Net Hurbil: Eurodisneyrakoan Paristik pasatzean ikusi al duzu Bondy?


2006ko otsailaren 12an
1989a bitartean berlin hiria bisitatzera zihoazenek, Ekialdean ematen zuten egun bat, Check Point Charlie-ko kontrola pasatzeko zirrara sentitu eta oroigarri komunista batzuk ekartzeagatik. Parisen esaten dute autopista periferikoa dela Berlingo harresi berria. Baina hemen inor ez doa Ekialdera eguna pasatzera. Ez bada auzo horietan suteak piztu direlako». Honela idatzi zuen joan den azaroan Serge Michel erredaktoreburuak Suitzako Lausanne hiriko L’Hebdo astekarian. Salatzen ari zen, kazetariak horrelako auzoetara larrialdi egoeretan baino ez direla hurbiltzen, gerra kronista jantziz beztitu eta erreportaje beroen bila joateko. Parisen saltsa gogorrak gertatuak ziren protesta egiteko autoak eta komertzioak erre zituzten gazteen eta polizien artean; liskarrak Hexagono osoraino zabaldu ziren. L’Hebdok erredaktoreburua bidali zuen «gerrako fronte» hurbil honetara, Suitzan frantsesez mintzo diren herritarrei Parisen eta Frantzian zer gertatzen den erakuts ziezaien.

Gero L’Hebdoren apustua askoz aurrerago joan zen, eta horregatik bakarrik merezi luke aipatzea. Astekari suitzarrak bulego txiki bat antolatu zuen azaroan -liskarrak izan eta berehala- Paris inguruko herri horietako batean. Bondy herria (93. departamenduan) herria izanagatik benetan Parisko auzategi bat dena, ez zen izan liskarrik gehien ikusi zuena; ezta gutxien izandakoa ere. Baina bat hautatu behar eta Bondy aukeratu zuten. Geroztik L’Hebdoko kazetariak txandakatuz joan dira herri horretan, astero plazaratu dute paperean erreportaje bana bertako jendeen bizimodua ezagutaraziz, eta L’Hebdo Bondy Blog izenekoa ere elikatu dute sarean.

Honela hasi zaie galdezka -hitzaldi batean bezala- Serge Michel bere astekariko irakurleei: «Jaso dezatela eskua lerrook letzen ari diren irakurleetatik inoiz Parisen izan ez direnek. Zu baino ez, gizona? Lasai, ez duzu aitzakiarik zertan ipinirik, oraindik garaiz zaude harantz joateko. Beste guztiez ari naiz, ordea. Zuetatik zenbat joan dira ‘Peripherique’ delakotik harantzago? Bai, Porte d’Italie, Porte de Clichy, Porte de Versailles edo Porte de Pantin-etik harantzago? A, ez, etxekoandre, Eurodisneyra joateko... horrek ez du balio».

Periferikoaz beste aldetik dago Bondy. Periferikoa Paris zirkunferentzia baten barruan utziz inguratzen duen autopista da. Ez nolanahiko autopista: kazetariak lehen erreportajeak egiteko ostatu hartu duen Eden hotelaren parean bederatzi errail ditu asfaltozko alfonbra horrek.

Hotelera iritsi eta laster, batekin eta besterekin hizketan hasita, intelektual aljeriar batek joan den udazkeneko istiluen analisi hau egin dio kazetariari: «Errebolta izan da, mugimendu bortitza; ez diezu eskatuko kalera ballet egitera jaisteko. Ez du egitura intelektualik eduki 68koak eduki zuen bezala, hemen ez baitzen ikasleen kontua. Baina 68ko maiatzekoa bezain mugimendu inportantea izan da pasatu dena, eta Errepublikak ezingo du gehiago jokatu hemen ezer gertatu ez balitz bezala». Hasteko, ikerlari bat baino gehiagok esana du Frantziako 2007ko hauteskundeak irabazi edo galduko direla istilu horien ondorengo erreakzioen arabera.

Baina analisi teorikoetan murgiltzeko tentaldia baztertu eta L’Hebdok Paris inguruko hiri normal bateko erradiografia egin du astez aste paperean eta bere blogean, erreportaje eta elkarrizketekin. Horixe zen komunikabide batek eskaini zezakeen ederrena.


Bondyko neskatxek birjin nahi dute

Bondy herriaren loraldia eta dekadentzia auto marka bati lotuta egon dira. Gazteek ez dituzte izango gogoan, baina 40 urtez goiti gabiltzanok oroitzen gara Simca autoez. 1960ko hamarkadan ekarri zuten Simca Bondyra. Ordura arte Paris inguruko herri lasai bat zena, urte haietako garapen planen erdian aurkitu zen bat-batean. Ourcq izeneko kanalaren beste aldean (iparraldean) kokatu zen industria. Europarrek lan hobeagoak nahiago zituztenez, magrebtarrak ekarri zituzten Bondyko lantegira ere - beste paraje askotan bezala- eta haientzako eraiki ziren «cité» edo auzategi-bloke galantak.

1980ko hamarkada hasierako krisialdian itxi zuten Simca lantokia, eta bere babesean ugarituak ziren subkontratazio eta hornitzaile enpresa guztiak ere pikutara joan ziren. Euskal Herriko bazter askotan ezagutu dugu loraldiaren ondorengo hondamendi industrial hori.

Geroztik Bondyn ugaritu dira komertzio erraldoiak -horko Castorama Europako handiena dela esan diete kazetariei- estatuak hainbat plan sozial jarri ditu martxan eta gero itxi, hirugarren sektorearen indarra eta miseriak ezagutzen dituzte hemen ere, teknologia berrien alde agintariek egiten dituzten deklarazio dotoreak... Bitartean, pertsonak beren bizimodua egiten, ahal duten moduan.

Jende asko aurkitu dute kazetariek kixkalita. Blaise Hofmanek erreportaje baterako lekukotasunak behar zituen eta Omar izeneko gazte batek 20 euro eskatu dizkio nahi dituen astakeria guztiak kontatzearen truke: "Telebistak ostiaren dirutza irabazi du gure miseriaren gainean. Zuk seguru arrisku-prima kobratu duzula honantz etortzeagatik. Begira, hortzak hautsiko dizkizugu eta prima denon artean banatuko dugu, OK?». Broma gutxi.

2005eko azaroaren 11n hasita, joan den astea bitartean 239 post plazaratu dituzte blogean kazetariek, eta 877 erantzun jaso. Erantzun gehien bildu eta eztabaida sutsuenak piztu dituen postak «Les filles de Bondy parlent» (Bondyko neskak mintzo) darama izenburu. Sonia Arnal kazetariak hitz egin du 16 eta 23 urte arteko neska talde batekin, gizon eta emakumeen arteko harremanez. Eta elkarrizketa plazaratu du.

Galdera honekin hasi da: «Irudipena daukat Bondyn zuen adineko mutil eta neskek ez dutela elkarrekin hitz egiten sekula, ez dutela elkarrekin ezer egiten. Hala al da?». Neskek erantzun diote baietz, neska bat mutiko batekin mintzo bada herri guztiak jakingo duela eta horrek bere izen ona zikinduko. Etxean egurra gero. Zergatik? «Zure famagatik, hori ezin duzu egin (diote neskek) bestela ez zara neska zintzoa. Zeure buruarentzako eta zure gurasoentzako lotsakizuna da».

Hitzen bat gurutzatzen dute neskok mutilekin, kalean topo egiten badute, baina «egun on, arratsalde on, esateko da. Edo eskolan. Hori da dena». Beste batek dio: «Edozein gisaz, ergelak dira mutikoak, ez zaizkit batere interesatzen. Buruan hiru gauza baino ez dituzte: autoak, neskekin nola oheratu eta nola irabazi diru asko».

Guraso magrebtarren alaba hauek argi dute ezkondu arte zaindu behar dutela birjintasuna. Beren hautua omen delako... eta hala ez balitz, gurasoek eta senideek akabatu egingo lituzketelako. Mutiletan ez ei da berdin. Kazetariaro aitortu diote «haientzako ere birjintasunak berdin beharko lukeela», baina seguru dakite oso ezberdina dela kontu hau mutiletan.

Bondyko kafetegietan oso neska magrebtar gutxi ikusten omen da, dio kazetariak. Neska gazteak ados daude; izatekotan, fast-food edo hamburger batera joatea onar liteke, baina kafetegira emakumea joatea oso gaizki ikusia dago. Ordainetan, emakume gazte asko asti librean Parisera joaten da, Bondyko kontrol sozial estutik ihes egiteko. Adelak -izen guztiak gezurrezkoak dira, noski- badu adiskide bat herrian arropa lasai eta diskretoekin ibiltzen dena, Parisera beste jazkiak zakutoan hartuta doana eta han oso sexy jantzita paseatzen dena.

Galdera delikatua egin die azkenean Sonia Arnalek: inoiz ikusi dituzue zuen gurasoak elkarri musu ematen? Mounak: «Gure aurrean? Hori nazkagarrikeria! Ezin dut imajinatu ere egin». Sélimak: «Nire gurasoak eskutik helduta ibiltzen dira kalean». Leilak: «A, ez, nireek ez lukete hori inolaz eginen. Hori exhibizionismoa da».

Autopistatik ez dira ikusten bazterretan bizi diren neska eta mutilak. Telebistan ere, gehienetan, batzuen umeak besterik ez dira azaltzen.

www.argia.eus/nethurbil helbidean, gai honi buruzko informazio gehiago eta Interneteko loturak.


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude