Non zeuden emakumeak?


2006ko otsailaren 26an
Galdera horretatik zintzilik jarri gintuen Hamaika Bide Elkarteak iragan abenduan. Euskal Erbesteen Kultura Ikertzeko Elkartea da Hamaika Bide eta urtero egin ohi dituen jardunaldien barruan, aurten, "Emakumea 1936ko euskal erbestean" hartu zuen ardatz.

Nik neuk Polixene Trabudua mitinlari eta idazlea (Sondika, 1912) eta Balendiñe Albizu poeta (Zumaia, 1914) aurkeztu behar nituen. Aurretik banan bana tratatuak nituen biak, Bidegileak sailerako. Oraingoan, biak parez pare jarrita, beraien arteko antzekotasun eta ezberdintasunak markatu ahal izan nituen eta, batez ere, bi ale bakan baina ez bakarren ibilbidea zirriborratuz, haien belaunaldira gehiago hurbildu nintzen.

Polixenerekin batera beti datorkit sokan Haydée Agirre (Santurtzi, 1907). Hau ere EAJko mitinlaria, lehen emakume espetxeratua 1932an, Larrinagako gartzelan, eta hurrengo urtean berriro Polixenerekin batera. Haydéek kontatu zidan behin, Ertzainen kazadora soinean eta poltsan pistola zuela ibiltzen zela gerra garaian. Polixeneren liburuetako batean ageri da beste bi emakumerekin batera kaskoa buruan eta fusila bizkarrean. Ez zidan inongo lubakitan ibili zenik esan, eta milizianoen estilora ateratako argazkia propagandarako izan bide zen.

Beste pasadizo bat kontatu zidan. Nola, gerra ondoren, Madrilera estraperloa egitera joan zen Erresistentziarako dirua ateratzeko. Atxilotu eta emazte zarauztarra zeukan polizia batek askatu zuen, kupiturik, nor zen eta zertan zebilen ohartuta, hankak lehenbailehen jaso zitzala aginduz. Haydéeren istorio hau errekamaran eduki dut urtetan, errealitateak fantasia zapuztuko zuen beldurrez. Eta hara non Arteako Abertzaletasunaren Agiritegian, karpeta pila bat mahai gainean, zer dira? Gerra osteko diru kontuak, Erresistentziarako dirua nola ateratzen zuten erakusten duten agiriak. Estraperloa? Baietz, egiten zutela, eta Haydéerena, istorio sinesgarria dela.

Baina beste zerbaiten bila joana nintzen Arteako Agiritegira, La Roseraieren peskizan. La Roseraie, Jaurlaritzak 1937-40 bitartean Bidarten eduki zuen ospitalea. Hasieran, gerrako gudari gaixo eta elbarrientzat sortu zuten, baina laster Iparraldera ihes egindako zibilen ospitale ere bihurtu zen. Polixene eta Balendiñerengandik izan nuen ospitale horren berri lehenengoz, biak bertan erditu baitziren.

Haritik tiraka, ospitale horretan erizain izan ziren hiru emakume ezagutzeko zoria izan dut: Mari Tere Caicedo, erizain-burua, Miren Mugarra eta Gotzone Aranzibia. Oroitzapenak bor-bor. Gogorrak batzuk: aurpegia falta zuen gudari harena. Jose Antonio Agirre lehendakaria bisitan joan zitzaienean bi besondoak -bi muinoiak- luzatu zizkion beste harena. Eta guztiaren erdian, abentura; bizikletaz batera eta bestera "frantsesak bezala" ibiltzen zirenekoa. Eta... maitasun kontuak. "Nola ez bada maitasun istorioak sortu horrenbeste mutil eta neska gazte zegoen tokian?"

Emakume ikusezinak gorpuzten doaz. Izen-abizenak dituzte, gizonezkoen pare, Jean Claude Larrondek La Roseraieri buruz argitaratua duen liburuan. Kopurutan irabazi egiten dute: 11 sendagile, 5 ikasle, 2 masajista batetik; 15 erizain eta 10 laguntzaile bestetik. Baziren langile gehiago ere La Roseraien, sukaldari, garbitzaile, lorezain... gizonezko nahiz emakumezkoak.

Gerrako umeen kolonietako irudiak ditut aurrean: Donibane Garaziko Citadellekoak, Inglaterrako kanpin-dendak, Belgikako kolejio bat, Gorlizko ospitalekoak Biarnon... Txikien artean ageri diren zaindariak, apaizen bat edo beste salbu, emakumezkoak dira.

Polixene, Balendiñe, Haydée, Mari Tere, Miren, Gotzone... eta beste hainbesteri erreparatuta jabetzen da bat zenbaterainokoa izan zen gerrak eragindako atzerapena emakumeon ibilbidean. 1936rako maistra eta erizain zirenak, idazle eta mitinlari, ondo bidean aurrerako pausoak emanarazi behar zizkieten hurrengo belaunaldiei, eten hura gertatu izan ez balitz. Haien drama, ondorengoentzat galera. Eta galera hori biderkatu egiten du maskulinoz eta eskuineko eskuz idazten den historiak.

Azken urteotan, euskaraz, literaturatik heldu zaio garai hari. Heroien mitoak bota, manikeismoa hautsi eta kolaboak aitortu, jarrera ideologiko atzerakoiak astindu... idazle jendea ari da analetatik haratagoko irakurketak egiten. Errebisio lan horretan, ordea, emakumeak berriro ere desenfokatuxe ageri dira.

Gerra hasi zenetik hirurogeita hamar urte betetzen direla-eta, hauxe da aukera Hamaika Bidek egindako galderaren haritik emakumeak zertan aritu ziren jakiteko. Eta egin zutena -ez gehiago, ez gutxiago- aitortzeko.


ASTEKARIA
2006ko otsailaren 26a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
Jaioberrien orpo-proban gaitz gehiago aztertzera behartuko du Osakidetza Espainiako Gobernuak

Jaurlaritzari koloreak atera dizkio Espainiako Gobernuak: Osakidetzak iragarri berri duenean jaioberriei egiten zaien orpo-proban hamalau gaitz antzeman ahalko direla aurrerantzean, gutxienez 22 gaitz behatu beharko ditu, Madrilen aginduz. Nafarroak dagoeneko 30 gaixotasunen... [+]


2024-04-24 | Juan Aldaz Arregi
Athletic zuri ta gorria, zu zara nagusia, baina zertan?

Gizonezko futbol profesionalaren gaitasun (im)mobilizatzaileari buruzko hausnarketa soziologikoa (artikulu hau EHUren Campusa aldizkariak argitaratu du)


Neskak eta ikasketa zientifikoak: 6 urteetatik unibertsitatera bitarteko harreman gatazkatsua

Neskek gaitasun matematiko eta zientifikoekiko txikitatik duten pertzepzio, autopertzepzio eta bizipenen eraginez, zientzia arloko ikasketei muzin egin eta bestelako karrerak aukeratzen dituzte. Hala dio ikerketa berri batek.


Gazara bihar abiatuko dela iragarri du Askatasunaren Ontzidiak, Israel, Alemania, Erresuma Batua eta AEBen “presioen” gainetik

“Azken egunetan” hainbat herrialderen ordezkariak Turkian izan direla salatu du nazioarteko ekimenak, Erdoganen gobernua presionatzeko ontzidia ez dadin itsasoratu. Askatasunaren Ontzidiak adierazi du ez duela “onartuko” debekurik, eta apirilaren 24an,... [+]


Eguneraketa berriak daude