Eduardo Madina: «Espetxe politikaren eredua aldatu beharra dago»


2006ko martxoaren 19an
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu
ETAren atentatuak markatu zuen betiko eta Madrilgo Kongresuan diputatua izateak bizitza aldatu dio: «Ia erabat aldatu zait jarduera politikoa. Kepa Aulestia lagunak dioenez, diputatua izatea beka moduko bat da. Asko ikasi eta egin daiteke, baita jende interesgarria ezagutu ere» diosku Eduardo Madinak.

Espainiako Gobernuko Zapatero presidentearen jardueraz, berriz, honela mintzatu zaigu: «Aznarrek eten zuen modernizazio eta demokratizazio politika aldatu eta bizkortu du. Eusko Jaurlaritzarekiko harremanak aldarazi ditu, gobernatzen duenarekiko jarrera ezkorraren ordez itxaropen giroa ekarri du Euskadira».

Bake eta normalizazio bidea hizpide hartuta, gatazkaren ondorioz dauden biktimen rolaz hasi gara berbetan.

Zer iritzi duzu gatazkaren ebazpenean biktimek hartu behar duten rolaz?
Rol zentrala jokatu behar dute nire ustez, biktimena ETAren amets totalitarioak bazter utzi nahi izan dituen sektorea baita. Espainiako eredu demokratikoa -eta bereziki euskal eredu demokratikoa- definitzeko, biktimek ordezkatzen dituzten baloreak kategoria politikora igo behar dira, biktimen rola funtsezkoa da. Ni ez nator bat AVTeko Alcaraz presidente jaunak edo PPko beste batzuek "biktimek prezio politikoa ordainduko dutela" esanarekin. Biktimentzat zerbait izatekotan, «kobratzea» izango da.

Zein modutan?
Justizia eta memoriaren bidez. Biktimak ahazten baditugu, etorkizunean berriz ere izan daitezke biktimak. Gizartearen oniritzia jasotzeaz batera, beren baloreek kategoria politikora jasoak izan behar dute.

Kategoriak kategoria, euren artean ez al daude kategoriak?
Bai. PPk ezarritako kategoriak. PPren politikarekin bat datozenak lehen mailako biktimak dira eta bestela pentsatzen dutenak bigarren mailakoak. PPk berak bezala pentsatzen dutenekin egiten ditu kongresuak. Jokabide hori oso mugatua da aldarrikatzen duen justizia lortu ahal izateko. PPren planteamendua ahots bakarra eta diskurtso homogeneoa ezartzearena da, ETAk egin nahi izan duena, hain zuzen ere.

«Biktimen ezagutza eta elkartasuna beharrezkoa da, baina ezin da politika artikulatu sentimenduen bidez». Zer iruditzen zaizu aipua?
Egokia. Politikan buruak behar du gidatu, arrazoiak alegia. Politikan sentimenduen bidez aritu nahi dutenek zailtasun handiak ezartzen dituzte eztabaida politikoan. Nazionalismoa, adibidez, gehienbat sentimenduz osaturiko ideologia da. Askoz ere nahiago dut Ilustrazioko pentsamendua Erromantizismoan oinarritutakoa baino.

Biktimak biktima, Igor Angulo eta Roberto Sainz euskal presoak hil dira berriki. Nola bizi izan duzu gertatua?
Pena eta tristezia handiz. Ez zait hildakoak izatea gustatzen, noski. Eta berdin zait zertan diharduen eta nor den hildakoa. Uneon hildako presoen senitartekoei eta hurbileko jendeari nire elkartasuna adierazten diet.

Zer iritzi duzu espetxe politikaz?
Gogora dezagun espetxe politika EAJren ekimenez eta gogoz ere diseinatu zela. EAJ denbora luzez tematu zen dispertsioaren beharraz, nahiz eta hori Xabier Arzalluzi bere memorietan aipatzea ahaztu zaion. Garai batean gazte sozialistek presoen hurbiltzeko espetxe sistema politika aldatzea aldarrikatu genuen. Oraingo espetxe politikaren eredua aldatu edota berritu beharra dago, zuzenbidezko estatuak ematen dituen eskubide guztiak praktikan ezarri behar ditugu, presoen egoera humanizatu behar da. Ez dezagun ahaztu, Estatuaren helburuak presoak bergizarteratzea izan behar duela, ez zigortzea.

Bake eta normalizazioaren bidean, Batasunaren Orain Herria, Orain Bakea (Anoetako proposamena) eta EAJren Elkarbizitzarako bake-bideak agiriaren ostean, PSEren Euskadi 2006. Askatasun eta elkarbizitzarantz agiria etorri zen. Egiguzu azken honen balorazioa.
Agiri hau aho batez onartua izan da PSEn. Bertan euskal sozialismoaren ildo klasikoak daude eta normalizazioa lortze bidean euskal politika nahiz euskal gatazka aztertzen dira. Bi mahaien osaketa izan da hedabideek gehien azpimarratu dutena, baina puntu hau ez da berria. Euskal sozialismoak aspaldiko urteetatik egindako proposamena da, bere funtsa Ajuria Eneako Itunean jasoa da eta alderdi demokratiko guztiek sinatua. Batzuek Batasunaren Anoetako proposamenean dagoen zerbait dela diote, guk egokitua nolabait. Ez da horrela, alderantziz baizik. Azkenik Batasuna jabetu da ETA ez dela eragile politikoa. Arnaldo Otegik esan ohi duenez, mahai bat gatazka armatuaren -nik terrorismoa deritzot- desmilitarizatze teknikoa burutzeko da, eta bestea alderdi politikoen esku geratzen da esparru juridiko-politikoari buruzko eztabaida gauzatzeko. Gure agiriaren funtsekoa bi mintzakideak zehaztea izan da, mintzakide politikoak baldintzatu behar du bestea bermez bukatzea, gizartea eta alderdi guztiok terrorismoaren ondoko garaian sortuko den euskal esparru juridiko politikoarekin identifikatu gaitezen.

Ekinbide horrek PP du arerio nagusi, baina, bien bitartean, nola dago gainerako alderdiek urratu beharreko bidea?
Euskal alderdi politikoek zenbait borondate bateratuak agertu dituzte dagoeneko eta eskema hau mamitzen ari dela dirudi. Euskadiko alderdi politikoen arteko diferentziek kalte izugarria egin digute denoi, nazionalista eta ez-nazionalista bitasunaren bitartez euskal gizartea zatitu nahi izan dute batzuek. Esparru politiko berriak sortu behar ditugu eta hori alderdien artean baino ezin da egin. PP edo eskuina, orain arte bezala, berandu iristen da.


EAJko Josu Erkoreka PSEk proposatzen duen zeharkako ereduarekin kritikoa da, adibidez, akordioan PPk edo PSOEk ezinbestez egon behar dutela esatearekin.
Ni bat nator Patxi Lopezek dioenarekin: "Euskadirako edozein estatutu politikok gutxienez Gernikako Estatutuak izan zuen sostengua behar du".

Eta PPren sostengu gabe lortzen bada?
Bada, Katalunian bezala izango da. Estatutu on bat gauzatuko da eta hemendik 20 urtera PPk esango du Kataluniako Estatutua historian izan den onena dela. Gernikako Estatutuarekin halaxe egin zuen, PPk ez zuen berau babestu. Orain Estatutua ukiezina dela dio. Estatutu berria lortzen badugu, jarrera bera errepikatuko du PPk.

PSOE ausardiaz ikusten al duzu oraingo esparru juridiko-politikoa gainditzeko?
Guk aspalditik «Estatutu gehiago» aldarrikatzen dugu, oraingo esparru juridiko-politikoa gaindituko duena. Gizarteko sektore inportante askok bestelako identifikazio politikoak dituzte, beraz, esparru zabalago eta goragoko batera egin behar dugu bide. PPk ez badu bide hori egin nahi, berak ikusiko du. Baina, eskuarki, esparru juridiko-politiko berrietatik kanpo geratzen diren alderdiak, gobernatu nahi dituzten lurralde politikoetatik kanpo geratzen badira, nekez edota gaizki gobernatzen dute. PPk ez zuen oraingo Espainiako esparru politikoa onartu 1989ra arte. Hamaika urtez ez zuen onartu eta 1996ra arte ez zuen gobernatu. PPk badu zer ikasia.

Zer falta da alderdien mahaia biltzeko?
ETAk politikaz aritzeko unea heldu dela erabakitzea eta adieraztea, biolentziaren bidez ezin direla helburu politikoak lortu onartzea eta berauek alderdi politikoek akordatu behar dituztela. Hori da ETAk euskal gizarteari egin diezaiokeen mesede handiena.

Gorabeherak eta tirabirak tarteko Batasunak zabaldutako bideari eutsiko diola dio.
Pentsatu nahi dut Batasunak ETAk armak laster entregatuko dituela pentsatzeko informazioa duela. Hori da bake eta normalizazioaren puzzlea osatzeko pieza nagusia, mugitu beharreko pieza.


"Autodeterminazioa» eta "erabakitzeko eskubidea". Kidekoak izan al daitezke?
Ez dakit batzuek zer esan nahi duten "erabakitzeko eskubidea" esaten dutenean, eta ez dakit premisa honekin "euskaldunok orain arte ez dugula ezer erabaki" esaten dutelako. Premisa hori ezin dut ontzat jo. "Erabakitzeko eskubidea" aldarrikatzen dutenek orain arte ezer ez dutela erabaki dirudi, eta euskaldunok gure eredu ekonomikoa eta fiskala hautatu genituen. Udalak, Diputazioak, Legebiltzarrak eta Europako ordezkariak hautatu ditugu. Gernikako Estatutua eta Konstituzioa bozkatu genituen. «Erabakitzeko eskubidea» ez dugula ezer erabaki premisarekin esaten bada, ez du berarekin bat egiten ahal.

Autodeterminazio eskubidearekin alderatzerik ba al dago, hala ere?
Nik ez dut onartzen alderatze hori, ez dut ulertzen zergatik euskal herritarrok esan behar diogun bai edo ez Espainiako sezesioari. Ez dakit zein liburutan dagoen hori, badakit EAJren ideologian dagoela, baina ez dakit euskal gizarteari dagokion eskubidea den eta zergatik.

Zu jaio berria zinela, PSOEk autodeterminazioa aldarrikatzen zuen. Hemeroteka eta argazkiak lekuko.
100 urte baino gehiago duen alderdi honek maximoen programa bat zuen: autodeterminazioa, errepublikaren irrika edota sozial alorreko aldarrikapenak biltzen zituena. Gizartearen elkarbizitza eta akordioa lortze bidean aldarrikapen asko alde batera utzi behar izan ditu ordea. Azken 30 urteotan mundua aldatu da, begi-bistakoa da. Euskal sozialismoa horretaz ohartu da, eta beste batzuk ere bai. Ea denok ohartzen garen -bakoitza bere neurrian eta moduan- eta denon artean moldatzen garen, adibidez, bakoitzak nahi duen euskalduna izaten erabaki dezan, gainerakoei ezer inposatu gabe.

PSOE homogeneoa al da Estatuko lurralde eredua berritzeko?
PSOE lurraldearen eztabaida lantzen ari da, Zapateroren ekimenaren bidez Autonomia Erkidego garrantzitsuen esparru aldaketak aztertzen ari dira, Konstituzioaren sakoneko erreformak eskatzen dituena. Autonomia Estatutuak aldatu nahi dituztenek badute parte-hartzea, betiere Konstituzioaren mugak kontuan hartuta, erreformarako prozedurak errespetatuz, finean aldaketak alderdi politikoen adostasun handienarekin lor daitezen. Premisa horiekin, euskal nahiz espainol sozialismoak dena posible ikusten du. Katalunian arrazoi horien bidez erreformatzen ari da Estatutua, politika fiskal eta sozialen kudeatze eta hobetze beharrez aurrerapausoak ematen ari dira. Euskadin ere Gernikako Estatututik abiatuz, bide hori urratu genezake. Oraingo esparruak balio duela kontuan hartu behar baita.

Euskal auzia eta katalana ezberdinak direla esan ohi da. Gernikako Estatutua erreformatze soilarekin ez dirudi euskal auzia konponduko denik. Oraingo Konstituzioa oinarri hartuta, aipatu dugun alderdien arteko mahaikideak altxa daitezke akordio batekin?
Nik halaxe espero dut. Alderdiak esertzen badira Gernikako Estatutua gaindituko da, eta euskal auziari dagokionean, lanean arituz gero, akordioak ere lortu daitezke. Hitza eta lana dira bitartekoak.

PPren aurkako jarrera tarteko.
PPkoengandik irainak ari dira barra-barra zabaltzen PSOEren aurka: hildakoak traizionatzen ari garela, ETAren postulatuei men egin diegula, Espainia apurtzen ari garela... 25 urte dituen alderdi batek 127 dituen beste bati horiek esatea! Zaplana eta Acevesek gogoratu beharko luketena da PSOEk bere hainbat kide lurperatu zituela PP izan baino lehenago. Dena den, ETAren terrorismoa gure bizitzatik desagertzen bada, Gernikako Estatutua Kataluniakoa bezala erreformatzen bada, PPk erabaki beharko du ea etorkizuneko politikaz kanpo geratu nahi duen. PPk belaunaldi aldaketa behar du, 2004ko martxoaren 11ko gezurrekin bizi direnek oso zaila dute etorkizunean politika egitea. Oraindik minduta daude hauteskundeak galdu zituztelako, boterea beraiena dela uste dute, iraganaren nostalgia bizi dute, ez dakite boterea erabakitzen duen jendearena dela. Ondo litzateke lider berriak hori aldatzen hastea, oraingoei garaia joan zaie-eta.

«ETAk ez du nire subiranotasunean lekurik»
ETAren atentatuak bizitzaren laburraz ohartarazi ninduen, une bakoitza bizi eta etekina atera beharraz. Hainbat gauzarako mugatua naiz fisikoki, bizitzeko moduak aldatu zaizkit, baina ni unerik une bizi naiz, baikortasunez eta normaltasunez. Egia da ETAk nire baldintza fisikoak aldarazi dituela, saiatu zela ni hiltzen. Horrek terrorismoaren biktima izaera eman dit, denbora batez tristuran murgilarazi ninduen, oso une zailak biziz. Baina beti saiatu naiz ETAk ez dezan eragin nire pentsamenduan eta adierazi behar dudanean. ETAri ez diot utzi sartzen nire ideologian. Hasieran ez nituen ETAk nire aurka egindakoari buruzko erantzunak aurkitzen, zorionez ohartu nintzen ez nuela azalpenik bilatu behar, egindakoak ez baitu galderarik. Arrazoia nagusitu zen neure baitan. Azkena litzateke ETAk nire aurka atentatu izanagatik nire pentsamendua aldatzea. Atentatua jasan aurretik pentsatzen nuen bezala pentsatzen dut gaur egun, ETAk ez du nire subiranotasunean pentsatzeko eta izateko lekurik.


Azkenak
NATOren eta Trumpen irizpideen aurka, Espainiaren aurrekontu militarra %5era igotzeari uko egin dio Sánchezek

Oraindik ez dago garbi noiz arte eutsiko dion bere erabakiari Pedro Sánchez Espainiako Gobernuko lehendakariak, baina korapilo handi samarra sortzen ari da NATOren barruan, honek aurrekontu militarra %5era igotzea arbuiatu ondoren.


Elkarte frankistak debekatuko dituen legea onartu du Espainiako Kongresuak

Espainiako Gobernua osatzen duten PSOEren eta Sumar alderdien arteko koalizioak aurkeztutako lege proposamena onartu dute Kongresuan ostegun goizean, frankismoaren apologia egiten duen edozein erakunde debekatuko edo legez kanpo utziko lukeena


Beste familia bat etxegabetu dute Iruñeko Alde Zaharreko Jarauta kalean

Ostiral goizaldean emakume bat eta bere semea etxegabetu dituzte Iruñeko Alde Zaharreko Jarauta kaleko 82. zenbakian. Espainiako Poliziaren laguntzarekin, epaitegiko segizio judiziala etxebizitzan sartu eta eta bizilagunak kanporatu dituzte.


2100. urtean herritarren %60 urak har ditzakeen eremuan biziko dira Eusko Jaurlaritzaren azterketaren arabera

Bero boladak ohikoagoak eta luzeagoak dira, azken bi mendeetan 20 zentimetrotan igo da itsas maila eta EAEko bataz besteko tenperatura 0,3 ºC igo da hamarkada bakoitzean.


Donostiako Gladys Eneako paumei emandako tratu txarrak salatu ditu Eguzki taldeak

Eguzki elkarte ekologistak salatu du Donostiako parkean gertatutakoa. Parkean bizi diren hainbat paumari lumak erauzi dizkiote, odoletan utzita. Beraz, erasoa izan dela ondorioztatu dute eta ez dela hegaztien lumaberritze prozesu naturala izan. Eguzki


Hamabost migratzaile bizi ziren kanpaleku bat hustu du Getxoko Udalak

Algortako Larrañazubi inguruan dago kanpalekua, eta Getxoko Udaltzainek hori husteari ekin diote ostegun goizean. Alkateak adierazi du han bizi ziren pertsonen "segurtasuna" bermatzeko eta "ingurune natural hori zaintzeko" desegin dutela. Getxoko EH Bilduren... [+]


Zizurren ikasleak komun eta aldageletan grabatzen zituen irakasleak 180 urteko zigorra jaso dezake

Zizur Nagusiko institutu batean 41 pertsona grabatu zituen eta haietako 30 bere ikasleak ziren. Argazki batzuk sare sozialak erabilita lortzen zituen eta adimen artifizialarekin aldaketak egiten zituen.


Jaurlaritzak babestu du Jerusalemgo kolonoentzat CAF egiten ari den tranbia

Beasaingo enpresaren akzioen %3ren jabe da Eusko Jaurlaritza, eta adierazi du CAFek nazioarteko legedia errespetatzen duela. BDZ Euskal Herriak gogorarazi dio gobernuak derrigortuta daudela okupazioa bultzatzen duten proiektuen aurka egitera.


Irungo ‘auzokide patruilen’ atzean, islamofobia, xenofobia eta erailketarako deiak

Maiatzaren 5ean “Lo Vimos en Irun” WhatsApp taldea sortu zenetik, 700 lagun baina gehiago bildu dira larunbatetan patruilak antolatzen dituen taldera. “Segurtasuna bermatzeko” eta “delituak prebenitzeko” aitzakien gibelean, gorrotoaren haztegi... [+]


2025-06-20 | Gedar
Basauriko Sidenorrek 1.207 tona altzairu bidali dizkio arma-ekoizle sionista bati

Egoitza nagusia Basaurin duen enpresak IMI Systemi egin dio bidalketa. Armagintzan bakarrik aritzen da Israelgo Estatuko konpainia hori.


Arabako Mahastiak sor-markari behin betiko itxi dio bidea Espainiako Auzitegi Gorenak

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak ezetza eman zion ABRA Arabako Errioxako Upategien Elkarteak bultzatutako sor-markari. Elkarteak helegitea jarri zion ebazpenari, eta orain Espainiako Auzitegi Gorenak ezetza berretsi du.
 


Beskoitzen ikastola eraikitzeko lursaila eskuratu du Seaskak

Ikastola 2013an sortu zuten eta ondoko urtean jarri zuten prefabrikatu bat herriko etxearen lursail batean bertatik bideratzeko ikaskuntza. 2022an eraikin sendo bat eraikitzeko proiektua aurkeztu zuten, baina herriko kontseiluak ez zuen horrelakorik onartu. Gatazka gogorra egon... [+]


Eguneraketa berriak daude