Borreroa: herritarrek gorrotatutako funtzionarioa


2006ko martxoaren 12an
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas
Erdi Aro arte borrero kargurik ez zegoen, Erdi Aro hasieran sortu zen funtzionario publiko horren figura eta batez ere Erdi Aro amaieran orokortu zen kargua gure herri eta hirietan. Borreroaren egitekoa zen justizia publikoak ezartzen zituen sententzia biolentoak betetzea: heriotza zigorra, mutilazioak, tortura, zigor kolpeak eta abar. Ez zuen egiteko gozoa borreroak alde horretatik, eta lanbide hark bere bizitza baldintzatzen zuen erabat, gizartearen aurrean oso gaizki ikusia baitzegoen lan hura. Azken finean, heriotzaren eszenifikazioan rol garrantzitsua zuen borreroak, baina protagonista nagusia hiltzera zihoan presoa zen.

Ofizial publikoa, zokoratutako hiltzailea

Esan bezala, borreroarena zen ofizio guztietan gorrotatuena. Exekuzio bat zegoenean plazak eta merkatuak betetzen ziren borreroa lanean ikusteko; baina gizon hura urkamenditik jaitsi orduko denek bizkarra ematen zioten. Inork ez zuen traturik nahi torturatzen eta hiltzen eskuak ondu zituen zorigaiztoko gizaki harekin. Justizia publikoak beharrezkoa zuen borreroa, bere sententziak betearazteko, baina aldi berean mespretxatu egiten zuen. 1766an Esquilacheren bando famatua atera zenean, kapa luzea erabiltzeko debekatuz, borreroari bakarrik baimendu zioten kapa luze hura jartzea, jantzi horrek herritarrengan nolabaiteko errefusa izan zezan.

Ofizial publikoa izanagatik ere, erabat baztertua zegoen pertsonaia hau, baztertua eta diskriminatua. Esate baterako, taberna eta ostatuetan edalontzi propioa zuen. Bilbon, borreroak debekatua zuen erosi nahi zituen janariak eskuarekin seinalatzea, horretarako makila bat erabili behar zuen eta Baionan beste hainbeste pasatzen zen. Gizarteko sektore baztertuenen tankeran tratatzen zuten urkatzailea, gaitza balu bezala. Lanbide hark ohorea zikintzen zuen, arbuiatu egiten zuten horregatik, doilorrena eta zitaletan zitalena zen berentzako. Herri batean norbait exekutatu behar zutelako borreroa azaltzen zenean ateak ixten zizkioten. Herritarrak behartuta zeuden borreroari ostatu ematera, baina askok ez zuten horrelakorik nahi: Jaengo pregoilariak «alaba bat egoera ondratuan» zuela argudiatu zuen borreroari bere etxean sartzen ez uzteko. Zurrumurru batek zioen emakumeren bat haurdun zegoela borreroa azalduz gero «abortatu edo barruko haurra mugitu» egiten zitzaiola. Heriotzaren usaina jaio aurretik nabaritzen omen zioten nonbait.

Marjinazioak bizitza osoan segitzen zion borreroari, baita bizitza honetatik harantzago ere. Gasteizko kasua oso esanguratsua da. Gasteizen borreroaren hilobia beste hilobietatik aparte zegoen, San Vicente elizaren ondoan, hilerriko izkina batean. Eta sepultura beltza zen, harri beltzez egindakoa, jendeak jakin zezan bertan borrero bat zegoela lurperatuta.

Borrero edo urkatzaileari lotuta, bada beste lanbide ezagun bat, pregoilariarena. Erakunde ofizialen bandoak eta aginduak jakinarazteko arduraduna zen pregoilaria. Antzina, pregoilari eta borrero lanak pertsona berdinak egiten zituen, bi karguak bat ziren. Baina gerora bi lanbideak banandu egin ziren, batez ere pregoilariak ez zuelako borreroaren lanik egin nahi. Donostian Martin Azpeitikoa izeneko batek pregoilari kargua onartu zuen, baina borreroarena ez egiteko baldintza jarri zuen horretarako; handik denbora batera Donostiako kontseiluak preso batzuei zigor kolpeak ematera derrigortu zuen, borreroen gisan. Orduz geroztik zorigaitza etorri zitzaion Martin Azpeitikoari: «Herritarrek tratu sozialetik eta komunikaziotik baztertu eta saihestu egiten dute», dio Errege Katolikoen gutun batek. Izan ere, pregoilari honek Erregeengana jo zuen eskatzeko borrero izatera ez zezatela behartu eta arrazoia eman zioten: «Martin delakoak ez dezala borrero delako ofizioaren lanik egin», agindu zuten Errege boteretsuek.


