12 Tribu: Reggaearen militanteak


2006ko apirilaren 30an

Burning Spear, Culture, Ijahman, Bob Marley & The Wailers, Skatalities, Abyssinia eta Michael Rose bezalako musikari eta taldeen eraginpean hazitako musikariek osatzen dute 12 Tribu. Duela zazpi urte Who's your leader? eta 2002an In it together kaleratu ostean, lan berriarekin datoz azpeitiarrak: Rebel inna Nazarin Street.

Reggae estiloaren sustraietara are gehiago gerturatu dira lan berri honetan Urola bailarakoak eta zeregin horretan Roberto Sánchez Lone musikari eta ekoizle kantabriarrak eragin handia izan du. In it together bigarren lanean egin zuten topo azpeitiarrek estrainekoz Loud&Lone taldeko partaidearekin. Izan ere, diskoa Urrestillako Tiobibo Produkzioak estudioan Atxuiyarekin grabatu ostean, Santanderrera jo zuten diskoa Loneekin nahastera. «Gaur egun Europan zeresan handia duen musikaria da Roberto, eta Espainian ere reggae autore garrantzitsuenetako bat da, garrantzitsuena ez bada », diosku Borja Eizagirre saxofonistak. Espainiako eta nazioarteko hainbat talde garrantzitsuk grabatu izan du Santanderreko A-Lone Productionesen eskutik. Izan ere, Roberto Sánchez reggae disko bati behar duen soinua ematen dakien ekoizlea da. «Hor lortzen da soinu berezi hori», azpimarratu du Eizagirrek. Musikari gisa ere eskarmentu handikoa da Roberto Sánchez, musika estilo honen zaleek aski ongi ezagutzen dituzte Loud&Lone edota Iñaki Yarrituk gidatutako Basque Dub Foundation proiektuak, adibidez. «Estudioa Nazarin kalean kokatua du Robertok, baina tokiz aldatuko du berehala, beraz, gurea bertan grabatu den azken diskoetako bat izanik, estudioari omenaldi txiki bat egin nahi izan diogu diskoaren tituluarekin», dio saxofoi joleak.

Ekainean hasi zen banda azpeitiarra diskoa grabatzen eta iraila hasiera inguruan amaitu zuten. Tartean makina bat bidaia egin zituzten Santanderrera. Masterizazioa, berriz, Italian burutu da, «In it together» aurreko lana masterizatu zuen Ibon Larruzearen esku utzi dute berriro lan hori.



Aldaketa dezente taldean

Sortu zenez geroztik aldaketa ugari izan baditu ere, banda gipuzkoarrak azken diskoarekin izan ditu aldaketa nabarmenenak. Orain arte taldeko abeslari eta gitarra jole izan denak bere jaioterrira, Australiara, itzultzea erabaki du orain gutxi. «Aspalditik zuen Australiara itzultzeko asmoa Markek eta duela gutxi eman du pausoa. Diskoan berak grabatu du gitarra, baina ahotsaz Feran Konsul arduratu da. Era bitxian jarri zen Konsul gurekin harremanetan. Gure aurreko diskoa izugarri gustatu zitzaiolarik, niri deitu eta ea entseguren batera etorri zitekeen galdetu zigun. Hainbat taldetan abeslari lanetan ibilitakoa zela komentatu zigun», azaldu digu Eizagirrek. Mark gitarran ordezkatzeko, berriz, gaur egun Beizaman bizi den Yorch madrildarra sartu da taldean.

Hasieratik 12 Triburen reggae-aren ezaugarrietako bat haizezko atalaren presentzia nabarmena izan da, tronboia, tronpeta, saxoa eta zeharkako flautaz osatua. Estudioan, ordea, hiru dira instrumentu hauetaz arduratzen direnak eta Borja Eizagirre da, zehazki, saxo altoa, saxo tenorra eta zeharkako flauta jotzen dituena. «Zuzenean ere nik jotzen dut zeharkako flauta, baina momentu horietan saxorik gabe gelditzen gara, horregatik, eta taldeari haizezko atalak ematen dion indarraz oharturik, beste saxo bat sartzea otu zitzaigun. Horrela, diskoa grabatu eta gero Ekain Artola sartu da 12 Tribun», diosku azpeitiarrak. Teklatuan ere badute berrikuntzarik, orain teklista bakarra beharrean bi teklista izango baitira emanaldietan, garai batean taldeko partaide izan zen Edurne Azkune itzuli baita 12 Tribura: «Urte asko dira Edurnek taldea utzi eta Eskoziara joan zela bizitzera. Orain hemen bizi da berriro eta gurekin entseatzen hasteko animatu genuen. Beraz, bi teklista ditugu gaur egun, batek bable teknika jorratzen du eta besteak skunkin'a».
Elkarrizketan taldearen ordezkari dugun Borja Eizagirre Laurel Aitken eta Alton Ellis jamaikar musikari mitikoekin aritu izan da. Urteak dira jadanik Eizagirrek musikari frantses eta euskaldunekin Basque Ska All Stars taldea osatu eta Frantzia eta Espainiako biretan Laurel Aitken jamaikarraren musikari izateko aukera izan zuela. Duela gutxi, aldiz, Ingalaterran bizi den Alton Ellis musikari jamaikarraren alboan izan da Bilboko Aste Nagusian eskainitako kontzertuan. Ska munduan eta batez ere rocksteady estiloan zeresan handia izan duen abeslaria da Alton Ellis. Jamaikarrak kontzertu horretarako Ingalaterrako, Euskal Herriko, Santanderreko eta Jamaikako musikariekin osatu zuen taldea, tartean Eizagirre saxoan eta zeharkako flautan.


Rebel

Tradizioz aldarrikatzailea izan da reggae musika eta halaxe dugu 12 Triburen Rebel inna Nazarin Street. Jamaikarren ahotan askotan entzun ahal izan ditugun rebel (matxinada), Revolution (iraultza) eta Babilonia bezalako hitzak entzun ditzakegu azpeitiarren kantetan: «Babiloniak orokorrean gaitza irudikatzen du jamaikarrentzat. Erresuma Batuaren menpe izan zen Jamaika, horregatik Babilonia deitzen zioten Erresuma Batuari. Guretzat reggae estiloan batera doaz musika eta abestien gaiak; gauzak defendatu eta aldarrikatzeko musika da. Horregatik, reggae-arekin militanteak izan behar garela uste dugu», azaldu du Eizagirrek.

Rebel inna Nazarin Street disko berri honetan azpeitiarrek hamabi kanta berri eta hauetako bost kantaren dub bertsioak bildu dituzte. Jadanik grabatutako kanta batetik beste bat ateratzean datza dub bertsioa. Azken batean, kanta orijinalaren moldaketa bat da. Horretarako efektuak asko erabiltzen dira eta grabatutako pistak kendu edo sartuz reggae munduan dub kontzeptuaz ezagutzen den giro berezi bat sortzen saiatzen da ekoizlea.


Nazioartean oihartzuna duen autoekoitzitako lana

Taldearen hiru diskoak autoekoitzitakoak izan dira, lehen lanean bakarrik jaso zuten diskoetxe baten laguntza. Who's your leader? izeneko disko haren banaketan Gaztelupeko Hotsaken Hotsak azpiziguluaren laguntza izan zuten. Bestalde, ondorengo bietan guztiaz beraiek arduratzeko hautua egin dute. «Ez dugu inolako babesik jaso disketxeen aldetik. Talde bat ateratzeko busti egin beharra dago eta bukatutako produktu batekin diskoetxe batengana joan eta oraindik trabak jartzen dizkizutenean oso zaila da horrelako musika herri honetan bultzatzea. Arau batzuen barruan jokatzea eskatzen zaizu eta horretarako zure musika eta zure ideiak aldatu behar dituzu. Eta azkenean ez zaude horretarako prest. Bizitzan egin duzun produkturik onenarekin diskoetxe batera joan eta salgarria ez dela esaten dizute. Hori dirua jarri behar duen diskoetxe batek esatea ulergarria da, baina nola uler daiteke zentimo bat gastatu behar ez duten diskoetxeek horrelako lan bat ez argitaratzea?», dio Eizagirrek.

Trabak traba, disko berriarekin urrats bat gehiago eman dute nazioartean ezagutarazteko. Who's your leader? lehenengo diskoarekin, adibidez, taldea Kanariar Uharteetan oso ezagun egin zen. Bertako irratietan beraien lana behin eta berriz entzuteko aukera izan zuten eta hainbat elkarrizketa egin zizkieten. Beraz, disko berri bat argitaratzen duten bakoitzean ale asko Kanariar Uharteetara bidaltzen dituzte, bertan dezente saltzen baitute. «Disko bakoitzeko bertan jotzeko gonbita jasotzen dugu, baina taldean hamaika pertsona izanik ezinezkoa izan zaigu hara joateko tarte bat topatzea». Disko berria Mexiko eta Txilera helduko da, besteak beste, eta bertako hainbat hedabidetarako elkarrizketak egin dituzte dagoeneko.


Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude