Jon Maia: «Ia ehun urte elkarren ondoan bizitzen eta ezezagunak gara»


2006ko martxoaren 12an
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas
Ia mende oso bat darama Euskal Herriak Espainiatik etorritako emigrazioa jasotzen. Baina oraindik ere bitxia iruditzen zaigu etorkin familia bateko alaba edo semea bertsolaria dela jakitea. Ez al da harrigarria?
Bai. Gaur egun, umetan-eta, asko dira horrela. Ni hasi nintzen garaian gutxi, nik ez nuen beste inor ezagutzen behintzat. Noski, bertsolari izatea extremo samarra da, integrazioa muturreraino eramatea. Baina ez hori bakarrik. Nire liburuko protagonistetako bat kartzelan dago euskal disidentzian aritzeagatik. Eta familia berekoak gara, bi belaunaldi. Beno, gure kasua extremo samarra da. Baina nik uste dut klasifikatzeko modu horiek oraindik ere erabiltzea dela harrigarri samarra. Niri, adibidez, grazia handia egiten dit euskaldun berri/euskaldun zahar banaketa horrek. Hain artifiziala iruditzen zait, hain onura gutxikoa, hain kaltegarria etiketa hauek erabiltzea... hizkuntzaren antzinatasuna neurtzea fabrikan zenbat urte daramatzazun bezala. Bizitza osoan euskaldun berri dela esaten zaion jendea egotea, horrelako klasifikazio antzuak eta konplexu sortzaileak, hori da harrigarria niretzat. Oraindik ere naturaltasunez gertatzen ez den prozesu baten seinale izango da. Ia ehun urte elkarren ondoan bizitzen portal berdinetan, eta elkarren ezezagunak gara etorri ziren haiek eta euskaldunak. Bi mundu.

Hain gutxi ezagutzen dugu elkar, arrazoi politikoengatik honantz etorritakoena apenas aipatzen den, nahiz eta Jon Paredes Manot Txikirena bezalako kasu esanguratsuen berri guztiok dugun.
Hori da, kasu nabarmenak eta sinbolismoz beteak. Txikiren kontzientzia ez zen Euskal Herrian sortu, haren kontzientzia edo nire osabarena hereditarioa da. Kontua ez da Euskal Herrian bihurtu direla borrokalari, baizik eta borrokalari izanik etorri zirela hona haien familiak. Gerra baten osteko emigrazioa izan zen, eta asko gerra horretan galtzaile izandakoak, gerra irabazi zutenak ez baitziren normalean beren herritik joateko arrazoi gehien izango zutenak. Etorri zirenetatik asko sozialista, komunista ziren. Bestelakoak ere bai, noski. Kontua da hemen pentsatu izan dugula denak bestelakoak zirela. Inork ez ditu galtzaileak erbesteratu sozialista, komunista, libertario bezala ikusten. Oraingo etorkinak horrela ikusten ez ditugun bezala, eta asko datoz erbesteratu, asko datoz ihesi arrazoi politikoengatik.

Hainbeste herrietatik datoz orain batzuk erbesteratu izan daitezkeela pentsa litekeela. Baina egia da Espainiatik etorritakoekin hori ez dugula egin. Zein izan daiteke horren arrazoia?
Lehenik eta behin, gerra bat galdu duena eta galtzaile bezala arerioek dominatzen duten erregimen batean bizi behar duena ez doa predikatzen hortik zehar zer den. Ez dugu ahaztu behar diktadura batean etorri zirela. Miseriatik ihesi, pertsekuzio politikoetatik ihesi, baina diktadura baten barruan. Jakina, jende horietako asko beldurrez bizi zen, hemen asko beldurrez bizi zen bezala. Bestetik, Espainia/Euskal Herria gatazka horrek ere baldintzatu du begirada hori. Hemengo ikuspegitik Espainiatik datorren dena da txarra, eta, noski, emigrante uholde hori agresio modura ikusi zen. Eta beste neurri batean segur aski emigrazio masibo hori erabilia izan zen diktaduraren aldetik, hemengo errealitate soziopolitikoa distortsionatzeko.

Zerk bultzatu zaitu Riomundo idaztera?
Aitatu dugun ikuspegi horren gabezia historikoak. Nik nire familia ezagutzen dut, jaiotzetik. Ezker abertzaleko giro batean bizi izan naiz, kontzientzia abertzalea zuen etxe batean, eta beti giro hori ezagutu dut naturaltasun osoz. Betidanik ezagutu dut hemengo gatazka barrutik, nire familian beti pairatu izan dugulako. Eta konturatzen nintzen belarrimotz, mantxurriano, eta ez dakit zer horiek entzuterakoan, beste guztien artean nire familiarengatik ere ari zirela. Eta beti iruditu zait injustu, begirada arinegia egin zaiola jende horri, inork ez duela interesik erakutsi jende hori ezagutzeko. Bestalde, barruko motibazioei dagokienez, 1997ko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketan finalera iritsi nintzenean, bat-batean sentitu nuen bizi-ziklo bat ixten zela hor, nirea eta nire familiarena. Gure aiton-amonek Albaceten hasi, hona etorri, eta Euskal Herrian jarraitzen zuen ziklo baten itxiera zela.

Azalduko al zenuke hori pixka bat gehiago?
Beno, nik beti izan ditut identitate konplexuak. Baldintzatua egon naiz. Batetik, nire inguruko giro oso euskaldun, oso abertzale hori; eta aldi berean nire familiako giro erdalduna, Espainia osoan zehar barreiatua daukadan familiaren jaioterriak-eta, oso neureak ere bai. Eta gaztetxotan lotsa bezala neukan: abizen erdaldunen konplexua, nire familiaren erdaltasuna ezkutatu nahia, baita bertsolari izan naizenean ere, gauza oso itsusiak egiteraino, nire familiari bizkarra emanaz inor konturatu ez zedin nondik nentorren. Eta Txapelketan, euskararen tenplu horretan kantatzera iritsi nintzenean, zor horiek guztiak kitatzeko ordua, nire zera horiek denak gainditu eta publiko egiteko momentu eta leku egokia zela sentitu nuen.

Bizirik al zeuden zure aiton-amonak orduan?
Abuela bai. Abuelo orain dela hamabost urte hil zen. Baina esan nahi dudana da nik normaltasunez bizi izan ditudala bi kulturak, biak direlako neureak. Umetatik ikastolara joan naiz, ordutik dakit euskaraz; aldi berean nire familiaren kultura erdaldun hori ere neurea dela sentitu izan dut. Euskal gizartean bizi den banaketa hori ez dut inoiz bizi izan. Eta uste dut historiaren pasarte horri begirada berri bat eman behar zaiola.

Riomundo nobela bat da. Zenbateraino da zuri zure aurrekoek kontatutakoaren isla eta zenbateraino asmamena?
Hasieratik hartu dut distantzia, ez nuelako biografia bati lotua egon nahi. Nire helburua ez zen nire familiaren historia kontatzea, baizik eta haien bizipenei buruzko ikuspegi bat ematea. Nobelaren hezurdura benetako gertakizunetan oinarritua dago, baina gero gorpuztu behar izan dut. Zenbat eta atzerago joan, orduan eta gehiago imajinatu behar izan dut.

Adibidez, zure birraitonaren irudia...
Hori nirea da, asmatua. Izan ere, gure abueloren gaztediari buruz ezer gutxi dakigu. Baina nik, bere etorkia ezagututa, horrela irudikatu dut. Eta haren aita ere bai. Ez dakit nire aitonak komunismoaz zer jakingo ote zuen, bakarrik dakit bizi beharrak borrokatzera eraman zuela. Aldi berean, nire aitona oso mendikoa zen, oso zibilizaziotik kanpo dagoen herri batekoa. Orduan, pentsa daiteke haren aita are eta basatiago izango zela. Egiaz, isileko ehiztaria zen, tranpekin ateratzen zuen bizimodua.

Albaceten eta Extremaduran Errepublika garaiko giroa azaltzerakoan, hainbat izen aipatzen dituzu. Asmatuak dira ala norbaiti omenaldia egin nahi izan diozu?
Azañaren gobernuarekin zegoen desenkantua agertzen da, zeren Azañak koalizio ezkertiar bat gobernatu zuen Madrilen, baina benetan betikoek agindu zuten: goardia zibilek, aristokraziak-eta. Izenena? Liburuan zehar asko jokatu dut izenekin. Adibidez, fusilatuak aipatzerakoan nire familiakoen izenak aipatu ditut. Eta baita gure etxe berriko lekualdatzea egiten ari ginela berandu etorri zen dekoratzailearena ere: akabatu egin dut liburuan! Beraz, izenak adibideak baino ez dira. Gero, Zumarraga ez dut lokalizatu nahi izan zehazki, edozeinek senti zezan nobelakoa bere herria izan zitekeela.

Polita da hona aurretik etorritako aitak bere seme-alabei hemen vascuencea hitz egiten dela adierazteko duen era.
Aguriatxea! (kar,kar,kar).

Errealitatean, etorkinek nola ikusiko zuten hori?
Norbaitek pentsatu al du horretan, nola bizi izango zuten euskararena? Guk nola bizi izan genuen mila aldiz entzun behar izan dugu, baita etorkinen seme-alabek ere. Baina haien esperientzia humanoa desterratu bezala, inork aztertu al du? Ez. Bada, jarri gaitezen gu haien lekuan, eta joan gaitezen gu gure herritik. Jende guztiak maite du bere lurra. Hura gogoz uzten baduzu, ados; baina zure gogoaren kontra uztera behartuta bazaude, hori sufrimendua da, hori bortxaz bakarrik egiten da. Eta milaka etorri ziren horrela. Maite zuten guztia utzita. Nire amona oraindik bere herriaz gogoratzen da. Noski, euskaldun bat erbestean bizi denean bere herriaz gogoratzea ia poetikoa da. Baina extremeño bat bere herrira bueltatzen da zahartzaroan, eta jada esaten dugu: Ah! Horrek egin du hemen dirua eta badoa! Bada, niretzat, pertsona denak gara berdinak. Denak daukagu bihotza, burua eta memoria. Eta hona etorri zirenentzat oso esperientzia gogorra izan zen.


Azkenak
2025-06-16 | Behe Banda
barra warroak
Berandu zabiltza

Oporretan nago baina oraindik ez dut zutabea hasi. Oporretan nago baina nire gelak ez du igarri. Oporretan nago eta etxeko hautsa ez da mugitu. Oporretan nago eta topaguneko kanpin dendak lokatzez beteta jarraitzen du egongelan. Oporretan nago baina nire agenda ez da... [+]


Ehunka herritar turismo masiboaren aurka manifestatu dira Donostian

Donostiako desazkunde turistikoaren aldeko BiziLagunEkin plataformak deituta, Europa hegoaldeko turistifikazioaren aurkako SET sarearekin koordinatu dute ekimena.


Analisia
Kanarietara bidaiatzeko oharrak

Mingainari kosk txikia eginda joan ginen oporretan Kanarietako Lanzarote irlara. Maiatzaren erdian, turista asko-askorik topatuko ez genuela jakinda, prezio guztiak ere merkeago, eta hara eta hona mugitzeko lasaitasun gehiago. Espero bezalaxe izan zen. “Esperientzia”... [+]


2025-06-16 | Bertsozale.eus
Unax Aizpuruak irabazi du Euskal Herriko Eskolartekoa
Arantzan izan da saioa eta herrialde guztietako 13 bertsolari aritu dira kantuan. Bertsozale asko gerturatu dira eta giro ona gailendu da.

Jerusalemen eraikitzen ari den tren sarea gelditzea eskatu diote ehunka lagunek CAFi

CAFek urteroko akziodunen batzarra egin duen egun berean, Jerusalemgo trenaren martxan duen tren proiektua bertan behera uztea exijitu diote Donostian eginiko manifestazioan. Amnesty Internationalek hitza hartu du tren ekoizlearen akziodunen batzarrean, eta Israelen "legez... [+]


2025-06-16 | Aiaraldea
Juan Garai konkistatzailearen “aurpegia zuritzea” leporatu dio EH Bilduk Urduñako Udalari

2025. urtean konkistatzaile baten omenezko monumentu bat egitea "lekuz kanpo" dagoela adierazi dute oposizioko kideek.


Irungo kale-segurtasuna zaindu nahian sortu den ‘Auzo Patruilak’ ez ditu agintariak kezkatzen

Irungo Udalak isilarena ematen duen bitartean, asteburuero hiriko kaleen segurtasuna zaintzeko aitzakiapean "Patrullas Vecinales" antolatu duten herritarren taldea ugaritzen doa. Ertzaintzak sare sozialetan ikusi dituztela aitortu du, baina Andoni Urdangarin Irungo... [+]


Osakidetzak gazteleraz eskaintzen dizkie saioak Gasteizko Zabalgana auzoko D ereduko haurrei, eta bi ikastetxek uko egin diote zerbitzuari

Hainbat urtetan jarduera hezitzaileak gazteleraz jaso ostean, bi urte direla Zabalgana ikastetxeak euskara hutsean ematea eskatu zion auzoko osasun zentroari. Osasun zentroko arduradunek diote ez dutela horretarako baliabiderik. Osakidetzak egoera ikasturte honetan... [+]


Ekotalibanak

Ustez lasaiak diren espazioetan ere hau sinatzen duenak jasotakoak dira hurrengoak: ekotaliban, NIMBY, bobo, kolapsista, negazionista, ekozekena, belarjale... Denek partekatzen dute eremu semantikoa: ekologismoa. Ekologismoaren baitako zenbait pertsonari edo mugimenduri deitzeko... [+]


2025-06-16 | Jakoba Errekondo
Gaizki hezitako tomatea

Ipurdia belztu egiten zaio. Tomate (Solanum lycopersicum) alea sano-sano ikusten da, landarean zintzilik, goitik behera begiratzen baitiogu. Buruz behera edo hankaz gora jarriz gero ipurdia beltz-beltz azalduko du. Ipurdian txanpon baten antzeko beltzune borobila, oso beltza eta... [+]


2025-06-16 | Garazi Zabaleta
Kimuak
“Bizirik dagoen landarea duzu ahoan ernamuin bat jatean”

Hamabost urte baino gehiago daramatza martxan Bizkaiko Kimuak ernamuinduen proiektuak, baina hasierako bultzatzaileak erretiratu dira eta erreleboa hartu berri dute Mikel Landa Luzarragak eta Asier Iñigo Oraindik. Ernamuindutako kimu freskoak ekoizten dituzte batik bat,... [+]


Eguneraketa berriak daude