Lorearen sona


2006ko ekainaren 11n

Itsasoetan lehen tiburoiak ezagutu zituzten garaian arrainek lurrak kolonizatzea erabaki zuten, lehendabizi urlehortar, narrasti gero. Padura tropikalen garaia zen eta zuhaitzen tamainako garo edo ira erraldoien sasoia. Duela 365 milioi urte hasi eta hirurogeita hamabost bat milioi urtez luzatu zen garai honi Karboniferoa deitzen zaio. Iratzetzarrezko amaierarik gabeko garomenen zibilizazioa klima aldaketak medio suntsitu omen zen. Orduan lurrean pilatu ziren landare tantai zentoietatik sortuak omen dira zibilizatutik urri duen gure zibilizazioaren energia iturri garrantzitsuenak diren harrikatza, petrolioa eta gasa.

Garai honetan ez, geroxeago, Mesozoikoan, duela 250 milioi urtetik honantz sortu ziren landare loredunak. Garoak lorerik gabekoak dira, ugaltzeko perretxikoek erabiltzen dituzten esporen tankerakoak baliatzen dituzte. Generalean espora hauek garoaren hostoaren azpiko aldean ezkutatuta dauden multzo gorri batzuetan garatzen dituzte. Ingelesez, besteak beste, flowering fern, loredun garoa, deitzen diote San Juan garoari (Osmunda regalis). Esporak haziko dituzten multzo gorriak erdiko hosto tenteenen muturretan farfail erakusten ditu, gainontzeko garoei haientzako modernoegia den "lore"-tik baduela eta loredunei haiek baino ondotxo lehenagotik hor dagoela bera esanez…

Jatorri tropikal hura gogoan ez da nonahirako garo hau. Gehienez ere juxtu juxtuko izotzen bat egingo duen toki epel, heze eta lur azidoa dutenak atsegin ditu. Mila metrotik behera eta batez ere itsasora begirako labar eta errekasto-zuloetan topatuko duzu. Bakanagoa da hegoaldera eta horregatixe Sobrongo mehakako populazioa, arraro gisa sailkatua, jasoa dago EAEko arriskuan dauden espezieen zerrendan.

Kortezubin doninidie, Zuberoan iatzea eta basa iatzea, Lekeition trumonira eta trumoi ira, geurean San Juan garoa… udaberriaren amaierako solstizio erritoetarako erruz erabili izan da eta milioika urte ondorengo lizarraren, elorriaren eta erramuaren bultzadari eusten dio oraindik ere etxe batzuetan. Neure ustez garo dotoreena da eta baratzean dut, urte osoz ospatzeko, ez zaio alferrik garoen errege deitzen…


Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude