Jokin Oregi: «Heroiak dira gaur egun antzerkian dabiltzanak»


2006ko otsailaren 26an
Aktore ibilitakoa zara...
Bai, Basauriko Antzerki Eskolan egin nituen ikasketak. Kazetaritzako 3. maila hastear ginela hasi ginen Basaurin, eta bost urte egin genituen han.

Aktore bokazioa duzu?
Ez, ez dakit zergatik sartu nintzen. Baina antzerkiak beti erakarri nau, nahiz eta Soraluzen aukera handiegirik ez eduki antzerkia egiteko.

Kazetaritza ikasketak burutu zenituen, eta aritu ere aritu izan zara. Horretarako bokaziorik bai?
Ez, nik kazetaritza aukeratu nuen idaztea asko gustatu izan zaidalako beti, baina ez naiz idazle ona, ez naizelako irakurle ona.

Ezin dut egia esan entzunda besterik ematen du, bada...
Hara, apurka-apurka, egin ahala, ikasi egiten da ofizioa...

Nola sortu zen lan hau? Izan ere, helduentzako idazten duzun lehenengoa da, ezta?
Tira, moldaketaren bat egin izan dut profesional mailan. Maskaradarekin, adibidez, Nerudaren postaria; Antonio Skarmetaren nobelatik abiatuta moldaketa egin genuen. Bestela, badauzkat idatzita helduentzako testuak, baina gordeta daude. Ezin dut egia esani dagokionez, baneukan gogoa helduentzat zer edo zer idazteko, Gorakada taldearekin egindako Jim Altxor Uhartean eta Robin eta Hood lanen arrakastaren ondoren. Izan ere, uste dut Robin eta Hood baino lehenago idatzi nuela Ezin dut egia esan.

Lan handia eman zizun halako antzezlan bat idazteak?
Ez, brastakoan ateratako testua da. Bi aste neuzkan, arratsaldeak baino ez goizez beste lan bat neukalako, eta helduentzako obra bat nahi nuen idatzi. Beraz, ordenagailu aurrean eseri eta hasi egin nintzen. Nik, normalean, ondo pentsatzen dut zer kontatu nahi dudan idazten hasi baino lehenago, baina kasu honetan egin ahala atera zitzaidan, ez nuen aurretiaz planteamendua ondo lotu.

Gai serioa. Euskarazko antzerkiaren tradizioa gehiago lerratzen ei da komediara...
Bai. Nik uste dut egile bat oso zinezkoa izan behar dela, Patxok [Telleria] esaten duen moduan. Bere barrutik atera behar duela, benetan komunikatu nahi badu. Edozein arte-hizkuntzatan komunikazioa da oinarria, zuek antzokira zatozte eta har ezazue nik eskaini nahi dizuedan hau. Hori da artista batek egiten duena: ez du gordetzen, erakutsi egiten du.

Eta zuk zer daukazu barruan?
Nik antsietate apur bat eduki dut maitasunarenganako, eta hori idatzi dut. Oso zintzoa izan naiz alde horretatik.

Antzezlana ikusi eta gero, ideia hau geratu zitzaidan: maitasunean sekula ez dago nahi den guztia lortzerik, beti konformatu behar dugu beste zer edo zerrekin. Ezkortasuna?
Uste dut irakurketa asko egin daitekeela, nik ez dut tesi bat egin nahi izan. Nik planteamendu bat aurkeztu dut, eta uste dut oso erraz ezagutzen dela nik hor diodana. Esan nahi dut lana ikusten duen edozeinek ikus dezakeela hor badagoela egia bat. Baina ez dut mezu potolorik eman nahi izan. Nik asko sinesten dut fantasian eta desioan. Errealitatearen zati dira, eta horregatik obran biak, errealitatea eta desioa, uztartu egiten dira.


Momenturen batean pentsatu duzu horrek nahasmena sor zezakeela?
Bai, zalantza hori eduki dut, eta baliteke momenturen batean hala gertatzea, baina ez dut uste askotan gertatzen denik, jendeak testua ondo ulertzen duelakoan nago. Baina ahalegindu egin naiz den-dena ez esaten. Batzutan, larregi kontatzea ez da ona, eta gutxiegi kontatzea ere ez. Erdiko neurri hori, berriz, ez da erraz lortzen. Eta nik nahiago dut gutxiegi kontatzearren huts egitea gehiegi kontatzearren baino. Hala ere, uste dut obra honetan ez dela ikusleen aldetik hainbeste irakurketa desberdin egiten, ikusle gehienek gauza bera ulertzen dute obra amaieran.

Idatzi ez ezik, zeuk zuzendu duzu obra. Hasieratik nahi izan duzu hala izatea?
Ez bereziki. Idatzi nuenean, taularatzeko aukerak bazeudela pentsatu nuen. Lagun baten gomendioz, Santurtziko lehiaketa batera bidali nuen lana, eta baita saria irabazi ere. Dirua eman zidaten, eta argitaratzeko aukera. Jendeak gustuko zuen lana, eta batzuek neuk zuzentzeko esaten zidaten. Bestetik, hainbat taldek agertu zuen obra egiteko interesa, bazekitelako ere diru-laguntza jasoko zutela Santurtzitik. Hor mugimendu batzuk egon ziren, eta ni zain. Horregatik diotsut ez nengoela inoren aurretik neure burua zuzendari jartzeko asmoz. Azkenean, batzuen eta besteen zalantzak zirela-eta, aurrera egitea erabaki nuen.

