Net Hurbil: Blogariek gripea aditu askok baino lehenago ikusi dute


2006ko urtarrilaren 29an
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

«Konfirmatu gabeko iturriek jakinarazi dute Txinako mendebaldean 120 pertsona baino gehiago hil direla hegaztien gripeagatik eta honek larriagotu egin du kezka Txinako gobernuak gai hau sekretupean darabilelako. Albiste horiek egiak badira, ondorioak larriak lirateke». Hitzokin hasten zuen bere e-posta iazko ekainean Eurasia Group izeneko inteligentzia agentzia pribatuak. Munduko politikari eta enpresarien zerbitzuan, Eurasia Groupeko adituak saiatzen dira gerta daitezkeen krisiei buruzko informazioa aldez aurretik garaiz biltzen. Zein ziren agentzia horren «konfirmatu gabeko iturriak»? Ingelesa ez beste hizkuntzak (tartean txinera) erabiltzen dituzten web gune, foro eta blogak.

Horien aztarnetan ikertu du Bulletin of the Atomic Scientists (Zientzialari Atomikoen Buletina) delakoak. Arma atomikoen arriskuak ikertu eta salatzeko sortu zen buletin horrek prestigio handia dauka munduan. Besteren artean, famatua da gerra nuklearraren arriskua hurbilago edo urrutiago daukagun adierazteko daukan erlojua, «Doomsday Clok» edo «Azken Juizioaren ordularia» deitzen dutena. Buletin horren urtarril-otsaileko zenbakian, Shane Harris irakasleak The bug bloggers (Zomorroen blogariak) izeneko artikuluan kontatu du erakunde ofizialen formalismoetatik at ari diren herritarren komunikazioek zer nolako garrantzia izan duten gripearen albisteak zabaldu eta gaitzaren nondik norakoak ikertzerakoan. Honela definitu du beren garrantzia: «Hegazti gripean aditu diren amateur brigada bat gaitzari buruzko zurrumurru-errota izatetik hasi eta on-line informazioaren fabrika bihurtu da».

Joan den udako albiste kezkagarriei dagokienez, gaiak Boxun.com (Albiste Ugari) guneak zabaldu zituen. Txinatar disidenteen komunikabide honek informatu zuen Pekingo gobernuak debekatu egin zuela Qinghai probintzia txiroan zegoen gaixo multzoaren berri ematea, 1.300 herritar zeudela berrogeialdian itxita eta beste asko zeudela H5N1 birusak kutsatuta.

Txinako gobernuak ukatu egin zuen albistea, baina Boxun-en hari horri tiraka hasi ziren mundu osoan gaitzari jarraipena egiten ari zaizkion milaka aditu amateur. Shane Harris irakasleak honela zehaztu du hauen garrantzia: «Aditu amateurrok beren eguneroko lanak egin beharra eta Interneten daukaten bizitza uztartzen dituzte; hauek blogosferako teilatu gainetik tiroka ari ziren hegaztien gripea komunikabide nagusien ‘eguneko gaia’ bihurtu baino askoz lehenagotik. Aurretik joan dira blogari horiek, eta mundua gaixoaldiaren aurrean prestatzeko lanean giltzarri izan dira».

Beste behatoki garrantzizko bat Henry Niman birologoak dauka, Recombinomics gunean. Leku horretan eskaintzen ditu informazioak, gaitzen eboluzioa adierazten duten mapa koloredunak, dokumentazioa, eta abar luzea. Niman da zomorro-blogosferako aitajaunetako bat, Shane Harrisen hitzetan. H5N1ari buruz zeuden zurrumurruetan ikertu eta gero berak bihurtu ditu albiste. The Agonist blogak, berriz, epidemiologo adituak, medikuak eta «zomorro-harrapari» amateurrak biltzen ditu eta hauek oihartzun handiagoa eman zieten Txinatik zetozen albiste horiei.


Gripearen gerrako aurreko lubakian

Interneten dabilen informazioa aipatutakoan beti azaltzen da galdera bera: zein sinesgarritasun eskaintzen du amaraunean itzuli-mitzuli dabiltzan milioika albisteetako bakoitzak? Sareko iturriekin lan egiten duen edozein profesionalek buruan dauka sarri zalantza: honek zein sinesgarritasun dauka?

Birusei eta Txinari dagokionez, 2003ko esperientzia zeukaten blogariek. Orduan ere Internet bidez zabaldu zen SARS infekzioaren albistea. Guangzu hiriko ospitaleak larrialdi egoeran zeuden arren, mundu osora ez zen zabaldu berria, on-line komunitateak egin zuen arte. Baina alderantzizkoa gertatzeko beldurra ere beti dago. Alegia, horrelako epidemia albisteak izan daitezkeela estatu, enpresa edo pertsona jakin batzuen interesen alde egiteko amarruak. Horregatik da hain inportantea zurrumurruak argitzea, atzean benetako albisterik badagoenentz garbitzeko.

Munduko Osasun Erakundeak horretarako zerbitzu berezi bat dauka; Global Public Health Intelligence Network delakoak etengabe txekeatzen ditu munduan hainbat hizkuntzatan egiten diren 600 komunikabidez goiti. Era amateurrean, gauza bera egiten dute Interneten gai hauen inguruan lanean ari diren milaka lagunek. Kasu honetan epidemien jarraipena egiten duten webguneez ari gara, baina antzera jokatzen dute interesgune jakin batzuen inguruan -osasunari buruzkoak askotan- biltzen diren foro, gune eta blog askotan. Libertate handiagoz egiten dute gainera, erakundeek dituzten hesiak ez dauzkatelako.

«Batzuetan gordin hitz egin beharra dago, eta blogak horretarako aukera ematen du» deklaratu du Effect Measure blogeko arduradunak. Blog hau aipatu genuen Net Hurbil honetan berriki, hegazti gripeari buruzko informazio iturririk onenetakoa delako. Gune honetan oso kritikoak dira Munduko Osasun Erakundea egiten ari den lanarekiko: «Munduko Aseguruen Erakundea» deitzen diote, korporazio horien interesak herritarrenak baino gehiago defendatzen dituela salatzeko.

Hegazti gripearen informazioz gainezka dagoen beste gune bat Flu Wiki da. Epidemiaz ari den gune ez-instituzionala izanagatik, erabiltzaileari oso erraza egiten zaion antolaketa aberatsa egin dute, eta dokumentazio base oso ona bildu ere bai. Melanie Mattson izeneko blogista batek eta aipatu dugun Effect Measureko arduradunak -Revere seudonimoz idazten duenak- egiten dute. Mattsonek deklaratu du osasun agintariak ez daudela datorren pandemiarako prestatuta medikuek eta espezialistek denbora luzez gai honi hurbileko jarraipena egin ez diotelako. Publikatzeko materiala biltzeko gripe-blogariei, agerkari zientifikoei eta mundu mailako prentsari egiten diote jarraipena.

Flu Wiki lau hizkuntzatan dago egina. Hegazti gripearen agerraldiei aurre nola egin erabaki behar duten agintari lokalei segurtasun prozedura gisako bat eskaintzen die. Gune horretan parte hartzen dutenen artean badira mundu osoko biologoak, epidemiologoak eta birologoak. Besteren artean, Flu Wiki sortzeko arrazoia hau izan da: gripe pandemia zabaltzen bada gobernu federalek (AEBetan) oinezko herritarrari gutxi lagundu ahal izango diotela ohartu dira blogariok. Gripea bere sintomak azaldu aurretik ere kutsakorra da, eta epidemiologoek onartu beharko lukete dagoeneko dakiguna baino askoz eremu zabalagoetara hedatuta egon behar duela.

Beste gaietan bezala honetan ere blog eta gainerako gune guztiek ez dute aipatu Flu Wikik edo Effect Measurek daukatena bezalako maila. H5N1, adibidez, 65 urteko irakasle erretiratu batek egiten du. Crawford Killian-ek azken hiru urteotan bere blogarekin ikasi du komunikazio tresna hau menderatzen, eta hegazti gripean ere jakinduria maila bat eskuratu du. Blogariez zera dio: «Paleolito garaiko ehiztari-biltzaile talde txiki bat bezalakoak gara. Janaria harrapatzen dugu, gure artean banatu, ikasten dugu jateko zer den ona eta zer ez...». Urte hauetan harremanetan sartu da gripeaz Japonian, Israelen, Frantzian edo Alemanian lanean ari diren beste blogistekin. Izena ere egokia ipini dio bere guneari (birusarena), eta aitortzen du lana zehatz egin beharra daukala inori kalterik ez egiteko: nik neuk lerrook idazteko egunean proba egin nuen eta Google bilatzailean «H5N1» ipini eta... 6 milioi aipamenen artean lehen-lehena gizon honena ateratzen zen!

Shane Harrisek Bulletin of the Atomic Scientists aldizkarian honela definitu ditu gripe-blogariok: «Gripearen kontrako gerran, fronteko lehen lerroan dauden erreportariak». Iraultzaile zaharren batek esango luke alternatibak gutxien espero den txokoan sortzen direla.

www.argia.eus/nethurbil helbidean gai honi buruzko informazio gehiago eta Interneteko loturak.


Azkenak
Itsas salbamenduak 236 pertsona erreskatatu ditu Kanaria Handitik 429 kilometrora zegoen txalupa batetik

Sahara hegoaldeko gizonak, emakumeak eta adin txikikoak zeuden txalupan. Merkataritza ontzi batek jitoan zebilen txalupa ikusi, soka bat lotu, eta laguntza eskatu zuen.


2025-08-25 | ARGIA
Dani Larrea euskaltzalea hil da, Emun kooperatibaren sortzailea

Gaixoaldi baten ondorioz, 65 urterekin hil da Daniel Larrea Mendizabal. 


Gazte boluntarioak frankismoko memoria berreskuratzen

Azken zortzi urteotan 30 bunker inguru berreskuratu dituzte dozenaka gazte boluntariok; Baztanen, Otsondon, izan da azkena. Ana Ollo kontseilariak bisitatu du auzolandegia eta gazteen ezinbesteko lana txalotu eta eskertu du.


2025-08-25 | Euskal Irratiak
Zigor Akixo
“Euskal Herriari, Miarritzeko herriari eta itsasoari atxikia zitzaion Maite Maniort”

95 urte bete zituela zendu zen Maite Maniort Hennebutte, 2025eko uztailaren 10ean.


Jose Manuel Gorospe zendu da, Euskadiko Filmategiko sortzaileetako bat

Jose Manuel Gorospe Meagas aktore eta kultur ekoizle donostiarra zendu da, 81 urterekin, Madrilen. Bizitza osoa antzerkiarekin eta ikus-entzunezkoen munduarekin era batera edo bestera lotuta pasatu zuen Gorospek, eta, besteak beste, Euskadiko Filmategiaren sortzaileetako bat... [+]


Hegazkinez bidaiatzea trenez baino 26 aldiz merkeago izan daiteke Europan

Europa barruan hegaldiak hartzea trenez bidaiatzea baino 26 aldiz merkeagoa izan daiteke, 31 herrialdetako 142 ibilbidetan oinarritutako Greenpeaceren ikerketa baten arabera. Hegaldien zerga pribilegioei egotzi die desparekotasuna, eta trenbidea merketzeko neurriak eskatu ditu.


Belfasteko Kneecap musika taldea jo-puntuan: epaiketak, zentsura, jazarpena...

Israel Gazan egiten ari den genozidioaren aurkako mezuak adierazteagatik mota askotako errepresioa jasan du Irlandako Kneecap musika taldeak: Liam Óg Ó hAnnaidh kidea asteazkenean epaitu zuten, Londresen emandako kontzertu batean Hezbollah miliziaren bandera... [+]


Gutxieneko soldata propioaren alde 138.495 sinadura lortu dituzte sindikatuek

ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek aurkeztu dituzte Herri Ekimen Legegilearen sinadurak Eusko Legebiltzarrean. Orain pilota alderdien teilatuan dagoela esan dute, eta herritarren borondatea kontuan izatea eskatu diete.


Gazako genozidioan hildakoen %83 zibilak dira, Israelgo armadaren datuen arabera

Israelgo armadaren barne agiri batean agertzen diren datuek diote Gazan hil dituzten sei palestinarretatik bost zibilak direla, azken hamarkadetan aurrekaririk ez duen sarraskia izanik. Israelgo zerbitzu sekretuek maiatzean zioten armadak Hamaseko eta Jihad Islamikoko 8.900... [+]


Sexu erasoak “kopuruz eta intentsitatez handitu” dira Bilboko Aste Nagusian

Bilboko Konpartsek elkarretaratze jendetsua egin dute Arriaga Antzokiren aurrean azken egunetako eraso sexisten aurka egiteko. Konpartsek adierazi duten arabera, erasoak kopuruz eta intentsitatez handitu dira. Aste Nagusiaz gozatzera gonbidatu dituzte herritarrak, eta... [+]


Kartzelan jaioa eta Israelek eraila adin nagusitasunera iritsi aurretik: Youssef Al-Zuqen historia

Youssef Al-Zuq munduko preso gazteena izandakoaren bizitza Gazako zigor zikloaren ikur da. Al-Zug 2008an jaio zen kartzelan, ama atxilotu eta epaiketarik gabe espetxeratu ondoren. Uztailaren 12an hil zuten Israelen bonbardaketa batean.


Oporrak ere gaixotasun?

Abuztua heldu zaigu, irakurle. Oporretan zaude eta zuretzako denbora gehiago daukazu? Edo agian ez daukazu denborarik, oporrak planez bete dituzulako? Edozein modutan, kontuz! Egungo bizimoduaren psikologizazioak edonon sailkatzen ditu sindrome berriak, eta oporraldiak ez daude... [+]


Txikiren eta Otaegiren mural bati eraso egin diote Durangon

Durangoko Ernaik salatu du Txiki eta Otaegiren muralaren kontrako erasoa. Ostegun arratsaldean murala berregiteko dei egin dute.


Eguneraketa berriak daude