Patrick Queheille, "Kanpo": «Hegoaldekoek uste dute paradisu batera etortzen direla Zuberoara»

Miel Anjel Elustondo
2006ko irailaren 10a
Nola sentitu behar dugu Zuberoa?
Hegoaldeko jendeek uste dute Zuberoa magikoa dela, iraganekoa. Ez! Zuberoa beste eskualde guztiak bezala bizi da: ahal den bezala, sosaren arabera -sosa baita, nonbait, nagusi dena-, eta gazteek aurkitzen duten lanaren arabera. Herriko bizia horretan loturik da. Eta, gero, kultur sailean, bizi azkar bat, bai pastoralaren bidez, maskaradaren bidez, edo jai berrien bidez.

Jai berriak?
Bai, zeren eta jai berri anitz sortzen baitira urte oroz. Bat edo biga baitira, herrietan, beti! Zenbait berrikuntza baita kultur sailean urte oroz. Oiherko trajeria, pastorala, manera berezi batez emana izan da Ahuzkin. Horrek du emaiten indar bat gure kulturari, zeren heltzen baitira lehengo ohituren atxikitzera, pastorala eta maskarada lehengo ohitura baitira, eta heltzen baitira sorkuntza berrien ezartzera, artean. Eta horrek du indar berezi bat emaiten, ene ustez.

Zuk ere baduzu parte jai berrietan. Zuk zuzentzen duzuna da Antzina pika ikuskaria. Hirurogeita hamar dantzari gazte, lanean.
Bai. Hirurogeita hamar dantzari, hamar edo hamabost musikari, teknikaren aldetik beste hamar bat jende... orotara, ehun bat arizale. Aitzindari elkartearen federakuntzarekin egiten dugu hori.

Urriaren 28an, San Simon eta San Juda. Ilunarekin eginen duzue. Gau-ainarak bezala. Saguzarrak.
Izanen baitira argi-jokoak estradoaren gainean. Gero, lau-bost aldiz emanen dugu Hegoaldean: Getxon, Amurrion, Arrasaten... hiru horietan segur da. Gero, agian, menturaz, Hondarribian, eta Iparraldean, kostaldean, Miarritzen.

Badakit ez duzuela bospasei emanaldi horiek baino gehiago eginen.
Ez da posible, zeren eta hirurogeita hamar dantzari horietan badira Zuberoako hamalau herrietarik etortzen direnak. Horiek gauza asko egiten dute: bai kirolean, kultur munduan, estudioak, lanak edo beste. Ez da posible urte batez edo bi urtez horien begiratzea gauza bati buruz. Ezin da. Horretarako dugu erabaki hasiera-hasieratik sei hilabeteren barne egin eta emanen genuela. Helburu bezala hartu dugu ikusgarri horren egitea, Zuberoako dantzari ororekin, baina gela baten erosteko Maulen, dantza-gela baten egiteko. Gela hori izango litzateke Xiberoko Botzaren gainean den gela.

Hegoaldeko udalekin izan zarete harremanetan. Laguntza gehiago ez duzue galdeginen gela horren erosteko?
Bai. Galdegin dugu.

Eta?
Badugu laguntza Udalbidetik. EAJ-EAko udalbiderekin harremanetan sartu gara. Laguntza ukanen dugu. Aski? Beti nahi genuke haboro, gehiago, baina ontsa da.

Xiberotarra, jende xehea, oharturik da gai hauen gainean, ala elite batentzako ari gara?
Jende xehearendako. Aitzina pika ikusgarria, adibidez, denek badakite ari garela horren antolatzen, zeren eta hamahiru edo hamalau herritako gazteak biltzen baititugu, eta horiek aipatzen dute beren herrietan.

Hamalau urtetan hasi zinen dantzan eta orduan zen zugan piztu...
Fedea.

