Estatutua baino gehiago bozkatuko dute katalanek


Kataluniako estatutu berriak azken urtean sortutako burrunba eta gero, katalanek igande honetan, hilak 18, bozkatuko dute haren alde edo aurka. Baina, bertako kaleek ez dute horrelakorik islatzen ia. Afixa gehienak kale-argietan txukun-txukun zintzilikatu dituzte, Malevichen erakusketa edo The Whoren kontzertua iragartzen dituzten kartelen alboan. Noizbehinka panel bakan batzuk ere badira, horietako asko hutsik. Katalunian kanpaina diskretu eta mugatuak egiteko joera -afixei dagokienez, behintzat- azken bizpahiru hauteskunde kanpainetan dagoeneko nabari zela esan digute. Nonbait, ia inor ez dago prest erratza eta kola hartu eta hormak papereztatzeko.

Passeig de Gràcian behera ICV eta, bereziki, CiUren baiezkoak nagusitzen dira, baina Gran Via de les Corts hartu eta ezezkoa gailendu da, ERCrena lehenik, PPrena aurrerago. Ramon Llull Unibertsitateko Komunikazio Zientzien Fakultatera sartu eta tabernan inork ez du estatuturik edo erreferendumik aipatzen. Azterketetan dira ikasleak, horien artean Natalia eta Adriá. «Ez pentsa azterketa garaitik kanpo ere Estatut-aren inguruan gehiegi eztabaidatu dugunik, beste lehentasun batzuk ditugu» dio Nataliak. Biak joan den hilabetean etxebizitza arazoaren aurrean Espainiako Estatuko hainbat hiritan gazteek burututako mobilizaziotan izan ziren eta Bartzelonakoan lelo nagusia «Etxebizitza gehiago eta Estatut gutxiago» izan zela kontatu digute. Nataliaren kasuan «Estatut gutxiago» horrek abstentzioa esan nahi du: «Alderdi guztietako politikoek eman duten ikuskizun negargarriaren ondoren, ez dute ahaleginik txikiena egitea ere merezi». Adriáren kasuan aldiz «Estatut gutxiago» horren itzulpena ezezko bozka da. Nataliak PPk eskatzen duena bozkatuko duela gogorarazi dio. «Ezezkoa da, ados, baina ez da ezezko berdina -erantzun dio Adriák, -ezezkoa modu positiboan ulertzen dut nik, gainera: estatutu deskafeinatu horri ezetz esatea, sistema finantziario bidezkoago baten alde egitea da, erabakitzeko eskubidearen alde, autodeterminazioaren alde...».


Inkestek baietz diote

Bi pertsonari galdetzea ez da nahikoa errealitatearen isla jasotzeko eta, hain zuzen, inkestek baiezko emaitza argia aurreikusten dute igandeko kontsultan. Duela hilabete egindako galdeketetan baiezkoa %60 inguruan zebilen eta Noxa institutuak La Vanguardia egunkariarentzat egindako azken inkestan %70 arte igo da. Ezezkoa beti ibili da inkestetan %20 eta %30aren artean eta azken honetan %23an kokatu da. Abstentzio handiaren beldur baziren ere, parte hartze datuak apurka gora egin dute eta %57an dira orain.

Komunikazio Zientzien fakultate honetan irakasle den Francesc Marc Alvaro kazetari eta analista politikoak subiranistatzat du bere burua eta ez da baiezkoa eskatzen duten alderdiekiko hurbil sentitzen -PSC, ICV eta CiU-. Baina aldeko bozka emango du: «Bi aukera txarren artean hain txarra ez dena aukeratuko dut, ikuspuntu pragmatiko hutsetik». Inguruan baditu ezezkoaren aldekoak, Hector Lopez Bofill zuzenbide konstituzionaleko irakaslea, esaterako. Lopez Bofillek dio haustura demokratikoa bilatu behar dela, otsailaren 18ko manifestazioko olatu subiranista aprobetxatuz. Ezezkoa olatu hura areagotzeko erabil liteke.

Francesc Marc Alvaroren ustez, ordea, «hausturarako ezezko hori errealitatean existitzen ez den mugimendu batean oinarritzen da; Kataluniako gizartea ez dut horretarako prest ikusten. Ezezkoa geure burua paretaren kontra jotzea da».

Maragall presidenteak dio estatutu berria datorren 30 urtetarako izango dela eta horrek jende asko beldurtzen du. «Nik, baiezkoa emanda -dio Alvarok- ez dut 30 urterako kontraturik sinatuko. Autonomien Estatua etengabeko eztabaidan egonda, eta gobernu zentralean gehiengo absolutua ez dagoen bitartean, edozein momentutan ireki daiteke aldaketa berriak sartzeko aukera».


Norena da ezezkoa?

Pere Ortega historialariak zalantzak ditu oraindik. Ezezko bozkarako arrazoi ugari ikusten du: «Hasiera-hasieratik planteamendu akats bat egon da, nire ustez. Pujolen 23 urteen ondoren, ezkerreko hiruko gobernuak itxaropen handiak sortu zituen politika sozialean beste maila batera iristeko. Baina gobernua osatu eta hurrengo egunean estatutuarekin sartu ziren buru belarri. Presaka ibiltzeko beharrik eta eskaera sozialik ez zegoen». Estatutak legegintzaldia hasieratik hipotekatu izana Kataluniako ezkerraren porrota izan da Ortegarentzat.

CiUk prozesuan hartutako protagonismoa, Mas-Zapatero negoziazioak suposatu zuen traizioa eta Madrilen testuak izan zituen beherapenak ezezkora daramate Pere Ortega. Baina arriskua ere ikusten dio bozka negatiboari: «Prozesuak higadura politiko ikaragarria ekarri du eta eztabaida zabalik mantentzea arriskutsua izan daiteke. Gainera, beldur naiz ezezkoak, azkenean, ERCri kalte eta PPri mesede egingo ote dion».

Iritzi berekoa da Francesc Marc Alvaro: «ERCk hasieran eskatutako boto baliogabeak ez zuen inor pozik uzten. Baina haren alde egin zutenek garbi zuten ezezkoa PPrena zela. Orain ERCk nola kalkulatu behar du bere ezezkoa zenbatekoa den? Astelehenean Rajoyk ez du onartuko ezezko portzentajea subiranista denik; azkenean, berak kapitalizatuko du ezezko subiranista hori».

Aipatutako La Vanguardiako inkestak datu esanguratsuak zehazten ditu ezezkoaren inguruan. PPko botoemaile naturalen artean %69ak agertu du ezetz esateko asmoa, eta %20ak estatutuaren alde egingo du. ERC bozkatu ohi dutenen artean, berriz, %35ak soilik bozkatuko du alderdiak eskatzen duena, hots, ezezkoa; baiezkoa %45en aukera izango da.


Estatutua ez beste guztia

Prozesu guztian zehar, Kataluniako gizarteak edukiaren inguruko informazio falta salatu izan du. Egun ere gehiengoak ez du garbi onartu behar den testuaren edukia. Eta erreferendumaren kanpainak ere ez du horretan lagundu. Kanpainaren lehenengo egunean CiUko Artur Mas-ek udazkeneko hauteskundeak irabaziz gero ondorengotza zerga kenduko zuela agindu zion hainbat enpresabururi. Hortaz, hauteskunde autonomikoen aurrekanpainan gaude, erreferendumaren kanpainan baino. «Denak denen kontra»ko dinamika nagusitu da: ERC CiUren aurka; CiU ERCren eta PSCren aurka; ICV, berriz, ERC eta CiUren aurka; PSC PPren aurka; eta PP beste guztien kontra.

Kanpainako leloek argi utzi dute hori. PSCren kanpaina gogor kritikatu dute PPren kontrako aipamen zuzena egiten zuelako -azkenean, afixetan «si» soil bat ipintzea erabaki dute-. Baina ez da hori beste alderdiak zuzenean erasotzen dituen lelo bakarra. Irratirako ERCren iragarkietan «Artur Mas-ek gezurra esan digu; Alfonso Guerrak iseka egin digu» entzun daiteke.

Francesc Marc Alvarok dio, azkenean, igandean estatutuaren edukia ez beste guztia bozkatuko dela: «Batzuek Maragall edo Zapateroren alde bozkatuko dute, beste batzuek PP izorratzeko edo Kataluniako gobernua zigortzeko, Mas-Zapatero akordioaren kontra edo Caroden alde».


Abstentzioaren beldur

Maiatzaren bigarren astean Generalitatek eskatutako inkesta batek zioen orduan hautesleen %24ak soilik agertu zuela bozkatzera joateko asmo ziurra. Pere Ortegarentzat kezkagarria litzateke partehartze baxua: «Batetik, defizit demokratikoa dakarrelako eta, bestetik, emaitza baiezkoa izanda ere, abstentzio handiak estatutua debaluatuko lukeelako. Eta ezkerreko ikuspuntutik kaltegarria litzateke hori. Baiezko garbiak ezkerreko hiruko gobernua berregiteko aukerak zabalduko lituzke; baiezko ahulagoak aldiz, CiU-PSC koalizio gobernua ekar dezake».

Dena den, kontuan izan behar da erreferendumetan ohikoa dela partehartze baxua eta, azken datuen arabera, abstentzioa 1979ko estatutuaren erreferendumean emandakoaren antzekoa izan daiteke: 79an hautesleen %59k bozkatu zuen eta oraingo inkestetan partehartze datuak apurka gora egin du %57ra iritsi arte. Francesc Marc Alvaroren ustez, «ongi pentsatuta, perbertsio ikaragarria da, baina estatutuaren edukiaren gainetik beste hainbat gauza bozkatzeak, hain zuzen, jende gehiago mobilizatuko du».

Seguruenik, igandean estatutuak azterketa gaindituko du. Politiko katalanek, ordea, udazkenean aurkeztu beharko dute eta ikusteko dago nork gaindituko duen. Gutxienez, inork ezingo die leporatu berau prestatzen berandu hasi direnik.


Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude