Ihesi: Karrantza, haurrekin trikuharrien bila


2006ko irailaren 03an
Enkarterriak gune magikoa dira, ederra. Inguruneak zein bertako biztanleek izaera berezia dute; mapak Bizkaian gaudela dio, baina berehala igartzen da leku desberdina dela hau. Hala adierazten du historiak, eta baita toponimiak ere: Karrantzan, eskualdearen bihotzean, euskararen arrastorik ez duzu sumatuko ia. Hemen euskararik inoiz egin den zalantzan jartzen duenik ere bada. Euskaltzaindiak berak euskaratu gabe ditu bertako leku-izen ofizial gehienak. Eta bitxia bada ere, eskoletan D eredua da nagusi.

Baina utz ditzagun antropologia eta soziolinguistika albo batera, eta ekin diezaiogun txangoari. Karrantzara Bizkaitik edo Kantabriatik joan daiteke. Lehenbiziko bidea laburragoa da, baina bertakoek, zalantzarik gabe, bestea gomendatzen dute. Luzeagoa izanagatik, askoz azkarrago iritsiko zara bertatik joanda.

Bilbo ingurutik abiatuta, A-8 autobidetik joan behar dugu Santanderreranzko bidea aukeratuz beti. Luze gabe izango gara Euskal Herritik kanpo. Laredo inguruan, 173 irteeratik irtengo gara, Colindreserantz. Berehala N-629 errepidetik abiatuko gara, Ampuero eta Limpiaseranzko norantza hautatuz. 15 kilometro egin eta gero, gutxi gorabehera, Gibaja herrixka utziko dugu ezkerretara. Handik 500 metro ingurura, Karrantzarako bidea (CA-150 errepidea) aurkituko dugu, ezkerretara halaber. Bost kilometro gehiago eta Euskal Herrian izango gara berriro. Bagaude Karrantzan.

Herrira sartu bezain laster, eta autoz beti ere, La Cadena eta Molinar auzoak zeharkatuko ditugu eta, luze gabe, Ambasaguasera helduko gara. Karrantzako 3.000 biztanleak 50en bat herritan sakabanatuta bizi dira, eta Ambasaguas da handiena, Kontxaren ostean.

Hain zuzen ere Kontxara jo beharko dugu Ambasaguaseko gasolindegiaren parean dagoen errepidetik abiatuta, eskumarantz. Pare bat kilometro harago dago Karrantzako auzo garrantzitsuena, eta haren erdi-erdian haran osoko udaletxea. Turismo bulegoa ere bai.


Bidearen hasiera, Aldeacueva

Kontxak, hemen, Erromarena egiten du: bertan hasten dira bide gehienak. Guk eskumara utzi behar dugu Lanestosara doana eta, 300 metro aurrerago, Aldeacuevarakoa hartu (BI-4672 errepidea), eskumarantz hori ere. Berehala gora bezain okerrera egingo du bideak, lauzpabost kilometro ibili ostean Aldeacuevara iritsi arte. Azkenik, herriko sarrerako elizaren ondoan utziko dugu autoa, oinezko txangoari behingoz ekiteko.

Herrixkaren erdirantz joango gara, haren izenean ageri den kobazuloa ezkerretara utzita. Inguru horretantxe, Karrantzako bosgarren ibilbide turistikoari ekitear gaudela ohartaraziko gaitu errotulu koloretsu batek. Eta berehala eskumara joko dugu, La Calera del Prado-Arreturasera eramango gaituen zementuzko bidetik.

Laster utziko ditugu atzean Aldeacuevako azken etxeak; bideak belardi eta zuhaitzez osatutako paisaia zeharkatzen du, gora nahiz beheranzko aldapa xumeekin. Tipi-tapa, kilometro batzuk egin eta gero, Cueto de la Presa izeneko ingurura iritsiko gara, mendian bertan jarritako armarri batek adieraziko digunez. Hortik aurrera bideak altzifre sail handi bat zeharkatzen du, zuzen-zuzen.


Cotobasero mendirantz

Altzifreak amaitutakoan, Cotobasero mendirako igoeraren hasiera (GR-123 bidea) adierazten digun egurrezko errotulura helduko gara, gure aurrean haran eder bat ageri dela. Arreturasen gaude, eta akabo zementuzko bidea. Errotuluaren geziari jarraitu behar diogu orain. Kontuz. Zuzen jarraituz gero, altzifre artera sartuko zarete berriz, eta inora ez ailegatzeko arriskua duzue. Bide egokia ezkerrera doana da. Erraz ezagutzen da: zorua hartxintxarrezkoa du, ez dago zuhaitz bakar bat ere, eta dozenaka behi, zaldi eta ardiren artetik igarotzen da. Ibilbide osoko maldarik gogorrena ere badu, bidenabar esateko. Baina ez da oso luzea.


Non daude trikuharriak?

Bide berriak hainbat bihurgune ditu, zeharo zorrotzak gainera. Azkenekora helduta, gutxi gorabehera, La Calera pagadia ikusi ahal izango dugu ezkerrean; eskuman, mendian metro batzuk gora eginez, ibilbideko lehen trikuharria dago: Bernaltakoa. Egiten ari garen ibilbideak Bizkaian monumentu megalitiko gehien daukan ingurua zeharkatzen omen du. Tamalez, gehienak ez daude ondo adierazita, eta adierazita daudenetan ere, negargarri daude errotuluak. Bernaltako trikuharria da, izan ere, erraz aurkitu daitekeen bakarretakoa. Bestela, gehiago ikusiko dituzue testu honi laguntzen dion mapatxoan, mendian bertan baino. Cotobaserokoa deritzona atzemango duzue errazen, bidearen eskuman dagoen muino baten magalean, baina ez da erosoa bertaraino hurbiltzea, belar garaiegiz inguratuta dago eta.

Alderdi arkeologikoaren porrotari jaramonik egin gabe, txangoak aurrera jarraitzen du. Oraindik bide erdia baino gehiago dugu egiteke, baina dagoeneko ez ditugu aipatzeko moduko aldapak igo behar izango berriro. Cotobaserora igotzen ari gara, baina mendi hegia ezkerrean utzita. Pinudi zabal bat zeharkatu ostean aukera edukiko dugu, nahi izanez gero, eskumara jo eta gailurrera igotzeko. Bestela, zuzen segitzea daukagu.


Txango osagarria Presatik

Cotobaseroko gailurrera doan bidetik haraxeago, Karrantzako haranaren ikuspegi zoragarria agertuko zaigu begi-bistan. Hemendik aurrera, beherantz egin beharko dugu ia etengabe. Minutu gutxiren buruan bidegurutze batera iritsiko gara. Ezkerretara, txango osagarri bat egiteko aukera daukagu, mapan ikusiko duzuenez: Presa eta Villanueva de Presa herrietara hurbildu gaitezke, Erdi Aroko galtzada eta guzti.

Eskumara berriz, Aldeacuevara doan bidea dago. Bertatik joanda, eta pare bat kilometro-edo egin eta gero, El Pital auzoko bidegurutzera helduko gara. Ezkerretara jo, eta laster izango zarete ibilbide hasieran. Aldacuevako elizan, alegia. Bertako aparkalekuan egurrezko mahaiak daude, bideak eragindako gosea arintzeko ezin egokiagoak. Zer jan eramanez gero, noski. Trikuharririk ezean, ogitartekoak ez dira txarrak.

Piztiak eta leizeak aukeran

Karrantzan sartu bezain laster, Pozalaguako kobazulora doan bidearen hasiera aurkituko dugu, errotulu batek argi adierazita. Igoera latza autoz egiteko, azken zatia batez ere, baina helmugan sari ederra dago: alde batetik, Ranero haitzen ingurune ederra, haranaren ikuspegi paregabea eta guzti; bestetik, noski, Pozalaguako leize-zulo zabalera sartzeko aukera. Hala egiten duenak munduko estalaktitarik bitxienetakoak ikusiko ditu. Estalaktita eszentrikoak, alegia. Leizearen erdian dagoen aretoko sabai osoa betetzen dute, eta esan liteke grabitate legeei aurre egin nahi diotela, jaio ostean gorantz itzultzen baitira berriro, era guztietako itxurak hartuz, elkarrekin korapilatuz eta batzuetan sabaiarekin ostera ere elkartuz. Munduan halako estalaktita gehien daukan kobazuloa da. Bisita egiteko oso ondo atonduta dago gainera.

Pozalaguatik errepide nagusira itzulita, kilometro pare bat baino ez dugu egin beharko Karpin Abentura parkera ailegatzeko. Parkeko zatirik handiena Karpin Animalia da, eta bertan hamaika piztia bizi ikus ditzakegu, batzuk nolabaiteko askatasunean: hartzak, otsoak, katamotzak, pottokak, saiak... Gainera, desagertutako animaliei eskainitako aldeak ere badaude. Terrasauron, dinosauroak dira jaun eta jabe; Gastornisland izenekoan, berriz, dinosauroen ostean planetaz jabetu ziren espezieak, gu geu barne. Umeak eramateko leku polita da Karpin, baina kontuz, txikienak kikildu egiten baitira gezurrezko tiranosaurioak orro egiten duenean. Gurasoren bat ere bai, egia esan behar bada.

Jateko:
La Concha-Casa Garras jatetxea
Kontxa
94-680 62 80
El Cartero sagardotegia
Molinar
94-680 66 74
Ostatuak:
Molinar bainuetxea
Molinar auzoa, 17
94-680 60 02
El Herrero etxea
Ambasaguas
94-680 66 50

Pasaboloa, nekez eusten dion kirola

Bizkaiko mendebaldea eta Kantabriako ekialdea aspaldiko joko baten gordeleku dira: pasaboloa. Jokalariek ahalik eta urrunen bota behar dituzte, bola batekin joz, bata bestearen atzetik jarritako hiru bolo. Santanderren ez bezala -han egunkari eta telebisten arreta ere bereganatzen du-, Bizkaian gainbeheran dugu pasaboloa. Eta hala ere, jokalaririk onenak, momentuz behintzat, Euskal Herrikoak dira.

Antza denez, badira pare bat mende-edo pasaboloa asmatu zela. Batzuen ustez, Lanestosan, Bizkaiko azken herrian; beste batzuen iritziz, Kantabrian. Liskarra argitzeke dago, baina gauza bat argi dago behintzat: Bizkaian, Karrantza da pasaboloaren hiriburua, herrialdeko bederatzi klubetatik, hiru bertakoak dira eta. Beldurrik gabe esan daiteke Karrantzak daukala pasabolo jokalari gehien biztanleko, are gehiago gainerako klubak herri edo hiri handietan daudela kontuan izanik: Bilbo, Barakaldo, Sestao, Muskiz... Pentsa, Aldeacueva herrixka txikiak ere baditu taldea eta jokalekua. Hutsaren hurrengoa, nolanahi ere, orain hamarkada gutxikoarekin konparatuta: bertakoek gogoratzen dutenez, garai batean Karrantza haraneko herri guztiek zeukaten bolatoki bana, eta batzuek bi ere bai.

Pasaboloan dena da egurrezkoa: bola, boloak eta probalekua. Hiru boloak ahalik eta urrunen jaurti behar dira, eta horren arabera lortzen dira puntuak. Martxotik urrira jokatzen da, eta astebururo izaten da saioren bat. Txapelketa ofizialez gain desafioak daude, eta baita liga bat ere, martxotik ekainera. Oraindik ere, diotenez, ikusle kopuru politak izaten dira lehiaketarik garrantzitsuenetan.


Azkenak
2025-06-07 | ARGIA
Euskara hutsezko plaza bete dute Ziburuko Azokan

1.000 euskaltzale eta kulturazale baino gehiago giro goxoan ibili dira Ziburuko liburu eta disko azokan, eta larunbat goiz eta arratsaldez gozatu dute hitzaldi, kontzertu eta liburu aurkezpenez. 33 argitaletxe eta 10 diskoetxeren lanak ezagutzeko eta erosteko aukera probestu... [+]


EAEko euskaltegietan A2 mailan matrikulatzea oraingoaren laurdena kostako da

Datorren ikasturtetik aurrera, euskaltegietan A2 mailan matrikulatzen direnek orain arte bezala 310 euro ordaindu beharrean, 70 euro ordainduko dituzte. Maila gaindituz gero, ordaindutakoa itzuliko zaie ikasleei. 


Guardia Zibilak “hemendik fan egiteko” eskatuko dute ekainaren 14an Oñatin

Kuartela herrixantzat lelopean indar okupatzaileek Euskal Herritik irten behar dutela aldarrikatzen du Fan Hemendik taldeak.
 


Gure haurrak ere badira ekimenak mobilizazioa egingo du ekainaren 12an, Gasteizen

Rafah-ra doan nazioarteko martxarekin bat eginez, Gasteizen mobilizatzera deitu du plataformak, baita ikasgeletan ere. Palestinar haurrekiko elkartasun argazkiak ateratzeko eskatu du.


Bake Bideak eta Bakegileak bide amaierara iritsi dira

Aieteko Nazioarteko Bake Konferentzia 2011n egin zen Donostian eta ondoren sortu zen Bake Bideak, Ipar Euskal Herritik bake prozesua sustatzeko. Bakegileen zeregina ETA armagabetzeko ekinbide zibila antolatzea izan zen. Orain, desegingo direla iragarri dute bi ekimenek.


2025-06-06 | Gedar
EAEko kartzelariak greba egitera deitu ditu ELAk

Espetxeetako funtzionarioek lanuzte partzial bat egingo dute ekainaren 9tik 15era bitartean.


Idoia Asurmendi
Bihotzetik berriz pasatzea

IDOIA ASURMENDI
Non: Bilboko Kafe Antzokian.
Noiz: maiatzaren 29an.

----------------------------------------------------
 
Termometroak 30 gradutik gora markatzen ditu, uda giroa nagusi da eta Bilboko kaleak herritar aztoratuz beteta daude. Horrelako egun... [+]

Torturaren 21 biktima berri aitortu ditu Nafarroako Gobernuak

21 pertsona “giza eskubideen urraketen biktima” gisa aitortu dituzte ofizialki. Espainiako Estatuko funtzionarioek eta eskuin muturreko taldeek torturatutako pertsonak dira eta biolentzia horren lagin txikia baino ez direla dio Egiaren Garaia Da ekimenak.


111 Akademiak banatuko duen azken saria jaso du Miren Amurizak

Ostegunean banatu dute saria, Amasa-Villabonako Hika txakolindegian. Bertan jakinarazi dute 2024koa izan dela 111 Akademiak banatuko duen azken saria.


Non daude kaparrak?

Lorazainok bi hilabete baino gehiago daramatzagu greban, eta, horietan, udaltzaingoek indarrez zapaldu gaituzte piketeetan. Hirian zehar jarraitzen gaituzten sekretek jazartzen gaituzte, eta mobilizazio bakoitzean zelatatzen gaituzte. Enpresak ez gaitu aintzat hartzen, eskaintza... [+]


“Zaurgarritasun Indizea”, Jaurlaritzak nahi duena egiteko koartada

Nork sinesten du urtebetean Ordiziako errealitatea goitik behera aldatu dela eta desorekak desagertu direla?

Udaberriko oporren ataritan egunkarietan Begoña Pedrosak eman zigun titularra: Ordiziak ez du desorekei aurre egiteko plan berezirik behar... [+]


GALen biktimei barkamena eskatu die Alonsok, Gogora Institutuko zuzendariak

Datorren irailaren 25ean 40 urte beteko dira GALek Baionako Monbar hotelean egindako atentatutik, non lau euskal errefuxiatu hil zituen. Horren karietara, Gogora Memoria, Elkarbizitza eta Giza Eskubideen Institutuak oroimen ekitaldi bat egingo du udazkenean.


Eguneraketa berriak daude