Euskararen inguruko albiste laburrak


2006ko otsailaren 19an


Baionako Szewczyk epaileak ikastolek akulturazioa eragiten dutela dio

Baionako Florent Szewczyk, familia arazoetako epailea dibortzio kasu batean ari da lanean. Gurasoetako batek eskatu dio haurra Seaskako ikastolatik atera eta eskola publikoan sartzea. Epaileak eskaria onartu du eta baita arrazoitu ere: ikastolak «dekulturazio eta akulturazio arriskua» omen dakar. Seaskako lehendakari Ixabel Xarritonek adierazi duenez, epailea, beste hainbat bezala, frantziar ikuspegi kolonialista hertsian oinarritu da. Larriena da, bere ustez, laido horiek errepikatzen direla eta sakoneko ideologia baten adierazle direla. Euskararen Erakunde Publikoko lehendakari Max Brissonek esan du bitartekari lanak egingo dituela epai honetan. Gaineratu du epaileak gaia ez duela ondo ezagutzen. Esate baterako, Seaskatik haurra atera eta Ikas-Bi ereduan sartzeko erabakia hartu baitu eta Ikas-Bi eredurik ez da existitzen, Ikas-Bi, eskola publikoan euskararen alde ari den hainbat gurasok osatutako elkartea baita.


Munduko 6.000 hizkuntzetatik 4.000 desagertuko dira XXI. mendean

Unescok ekainean aurkeztu zuen munduko hizkuntzen egoeraz egindako lana: Hizkuntzen Mundua. Orain euskaraz argitaratu dute EHUren laguntzarekin eta Felix Martí liburuaren koordinatzaileak adierazi duenez, XXI. mendean 6.000 hizkuntzetatik 4.000 galduko dira. Bere ustez, euskara ez da izango horien artean. Euskararen egoera osasungarria dela azpimarratu du, «nahiz eta beti ere erlaxatu gabe eta tentu handiarekin jokatu behar den». Baikor da Martí, baina Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian euskarak bizi duen egoerak asko kezkatzen dituela gehitu du.


Irulegiko Irratiaren 25. urtemuga gazi-gozoa

Nafarroa Behereko Irulegiko Irratiak 25 urte beteko ditu aurten. Mende laurdena bada ospatzekoa, baina irratiaren egoera ekonomiko kezkagarria ez dute albora utzi nahi. 241.000 euroko aurrekontua du irratiak eta hirutik bat entzuleen ekarpenek osatzen dute. Batetik, entzuleen ekarpena ahultzen doa eta bestetik, orain arte jaso duten gazte enpleguaren diru-laguntza ere bukatzera doa. Herriko Etxe eta herri elkargoei ere eskatzen diete dirua, baina ez da nahikoa. Esate baterako, udan langile batek irratia utzi du eta ez dute ordezkorik hartu. Urtero egiten dute otsailean kanpaina entzuleei dirua eskatzeko eta aurten ere egingo dute, baina eragile publikoei egiten diete eskaria irratiak gizartean eta ekonomian betetzen duen funtzioagatik.
Irulegiko Irratia bezalatsu beste irrati batzuk ere diru-laguntza eske dira azkenaldian. Baionako Gure Irratiak kanpaina abian du egoitza berrira igarotzeko beharrezko dirua lortzeko eta Info 7 irrati sortu berriak ere laguntza eskatu du proiektuak aurrera egin dezan..


Eguneraketa berriak daude