Bikoizketa hotsez hots: Ahotsa mailegutzan


2006ko otsailaren 19an
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas
Ohitu gara filmetan edo telebistarako saioetan atzerriko aktoreak frantsesez, gazteleraz nahiz euskaraz entzuten. Tramak harrapatzen gaitu eta une batez, Uma Thurman beraren ahotsa dela sinets dezakegu, bikoiztaile bikain baten lan onari esker.

Besaulkian eserita dagoen hori filmak kontatzen duen errealitate horren parte sentitu dadin bilatzen du, izan ere, zine narratiboaren errepresentazio modu ohikoenak, kameraren objektiboarekin identifika dadin lortzea. Paradoxikoki estrategia artifizialak erabiltzen ditu horretarako eta horietako bat bikoizketa izan daiteke.


Ezpainak sinkronian

Baina nola lortzen da hori? Ahotsaren ordezkapen sinkronikoa ez da nahikoa izaten, aktore atzerritar batek euskaraz dakiela imajina dezagun. Aktorearen keinua, ezpainaren mugimendua, begirada, eszena horretan gertatzen ari den guztia kontuan izan behar du bikoiztaileak. Hori guztia ongi koordinatu behar da, bikoizketa irudiarekin fidel izan eta istorioa sinesgarria izan dadin.

Bikoizketak badu bere teknika beraz, baina ez da matematika bezala ikasten eta trikimailu bakarra praktika dela diote aritzen direnek. Teknika hori ikasteaz gain, dramatizatzen ere jakin behar da eta horregatik gehienak aktoreak izaten dira, telebistatik, zinematik edo antzerkitik heldutakoak.

Miren Aranburu aktore eta abeslariak 25 bat urte egin ditu dagoeneko bikoizketan lanean. Berak azaldu digu, sinpleki, nola izaten den bikoizketa saio bat aktorearentzat: "Atrilaren aurrean jarri eta pare bat aldiz ikusten dugu bikoiztu beharreko film zatitxoa, jatorrizko hizkuntzan. Aktorearen mugimendu eta esaldi guztiak ikusi eta ikasitakoan, eta gainetik entseatutakoan, gure ahotsarekin grabatzen dugu". Hori, bikoizten ari diren pertsonaia agertzen den eszena guztiekin egiten dute.

Aldea izaten da eszena batetik bestera, batzuek askoz ere denbora gehiago eskatzen dute; batez ere, giroa sortzea behar baldin badute. Izan ere, protagonisten ahotsak, dialogoak, grabatzeaz gain, giro soinua ere bikoiztu behar izaten da: estadio bateko publikoa, taberna bateko algara... eta, gainera, ahots eta soinu guztiak ez dira aldi berean grabatzen.


Marrazki bizidunetan aditu

Genero guztiak ere ez dira berdin izaten. Eta erabili beharreko ahotsa ere ez. Aranburuk marrazki bizidunekin izugarri disfrutatzen duela kontatu digu: "Heidirena egiten izugarri gozatu dut. Marrazkiak eta istorioa oso politak dira eta horrek asko laguntzen du".

ETB Europan haur programazio gehien emititzen duen telebista publikoa da eta, horrenbestez, Euskal Herrian badira marrazkietako ahotsak egiten espezialistak direnak. Gehienetan emakumezko helduak izaten dira neskato zein mutikoen ahotsak egiten dituztenak eta, asko eta kalitatezkoak egin arren, zaila izaten da haurren ahotsa egingo duenik aurkitzea. Aranbururen ustetan, nahi bezain ume izatea oso gutxik lortzen duelako gertatzen da hori. Horretarako ahots polita izatea ez omen da ezinbestekoa. Polita izan gabe ezaugarri jakin bat izan dezake eta xarma berezia izan hainbat rol egiteko.


Zarata, ahotsaren etsairik handiena

Miren Aranbururi, ahotsa bereziki zaintzen ote duen galdetuta, naturak eman dion oparia duela aitortu digu, erretzailea baita eta ahotsa zaintzeko beharrik ez duela izaten dio. Hala ere, soinu handia dagoen tabernetan egotea ekiditen omen du, baina batez ere hitz egitea deseroso suertatzen zaiolako.

Heidirena bereziki maite badu ere helduen ahotsak egiten ere ohituta dago. Bikoiztu duen azken film luzea eta Eléonore Faucherren Bordadoras izan da, gaztelaniara. Dena den, igaroko da denbora berak bikoiztutako bertsioaren kopia bat ikusi arte. Ez du eta lasai ikusi ahal izaten berak bikoiztu duen film bat, harik eta denbora pixka bat pasatzen den arte. Orokorrean obsesio txiki bat izaten dute bikoiztaileek horrekin. Gainera, guztiek elkar ezagutzen dutenez, besteenak ikustea ere kosta egiten omen zaie, ongi eta gaizki egiten dituztenez ohartu gabe. Distantzia hori lortzea ez da erraza izaten antza.


Atzeko lana ez da entzuten

Bikoiztailea aktorearen atzean ezkutatuta dagoela iruditzen zaigu, baina gutxienik haren ahotsa entzuten dugu. Itzultzaile-egokitzailearen figura, teknikoarena edo zuzendariarena oraindik ere urrunago geratzen zaigu.

Film bat bikoizteko 10 bat egun inguru behar dira guztira. Emisio eskubideak erosi eta gero, zuzendariak zinta ikusi eta aktore bakoitzari bikoiztaile egokia bilatzen dio. Haiekin kontaktuan jarri eta rolak banatzen ditu. Bitarte horretan, itzultzaile-egokitzaileak gidoia euskaratu eta luze laburrera doitzen du.

Horretarako, Idoia Gillenea itzultzaileak azaldu digunez, oso esaldi errazak erabiltzea ezinbesteko izaten da. Horrez gain, hitz ordaina ezpainkaria den edo ez kontuan izan behar du; pertsonaiari pantailan aurpegia ikusten ote zaion edo ez... Hizkuntza galbahe asko igaro behar izaten ditu testuak eta azkenik estudio grabaketara heltzen denerako, hainbatek berrikusi du testua, gehienez 10 lerro izango dituzten takeetan banatuta. Horiek dira estudioan grabatuko direnak eta ondoren, azken bi egunetan, soinu teknikariek mahaian nahastuko dituztenak.


Ahotsen sukaldaritza

Teknologia berriei esker postprodukzio lana asko erraztu da. 40ko hamarkadan zuzenean soinu pelikularen gainean grabatzen zen ahotsa eta ezin zitekeen akatsik egin. Aurretik asko entseatu behar izaten zuten, negatiboa oso garestia zelako eta positibatu arte ezin zelako grabatutakoa berriro entzun. Magnetiko eta digitalarekin nahi beste aldiz grabatu eta ezabatu liteke ahotsa.

Digitalak abantaila bat gehiago du: lehen sei pertsona atril aurrean jarri behar ziren eszena bat, edozein, grabatzeko. Orain pertsonaia bakoitzak bere zatiak graba ditzake, solaskide duen aktorea sofan kuluxkatxoa egiten ari den bitartean, edo elkarrizketaren bere zatia New Yorketik grabatzen ari dela. Bakoitzaren ahotsa pista ezberdinetan grabatu eta nahasketa mahaiaren bidez uztartzen dituzte ahots biak.


Euskarazko bertsioa pantaila handian ere bai

Film bat bikoiztu edo azpitituluak jartzeko Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak diru laguntzak eskaintzen ditu. Laguntza hori jasotzeko, euskarazko bertsioa gaztelaniazkoarekin batera estreinatu behar da, hori bai. Urtean, Tinko elkartearen hiruzpalau filmen bikoizketa laguntzen du diruz adibidez.

Tinko elkarteak, Rec grabaketa estudioaren bitartez, euskarazko zinea areto komertzialetara helarazteko asmoz lan egiten du, 1993az geroztik. Telebistarako bikoizketaren krisialdia heldu zen orduan, ETBk barne produkzioa indartu baitzuen eta bikoiztaile talde bat lanean hasi zen ikusleriari euskara zineman natural egin zekion. Marian Galarraga talde horretan zen eta 13 urte geroago kontatu digu zergatik hasi ziren haurrentzako filmak bikoizten eta banatzen, naturaltasun hori lortu asmoz: "Orduan haurtxoak ziren horiek 14 urte dituzte orain eta nahiago dute euskarazko bertsioa gazteleraz bikoiztutakoa baino. Bihar 20 edo etzi 30 urte izango dituzte eta filmak euskaraz ikustea nahiago izango dute".

Hasi zirenean helburu hori lortzea ametsa zela esan zieten eta ametsak ezin zirela diruz lagundu. Ekinaren ekinez, ametsa betetzen ari dira eta diru laguntzak jaso dituzte. Lanean jardun duten lehen hamarkadan guztira 43 filmen eskubideak erosi zituzten.

Apurka ari dira bidea egiten eta zailtasunak zailtasun mundu osoko filmak bilatzen jarraituko dute, egunen batean zinemara joan eta helduentzako estreinaldiak euskaraz ikusten ari garela ohartu ere ez gaitezen. Orduan ere tramak harrapa gaitzala!

Euskarazkoaren hastapenak

Euskarazko bikoizketa 80ko hamarkadan heldu zen euskal telebistarekin batera. Sortzera zihoan euskarazko telebista batean lan egiteko, euskaraz ongi moldatzen ziren pertsonak bilatzen zituzten.

Donostiako Prim kalean zegoen Irrati Telebista Eskolan ikasi zuen hainbatek, artean telebista sortu gabe zegoela. Kataluniatik heldu ziren bikoizketaren profesionalek irakatsi zieten bikoizketaren ofizioa eta laster hasi ziren lanean.

Ez zen lan makala izan nazioarteko ikus-entzunezko merkatuan lehenengo produktuak erosi ahal izatea. Bulgariako marrazki bizidun batzuk izan omen ziren aurrenak. Geroago TV3 kate kataluniarrarekin egindako hitzarmenari esker, Dallas erosi ahal izan zuten, besteak beste. Hala, kate berriarentzat erreserban gordetzeko materiala pilatzen hasi ziren.

Guztia zegoen egiteko eta gelditu gabe lan egin behar izan zuten hamarkada hartan bikoizketan hasi berri ziren haiek, Euskal Telebista, batez ere, kanpo produkzioaz hornitzen baitzen eta batez ere entretenimendu saioez.

Luze gabe, ekimen pribatuaren esku geratu zen bikoizketa. Euskal Herrian ireki zen lehen bikoizketa etxea Irusoin izan zen, Eresoinka izenez 1982an. Bigarrena, egungo K-2000 izan zen, Galdakao Estudios izenez hau, 1983an. Beranduago, 1985ean, Edertrack sortu zen, Galdakao Estudiosen gertatu zatiketaren ondorioz.

Egun, 2004ko uztailaz geroztik, Edertrack eta Irusoin batu egin dira bikoizketa lanak egiteko eta Mixer Producciones Audiovisuales S.L. izenpean sinatzen dituzte alor honetan egiten dituzten lanak. Eurak dira egun ETBren hornitzaile nagusia orain bi urte irabazi zuten lizitazio bati esker, nahiz eta K-2000k eta Rec grabaketa estudioek ere egiten dituzten gauza bakan batzuk.

Ikastaroak: Ahots berrien unibertsitatea
Ez dira asko Euskal Herrian bikoizketatik bakarrik bizi direnak. Gehienak aktoreak izaten dira eta lan bakan batzuk egiten dituzte. Hala ere, Euskal Herrian hainbat ikastaro egiten dira bikoizketaren teknika ikasteko; batez ere ahots berriak aurkitzeko asmoz.
Bikoizketaz kontzeptu orokor batzuk ikasten dituzte, baina, batez ere, atrilean praktikak eginez trebatzen dira ikasleak. Horretarako, irakurketa eta memoria ariketak egiten dituzte.
Zinemarako, dokumentaletarako edo marrazki bizidunetarako izan, ahotsa nola erabili eta zein modutan dramatizatu ikasiko dute hilabete gutxiren buruan. Ikastaroak non egin daitezkeen? Adibidez:
- REC grabazio estudioa (Donostia): 943312112
- IMVAL eskola (Bilbao): 944756078
- IVIM eskola (Donostia): 943293716
- Take one (Iruñea): Alfontso Borrokalaria 10, tarteko solairua A

Tradizio kontua
Gazteleraz 30eko hamarkadan egin ziren lehenengo saiakerak, Parisetik gertu amerikarrek zituzten estudio batzuetan, baina 1940 edo 1941ean, behin gerra amaitu zenean, ezarri zuen Francok bikoizketa Espainian. Are gehiago, jatorrizko bertsioa ikustea debekatzen zuen dekretua jarri zen indarrean.
Arrazoi politiko, linguistiko eta historikoen ondorioz, Frantzian, Italian eta Alemanian ere sistema hori gailendu da. Europako herrialde askotan berriz, ohikoena, zinea azpitituluekin ikustea da, jatorrizko hizkuntzan.

Azpitituluak vs bikoizketa
Bikoizketaren aurkakoek, hainbat arrazoi erabiltzen dituzte: aktorearen interpretazio tresna garrantzitsuena, ahotsa, mutilatzen duela; erregimen autoritarioek erabili izan dutela zentsura moral edo politikoa egiteko, edo itzulpen semantikoki ez fidelak egiten direla, adibidez. Aldekoek berriz diote, azpitituluak traba direla argumentua jarraitu eta irudiaz bere osotasunean jabetzeko.


Azkenak
Hegazkinez bidaiatzea trenez baino 26 aldiz merkeago izan daiteke Europan

Europa barruan hegaldiak hartzea trenez bidaiatzea baino 26 aldiz merkeagoa izan daiteke, 31 herrialdetako 142 ibilbidetan oinarritutako Greenpeaceren ikerketa baten arabera. Hegaldien zerga pribilegioei egotzi die desparekotasuna, eta trenbidea merketzeko neurriak eskatu ditu.


Belfasteko Kneecap musika taldea jo-puntuan: epaiketak, zentsura, jazarpena...

Israel Gazan egiten ari den genozidioaren aurkako mezuak adierazteagatik mota askotako errepresioa jasan du Irlandako Kneecap musika taldeak: Liam Óg Ó hAnnaidh kidea asteazkenean epaitu zuten, Londresen emandako kontzertu batean Hezbollah miliziaren bandera... [+]


Gutxieneko soldata propioaren alde 138.495 sinadura lortu dituzte sindikatuek

ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek aurkeztu dituzte Herri Ekimen Legegilearen sinadurak Eusko Legebiltzarrean. Orain pilota alderdien teilatuan dagoela esan dute, eta herritarren borondatea kontuan izatea eskatu diete.


Gazako genozidioan hildakoen %83 zibilak dira, Israelgo armadaren datuen arabera

Israelgo armadaren barne agiri batean agertzen diren datuek diote Gazan hil dituzten sei palestinarretatik bost zibilak direla, azken hamarkadetan aurrekaririk ez duen sarraskia izanik. Israelgo zerbitzu sekretuek maiatzean zioten armadak Hamaseko eta Jihad Islamikoko 8.900... [+]


Sexu erasoak “kopuruz eta intentsitatez handitu” dira Bilboko Aste Nagusian

Bilboko Konpartsek elkarretaratze jendetsua egin dute Arriaga Antzokiren aurrean azken egunetako eraso sexisten aurka egiteko. Konpartsek adierazi duten arabera, erasoak kopuruz eta intentsitatez handitu dira. Aste Nagusiaz gozatzera gonbidatu dituzte herritarrak, eta... [+]


Kartzelan jaioa eta Israelek eraila adin nagusitasunera iritsi aurretik: Youssef Al-Zuqen historia

Youssef Al-Zuq munduko preso gazteena izandakoaren bizitza Gazako zigor zikloaren ikur da. Al-Zug 2008an jaio zen kartzelan, ama atxilotu eta epaiketarik gabe espetxeratu ondoren. Uztailaren 12an hil zuten Israelen bonbardaketa batean.


Oporrak ere gaixotasun?

Abuztua heldu zaigu, irakurle. Oporretan zaude eta zuretzako denbora gehiago daukazu? Edo agian ez daukazu denborarik, oporrak planez bete dituzulako? Edozein modutan, kontuz! Egungo bizimoduaren psikologizazioak edonon sailkatzen ditu sindrome berriak, eta oporraldiak ez daude... [+]


Txikiren eta Otaegiren mural bati eraso egin diote Durangon

Durangoko Ernaik salatu du Txiki eta Otaegiren muralaren kontrako erasoa. Ostegun arratsaldean murala berregiteko dei egin dute.


Nazien kontzentrazio esparruetan palestinar zapia ezin dela jantzi ebatzi du Alemaniako epaitegi batek

Turingia estatuko Auzitegi Gorenak ebatzi du Buchenwald konzentrazio esparruko memorialak eskubidea duela kufija daraman edonori sarbidea ukatzeko, "judutar ugariren segurtasuna" arriskuan jarri baitezake.


AEBek beltzez margotu dute Mexikoko mugaren hesia haren tenperatura igo eta migratzaileak pasatzea saihesteko

Mexikoko mugako hesia beltzez margotu du AEBetako Gobernuak. Lehenengo brotxakadak ematera bertaratu da Segurtasun Nazionaleko idazkaria bera, Kristi Noem. Neurri horren bidez, hesiaren tenperatura igo nahi dute, eta horrela migratzaileen pasabidea zailtzeko.


Ibai Iturria Garmendia, mendi gidaria
“Jende asko ez da modu egokian joaten mendira, kezkagarria da”

Garmendi mendi gidaritza zerbitzuaren bitartez zeharkaldi eta ateraldiak antolatzen ditu Ibai Iturriak. Argitara eman diren datuekin kezkatuta, mendian "kontzientziaz eta arduraz" jokatzearen beharra azpimarratu du.


2025-08-21 | Gedar
Zumaiako Bedua jatetxeko esplotazioaren testigantza gehiago bildu dituzte

Ez kobratzea, nagusiaren senideen etxeak garbitu behar izatea, lantokian lo egin behar izatea, irainak... Luxuzko jatetxeko esklabotza-baldintzen lekukotzak argitara ateratzen jarraitzen dute Urola Kostan.


Israelek Gaza hiria okupatzeari ekin dio, Hamasek azken su-eten proposamena onartuta ere

Erakunde palestinarrak astelehenean jakinarazi zuen ohar batean Egiptoko eta Qatarreko bitartekariek proposatutako su-eten akordioa ontzat jo duela. Israelgo armadak, ordea, dagoeneko inguratuta dauka Gaza hiria, eta han dauden palestinarrei urriaren 7ra arteko epea eman die... [+]


Eguneraketa berriak daude