Hara!
Hori da, egiazki hori da, fedea. Eta fede horren txinka pizteko, agian, dantza taldean aurkitu nuen. Sei mutiko ginen taldean eta batek izugarrizko xiberotar euskara aberatsa hitz egiten zuen. Eta hitz egiten du, beti. Poio Pinque. Dantzari ohia da, Barkoxen berean bizi dena. Horrek bazuen egiazki aberastasuna ahoan. Hegoaldean ginelarik, edo Iparraldean, dantzan, kantuan edo edozein euskaltzale bestetan, berak hitz egiten zuen trankil, lasaiki. Ez zuen batua ezagutzen baina hobekien heltzen zen jendeengana. Horrek, nonbait, nahikunde azkar bat piztu zuen ene baitan, manera horretan mintzatzeko jendeekin.

Dantzaren bidez piztu zen «fedea» zugan eta, egun, bide horretan ari zara Aitzina pika ikusgarriarekin. Baina maskaradak eta pastorala ere barnean dituzu. Ez dakit mundu arras diferenteak diren...
Enetako ez. Xerkatzen baduzu barnetik, maskaradak, pastorala edo kultur sail osoa, oso diferent dira baina badituzte zenbait ezaugarri komunak; batetik, mintzajea, eta bestetik, sozial arloan indartsu diren ezaugarriak, zeren eta balio baitute jendeen biltzeko eta komunikatzeko, bai eta belaunaldien artean ere, erran nahi dut gazte eta gehituen artean. Bestalde, kultur ikusgarri horiek kultur mundua zabaltzen dute, mundu desberdinetako kulturetara. Zure kultura ezagutzen duzularik, maite duzularik, joan behar duzu ikustera nola diren Hego Ameriketan, Errumanian, Irlandan edo Kortsikan. Ez da mundu hertsia. Enetako ez.

Pastoralean garelarik, badira kristïak, tturkak, satanak... eta badira dantzariak, pastoral ikusleak bereziki maite eta txalotzen dituenak.
Bai, herri orotan izan baitira dantzari ohiak eta ezagutzen baitute Zuberoako dantza. Baina, dantzarien ikustez, so egileek sentimendu azkarrago ukanen dute maskaradetan. Maskaradak baitira dantzariendako goi-mailako gauza bat, eta ez agian pastoralak.

Ohar bat, Patrick. Ari dira dantzariak pastoralean eta, albotik, jendeek erranak: «To, neskak dituk mutilen dantzan ari!».
Guk hirurogeita hamar dantzarietan laurden bat dugu mutil, bestea neskak. Ohartu gara, duela hamabost-hogei urte, Zuberoako dantza desagertuko zela neskatilak ez baziren hasi dantzan. Lehen, duela berrogeita hamar urte, neskatilek debekaturik zuten, Zuberoako dantzen ikastea. Mutikoek baizik ez zuten ikasten. Mutiko asko bazen, eta hoberenek baizik ez zuten dantza egiten. Erran nahi du, eman dezagun etsenplu bezala, Barkoxeko herrian hirurogei mutiko ttipik ikasten zuela lehen urratsak egiten, eta gero, bost edo sei baizik ez zirela ari. Hoberenak, zeren pasta anitz baitzen, mutiko anitz. Zinez diferente da orain. Zer hagitu da? Mutikoek utzi dute dantza futbolean aritzeko, mendian ibiltzeko edo beste zenbaiten egiteko. Mutiko horiek dantzetarik desagertu dira eta neskatilak hasi. Eta hamar edo hamabost urtez neskatilek ez bazuten atxiki, egun ez litzateke hainbeste dantzaririk. Azken zazpi-zortzi urtetan mutikoak berriz etortzen dira dantza eskoletara eta baditugu, arra, mutikoak eta neskatilak elkarrekin ari. Hori da egungo egoera.

Horregatik so egile haien arrengura, «neskak mutilen dantzan ari».
Ez badago mutilik neskekin egiten duzu! Nola behar zen egin!

Gure alderdian jende askok entzun zuen lehenbiziko aldiz Zuberoa...
Lertxundi.

Nik baino lehen esan duzu: Benito Lertxundi.
Ni haur nintzen orduan. Uste dut Zuberoa laudatu duela. Hasieran, Etxahun eta hemengo kantore zaharrak berriz plazaratu ditu, baina ez Zuberoan baizik, baina bai zazpi probintzietan. Lehena zen horretan. Gero, Imanol ere bai. Eta beste. Lertxundik indar bat egin du bai kantoreen hedatzeko, xiberotar maneran eta folk amini bat ezartzen, horien plazaratzeko, eta jendeek gustuko zuten. Maria Solt, Atharratze jauregian... Euskal Herri osoan ezagutu dira, baina garai hartan, hura hasi delarik, jendeek ez zituzten ezagutzen batere. Alde horretatik, ondo ikusten dut. Beste aldetik, horren ondotik, Hegoaldeko jendeek uste dute xiberotar denek kantatzen dutela, baina ez da hala. Zuberoan, beste eskualdeetan bezala, badira kantariak, eta kantari ez direnak. Denetarik bada. Lertxundik amini bat irudiarazi dio, ene ustez, Hegoaldeko jendeari txartel postal bat bezala dela Zuberoa. Baina ez da hori. Ene ustez hori ez zen Lertxundiren buruan, baina jendeek hala dute hartu hark kantatzen zuena. Hegoaldeko jendeek uste ukan dute hemen orok, hamahiru milak kantatzen zuela, orok Zuberoako kantoreak ezagutzen zituztela. Gezurra da hori. Lertxundik ez du sekula horrela erran, ez du hori pentsatzen. Baina...

Oroit naiz Etxahun Iruri pastorala eman zelarik, jendea altxaturik Agur Zuberoa kantatzen. Hortik ere bai, Zuberoaren gainean egina dugun irudia.
Zuberoa ez da so egin behar jaien bidez, ez pastoralen bidez. Kultur mailan egiten dugun gauza bat da hori.

Uste dut pastoral eguna dugula Iparraldean denik eta urteko kultur jairik handiena.
Bai. Hala da.

Beraz, ez dut konprenitzen euskal irratiek hasten duten programazioa bigarren mailako futbol partida baten emankizunarekin.
Kar, kar, kar... euskal irratietan... Hegoaldean!

Bai, EITB behar nuen erran.
Ez diote lehentasunik ematen kulturari.

Bigarren mailako futbol partidak du lehentasuna.
So egile haboro baita bigarren mailako partidetan!

Maite duzu nola etortzen garen Hegoaldetik Zuberoara, turista huts, argazki kamera lepotik zintzilik?
Bi gauza hor. Maite dut Hegoaldeko jendea etortzea bisitatzera, bazterren so egitera edo Zuberoa ezagutzera. Hori zinez inportantea da, Zuberoak behar baitu izan zabalik. Baina, iruditzen zait jende horiek uste dutela paradisu batera etortzen direla. Behar da oroitu hemen ere badugula, beste probintzietan bezala, arrengura, bizia, lana... ez dela oro arrosa eta eder. Ez dela mendia, kantorea edo dantza baizik, badela jendea lanean, indar egiten duena hemen bizitzeko eta eskualde hau bizirik egon dadin. Eta zinez gaitz da hemen egotea gazteendako. Lana aurkitzeko, etxe baten erosteko, edo ofizio baten ikasteko. Horiek arrengura txarrak dira! Ene ustez, Hegoaldeko jendeak ez dira ohartzen.

Zehazkiago, zer diozu maskaradak ikustera datorren jende andanaz?
Gauza ona da. Saldoka jiten dira, autobusak beterik, baina ez dituzte maskaradako erregelak ezagutzen. Jiten direlarik eta barrikadak ikusi, uste dute denentzat zabalik dela, eta hasten dira jaten eta edaten maskaradariak baino lehen, eta, izatez, lehenik maskarada iragaten da, dantza egiten dute, kantatzen, eta gero, errezibizaleek, barrikadak altxatzen dituztenek, eskaintza egiten diete jokulariei jaten eta edateko, eta gero gomitatzen dituzte lagunak, herrikoak edo kanpokoak. Arrastiriko jokoetan ere, behar da errespetatu jaia. Publikoak txalotu behar du, baina ez jokulari artean joan argazki tiratzeko. Horrela banalizatzen dugu. Gauza anitz egiten ahal da, argazki eta filma, baina jokoa eta jaia errespetatuz.

Etxahun Barkoxe
«Bada belaunaldi bat Etxahunen bizia pastoralaren bidez ezagutu duena. Etxahun Irurik idatzi zuelarik lehen pastorala 1953an, jendeak ez zekien Etxahun nor zen. Kantoreak ezagutzen zituzten, kantu anitz: Bi ama-alabak, Ahaide delizius hontan, Urzapal, Maria Solt... denek ezagutzen zituzten baina ez zekiten, funtsean, zendako idatzi zituen. Belaunaldi batek pastoralaren bidez ezagutu du Etxahunen bizia. Gero, Haritschelarrek tesia egin zuen Etxahuni buruz eta egiazki haren historia jakin nahi zutenak hura, edo parte, irakurri dute eta sartu dira Etxahunen giroan edo bizian, zeren pastoralarekin diferente baita: handitzen eta laudatzen sujeta. Eta hori da pastorala. Ez du historia xuxen-xuxen jarraitu behar. Bi aldeak badira Barkoxen».

Nortasun agiria

Patrick Queheille Kanpo (Barkoxe, 1964). Sortu zen etxearen izena darama, Kanpo. Oloroen eta Pauen ikasia. Herriko Etxean ari da lanean, era guztietako lanetan. «Bideetan lan egiten ahal dut, baina berdin eskoletan. Ni naiz nire buruaren errespontsablea, baina baditut hamabost nagusi, hamabost kontseilari baitira Herriko Etxean». Emaztea eta hiru alaba ditu, hirurak Sohütako Eperra ikastolan ikasten ari dira. Patrick bera da ikastolako Habia elkarteko lehendakaria joan deneko hiru urtean. Aldi berean, Etxahun kultur elkarteko buru da, inguruko kultur ekitaldiak antolatzen dituena. 1998an Barkoxen eman zuten pastoralaren egile da: Herriko semeak. Han, XVIII-XIX. mendeetako Barkoxeko hiru pertsonaia hartu eta ondu zuen tragedia: Beñat Mardo, Etxahun eta Leon Ithurburu glosatu zituen. Bertsolari lehen biak, eta Frantziako kontsula Ekuadorren, berriz, hirugarrena. «Hiltzeko puntuan, Ithurburu Barkoxera itzuli zen. Eta aberasturik baitzen, Barkoxeko pobreak lagundu zituen». Pastoral haren kantak espainolera itzuli zituen lumaren jabe izan zen Jose Enrike Urrutia Capeau.

Katexima euskaraz
«Behar dut erran xantza bat bagenuela euskara ikasteko, katexima egiten baikenuen, euskaraz, Bidegain apezekin. Eta bortxatuak ginen parte bat euskaraz idaztera, baina Frantziako fonetikarekin, ch eta horiekin, ez baitzekien hura baizik. Barneko sentimendu azkar bat zuen apez hark. Eta euskarazko lehenbiziko kantoreak ere horrekin ikasi ditugu. Etxahunenak. Goizean argi hastian eta horiek.

Eta pilotan ere, apezarekin. Sotanarekin eta pilotan gurekin, plazan, arrabotian, apezetxea ere hor baita. Hamar urteren buruan ez ginen oroitzen zendako zen hura. Guk sentitzen genuen bortitz eta gogorra zela euskarari buruz. Ez genuen entelegatzen zergatik bazuen maitasun hori, euskararen salbatzeko, erabiltzeko eta hedatzeko. Gero, hogei urtetan berriz hasten zarelarik gau-eskoletan ibiltzen, eta amiñi bat euskaltzale eta abertzale mundua jarraikitzen duzula... orduan oroitzen zara!».

Sarrionandia Barkoxen
«Joseba Barkoxen? Eta zeinek esan dizu zuri... Ezagutzen ditut Josebak, Capeauk eta horiek zituzten barkoxtar lagunak. Lehenengo gauza, festa egiten zuten, jarraikitzen baitzituzten maskaradak eta pastoralak. Festa egin, eta jendeekin hitz egitea ostatuetan, bai gazteekin, bai gehituekin, bai haurrekin eta ororekin. Gero, Capeau, nik hobekien ezagutu baitut, sei hilabeteren iragatera heldu zelarik Barkoxera, hemen idazten zizun liburu eta artikulu, bai eta margoak egiten ere. Eta Zuberoako hitz zenbait ikasten. Bazuen liburuxka ttipi bat eta hartan, hitz berri bat entzuten zuelarik, idazten zuen. Bai gure amarekin, bai zaharrekin.

Bestalde, ni harritua naiz nola ezagutu dituen Josebak hemengo jendeak. Adibidez, honela idatzi zizun Akordatzen liburuan: 'Eskiulako euskal kantari besamotzaz akordatzen naiz. Arranoak bortietan, eta gu Eskiulako sukalde ilun hartan'. Eta 'besamotza', Hagola kantaria zen. Hila da orain. Boz ederra zuen. Behin edo birritan ikusi du Josebak Eskiulan. Eta hitz egin eta oroitzen. Eta hamabost edo hogei urteren buruan, berriz aipatzen liburuxka batean. Eta segur naiz, beste jende zenbaitek, hamar edo hamabost aldiz mintzatu dira Hagola harekin eta doi-doi dira oroitzen. Baina Josebarendako... azkar batu zitzaion gogoan eta bihotzean holako jendea!

Beste batean, Hnuy illa nyha majah yahoo liburuan ere idatzi zizun Barkoxe eta Eskiularen gainean: '1995eko hazilaren 26an Barkoxen Pierre Topet Etxahun agertu zen, Eskiulako bidetik... Zaro ostatuan eseri zen, kafea eskatu eta eguneko Sud-Ouest bat harriduraz leitzeko...'. Bai. Josebak hemen ezagutu ditu, nik ez dakit, agian hogei jende baizik, eskualdun zirenak, edo direnak, bizi badira oraino. Baina begiratu ditu, bere baitan zerbait azkar iragan baita!».

Euskara xiberotarra
«Haur denboran aita eta amarekin ikasi dut euskara, etxean. Euskara baizik ez. Eskolara joan garelarik haur orok behar ukan dugu euskara utzi, bazter, debekatu baitzen Frantziako eskoletan euskara mintzatzea. Haborosek euskara galdu zuen han. Gero, hamalau urteren inguruan Zuberoako dantzatan hasi nintzelarik, nintzen oroitu euskara mintzaje bat zela eta behar genuela begiratu eta mintzatu. Dantzan hasi eta urte zenbaiten buruan, ukan genuen parada Hegoaldera joateko, dantza egitera, Durangon bereziki, eta ohartu ginen hango jendeekin hitz egiteko euskara behar genuela erabili. Guk ez genekien espainola eta haiek ere ez frantsesa! Euskarari loturik bai, ontsa! Etxean ere utzirik baikenuen euskara mintzatzea hamar edo hamabost urtetan -ene arrebak entelegatzen du, oso, baina ez du aise hitz egiten-, gau-eskolan ibili nintzen hemeretzi urtetan, bi arazorentzako: lehenik euskara arrabiltzeko, edo aiseago mintzatzeko; eta, bigarrenik, irakurri eta idatziaren biltzeko, Barkoxen bazen gau-eskolako adar bat, eta Leoni Agergarai zen ene irakaslea lehenbiziko urtean. Gero, Mixel Etxebest, enpresaburua Maulen. Euskara ikasten genuen, baina xiberotarra!».

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!


Azkenak
2018-10-23 | ARGIA
Irueko sutean zauritutako emakumea hil da, pairatutako indarkeria matxistaren ondorioz

Orain astebete izandako sutean zauritu zen emakumea eta ordutik Zaragozako (Aragoi) Miguel Servet ospitalean egon da, asteartean hil den arte. Gizona atzo espetxeratu zuten behin-behinean.


2018-10-23 | ARGIA
Euskal presoen abokatuek PPren 2014ko amarru legala Europak ontzat ematea kritikatu dute

Iker Urbina eta Haizea Ziluaga abokatuek harrituta jaso dute Europako Giza Eskubideen Auzitegiaren epaia, besteak beste, Espainiako instantzia judizialetan ere iritzi desberdinak zeudelako.


2018-10-23 | Axier Lopez
Barakaldoko Udalak auzoetako jaientzat bideratzen duen diruaren bikoitza emango dio MTV multinazionalari

Azaroaren 4an Barakaldoko BECen ospatuko duten Europe Music Awards (EMA) ekitaldirako Barakaldoko Udalak 220.000 euroko diru-laguntza eman dio AEBetako MTV kateari.


2018-10-23 | Usurbilgo Noaua
GuraSOS: "Zubietan eraikitzen ari diren erraustegiak %110etik gorako gaindimentsioa du"

Berriki Espainiako Kontu Auzitegiak garai batean Zubietan eraiki nahi zen erraustegia gaindimentsionatua zegoela aitortu zuen. Egun eraikitzen ari direna ere hala dago. Zubietan eraikitzen ari diren erraustegiak %110etik gorako gaindimentsionamendua du. Hala adierazi du GuraSOSek astearte goiz honetan Donostian egin duen agerraldi bidez. Hitzartu prozesuaren baitan adituekin osaturiko mahai teknikoa Gipuzkoako Hiri Hondakinen Planaren erredakzio betean da.


2018-10-23 | ARGIA
Aurtengo egitaraua eta kartela aurkeztu ditu Durangoko Azokak, aniztasuna aldarrikatuz

“DA! asko dira” leloa aukeratu du Durangoko Azokak 53. edizio honetarako. Abenduko zitaren aniztasuna aldarrikatu nahi du Azokak eslogan horrekin. Txakur Gorria kolektiboak egin du aurtengo afixa, Landako gunean egon diren standen planoan oinarrituta.


2018-10-23 | Iigo Igartua
Frantzian beteriko zigorrak Espainiak ez zenbatzea ontzat jo du Estrasburgok

Epaimahaiko erabakiak, Frantzian beteriko zigorrak kontuan hartu behar ez direla zehaztu du, eta ondorioz, epaiaren zain zeuden hogei bat euskal presoren espetxetik irtetzeko epeak luzatuko dira.


2018-10-23 | Gorka Peagarikano
Egunean 84.500 euro irabazten dituzte Airbnb-rekin Bartzelonan hamar etxe-jabek

Xavier Triasen agintaldian etorri ziren turismo-legearen inguruko zenbait aldaketa. Nahikoa zen 230€ko lizentzia ordaintzea pisua etxebizitza-turistiko bilakatzeko. Behin lizentzia ordainduta, betirako zen; ez zuen iraungitze-datarik.


2018-10-23 | Estitxu Eizagirre
Maialen Lujanbiok jantzi du bigarrenez Zapia Zaldibian

Urriaren 19an jokatu zen Udazkeneko II. Zapi Janztea. Lehen bi edizio hauetan, beraz, Lujanbio da zapiduna. Sariketa honen ezaugarriak dira, sari nagusia zapia izateaz gain, zapia jantzi duenak hurrengo urtean ere kantatzen duela, eta entzuleen bozkek erabakitzen dutela nork merezi izan duen zapia.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude