Jose Ibarrola: «Artean dena dago joeren menpe, modaren menpe, kultur inposaketen menpe»


2006ko apirilaren 02an
Bilbon jaio zinen eta Bilbon bizi zara gaur egun. Bitartean ere, Bilbon egon zara?
Ez, egia esanda nire haurtzaroa oso interesgarria izan da. Margolari baten semea izanik, margolaria izatea bohemiari oso lotuta zegoen garai batean, leku askotan bizi izan naiz: Paris, Danimarka, Cordoba… Nerabea nintzela finkatu genuen bizilekua Bilbon. Horrez gain, baserria geneukan Gametxon, Laga eta Laida artean dagoen auzo batean, baina hura Guerrilleros de Cristo Rey taldekoek erre zuten. Azkenik nire gurasoak Omara joan ziren eta nik ere badaukat etxe bat han. Bilbo eta Oma artean bizi naiz orain.

Zure haurtzaro interesgarri horrek egin zintuen artista?
Hainbat gauzaren nahastea dela uste dut. Ez dakit genetikak zerikusirik ote daukan; bestalde, bizi izan naizen ingurunea dago. Pertsona gehienentzat arte mundua urruneko zerbait da, baina niretzat hori zen naturalena. Txikitatik artista asko ezagutzeko aukera eduki dut, eta ez margolariak bakarrik, baita musikariak, zinemagileak ere. Hala ere, ezin esan horrek artista egin ninduenik; gauza bat da giro hori naturala izatea norberarentzat, eta beste bat arterako dohaina edukitzea. Eta uste dut hasieratik eduki nuela dohain hori, artista izateko erabakia askoz geroago iritsi zen arren. Hain zuzen, ikasketei buruzko erabakiak hartzea egokitu zitzaidanean. Batxilergoa amaitu eta ikasteari uztea deliberatu nuen. Berehala hasi nintzen lanbide honetan, eta nahiko modu naturalean egin nuen.

Zer bide hartu zenuen orduan? Gerora, arlo askotan ibili baitzara, ibili…
Hasieran ere denetik egin nuen. Ipurtarina nintzen, eta banaiz oraindik; gauza askoren jakin-mina daukat. Batez ere irudia interesatzen zait. Beti pentsatu dut irudia modu askotara, teknika askoren bidez, landu daitekeela. Azken batean, nire lanbideak daukan gauza interesgarri bakarra hori da: gauzei beste modu batez begiratzen ahalegintzea, eta begirada desberdin hori besteei erakustea. Horixe da niri, ikusle modura, gustatzen zaidana. Alegia, norbaitek gauzak ikusteko era desberdin bat proposatzea. Beraz, irudi munduak erakarri izan nau beti, eta ez dut lotsarik eduki arlo batetik bestera jauzi egiteko. Hasi, eskultore hasi nintzen, baina gero pintura jorratzeari ekin nion. Garai batez ez nuen ia besterik egin, baina berehala erakarri ninduen ilustrazioak.

Zer dela eta?
Hasieran pintura figuratiboa egiten nuen, baina ondoren pintura abstraktua egiten hasi nintzen. Eta abstrakzio mundua, berez, kode eta hizkuntza interesgarriak erabiltzea da, baina kode eta hizkuntza horiek ez dute ezer kontatzen. Gehiago behar nuen, zerbait kontatu nahi nuen, eta orduan hasi nintzen ilustrazioa egiten; horrek zerbait kontatzeko aukera ematen zidan. Aldi berean, eta kasualitatez, antzerki munduan sartu nintzen; antzerki-eszenografian, hain zuzen. Baina azken batean, pintura, ilustrazioa eta eszenografia, irudiak sortzea dira hirurak. Hiru eremu horietan hasi nintzen mugitzen, eta horretan jarraitu dut gero ere. Irudi sortzailetzat aldarrikatu izan dut neure burua beti.

Antzerkira kasualitatez ailegatu zinela diozu. Zelan?
Durangoko konpainia bat, Geroa, dagoeneko desagertutakoa, etorri zitzaion gure aitari, ea hark zerbait egingo zien. 70eko hamarkadaren erdian izan zen hori. Baina aita oso murgilduta zegoen bere munduan, pinturan eta eskulturan, eta eszenografiak ez zuen erakartzen. Beraz, haien bigarren aukera izan nintzen. «A, zu ere artista zara? Orduan hau interesatuko zaizu beharbada…». Jakina, niri garai hartan dena interesatzen zitzaidan. Eta hala hurbildu nintzen antzerkira. Gerora, ia euskal antzerki-talde guztiekin aritu naizela uste dut.

Antzerki mundura sartu zinen hartaz ezer gutxi zenekiela, eta gainerakoan ere antzera egin zenuen, ezta? Guztiz autodidakta ei zara…
Bai, bai. Baina ez naiz irakaskuntza akademikoaren aurkakoa, e! Izan ere, 80ko hamarkadaren erdian krisialdia izan nuen margolari moduan. Garai hartan pintura abstraktua egiteari utzi nion, lehen esan dizudan horregatik hain zuzen: gauzak kontatzeko beharra. Eta neure buruari egin nion galdera larrienetako bat, ergelkeria ematen duen arren, hau izan zen: badakit esku bat marrazten? Noski, artera modernitatetik iritsi nintzen, egiten zen guztia arau-hauslea zen…. Sex Pistolsen garaia zen, eta gitarra jo zitekeen gitarra jotzen jakin gabe, garrantzitsuena kontzertu amaieran gitarra suntsitzea zelako. Beraz, galdera ergel horren aurrean nengoen, eta neure buruari eman nion lehenengo erantzuna zera izan zen: zertarako demontre jakin behar dut nik esku bat marrazten? Baina pixka bat gehiago sakonduz gero, norberaren buruarekin zintzoa izaten ahaleginduz gero, konturatu egiten zara euskarri hori beharrezkoa duzula, gero egiten duzuna egiten duzula ere. Galdera haren erantzuna, noski, ezezkoa zen; ez nekien esku bat marrazten. Eta hala, nire bizitzaren aldi batean margolaritza klasikoko maisuengandik ikasten jardun nuen (Velazquez, Rembrandt…), zurruntasun akademikoz; ez nion neure buruari azterketarik jartzen, baina ia. Beraz, kontua ez da ez dudala ikasi nahi izan, beste era batez ikasi dudala baizik.

Hiru arlotan diharduzu beraz: pintura, ilustrazioa eta antzerkia. Hiruren arteko oreka bilatzen duzu, lana banatzen ahalegintzen zara, edo boladaka zabiltza?
Lana modu arrazional batez banatzen saiatzen naiz, baina beti eduki dut neure burua margolaritzat batez ere. Hori da zutabe nagusia, eta kanpoko eragin guztiengandik babestu nahi dudana. Nagoen kinkan, ezin dut, eta ez dut nahi, lanbide honetan lehiatu, ezin naiz margolari «ospetsua» izan, eta ez dut nahi gainera. Ez dut museo eta erakusketa handien alorrean borrokan aritu nahi. Aspaldi erabaki nuen ahaleginik ere ez egitea. Ez dut nahi artean moda den ezerk, eta ia dena hasi da moda izaten, eragin nazan. Ez dut inoren estiloa berdindu nahi, ea horrela arte zirkuituetan sartzerik dudan. Ez diot salmenta-merkataritzaren presioari men egin nahi, ondo saltzen diren formulak daudela jakinda ere. Zorionez, azken urteetan nahiko ondo saldu dut neure lana, eta konturatu naiz zeintzuk diren saltzen diren gauzak. Beraz, errepikakorra izan ninteke, neure buruaren klon bihurtu. Baina ez dut halakorik nahi, pintura mundua babestu egin nahi dut, nire emozioetan oinarritutako pintura egiten jarraitu nahi dudalako; uste dut hori dela epe luzerako egin daitekeen apustu bakarra. Beste bidetik, beharbada, zortea eduki daiteke, arrakasta lor daiteke, baina epe laburrean. Epe luzean ez, edo nik behintzat susmo hori daukat. Hortik aurrera, ilustrazioa eta eszenografia dauzkat, eta hortik, batzuetan, presio handia etortzen zait. Lortu egin dut ilustrazioa eguneroko gimnasia izatea, eta hori primeran datorkit, ez baitit gehiegi lasaitzen uzten. Eta batzuetan lana pilatzen zait, ez baitago nire esku, esaterako, antzezlan bat noiz estreinatu behar den erabakitzea. Hala ere, beti saiatu naiz denbora banatzen. Pintura, gainera, mundu obsesiboa da. Udan batez ere, gehien margotzen dudan garaian hain zuzen, gaixotu egiten nau pinturak, obsesio bihurtzen da.

Ondo saltzen duzula esan duzu. Zuk zeuk egiten duzu lan hori, ala zeuk ere bitartekariak dituzu? Azken batean, horiek gustuko ez duzun mundu horren zati garrantzitsua dira…
Gutxi erakusten dut hemendik kanpo, eta batez ere existitzen naizela gogorarazteko erakusten dut. Baina gehienbat hemen erakusten dut, Bilbon, eta beti galeria berean, Aritzan. 30 urteko harremana daukagu, oso harreman zintzoa. Ez da merkataritza harremana, ez didate esaten «ez egin hau, ez da saltzen eta».

Badago halakorik, ala?
Jakina. Kanpotik begiratuta, ematen du arte mundua guztiz askea dela, norberak nahi duena egiten duena. Ez da egia. Dena dago joeren menpe, modaren menpe, kultur inposaketa batzuen menpe. Azken batean, nazioarteko enkante-etxe bik erabakitzen dute zer den ona eta zer txarra. Jendeak korronte horiei jarraitzen die, eta kontraesana da askatasunez jokatu eta aldi berean merkatuan parte hartu nahi izatea. Zuk egiten duzuna bat badator merkatuan dagoenarekin, ondo: bestela, isolatu egingo zaituzte.

Hogei urte daramazu prentsan ilustrazioak egiten, El Correon batez ere, eta Elea argitaletxeak lan horren lagin bat argitaratu berri du, oso edizio zaindu eta mugatuan: 300 ale baino ez. Norena izan zen ekimena?
Haiena. Proposamena egin zidaten eta zoragarria iruditu zitzaidan, beti pentsatu dudalako marrazkiok egunkarian euren balioaren zati handia galtzen zutela. Paper motagatik, inprimaketagatik, eta bestalde, eguneroko prentsa informazioaren kleenexa delako. Goizero behar dugu, munduan zer gertatzen den gutxi gorabehera jakiteko, eta gero bota egiten dugu. Amorru apur bat ematen zidan nire milaka marrazki ezerezean geratuko zirela jakiteak.

Gehienbat -El Correon behinik behin- iritzi artikuluetarako ilustrazioa egin duzu. Nola egin beste baten iritziaz marrazki bat?
Ez da iritzia marrazten. Denboraz irabazi dudan askatasun txokoetako bat da hori. Bestalde, iritzi orrialdeen ilustrazioa kontuz jorratu beharreko arloa da. Egunkari batean, dentsitate handieneko orrialdeak dira horiek; jendeak, zabaltzen dituenean, marrazkiak ikusten ditu lehenbizi, nahi eta nahi ez. Ez gustukoago dituelako, marrazkia irakurketa baino askoz hizkuntza zuzenagoa delako baizik. Honenbestez, testuari oso lotutako irudia eginez gero, irudi hori testuaren lehenengo bertsioa izan dadin eragiten duzu, eta ni beti saiatu naiz artikuluaren gaiaz dudan iritzia erakusten, ez idazten duenaren iritzia.

Eta zer irudi mota egiten duzu ilustrazioetan?
Hara, ni norbanakoak erakartzen nau. Pertsonak, banan bana. Zu interesatzen zatzaizkit, ez kazetariak. Eta Urlia interesatzen zait, ez euskaldunak, edo andaluziarrak, edo irakiarrak. Nire ilustrazioak bide horretatik doaz. Gai bakoitzaren alde humanoaz hitz egiten saiatzen naiz.

«Nire aitaren kasuan, erasoak baino, erakunde publikoek baztertu egiten dutela da dramatikoena»
Aita oso ezaguna duzu. Zu, berriz, ez zara horrenbeste. "Halakoren semea" sentitzen zara batzutan?
Sentiarazten naute, sarritan. Nik neuk aspaldi hil nuen aita, zentzu horretan. Berehala ohartu nintzen ezin nuela utzi gure aitak nigan eraginik eduki zezan lanbideari dagokionez, bestela beti izango bainintzen fotokopia hutsa, hark egindakoaren bertsio "light" bat. Beraz, berehala bilatu nuen neure sormen bidea, eta alde horretatik ez dut sekula eduki berarekiko gatazkarik. Egia da, bestalde, haren itzalak inguruko guztiok estaltzen gaituela, eta gainera abizen bera edukita… Dena dela, beti pentsatu dut hori besteen arazoa dela, ez nirea.

Galdera saihestezina orain, eta barkatuko didazu. Agustin, zure aita, sarritan ateratzen da komunikabideetan arte hutsarekin zerikusirik ez duten gaiengatik. Nola eragiten dizu horrek?
Eragin handia du nigan, noski, hurbil-hurbiletik ezagutzen baitut gertatzen ari dena. Aitaren kasuan, arazoa ez dira haren lanak jasandako erasoak bakarrik -hori baita publiko egiten dena-, herri honetan daukan egoera dramatikoa baizik. Lehenik eta behin, eskoltarekin bizi behar duelako. Oso larria iruditzen zait gizarte batek artista bat eskoltarekin bizi behar izatea onartzea, askatasun adierazpena erabiltze hutsagatik. Hori, haren iritziarekin bat egin ala ez. Bestalde, erakunde publikoek guztiz baztertu dute. Eta gaia niri ere badagokit, ez ikusten ari naizelako, ni neu ere jasaten ari naizelako bazik. Azkenean, abizena da baztertzen dena. 50 urte dauzkat eta Bilboko Arte Eder museoan ez dago nire lan bakar bat ere. Herrialdeko museoa izanik, Bizkaian denboran zehar egindako lana jaso behar luke, baina… Eta nik uste dut honezkero ez dudala frogatu behar margolaria naizenik. Baina larriagoa da museo horretan dagoen gure aitaren lanik berriena 1976koa dela, eta ordutik hona oso gauza desberdinak egin ditu, ordukoarekin zerikusirik ez daukatenak. Lan hori ez dago euskal museoetan jasota; ez dago hartarako interesik, bera etsaia delako. Hala izendatu dute batzuek eta erakundeek ere onartu egin dute nolabait. Hori da dramatikoena, bazterketa hori, erasoak baino gehiago.


Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude