekoa. Hala ere, badirudi prezioa nahiko sinbolikoa izan dela. Ezaugarriak aztertuta -300.000 metro koadroko azalera, aktiboak eta kokapen geografikoa- dirudienez ordaindu dutena baino askoz garestiagoa da. Eskura dagoen informazioaren arabera, La Naval erosteko eskaintzak aurkeztu zirenean, CNNk bost milioi euro eskaini zituen, 340 lanpostu mantentzea eta 50,60 milioi euroko gastua bere gain hartzea. Gastu hori Sestaoko ontziolan eraikitzen ari diren gasontziaren lanei dagokie. Lanak amaitu ondoren, diru hori Norvegiako Knutsen armadoreak ordainduko duenez, ontziolaren jabeengana itzuliko da. Gauzak horrela, zenbaiten ustez, jokabide honen atzean interes espekulatibo eta inmobiliario asko daude.

Oso argi dagoena da, pribatizatu ondoren, La Navaleko langile-plantilla murriztuko dutela. Orain urte eta erdi La Navalen 1.200 pertsona ari ziren lanean, gaur egun 571 ari dira, eta eskritura publiko baten bidez salmenta ofiziala egiten denean, 340 geratuko dira. Hala ere, ontziolaren arduradun berriek onartu dute industria laguntzailetik 500 eta 1.200 langile artean hartu beharko dituztela lan kargari erantzun ahal izateko. Beraien kalkuluen arabera, urtero, bataz beste, 800 langile azpikontratatu beharko dituzte. Dagoeneko lotuta dauden lanak honakoak dira: bi draga eraikitzea -2008ko abenduan eta 2009ko irailean amaituko liratekeenak- bost kargaontzi eraikitzea eta dagoeneko egiten ari diren gasontzia amaitzea.


Hauek dira jabe berriak

CNN Construcciones Navales del Norte, zenbait enpresek osatutako taldea da. Bertako partaide dira Ingelectric, kapitalaren %25arekin; Astilleros Murueta, %25arekin; Marlon, %25arekin; Iniciativas Navales del Norte, %15arekin; eta Naviera del Nervión, %10arekin. Aurreikusia dute La Navalen pribatizazioa gauzatzen denean, Norvegiako Knutsen armadorea kapitalaren %8,33aren jabe egingo dela, eta beraz, taldeko enpresa batek edo batzuek beraien partaidetza murriztu beharko dute.


90 urteko historia

Sestaoko La Naval ontziolak beteak ditu laurogeita hamar urte eta denbora horretan sektore pribatuan zein publikoan aritu izan da. Azken hiru hamarkadetan Sestaon kokatutako ontziola hau sektore publikotik kudeatu dute. Hemendik aurrera esku pribatuetara itzuliko da. Noiz arte? Batzuek uste dute bere azken etapa dela, eta urte batzuk barru itxi eta likidatu egingo dutela operazio inmobiliario handi bat egiteko. Denborak esango du.

Ontziola hau 1916ko apirilaren 27an ireki zuten, 2.000 langile ingururekin. Lehenengo presidentea Tomas de Zubiria e Ybarra izan zen, Zubiriako kondea, Neguriko oligarkiako familia bateko kidea. Itsasoratu zuten lehenengo ontziak, 1917ko uztailean, El Conde de Zubiría izena zuen. Itsasoratu zuten bigarren ontziak, urte horren amaieran, El Marqués de Chavarri zuen izena, hau ere Neguriko oligarkiako kide zen. Hirugarrenak, 1920an itsasoratua, Alfonso XII izena zuen. Langileen zenbait greba tarteko, ontzi horren eraikuntza atzeratu egin zen. Hirugarren ontzi hori frogatzerakoan sute bat izan zen. Ondorioz, La Naval itxi egin behar izan zuten eta 3.000 langile kalean geratu ziren.

Azken ontzi horren kostua egungo 90.000 eurokoa izan zen. Gaur egungo datuekin alderatuz, ontziola horretan eraikitzen ari diren gasontziak, 120.000 tonako edukiera izango duenak, 232 milioi eurotik gorako kostua du.

Zenbait gorabeheren ondoren, La Naval ontziola, Olabeagaren Euskalduna ontziolarekin batera, Espainiako Gobernuaren sektore publikora pasa zen. Denbora gehienean AESA Grupo Astilleros Españoles izan zen jabea. Bi ontziola hauek nolakoak izan ziren jabetzeko, 1976an bien artean 8.000 langile inguru zituztela esan behar da, eta kopuru honi enpresa laguntzaileetako langileak gehitu behar zaizkio. Orain hemezortzi urte ontzigintzaren birmoldatzea gidatu zuen Felipe Gonzalez buru zuen PSOEren gobernuak eta Euskalduna ontziola itxi eta likidatu zuten. Bitartean, La Navalek sektore publikoan jarraitu du gaur egun arte, eta, berriz ere PSOE gobernuan dagoenean, esku pribatuetara pasa da. Zein izango da hurrengo pausoa? Sestaoko potentzial inmobiliarioa tentazio handia izan daiteke. Edo helburua.


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude