Dantzaren erbestean


2006ko uztailaren 02an
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnasa

Dozenaka euskal dantzarik erbestean betetzen du lapikoa, bertoko aukera ezak behartuta. Nahiago zuten Euskal Herrian gelditu, baina Euskal Herriak ez zien, ez die, behar zutena eskaintzen. Hori hobeto azaltzeko, Iratxe de Arantzibia kazetari eta kritikariak dantzaren funtsezko hirukia aipatu digu: hezkuntza, industria eta ikusleak. Arantzibiak dioenez, Euskal Herrian nahikoa erpin kamutsak ditu hiruki horrek.

«Heziketari dagokionez, Gasteizen eta Iruñean baino ezin da ikasketa ofizialik burutu, eta horiek ere maila ertainekoak». Irakaskuntza, ia ezinbestean, eskola pribatuetan jaso behar dute dantzarigai gehienek, baina eskola horiek mugak dituzte noski. Zenbaitek lan txukuna egin du azken hamarkadetan, hala ere. Oso ezagunak dira Jon Beitiaren eskola, Leioan, eta Mentxu Medelena, Donostian. Biek hala biek gaur egun Europako talderik garrantzitsuenetan dabiltzan dantzari apartak hezi dituzte, ahal izan duten heinean. Beitiak, dena dela, orain gutxi itxi du eskola.

Mentxu Medelen Thalia akademiak, berriz, urtarrilean ospatu zituen lehenengo 25 urteak, eta horretarako bertan ibilitako dantzari ezagunenetako batzuk (Urtzi Aranburu, Lucia Lacarra, Jone San Martin) bildu zituen, jaialdi gogoangarri batean. Besteak beste, oso argi geratu zen maila handiko euskal dantzariak ditugula Europan zehar sakabanatuta. Aipatutakoak, hain zuzen, izarrak dira euren taldeetan. «Badira goi-mailako dantzariak, oso ezagunak, eta badira hain entzute handikoak izan gabe oso ibilbide txukuna egiten ari direnak. Oro har, maila altua da», dio Iratxe de Arantzibiak.


Dantzaren aldeko elkarte berria Bilbon

Ekaina erdian, Bilbao Ballet ABBE elkarte sortu berriak antolatu zuen jaialdia, euskal dantzariekin. Han elkartu ziren Ygor Yebra, Amaia Ugartetxe, Veronica Villar… denak punta-puntako dantzariak. Mikel Ortiz de Arratia ABBEko presidenteak, elkartearen helburuez mintzo, Arantzibiak aipatutako hirukia ekarri digu gogora. Izan ere, ABBEren asmoak irakaskuntzari, industriari eta ikusleei dagozkie. «Batetik, Ygor Yebrak Bilbon sortu nahi duen eskolari erabateko babesa emango diogu», azaldu digu Ortiz de Arratiak. ABBEren sortzaileek harreman estua daukate Yebrarekin -elkarteko ohorezko presidentea da dantzari bilbotarra-, eta hori oso lagungarri izan dute zenbait ate irekitzeko garaian. «Ygorrek borroka luzea egin du dantza eskola ofiziala sor dadin hemen, eta ez du lortu -diosku Ortiz de Arratiak-; azkenik, berak egitea erabaki du». Seguruenik, iraila hasieran irekiko da eskola berria.

Bestalde, ABBEk dantza denboraldi egonkorra sortu nahi du Bilbon, gaur egun ez baitago ezer, ez Bizkaian ez Euskal Herriko gainerako herrialdeetan. «Hemengo zaleek ez dute aukerarik nazioarteko hainbat lan ospetsu ikusteko. Noizean behin etortzen dira El lago de los cisnes, edo La bella durmiente baina beste asko ez dira sekula hemen antzeztu, edo ez behintzat aspaldidanik. Guk horiek ekarri nahi ditugu, denboraldi egonkorra eraikiz. Operraren Lagunen Bilboko Elkartea bera, orain 50 urte baino gehiago, ia hutsetik abiatu zen: lan bakarra eta funtzio bi, oker ez banago. Hara, guk azkarrago egin nahi ditugu gauzak. Ea lan bi ekar ditzakegun, eta ea hiruna egunez egin daitezkeen… Hori prestatzen gabiltza 2007rako».


Zenbat ikusle dago?

Handinahi ageri dira ABBEkoak, are gehiago kontuan hartzen badugu, Ortiz de Arratiak berak onartzen duenaz gainera, Euskal Herrian ez dagoela inondik inora Europako herrialde gehienetan bezainbateko zaletasunik. Eta horixe dute, hain zuzen, hirugarren helburua: ikusleak sortzea. «Ekaineko jaialdia Euskalduna Jauregian egin nahi izan genuen, zaletasunaren benetako neurria ezagutzeko. Normalean Arriagan egiten dira emanaldiak, eta hori bi egunez betetzea erraza da, 1.200 lagunentzako lekua dauka eta. Euskaldunan, berriz, 2.170 sartzen dira. Bi emanaldi egin genituenez, eta bietan aretoa bete zenez, 4.300 ikusle inguru erakarri genituen. Egia da sarrera batzuk oparitu genituela, beraz, demagun 3.500 ikusle dauzkagula. Hori da gure abiapuntua, eta kalitatezko lanak ekarrita kopuru hori polito handitu daiteke datozen urteetan».


Euskal Herriko ikusleak, klasikozaleak

Iratxe de Arantzibiaren ustez, ikusleek ere jaso beharko lukete heziketa. «Oso ohituta gaude ballet klasikoa ikustera, betiko ballet hori, eta lan egin beharko litzateke dantza garaikidea edo neoklasikoa ere zabaltzeko». Dantza klasikoa omen dugu gustukoen, eta horren froga da, berbarako, ABBEk berak arlo hau landuko duela gehien, iragarri dutenez: «Dantza garaikideari ere gordeko diogu lekutxoa, baina ondo begiratuz zer ekartzen dugun». Atzerrian dabiltzan euskal dantzari asko, berriz, bestelako bidetatik doaz: gehiago dira lan-eremutzat dantza mota abangoardistak aukeratu dituztenak, klasikoa jorratzen dutenak baino.

Asier Zabaleta dantzariaren iritziz, «ez da ahaztu behar dantza mota asko dagoela eta denek behar dutela beren lekua». Zabaletak ere ezagutu du atzerria, baina azkenean itzuli egin da etxera. «Lana eskaini zidatelako joan nintzen; hemen ez dago ibilbide handiko konpainiarik, beraz aukera handirik ere ez. Kanpoan, gainera, niri interesatzen zaidan lengoaia aurkitu dut, eta hemen oraindik nahiko berria den antzerki-dantzaren arloan urteak daramatzatenen eskarmentua». Azkenean, ordea, herri-minak eta proiektu bat berton gauzatzeko grinak Zabaleta Euskal Herrira bultzatu zuten atzera. Ertza dantza taldea sortu zuen, eta horretan dabil gipuzkoarra buru-belarri. Ez da erraza. «Hutsetik hasi behar da, ikusleentzat ere oso ezezaguna den arlo batean». Zabaletaren ustez, ikusleen heziketa eza da, hain justu ere, zorioneko hirukiaren gabeziarik nabarmenena.


Erakundeek zer?

Esan gabe doa dantza arloan dabiltzanek, oztopo eta arazoez hitz egiten dutenean, erakundeei begiratzen dietela. «Honek aurrera egiteko urratsak behar dira -dio Mikel Ortiz de Arratiak- eta lehenbiziko urratsa erakundeak egoeraz jabetzea da. Guk Aldundiarekin eta Jaurlaritzarekin hitz egin dugu, eta kontzientzia hori badutela esan digute». Are mezu argiagoa eman zuen urtarrilean Joxe Joan Gonzalez de Txabarri Gipuzkoako Ahaldun Nagusiak, Thalia eskolaren urteurrena zela eta. Aldundiak dantza irakaskuntza sustatzeko konpromisoa hartu zuen orduko hartan, bere ordezkari gorenaren ahotik. Hitzak hitz, dantza munduak orain arte baino gehiago inplikatzea eskatzen die agintariei, hezkuntzari dagokionez batez ere. Ea horrela gure dantzaririk onenak berton atxikitzerik dugun. Beraiek zinez eskertuko lukete.


Mentxu Medel, dantza irakaslea: «Ikasle askok, kanpora irten ezinik, bertan behera utzi behar izaten dituzte beren asmoak»

Mentxu Medelek orain dela 25 urte ireki zuen Thalia dantza eskola Donostian. Gaur egun 150 ikasle inguru dauka, eta ospe handia erdietsi du, berarenean ikasi baitute atzerrian dabiltzan euskal dantzaririk ezagunenetako batzuek.

Behin baino gehiagotan suertatzen omen zaizu ikasle on bati kanpora alde egiteko esan beharra, behar bezala hezten jarraituko badu behintzat.
Hala da, dantza egiten jarraitu nahi badute, alde egin behar dute hemendik. Okerrena da 14 edo 15 urte dituztela, eta adin horretan oso gogorra da Madrilera joatea hiru urtez, esaterako. 18 edo 19 urte balituzte, tira, baina hain gazteak izanik...

Momentuz ez du ematen beste biderik dagoenik.
Zera beharko litzateke, adin bien arteko zubiarena egingo lukeen zerbait, lotura bat. Urte asko daramagu hori eskatzen: 15-18 urte bitarterako eskola bat bertan, ikasleek familiarengandik aldendu behar ez izateko.

Euskal Herrian, Europako herrialde gehienekin konparatuz behintzat, dantza klasiko eta garaikidearenganako zaletasuna eskasa omen da. Ikasle gutxi al dabil zurea bezalako eskoletan?
Gurpil zoroa da. Laguntza gehiago bageneuka, eskola gehiago, talde erdi-profesional bat... Ni hala ere pozik nago ikasle kopuruarekin; eskoletan jende mordoa dabil, baina askok, kanpora irten ezinik, bertan behera utzi behar izaten dituzte beren asmoak. Bokazioa badago, beraz. Jakina, askoz harrobi handiagoa edukiko genuke aipatu dudan ikastegi hori edukiko bagenu. Eta hala ere, begira zer nolako dantzari onak ateratzen diren gure harrobi eskas horretatik! Atzerrian euskal dantzari asko dabil, eta oso onak. Sariek hala erakusten dute. Gainera, dantzari horietako zenbaitzuk borroka handia egin behar izan dute beren taldeetan lehenengo dantzari izateko, atzerritarrak izanda eta bertakoen aurretik. Maila ona dugu.

Bai, baina...
Sustapena falta da. Urte mordoa daramagu kontu berarekin gora eta behera. Erakundeek beti esaten dute zerbait egingo dutela, baina urteak joan urteak etorri -eta nik 31 egin ditut honezkero mundu honetan-, zain gaude oraindik. Zergatik ez da laguntzen? Horixe jaki nahi nuke neuk ere.


Azkenak
Nazioarteko martxako euskal herritarrak Kairotik
“Gu atxilotzen ari dira martxarekin fokua Palestinan jartzen ari zelako”

Kairoko hotel batetik hitz egin du ARGIArekin ostegun goizean Pili Revilla gasteiztarrak. “Edozein momentutan atxilotu gaitzakete”, adierazi du. Solasaldiaren unean Euskal Herritik joandako bost herritar daude atxilotuta, eta nazioarteko dozenaka. Arreta Palestinako... [+]


Subflubiala Ez! plataformak kanpaldia egingo du Leioan asteburuan

Kanpaldiaren helburua "osasuna eta ingurumena arriskuan jartzen dituen eta etorkizuna hipotekatzen duen proiektu jasanezina" geldiaraztea da.


2025-06-12 | ARGIA
Gazarako Martxan parte hartu behar zuten herritarrak atxilotu dituzte, eta hainbat orduren ostean askatzen hasi dira

Ekainaren 13an hasi behar duen Gazarako Martxako partaideak atxilotzen ari da Egiptoko Polizia, tartean hainbat euskaldun. Israel Gazan egiten ari den sarraskia salatu eta korridore humanitario bat ireki dadila eskatzeko abiatu dute ekimena mundu osoko 3.000 herritarrek. 


2025-06-12 | Sustatu
YouTubek isil-isilik aldatu ditu gorroto politikak eta genero identitateari babesa kendu

Urte hasieran gertatu zen, urtarril eta otsail artean, Donald Trumpen bigarren agintaldia hasi zenean eta DEI politiken kontrako gurutzada hasi zuenean hark. Baina ez zen izan prentsa-ohar edo iragarpenik. Erabilpen baldintzetan, norbaiten "genero identitatearen eta... [+]


2025-06-12 | Gedar
2022tik hona, gutxienez 68 preso izan dituzte uhalekin loturik EAEko espetxeetan

Eusko Jaurlaritzak 2022an eskuratu zuen Zaballako (Araba), Basauriko (Bizkaia) eta Martuteneko (Gipuzkoa) kartzelen gaineko eskumena, eta ordutik uhalen edo eskuburdinen bidez loturik izan dituzten pertsonen inguruko datu batzuk eman ditu Maria Jesus San Jose (PSE-EE) sailburuak... [+]


Inguma datu-base berritua aurkeztuta ekin die UEUk aurtengo ikastaroei

Udako Euskal Unibertsitateak hogei jardunaldi eta topaketa antolatu ditu ekainaren 11tik hasita hilabete batez, hausnarketari bide emateko eta "arnasgune akademikoa" izateko helburuarekin. Inguma datu-base berrituan unibertsitate mailako jakintza alor ugaritako ia 50.000... [+]


Lanbide Heziketa Dualaren “gezurra” salatu eta egoera aldatzeko eskatu du irakasle talde batek

Espainiako Lanbide Heziketaren legeak egoera larria ekarri duela iritzita, kezka nagusiekin manifestua idatzi du irakasle talde batek eta jasotako sinadurak aurkeztu dizkio Eusko Jaurlaritzako Lanbide Heziketako Sailburuordetzari. “Joan garen ikastetxe guztietan bat egin... [+]


“Lokalizatuta dauden epigrafeak leku batean biltzeko ahaleginik ez da egin”

Iragan udazkenekoa dugu liburua: Euskarazko izenak erromatar garaiko aldare eta hilarrietan (Nabarralde, 2024). Historiara jo du berriz Juan Martin Elexpuru idazle eta filologoak, eta argira ekarri euskarak epigrafian egina duen bidea, utzia duen aztarna, orain artean inork egin... [+]


Debako liburutegian haurrek jasaten duten diskriminazioa ezabatuko dute

6 urtez azpiko haurrek egunean ordubetez baino ezin zuten egon Debako liburutegian, eta egoera hori aldatzeko borrokan aritu da herriko ama talde bat. Udal gobernuak jarrera aldatu eta onartu du herritar guztiek, duten adina dutela, nahi dutenean egon ahal izatea liburutegian... [+]


Beste bi torturatu aitortu ditu Nafarroako Gobernuak

Guillermo Garcia eta Ioseba Pagola “giza eskubideen urraketen biktima” izan zirela aitortu du gobernuak. Egiaren Garaia Da plataformak “positiboki” baloratu ditu beste bi aitortza hauek.


Naparrari buruzko ‘16.060 egun’ dokumentala ikusgai, desagertu zela 45 urte igaro direnean

Jose Miguel Etxeberria Naparra-ren gorpua bilatzeko bigarren saiakera kontatzen duen dokumentala interneten ikusi daiteke asteazken honetatik aurrera. Igandean ekitaldia egingo dute, Batallon Vasco Españolek iruindarra duela 45 urte bahitu eta desagerrarazi zuela... [+]


92 urteko gizon bati kartzela zigorra ezarri diote, zaintzaileari sexu erasoak egiteagatik

Akusazioa onartu, eta eragindako kalteengatik, kalte ordainak ordaindu dizkio: zigorra jaitsi diote, eta, beraz, ez du kartzelara sartu beharko. Beste gizon batek aitortu du bost urtez bikotekideari sexu abusuak egin zizkiola: zigorra jaitsi diote hamahiru urtetik laura, eta... [+]


Eguneraketa berriak daude