Atxaga eta Boff, bi adierazpen

Zera zioen Atxagak (Berria, 2005eko abenduaren 18an): "Ez daukat zalantzarik, Euskal Herri osoa hiritartzea nahi nuke, hori gertatu ezean ez delako leku interesgarririk izango. Eta horrek egiten nau, beharbada, desarrollista... Horrek kostu bat izango duela? Dudarik ez. Baina ni beti izan naiz autobien aldekoa, Y grekoaren aldekoa, eta oso garrantzi handikoa iruditu zait Baionatik Bilbora ordubetean joatea... Norbaitek esango balit urtxintxa mota bat galduko dela ez dakit zer muinoaren gailurrean, esango nuke, 'barkatu, baina urtxintxa joan dadila beste baso batera'".

Ez dut Atxaga hizpide hartu gura. Berba horien hondoko pentsamoldeak eragin didanari heldu gura nioke. Eta, hasteko, barruak diost ederra dela denboraren lagun izatea, norbere garaia aldeko sentitzea, eta historiak dakarren olatuan gustura surfeatzea. Ederra, denboraren joana eta honek dakartzan aldaketak erremin eta beldur barik bizitzea; haserrea, nostalgia, malenkonia edo ondoeza bizileku egonkor bihurtu barik.

Eta barruak diost guk modernook naturari sekretu asko atera dizkiogula Ilustrazioaren espiritu tekniko-zientifikoa lagun. Beldurraren kontrako borroka izan dela hori, naturaren mende egoteari uzteko askapen aldarria. Hasieran askatzailea izan zena baina, suntsitzaile bilakatu zela gero, eta harrotasuna harrokeri: gu gara unibertsoaren zentroa, munduaren zilborra, guri zerbitzatzeko daude natura eta gainerako bizidunak.

Modernitatearen subjektu harroak matrailako latzak nozitu ditu. Kopernikok esan zion ez dela unibertsoaren zentroa. Darwinek «tximinoen ondorengo genetiko» kalifikazioaz umiliatu zuen. Freudek izaki kontziente-autonomo gisa destronatu zuen, inkontzientearen putzu beltza erakutsi zion.

Gauzak horrela, urtxintxei beste norabait joan daitezela agintzeari badario antigoalekoa den zerbait. Pentsamendu paradigma hori XIX. mendetik gertuago ote dagoen XXI.etik baino; edo XXI. mendeak behar lukeenetik baino. Eta barruak diost jarrera antropozentriko horri badariola, baita ere, gizaki mendebaldarrak oraindik bere-berea duen umiltasun falta.

Galeanok zioen Jainkoari hamaikagarren agindua ahaztu zitzaiola, naturari zor zaion errespetua, alegia. Leonardo Boff, Askapenaren Teologiako brasildar bizar zuria, lotsa barik mintzo da duela bostehun urte ezarri eta gaur munduaren luze-zabalean hedatzen ari den zibilizazio-patroiaren joera suntsitzaileaz. Homizida eta etnozida izan ostean, gizakia ekozida eta biozida ager daitekeela dio. Suizida, gaineratuko nioke diagnostikoaren latzari: inteligentzia modernoa, biziraupenaren aldeko mekanismo ebolutiboa ote?

Bai, apokaliptiko samarra diagnostikoa. Aro guztiek izan ohi duten profetismo lakrimogenoaren ukitua topatuko dio baten batek. Kosta egiten zaigu ikustea ez dugula ohiko aro historikoa bizi, gizakiok geure eskuetan metatutako botereak ez duela parekorik historian, existentziaren baldintzak aldatzeko ahalmen behin betikoa dugula gaur. XX. mendearen bigarren erdialdean autosuntsipenaren printzipioa ezarri eta gizadiarentzat aro berria hasi dela. Gaur globala dela mehatxua eta, norabide honetan tematuz gero, mehatxu horren adinako ardura kolektiboa garatu ezik, terminala ere izan daitekeela.

Boff Euskal Herrian izan genuen azaro aldera. Euskal mendietatik eginiko txango batean laburbildu ei zuen bere ikuspegia: "Inurrien, txitxarren eta txorien izenean, Euskal Herriaren independentzia deklaratzen dut!". Hunkituta omen zegoen naturaren ederrarekin. Beste bizidunak erabaki subjektu bihurtu zituen.

Atxaga eta Boff, bi adierazpen. Hondoan, bi paradigma, etorkizunerako bi ipar, bi praxi-ildo. Antropozentrismoa -gu, nagusi bakarrak- edo ekozentrismoa -gizadia naturaren destinoarekin bat-. Bien artean bada alderik. Etorkizun itxaropentsua izan ala ez, hori ote den aldea.


Azkenak
Ei politikariak, “pope” akademikoek esaten badizuete, aktibatuko al zarete behingoz?

Behetik gorako komunikazioetan ez da erraza mezuen garrantzia transmititzea eta makinaria politikoa aktibatzea. Askotan, gure mezuak "belarri batetik sartu eta bestetik atera" egiten direla sentitzen dugu. Beraz, gaurkoan, nazioarteko ikertzaile ospetsu batzuek... [+]


Mundu mailako lapurra

Azeria kanido bat da, otso eta txakurren familiako haragijalea. Animalia zuhur, maltzur eta argiaren fama dauka, eta ez alferrik! Ez da indartsuena izango, baina beti moldatzen da han eta hemen, mokaduren bat lortzeko.


Eguneraketa berriak daude