Hiltzearen ordaina

Zenbat kobratzen zuen borreroak? Zer balio zuen hildako baten biziak? Edo bizirik zegoenaren heriotzak? Egia esan, borreroak beti kexatu ziren gutxi kobratzen zutelako, «gaizkien ikusitakoak eta gaizkien ordaindutakoak!» esan zuen behin Sevillako Audientziako borreroak, orain dela ez hainbeste.

Borreroak soldata bat jasotzen zuen kargu hura izateagatik. Baina soldata finkoa jasotzeaz gain, exekuzio bakoitzarengatik kobratzen zuen baita ere. Iruñean horrela zeuden zerbitzu partikular horren tarifak 1547an: lepoa mozteagatik dukado bat, urkatzeagatik florin bat, hanka edo eskua mozteagatik dukado erdi, eskua edo mingaina iltzatzeagatik berriz florin erdia; zigor kolpeak eman edo kondenatua «lotsa publikora» eramateagatik gutxiago kobratzen zuten. Lotsa publikoaren bidez kondenatutako pertsona jendaurrean umiliatzen zuten.


«Iazko lapurrak aurtengoen urkatzaile»

Horrela dio esaldi zaharrak. Zergatik baina? Jakina delako borreroak edo urkatzaileak behartsuen, gaizkileen eta lapurren artetik ateratzen zirela; sos batzuk irabazteko beste erremediorik izan ez eta gainera lanbide hori burutzeko odol hotza zutenen artetik, alegia. Horren atzean arazo bat ezkutatzen da: borreroarena egiteko prest zegoen jendea aurkitzeko zailtasuna. Inork, edo ia inork, ez zuen borrero izan nahi, kontuan izanda borreroek bizitza guztirako bazterketa soziala jasaten zutela.

Euskal Herritik igarotzen zen jendeari proposatzen zioten lan hori egiteko, erromesei adibidez. Beste batzuetan esklaboak izaten ziren alternatiba, beren askatasuna lortzeko aukera ematen zieten borreroarena egitearen truke. 1564an adibidez, Jorge Martines izeneko esklaboa izan zen borrero Gipuzkoan. Baina beste borrero bat bilatu zutenean alde egiteko esan zioten «eta hala nahi ez badu galeoitara bidali dezatela, eta han errezibitu nahi ez badute aska dezatela, baina hona bueltatzen bada berrehun azote jaso ditzala», ez zuen bere lana behar bezala egingo eta... Hala ere, beti ez zuten esklaboen, erromesen edo kanpoko borreroengana jo heriotza sententziak betetzeko. Bilbon bada pasarte bitxi eta harrigarri bat honen inguruan. Erdi Aroko azken mendean bandoen arteko borrokak ohikoak ziren Bilboko hirian, Gaztelako Erregeak Alfonso Fernandez de Leon Bilboko alkate jarri zuen arte, hark egin zituen bakeak. Zurbaran eta Legizamondarren arteko borroka batzuen ondorioz Santxo Lopez Markinakoa eta Otxoa Landaburukoa heriotzara kondenatu zituzten 1419an. Plaza Zaharra errito makabro hartarako prestatu eta urkamendia denen begi bistan jarri zuten, herritarrek lezioa ikas zezaten. Baina arazo bat suertatu zen, Legizamondarrek borreroa ikaratu zuten, ez zegoen borrerorik. Horren aurrean, Alfonso Fernandez alkateak, urkamendira igo eta bere eskuz moztu zien burua bi presoei, ikusle guztiak harri eta zur utzita. Alkate hark egin zituen bakeak bai.

Baina borreroak izan, izan dira Euskal Herriko historian. Juan Garmendiak horietako batzuk ezagutarazi dizkigu bere liburuan. Miguel Antzuola da horietako bat, 1554tik 1564a arte, hamar urte ibili zen «ofizial publiko» (borrero) eta Gipuzkoako Batzar Nagusiek zenbateko bat ordaintzen zioten bere karguagatik. Honi jarraitu zioten Pedro Croque, Alonso Morga edo Joanes Amezaga borreroek. Juan Sangele izeneko borrero frantses baten edo Joan Bautista turkiar kristautuaren berri ere ematen du Garmendia historialariak. Turkiar hori 1608an izan zen borrero eta kargu horretarako onartu zuten «gizon gaztea, prestua eta indartsua» zelako. Beste batzuetan borrero lana aitak semeari erakusten zion, ofizio bihurtuz. Parisen oso ezaguna zen Sanson familia, errespetu handikoa eta hainbat belaunalditan borrero izandakoa. Familia honetako kide batek hil zituen Luis XVI. erregea eta Maria Antonieta, Frantziar Iraultzaren garaian. Euskal Herrian Akoda familiaren kasua daukagu, Markinakoa (ikus 7. orrialdeko koadroa).


Heriotza motak: «Bere arima haragitatik ateratzeko»

Heriotzak pertsona guztiak berdintzen omen gaitu, baina heriotza zigorrak ez ziren guztientzako berdinak, ezta gutxiago ere. Erdi Arotik atera berritan, presoa aitonen semea edo noblea bazen, lepoa mozten zioten labana batekin «bere arima haragitatik ateratzeko» edo «putzuratua» izaten zen (hankak eta eskuak lotu eta putzu batean ito). Baina presoa plebeioa baldin bazen, orduan urkatu egiten zuten. Beste heriotza mota batzuk ere bazeuden, sorginak adibidez, erre egiten zituzten, hura zen denetan heriotza ankerrena eta okerrena. Askotan, hildakoaren gorpua urkamendian uzten zuten hainbat egunetan, edo puskatan egin eta bide bazterretan jartzen zuten ikusgai, eskarmentu gisara. Horrelako astakeriak asko izaten ziren. Ajustiziatua pikota izeneko lekura eramaten zuten askotan; Euskal Herriko plazatan oraindik existitzen dira pikota horiek, batez ere Nafarroan. Harrizko zilindro moduko bat da eta bertan jartzen zituzten hildakoen gorpuak. Nahi gabe ere, heriotza festa haren lekuko bizia ahotan dabilkigu oraindik, zer esan nahi du bestela «zoaz pikutara!» esamoldeak?

1790ean Guillotin doktoreak makina zehatz eta bizkor bat proposatu zuen kondenatuak hiltzeko -egia esan, makina hura aspaldi asmatu zuten txinatarrek-. Frantziar Iraultzaren garaia zen, eta horrelako makina batek modernotasuna sinbolizatzen zuen. 1792an probatu zuten Jacques Pelletier-ekin, eta ordudanik gillotina behin eta berriz erabili zuten. Ipar Euskal Herria ez zen libratu metal hotz eta zorrotz hartatik. Hegoaldean berriz, garrotearen sistema nagusitu zen XVIII. mendean, 1809ko ediktu batek agindu zuen ordutik aurrera garrotea baino ez erabiltzeko, urka beharrean. Garrotea burdinazko tornikete bat zen, presoa zutabe bati lotu eta lepoa bihurritzen zioten tramankulu horren bidez. Oraintsu arte erabili izan da Espainian, 1978an heriotza zigorra abolitu zen arte.


Azkeneko borreroak

Juan Diaz de Garaio izena aipatuz gero, seguruena oso gutxik ezagutuko dute, baina «Sakamantekas» esanda, oilo ipurdia jarriko litzaioke bat baino gehiagori. Euskal Herriko azkeneko exekuzio sonatuena, garrote bidez behintzat, pertsonaia honena izan zen, 1881. urtean, Gasteizen. Diaz de Garaiok hainbat emakume bortxatu eta hil zituen Araba inguruan eta horregatik kondenatu zuten heriotzara. Sententzia betetzeko Burgoseko borreroa ekarri zuten, Gregorio Mayoral. Mayoralek berrogei urte luzez bete zuen borrero kargua eta bere eskuz hil zituen 56 lagun. Famatu egin zen borrero hau eta hainbat idazleren inspirazio iturri ere izan zen. Burgoseko borrero honek exekutatu zuen Miguel Angiolillo anarkista Bergaran, Canovas del Castillo politikaria Arrasateko Santa Ageda bainuetxean hil zuena 1897an, «Hil da Canovas, joan da Canovas...» kantatu zuen gero gure Txirritak «...pikaro gaizki hazia!».

Espainian 36ko Gerraren ostean borrero promozio berri bat atera zen, baina Gerra osteko urte ilunetan fusilaketak ziren nagusi eta borrero berriek oso gutxitan jarri zuten praktikan beren «trebetasuna». Garrote bidezko azkeneko exekuzioak 1974an izan ziren, Salvador Puig Antich anarkista Bartzelonako presondegian hil zuten eta ordu berean, Jose Moreno izeneko Sevillako borreroak Heinz Chez alemaniarra hil zuen Tarragonan, garrotea erabiltzen ere ez zekiela, «nola funtzionatzen du honek?» galdetu omen zuen aparatua ikusitakoan

Ezkututik pantaila handira

Borreroa, heriotza zigorra bezala, gizarte arkaiko baten azkeneko ikurtzat zuten askok 60ko hamarkadako Espainian. Luis Garcia Berlanga zinemagile famatuak pantaila handira eraman zuen ofizio hori El Verdugo filmarekin. Italian errodatu zuen eta 1963an Veneziako jaialdian aurkeztu zuen pelikula hura. Bertan azaltzen da borrero lana egitera derrigorturik dagoen pertsona baten istorioa. Borrero kargua onartu bai, baina kondenatua indultatzen ez badute dimititu egingo duela dio protagonistak. Horren guztiaren atzean frankismoaren kritika dago. Itxura modernoa bultzatu alde batetik, eta bestetik borreroa eta heriotza zigorra bezalako anakronismoak mantentzen zituen erregimena zen Francorena. Hain zuzen, urte hartan Julian Grimau komunista eta Francisco Granados eta Joaquin Delgado sozialistak hil zituzten garrote bidez; nazioarteko presioa oso handia zen heriotza zigorraren kontra eta film hark arazo asko ekarri zizkion Espainiako Gobernuari. Errepresioa ere ez zen nolanahikoa izan, filmak 14 zentsura mozketa jasan zituen eta Berlangak ezin izan zuen 1967ra arte pelikularik egin Espainian.

1971n Basilio Martin Patinok azkeneko borreroei buruzko dokumentala egin zuen, Queridisimos verdugos izenarekin. Sevilla, Madril eta Bartzelonako borreroak dira protagonista eta filma ezkutuan egin behar izan zuten, diktaduraren baimenik ez baitzuten. 1977an estreinatu zen lehen aldiz.

Akodatarrak: Markinako merino txikiak

Euskal Herriko hainbat tokitan, borreroari merino txikia deitu izan zaio. Markinan bazen merino txikien leinu bat, Akoda etxekoa. Akoda etxea Iturreta auzoan zegoen eta Markinako artxiboko dokumentu batzuetan azaltzen denez 1512an bertan bizi zen familiak egiten zituen borrero lanak, aitak semeari ofizioa pasatuz: «Pedro Akodak eta bere semeak egin izan dute orain arte ofizio hori, baita beste batzuek lehenago ere» -dio artxiboko dokumentuak- «eta orain Juan Akoda ari da lan horretan» gaineratzen du. Baina antza denez Juan Akoda hark arazo txiki bat zuen bere lana egiteko: itsu geratu zen. Horren aurrean, Markinako hainbat herritarrek Juan Amoroto bizilaguna proposatu zuten merino txikiaren kargurako eta karguarekin batera Amorotok Akodako etxea eta lurrak bereganatu zituen sari bezala.

Akoda etxea oraintsu arte ezagutu izan da borreroen etxe bezala. Anton Trueba bizkaitar kronistak azaltzen duenez bertakoek «Lapurzulo» deituriko lekuan ematen zieten lurra urkamendian hildakoei. 1875 inguruan Jose Ugarteburuk etxea erosi, berritu eta itxuraldatu egin zuen, atzetik zuen «entzute itzala garbitzeko» dio Truebak. Gaur egun bi bizitzako baserria da eta ez du zerikusirik garai bateko borrero etxearekin.


Azkenak
“Gaza militarki okupatzeko plana berehala gelditu behar du Netanyahuk”, esan du nazioarteak

Ostiral goizeko albisteak erreakzio ugari piztu ditu Israelen zein nazioartean. Aurka agertu dira Israelgo bahituen familiak eta NBE. Alemaniak, Israelen aliatu tradizionalak, armak saltzeari utziko diola jakinarazi du.


Pazienteek 25 egun itxaron behar dituzte, batez beste, Osasun Mentaleko Zentruetan arta jasotzeko

25,6 eguneko batez besteko itxaron zerrendak daude Osakidetzako Osasun Mentaleko Zentruetan. Larrialdi kasuetan, aldiz, 24 eta 72 ordu arteko itxaronaldiak daude. 


Non dago Maider?

Lau hilabete daramatzagu greba mugagabean, hitzarmen propio baten eta lan-baldintza duinen alde. Lau hilabeteko greba honetan, udaltzainek piketeetan bortizkeriaz zapaldu gaituzte, hirian jarraitzen gaituzten eta mobilizazio bakoitzean zelatatzen gaituzten polizia... [+]


Oñatiko egoitza batera mugituko dituzte Donostian kale egoeran bizi ziren migratzaile maliarrak

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostiako Udalak Oñatiko Arantzazu egoitza eskaini dute maliar migratzaileentzat. Bertan geldituko dira Espainiako Gobernuak haien asilo eskariak ebazten dituen bitartean.


“Intentsitate altuko” bi sexu eraso salatu ditu Gasteizko Mugimendu Feministak ostegun gauean

Mugimendu Feministak azaldu duenez, Fermin Muguruzaren kontzertuaren aurretik gertatu ziren erasoak. Horiez gain, beste hiru eraso zenbatu dituzte: hiru gizonak atxilotu ditu poliziak. 


Gaza Hiria okupatzeko plana onartu du Israelgo Segurtasun Kontseiluak

Ostiral goizaldean eman du erabakiaren berri Israelgo Gobernuak, hamar orduz luzatu den bilera baten ondoren. Dena den, okupazioa gauzatzeko, gobernu osoaren baiezkoa behar du Netanyahuk: igandean izan daiteke bilera. Segurtasun Kontseiluak, halaber, mugak jarri dizkio... [+]


Oholtza denontzat?
Feminista izango da, edo ez da izango

Sorkuntzarako, gozamenerako eta aldarrikapenerako espazio moduan dute oholtza musikari askok, baina bere ingurumarietan katramilatzen dira sarri, eta espazio "bortitz" bihurtzen da hegemonikoak ez diren gorputz askorentzat. Presio estetikoa, egiteko modu deserosoak,... [+]


2025-08-08 | ARGIA
GOMENDIOAK | Sei liburu uda honetarako

Lautadako mamua
Xabier Montoia
Elkar, 2024
112 orrialde

Eleberri labur honetan egileak XIX. mendeko Euskal Herrira garamatza, sekulako sona hartu zuen Juan Diaz de Garaio hiltzailea duela protagonista. Arabako landa guneko jendarte tradizional eta giro hotzean barneratzen... [+]


Errusiak baieztatu du Putin eta Trump datozen egunetan bilduko direla

Joan den astean Trumpek ohartarazi zion Putini hamar eguneko epean Ukrainarekin su-eten akordio bat sinatu ezean, zigor ekonomikoak ezarriko dizkiola. Zelenskik sare sozialetan adierazi du ezinbestekoa dela Errusiako presidentearekin bildu aurretik lehenbizi su-etena... [+]


Boubacar Diouf: “‘Manteroa’ izatea ez da delitua; bakean bizi nahi dugu, diskriminaziorik gabe”

Manteroekin Bat plataformak eta Mbolo Moye Doole elkarteak elkarretaratzea egin zuten astelehenean Bilbon, azken asteetan poliziak manteroen aurka eginiko eraso "arrazistak" salatzeko. Izan ere, Boubacar Diouf kale saltzailearen arabera, poliziaren jazarpena... [+]


Nafarroako suteak nekazaritzako makina batek sortu zituela baieztatu du gobernuak

338 hektarea erre ditu astearteko suteak. Nekazarien sindikatuak haserre agertu dira Nafarroako Gobernuak suteak saihesteko ezarritako murrizketekin. Asteazkenean beste sute bat piztu da Artaxoa eta Añorbe artean, baina hura ere kontrolpean dute suhiltzaileek.


ChatGPT psikologo bezala erabiltzearen arriskuez mintzatu da Mireia Centeno Gutierrez psikologo eta psikopedagogoa

Ohartarazi du ChatGPT lanketa emozional “sakonak” egiteko erabiltzea “arriskutsua” izan daitekeela ez duelako erabiltzailearen testuingurua ezagutzen eta “gehiago biktimizatu” dezakeelako.


Heriotza txikiak

Urtebetetzeek eta urte aldaketek pilaketa bidezko eragina dute: alegia, banaka, gertatzen direnean, nik ez dut ezer sumatzen. Urtebetetzeetan, ondo xamar egin badut segundo batzuez olgatzen naiz (nire baitarako), nire garunaren zati batek ezin dio utzi zoriontzen dutenean... [+]


Miren Agur Meabe
“Zalantza askorekin idatzitako liburua da, baina zalantzek bultzatzen gaituzte aurrera”

Apirilean argitaratu zuen Amorante frantsesa (Susa) Miren Agur Meabek (Lekeitio, 1962). Thriller ukitua du poemen bidez idatzitako nobela deigarriak eta, istorioa fikziozkoa den arren, badu idazlearen aurreko lanak markatu dituen kutsu autobiografikoaren arrastorik. Hortaz,... [+]


‘Stabat mater’ borobila

Zer: Orquesta de la Comunitat Valenciana. 

Zuzendaria: Mark Elder. Donostiako Orfeoia. 

Zuzendaria: José Antonio Sáinz Alfaro.

Bakarlariak: Federica Lombardi (sopranoa), Paula Murrihy (mezzoa), Xabier Anduaga (tenorea), Will... [+]


Eguneraketa berriak daude