Lan honetan isiluneek garrantzi handia daukate, eta horiek nola antzeztuta dauden ikustean igartzen da zuzendaria eta egilea pertsona bera direla...
Bai, nik badakidalako zergatik dagoen isilunea testuaren zati horretan, eta hori aktoreei azaldu diet. Obra honetan isiltasunak testuak adinako garrantzia dauka, duda barik, edo handiagoa.

Antzerki serio, kalitatezko, gutxi batzuentzako... etiketak har litzake Ezin dut egia esanek?
Ez nuke hori pentsatzerik nahi. Gutxi batzuentzat da, antzerkia berez delako gutxi batzuentzat.

Are gutxiagorentzat, esan nahi nuen...
Ez du uste, eta emango dut arrazoia: Arriagako irakurketa entzutera etorri zirenek ez zekiten zertara zetozen. Eta 40 urtetik gorako emakume ugari etorri zen, guztien %90 beharbada. Antzerkira sarri etortzen direnetakoak zirela pentsatzen dut, agian antzerki komertziala ikustera etortzen direnak, ez dut uste euskal antzerkiaz asko dakitenik -horrekin ez diot jakitunak ez direnik, edo antzerkian iaioak ez direnik, e?- eta haiek oso gustura egon ziren. Ondoren egin zituzten galderek eta agertu zuten interesak asko poztu ninduten, erakutsi zidatelako testuak badaukala erakartzeko gaitasun hori.

Antzerki komertziala aipatu duzunez gero, bota egingo dizut gogoan zebilkidan galdera bat, egin ala ez egin duda-mudatan ibili naizena: badago antzerki-zaborrik?
Bai, bai, noski. Ez dut izenik emango, badaezpada, baina... Dena den, antzerki munduan hainbestekoa da prekarietatea antzerkian dabilen jendea ezin izango dudala kritikatu inoiz. Niretzat heroiak dira gaur egun antzerkian dabiltzanak. Zer edo zer poltsikoratzeko ez dakit zenbat lan egin behar da eta.
Jokin Oregi
Soraluzen jaio zen, 1970ean. Hamasei urte zituela, testu bat bidali zuen Eibarko Narruzko Zezen antzerki taldeak antolatutako lehiaketara. Gaia, antzerkia. Ia ahaztuta zeukanean, irabazi zuela esan zioten.
Antzerki munduan, hainbat lanetan aritu da aktore eta zuzendari laguntzaile. Nerudaren postaria ere egokitu zuen antzerkirako, Antonio Skarmetaren Ardiente Paciencia eleberritik abiatuta. Gorakada talderako txotxongilo ikuskizun bi idatzi eta zuzendu ditu: Jim Altxor Uhartean eta Robin eta Hood.
Ikus-entzunezkoen alorrean, aspaldi dabil Pausoka ekoiztetxean lanean. Azken urteetan, eta berak hala eskatuta, egun erdiz besterik ez, "arratsaldeak antzerkiari eskaini ahal izateko". Hainbat saio eta telesailetan jardun du zuzendari, erredaktore eta are aurkezle ere. Gaur egun, Goenkaleko gidoilari taldean dago.

«Euskara hutsean egitea hondamendia izango litzateke»
Zornotzan, 200 lagunetik gora hartzeko gai den aretoan, 40 inguru egon ginen. Eta hala da beti…
Bai, Galdakaon 15 egon ziren.

Hori ez da antzezlanaren errua baina...
Ez, inola ere ez. Horregatik diot, gutxi etorri direlako obra hau ez da komertziala? Gaur egun ez bakarrik hemen, Europako hainbat herrialdetan gertatzen ari da: antzerkia beheraka doa. Baina zinea bera ere bai. Euskaraz oso gutxi joaten direla ikusten? Euskaldunak askoz gutxiago garelako. Lau katu besterik ez gara.

Horrek behartzen du obrak erdaratzera? Ezin dut egia esanek badauka, izan ere, gaztelaniazko bertsioa: Las dos verdades.
Bai, hala da. Niri gustatuko litzaidake obra hau, hemen behintzat, euskaraz egitea, eta horregatik egiten dut euskaraz, gainera asko gozatu dut euskaraz idazten. Itzultzea? Nik erdaraz naturaltasun osoz egin nahi dut, zaila da hemen gauzak naturaltasun osoz egitea, baina… Gainera, lehenengo zirriborroa gaztelaniaz egin nuen, gero euskaraz borobildu nuen testua, eta gero berriz itzuli erdarara. Ni euskaraz eta gazteleraz bizi naiz, elebiduna naiz, eta hori naturaltasun osoz egin nahi dut. Gainera, euskara hutsean eginda hondamendia izango litzateke.

Errentagarritasun aldetik?
Bai. Nik dirua jarri dut obra honetan, eta ez baditugu 40 emanaldi egiten galdu egingo dut segur aski. Orduan…

Orduan, diru aldetik hondamendirik ez bada, segitu behar duzu idazten?
Bestela ere bai. Erein egin nahi dut, gero batzeko. Baten bat haserretu egingo da hau irakurrita, baina nik neure burua beti hasiberritzat ikusten dut. Ez naiz berton ezaguna, nire lehenengo obra da nahiz eta antzerkian aritutakoa izan, eta esperantza daukat ibilbide honi jarraipena emateko.

Hau bezalako erregistro intimoetan beti?
Ez dakit zein erregistrotan, baina behintzat nortasun jakin batekin. Norberaren estiloa lortzea oso zaila da, baina ahaleginduko naiz.


Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude