Tradizioak, traizioak eta saltze-kontuak


2007ko otsailaren 21an

Tradizioak, traizioak. Bazen behin zinegotzi bat, zeinak bere herriko bestetako txupinazoa botatzean egin behar zuen aldaketaren berri aldez aurretik gaztigatzean, herriko alkateari ekitaldian aparteko protagonismoa eskuratzeko aukera emateaz gain, ideologia ezkertiarrean ohikoa den portaera erakutsi baitzuen. Ezkerreko jendearen artean ohikoa baita, arrunta, koherentea, norbere asmoen eta ideien berri lau haizetara zabaltzea, egokiera edozein delarik ere zeinek bere sinesmen eta printzipioak besteei jakinaraziz, erroak kristautasunean sustraiturik dituzten jokabide garbi eta egiatiak erakustea. Ezkertiar batek arau hori hausten badu, laster etorriko zaizkio eskuindarrak kontraesanetan ari dela gogoraraztera.

Zinegotziak, bere burua agnostikotzat aldarrikatu eta herriko besten santu titularra goratu ordez, bestak berak aldarrikatuko zituela aurrez ohartaraztean, bere ezkertasuna frogatu zuen, hala hitzez -laizismoaren aldeko aldarria eginik- nola egitatez -ezkertiar zintzoaren antzera jokatuta-. Zinegotziari leporatu ahal zitzaion gauza bakarra mendeetan zehar tradizio handia metaturik duen ezkerreko joera garbienari men egitea izan zen. Beste konturik da horrek horrela izan behar duen beti, hots, ezkerrekoa izateak derrigorrean ekarri behar duen kartak aurkariari erakustea, gezurrak eta iruzurrak nagusi direnean ere, edo komenigarria den, batzuetan, hainbat kontu isiltzea.

Herriko alkateak mikrofonoa ezkutaleku gisara erabili zuen mahukatik atera eta zinegotziari txapligua botatzen utzi aurretik santuaren aldeko deiadarra egitean, zinegotziak eskainitako mauka profitatzeaz gain, eskuindar ugarik politikan zilegi eta logikoa jotzen duten eta teoria garbian kristautasunean gaizki ikusia den zerbaitetan aritu zen: tranpetan. Nahiz eta zinegotziari santuaren alde oihukatzeko hainbat aldiz eskatu izanak zimarkua zuritu ez, eta tradizio bati -santuaren aldeko oihuari- eusteko, beste tradizio bati -suziria botatzean zinegotzi jaurtitzaileak soilik hitz egiteari- traizio egitea oso dotore izan ez bazen ere, eskuindarrek txalotu zuten, eta ezkertiarrei ere normala iruditu zitzaien, ohikoa, eta, horrenbestez, koherentea.

Kristautasunarena aipatu dut, baina ez alferrik: harrigarria baita fede kristauarekin bat ez datozela aldarrikatzen duten ezkertiarrek kristauago jokatzea, leialago, beren burua katoliko kristau zintzo gisara aldarrikatzen duten eskuindarrek baino.

Merkatuko saldukeriak. Gas-galdara matxuratu zaizula etxean eta beste bat paratu behar duzula? Iturginak abisua emanen dizu: galdara berak bi prezio diferente ditu, ekologikoa den edo ez. Ekologikoa garestiagoa da, jakina, bestea baino: kalitate handiagokoa izaki, ingurumena zaintzen duenaren kostua kasik bikoitza baita! Jakina dela esan dut, ezen, oro har, jakina baita edonork, ekologiaren printzipioekin bat kontsumitzeko deliberoa hartuz gero, diru gehiago xahutu beharko duela bere poltsikotik, edo, birziklatzean bezala, lan gehiago egin edo ardura gehiago hartu... Nolanahi ere, kostua handiagoa da beti -dirutan, ahaleginetan edota denboran-, portaera ekologiko bati heldu izatera.

Ondorea. Konklusioa ez dator bat txikitan kontatzen zizkiguten ipuinekin, ezta handitan erakundeek herritar zintzo izan gaitezen zuzendu ohi dizkiguten kanpaina handinahiekin ere: zintzo portatzeak zuzen jokatzen duenari onurarik ekarri beharrean buruhausteak ekartzen dizkio maiz, nekeak, lanak edota galerak... Tranpetan aritzen denak, ordea, bereari baino begiratzen ez dionak, ikusleen txaloak ere jasotzen ahalko ditu, horiei azkarra dela sinestarazten -hau da, bere azkar ustea saltzen- lortzen badu. Eta sinetsi iezadazue: maizago irizten diegu azkar tranpatiei esanekoei baino, maizegi, seguruenik. Horretan ere tradizioak saltzen gaitu.


Azkenak
Lan mundua euskalduntzeko ere Herri Akordioa

Lan munduaren euskalduntzea euskararen normalizazio-prozesuaren erronka nagusietakoa dena diagnostiko partekatua da euskalgintzan eta eragile euskaltzaleon artean. Hamarkadatan belaunaldi berriak euskalduntzen egindako inbertsio guztia (hor ere egiteko asko geratzen dela ahaztu... [+]


2024-05-17 | UEU
37 euskal ikertzailek hartu dute parte Txiotesia7 lehiaketan

37 euskal ikertzailek hartu dute parte asteartean Txiotesia7 lehiaketan. Mastodon eta X/Twitter sare sozialetatik zabaldu zituzten beren ikerketa lanak, euskaraz.


Estatuaren indarkeriaren biktimei aitortza ekitaldia eginen die Nafarroako foru gobernuak

Maiatzaren 30ean eginen dute Estatuaren eta eskuin muturraren indarkeriaren biktimen aitortza ekitaldia, Baluarten. Biktima zehatzei egiten zaien molde honetako lehen ekitaldi publikoa izanen da, eta 2019ko legearen babespean gauzatuko da.


Gose greban hil da Thailandiako monarkiaren aurkako preso politiko bat

28 urteko Netiporn Sanesangkhom preso politiko thailandiarra hil da asteartean, gose greban 110. egunbete dituenean. Urtarrilean atxilotu zuten eta epaiketarik gabe zeukaten gatibu. Monarkiaren aurkako irainak egin izana egotzi zioten, 2020an eginiko protesta batean parte... [+]


Eguneraketa berriak daude