Jean Pierre Goiti: «Laborantza Ganbera bakarra eta legala behar dugu»

  • Izpura (Nafarroa Beherea), 1960. FDSEAko (Departamenduetako Nekazari Ustiatzaileen Sindikatuen Federakuntza) kidea eta Paueko Laborantza Ganberako (Chambre d'Agriculture) lehendakariordea da. Ganbera honek Iparraldean duen SUATeko (Service d'Utilité Agricole Territoriale) lehendakaria da halaber. Paue eta Bordele artean dabil usu, Akitaniako eta Departamenduko Laborantza Ganberetan. Aldian-aldian, gurasoen -Izpurako-eta andrearen -Zuberoako- etxaldeetako laborantzan aritzen da.

2006ko uztailaren 02an
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas
Alderdiaren hurbilekoa dela adierazi digu bizpairu aldiz solasaldian Jean Pierre Goitik: «Alderdia erraiten dudanean EAJz ari naiz, baiki. Iraganean alderdiaren karta ukan nuen. Gaur egun, alderdiaren hurbileko gisa hartzen ahal nauzu». Paueko Laborantza Ganberako lehendakaria izendatuko zuten ustea zabaldu zen ere iraganean: «Kargu horretarako hautagai izan nintzen, baina biarnesak eta euskaldunak zatituak ginenez, azkenik, erretretan den Marcel Mirande izendatu zuten, aterabide gisa edo».

Iparraldean bi dira laborarien aukera nagusiak: FDSEA eta ELB. Sindikatu hauek erdibanatzen dituzte laborarien bozak eta hauek are erdibituagoak daude ELBk Laborantza Ganbara -Ainhize-Monjelosen- eta SUATek -Donapaleun nahiz Hazparnen- irekitako egoitzak funtzionamenduan hasi direnetik. Zatiketaz galdetu diogu SUATeko lehendakariari: «Zatiketa baino gehiago, politikariek laborantza traturako erabiltzen dutela erranen nuke. Laborantza Ganbararen inguruan sortu den afera politikoa da batez ere, beraz, politikoek konpondu dezaten», diosku gure solaskideak.

Nola bizi izan duzu ELBk bultzatutako Laborantza Ganbararen sorrera?
2004an, Nicolas Sarkozy lehen ministro ohia Euskal Herrira etorri zen, laborantzako adituak ondoan zituela. Laborantza Ganbera baten beharra eztabaidatu genuen: Estatua, Kontseilu Nagusia eta Garapen Kontseilua izan ziren, FDSEA eta ELB tartean ginelarik. Nik hauxe erran nuen FDSEA eta Departamenduko Laborantza Ganberaren izenean: "Nahiz eta Estatuak Laborantza Ganbera Iparraldean ez egin, geurezko egitura bat sortzeko garaia da, hiru puntu hauetan oinarrituta: Iparraldeko erabakien boterea, ekonomiaren eskumena eta geure hauteskundeak ukaitea». Egitura horrek ez zuela Laborantza Ganbera ekarriko, baina abiagunea izan zitekeela erran nuen. Bi hilabeteren ondoren Dominique de Villepin lehen ministro berria jin zen, alta, bien bitartean nehork ez zuen fitsik egin. Aukera galdu zen eta ELB Ainhizeko proiektuan sartu zen burubelarri, alderdiak [EAJk alegia] lagundurik, dena erraiteko. Orain Laborantza Ganbara eta SUAT ditugu, bat instituzioek sortua eta bestea jendarteak.

Laborantza Ganbara jendarteak sortua eta Estatuak jazarria gisa batez.
Baina zer nahi gisaz, legezkoa dena. Izena ez da zuzena ez legala, alabaina. Legearen arabera Departamendu bakoitzean Chambre d'Agriculture bakarra dago. ELBk Laborantza Ganbara izena hartu du eta Prefetak izena aldatzea galde egiten du arazoak saihesteko. Nik errana diot Prefetari: «Euskara ofiziala balitz arazo hori ez zen izanen». Euskara ofiziala ez denez, izena ezin da ilegala izan, eta horregatik bederen ezin dute itxi. Euskara ofiziala balitz ezin izanen lukete izen hori erabili, alegia. Gainera nahasgarria da. Konparazione, laborariek berriak euskaraz entzuten dituztelarik ez dakite zein ganbaraz ari diren, SUATek kudeatuaz edo Ainhizeko Ganbaraz.

Zuzen izan edo ez, Prefetak Polizia Judiziala igorri zuen Laborantza Ganbarara.
Hori gehiegikeria izan zen, eta funtsean Ganbara horren kudeatzaileentzat joko eta publizitate gaitza.

Zuk nola nahi zenuke laborantza kudeatzea?
Estatuak laborantza ekonomikoki sostengatu beharko luke eta ez jostailu bat bezala erabili: estatutu bat hitzematen du gaur eta bihar berriz deuseztatu. «Ganbera bai Ganbera ez» ibiltzen da. «SUAT baduzue eta aski da» dio eta hori jostetan aritzea da.

Bien bitartean, laborariak gero eta urrunago zaudete elkarrengandik.
Gisa batez egia da, baina ez guztiz ere. ELB Confédération Paysanne-n ildoan ari da, Jose Boveren sindikatuarekin batera. Baina praktikan Euskal Herrian arras laborari gutxi dago Confédération delakoaren ildoan. Beren etxaldearen kudeaketan ez dira Jose Boveren ildoan ari. ELBko laborari gehienak euskal sindikatua delako atxikiak dira. FDSEA eta ELB urrundu dira, egia da, baina baliteke urrundu izana berriz ere hurbildu ahal izateko. Bestenaz, beti ari gara elkarrekin ezin konponduz. Orain arte bakoitzak bere bidea urratu du, 2007an hauteskundeak izanen dira eta agian zenbait puntutan hurbiltzeko parada izanen dugu.

Laborantza Ganbera bakarra ikusten al duzu etorkizunean?
Nire gustuko, benetako ganbera, bakarra eta legala behar dugu. Gainera, Euskal Herri osoko lurraldeak kontuan hartu beharko lituzke, ez Iparraldekoak bakarrik. Europako laborantza antolaketa ikusita, euskal eskualde guztiak kontuan hartuko dituen egitura behar dugu. EAJri kezka hori agertu diot, hau da, Eusko Jaurlaritzak Bruselan duen ordezkaritzarekin elkarlanean aritu nahi dugu. Mendialdeko laborantza eta honentzako laguntza aztertzen ari gara. Bestenaz, laguntzak Bruselatik Parisera doaz, handik Bordelera, gero Pauera eta azkenik guregana. Denbora galtze izugarria da. Hegoaldeko laborantza ere kontuan harturik Europan elkarrekin aritu nahi dugu SUATn.

Lur Berri nekazaritza enpresan 50-70 tona arto hazi genetikoki eraldatuak izan direla salatu du ELBk. Zer iritzi duzu OGM prozeduraz?
Lur Berrik egin duenaz ez dakit fitsik, zinez erraiten dizut. OGMz (Genetikoki Eraldatutako Landarea) nire ikusmoldea berriz hauxe duzu: laborantzan ere esperimentatu behar da. Nik ez dakit deus bioteknologiaz, baina uste dut esperimentatu behar dela. Zenbait arlotan emaitzak ez dira hain ziur egokiak eta baztertu behar dira, baina onak ere izanen dira. Erabiltzen jakin behar dugu, bistan da.

ELBk dioenez, laster ez da transgenikoa ez den beste laborantza mota izanen Euskal Herrian.
Bioteknologia aurreratzen ari da eta horregatik ez da beldurra sorrarazi behar. Euskal laborantzak segituko du baldin gazteak plantatzen badira. Egungo laboraria ez da gure garaikoa bezala, hemen sortua eta bizi nahi duena, gu etxean egoten ginen eta oraingoek mugitu nahi dute eta sosari gehiago begiratzen diote. Laborantzak segituko du, nahiz ez dakidan transgenikoek zein leku hartuko duten. Laborariek mozkinei atxikitzen badiote ez da transgenikorik landuko. Gure laborantza kalitateari eta jatorrizko izendapenei esker biziko da. Alabaina, mundualizazioa heldu da eta Europan eremu handiak ere landu behar dira, baita finkatzen diren arauak errespetatu ere.

Ossau-Irati sor-markaren inguruan gorabeherak izan dira. ELBk sektoreko ordezkaritza galdu zuen, baina FDSEAk jukutriaz jokatu omen zuelako.
Ez du ELBk galdu ezta FDSEAk irabazi ere. Ez da horrela. Bi sindikatuko laborariak zerrenda berean izan dira zenbait kasutan. Laborariek lehenbiziko aldiz berezko ikusmoldea ukan dute auziari buruz. Artzain gehienek -handiek, ertainek eta txipiek- AOC (Jatorrizko izendapena edo sor-marka) lantzeko aukera izatearen alde bozkatu dute. Neurri berrien arabera, etxalde txipiek prezeski ezin izanen lukete AOC landu. Orduan ELBk zeukan nolabaiteko nagusigoa galdu zuen. Paueko FDSEAk irabazi duela erran du eta ELBk galdu, baina ez da batere horrela. FDSEAko Jean-Michel Ansolabeherek ongi erran duenez, irabazi duen zerrendan ere baziren ELBko laborariak. ELBko eta FDSEAko biarnes erradikalen arteko betiko gerra izan da, eta gu, FDSEAko euskaldunak haien artean harrapatuak.

Etxebizitzaren politikak ez al du laborantza itoaraziko?
Bai, egoera izugarri gaizki ikusten dut. Oro har, demografia, lurra eta hizkuntza kinka larrian daude. Garapen Kontseiluaren ustez kanpotik heldu direnak euskal moldetan sartuko dira, nik aldiz ezetz erraiten diet, ez zait horrela denik iruditzen. Jendea heldu da, baina ez laborantzan aritzeko, ingurumena eta gastronomia gustuko dituelako baizik. Etxegintza gero eta gehiago dago, eta gero eta karioagoa da. Garazin ikusi besterik ez dago, gazteek arazo handiak dituzte etxebizitza eskuratzeko. Herri bakoitzak bere PLU (Hirigintza Tokiko Plana) dauka eta laborariok gero eta arazo gehiago dugu Herriko Etxeetan. Gero eta nekezago ari gara, euskara gero eta gutxiagoa mintzatzen da. Euskal Herria folklorizatze bidean sartu da arras. Suprefetarekin mintzatu ohi naiz horretaz eta gerorik ez dudala ikusten erraten diot.

Nola egin aitzina ordea, areago laborariak zatituta ari bazarete?
Hori da ere nire ikusmoldea. Iparraldean politikariek zatikatze politika egiten dute, baita alderdi abertzale politikoek ere. Esaterako, AB eta Batasuna zatituta daude. Denak ari omen dira laborarien interesen alde, baina ez laborarien onetan, nire irudiko.

2x2 autobidearen afera nola ikusi duzu?
FDSEA edo SUAT ez gara batere agertu aferan, hedabideetan erran nahi dut. Alta, proiektua ezagutu genuenean dosier bat egin genuen eta laborantzarentzat ondorio zinez txarrak ekarriko zituela jakinarazi genion Departamenduko Jean Jacques Lasserre presidenteari: Errepide zabal hori ez dela nolanahi egiten ahal, goitik zetorren egitasmoa zela erran genion, populua kontuan hartu behar dela, proiektua gisa horretara burutuz gero, familia askoren geroa lanjerrean izanen zela...

Proiektua gelditua dago, baina...
Instituzioek huts egin dute, pedagogia txarra erabili dute, baita Nafarroako Gobernuak ere: "Hemendik pasako da eta kito" erran du. Barthelemy Agerre Paueko kontseilariari "proiektu hau ezin da aitzinatu laborarien etxeen gainetik iraganaz" erran nion. Honela arrapostu zidan: «Ez du inporta. Etxe berri bat eginen diegu laborariei hurbil, baita piszina nahi badute ere"."Baina laborariek ez dute hori nahi, ez duk hori..." erabat harritua ni.

Alta Agerre laborari semea da...
SUATen ez dugu publikoki deus erran nahi izan, aski kalapita dago bestenaz ere. Gure politikarien mentalitatea horrelako duzu alta. Eta errepidea eginen da, ez aurreikusi den gisan baina eginen da. Nola eginen den ondo aztertu behar da ordea. Arazoa handia da, tokian tokiko etxaldeak ongi aztertu behar dira, iraganbideak ongi ikusi eta txostenak sakon prestatu. Bide zabala egiten bada, ez dadila bakarrik kamioiak pasarazteko eta laborariak itotzeko izan, izan dadila beste sektore ekonomikoak biziarazteko ere.
Mikel Asurmendi


Azkenak
Kartzelan jaioa eta Israelek eraila adin nagusitasunera iritsi aurretik: Youssef Al-Zuqen historia

Youssef Al-Zuq munduko preso gazteena izandakoaren bizitza Gazako zigor zikloaren ikur da. Al-Zug 2008an jaio zen kartzelan, ama atxilotu eta epaiketarik gabe espetxeratu ondoren. Uztailaren 12an hil zuten Israelen bonbardaketa batean.


Txikiren eta Otaegiren mural bati eraso egin diote Durangon

Durangoko Ernaik salatu du Txiki eta Otaegiren muralaren kontrako erasoa. Ostegun arratsaldean murala berregiteko dei egin dute.


Nazien kontzentrazio esparruetan palestinar zapia ezin dela jantzi ebatzi du Alemaniako epaitegi batek

Turingia estatuko Auzitegi Gorenak ebatzi du Buchenwald konzentrazio esparruko memorialak eskubidea duela kufija daraman edonori sarbidea ukatzeko, "judutar ugariren segurtasuna" arriskuan jarri baitezake.


AEBek beltzez margotu dute Mexikoko mugaren hesia haren tenperatura igo eta migratzaileak pasatzea saihesteko

Mexikoko mugako hesia beltzez margotu du AEBetako Gobernuak. Lehenengo brotxakadak ematera bertaratu da Segurtasun Nazionaleko idazkaria bera, Kristi Noem. Neurri horren bidez, hesiaren tenperatura igo nahi dute, eta horrela migratzaileen pasabidea zailtzeko.


Ibai Iturria Garmendia, mendi gidaria
“Jende asko ez da modu egokian joaten mendira, kezkagarria da”

Garmendi mendi gidaritza zerbitzuaren bitartez zeharkaldi eta ateraldiak antolatzen ditu Ibai Iturriak. Argitara eman diren datuekin kezkatuta, mendian "kontzientziaz eta arduraz" jokatzearen beharra azpimarratu du.


2025-08-21 | Gedar
Zumaiako Bedua jatetxeko esplotazioaren testigantza gehiago bildu dituzte

Ez kobratzea, nagusiaren senideen etxeak garbitu behar izatea, lantokian lo egin behar izatea, irainak... Luxuzko jatetxeko esklabotza-baldintzen lekukotzak argitara ateratzen jarraitzen dute Urola Kostan.


Israelek Gaza hiria okupatzeari ekin dio, Hamasek azken su-eten proposamena onartuta ere

Erakunde palestinarrak astelehenean jakinarazi zuen ohar batean Egiptoko eta Qatarreko bitartekariek proposatutako su-eten akordioa ontzat jo duela. Israelgo armadak, ordea, dagoeneko inguratuta dauka Gaza hiria, eta han dauden palestinarrei urriaren 7ra arteko epea eman die... [+]


Bilboko Udalak muntatu gabeko eszenatokia, mehatxuak eta kronika faltsu bat

Kai Nakai, Maren eta Olatz Salvadorren kontzertua bertan behera utzi zuen Bilboko Udalak joan den igandean. Hiru musikariek azaldu dute gertatutakoa.


Israelek Espainiako Vueltan parte hartzeko eskubidea daukala esan du txapelketaren zuzendariak

Espainiako Vuelta abuztuaren 23tik irailaren 14ra izango da, bertan, Israel-Premier Tech taldeak hartuko du parte. Txapelketaren zuzendari Javier Guillének esan du "ezin dituztela kanporatu, puntuazioa dela eta parte hartzeko eskubidea" irabazi baitute.


Jon Sarasua
“Ikusi behar dugu zenbateraino komeni zaigun sententzia judizialen akzio-erreakzio jokoan sartzea”

Euskararen biziberritzeari buruz asko hitz egiten ari azken urteetan eta horren inguruan ari da lanean Euskaltzaindiko talde bat. Talde horretan dago Jon Sarasua ere eta galdetu diogu zeregina zertan den. Galdetu diogu, halaber, udaberrian idatzi zuen Puprilusoko artikulu... [+]


Komunikazioa errazteko eta mintzamenaren errehabilitazioa lantzeko IA-Speak tresna garatzen ari dira Nafarroan

Adimen artifizialarekin garatutako tresna bat da IA-Speak. Bi erabilera nagusi izanen ditu: mintzamena itzultzen duen gailu bat eta erabiltzaileen mintzamena aztertzen duen plataforma bat.


Aste Nagusia manteroen erreparaziorako eta justiziarako aukera gisa

Polizia jarduera arrazistak dira araua Bilbon. Manteroei salgaiak konfiskatzen dizkiete, dirua eta objektu pertsonalak kentzen dizkiete, tratu txarrak ematen dizkiete eta mespretxatu egiten dituzte, indarkeriazko murrizketekin, identifikazioekin eta atxiloketekin.


Sexu-indarkeria Antartikako ikerketa-base estatubatuarretan

AEBko Zientzia Fundazioaren Antartikako Programak (USAP) jakitera eman duenez, Antartikako ikerketa-baseetan 2022-2024an egin duten galdeketan, parte-hartzaileen % 41k adierazi du sexu-erasoa edo sexu-jazarpena jasan duela.


Gasteizen kalean bizi diren maliarrak Oñati eta Tolosara mugituko ditu Jaurlaritzak

50 maliar inguru ari dira kalean bizitzen Gasteizen beren asilo eskaeren ebazpenaren zain. Eusko Jaurlaritzak Oñati eta Tolosako harrera zentroetara mugituko ditu Espainiako Gobernuaren pasibotasunaren aurrean, horren eskumena baita eskaerak ebaztea eta ostatu alternatiba... [+]


Feng Shui pianoan

Fitxa: Musika Hamabostaldia. Victoria Eugenia Zikloa. Mitsuko Uchida (pianoa).
Egitaraua: Beethovenen hiru azken sonatak.
Lekua: Donostiako Victoria Eugenia Antzokia.
Data: abuztuaren 18a.

Mitsuko Uchidak Musika Hamabostaldia bisitatzen duen hirugarren aldia da. Bere estiloak... [+]


Eguneraketa berriak daude