Andoni Egaña: "Gailurra ez da jendeak uste duen bezain goxoa"


2006ko urtarrilaren 29an
Ez da ohikoa baina, bakarkako gai batekin hasiko gara. Zu zortzi urteko Zarauzko mutil koxkor bat zara, Jexuxen eta Begoñaren semea, ikastolan euskarako irakasleak idazlan bat egiteko galdera hau eman dizu: «Zer dira bertsolariak?»
Bertsolariak dira gure etxeko sukalde zaharrean irrati handitik entzuten diren pertsona horiek. Eta badakit gainera, aitonak edo komentatu duelako, «bai, Lasarte, hain gazte, eta operatu egin behar dutela estamutik».
Egi-egietan hori da nire lehendabiziko oroitzapena bertsolaritzarekiko, Lasarteren gaixotasunaren aipamena. Eta gero hamar bat urterekin santa eskera irteten hasi ginenean, gure bertsolari koplari zein izaten zen ere gogoan daukat, gure gelakide zen Estanis Etxeberriaren aita, Segundo Etxeberria, errezildarra izatez, baina oraindik ere Zarautzen bizi dena. Basarrik, bestalde, ordu pila bat pasatzen zituen Gure kabiya elkartean, eta hori nire jaiotetxetik hogei metrora zegoen, baina nik zortzi urte, eta hark berrogeita hamar, ez genuen elkar ikusten.

Hiru oin jarriko dizkizut orain, ez dute errimatzen, baina horien gainean eraiki beharko duzu bertsoa: Imanol Urbieta, Piter Ansorena, Xabier Amuriza.
«Manolongandik jaso nuen nik sormenarekiko giltza, / ta Ansorenak azaldu zidan zein garrantzitsu den hitza. / Gerora berriz nire maisutzat izan nuen Amuriza; / horiek gabe ezin ulertu Egañan bertsolaritza».
Imanol Urbieta guretzat zorte handia izan zen. Guk hamar bat urte geneuzkala iritsiko zen Erromatik bueltan Zarautzera gure irakasle izateko, Kutxan lanpostu finko bat utzita gainera, horrelako abentura zoro batera. Ez genuen eskolaritate kartillarik ere, ez genekien hamalau urtera iritsi eta estudiatzen jarraitu ahal izango genuen, beraz ausardia dezentea behar zen. Guk ez jakitea, tira, baina gurasoen aldetik eta irakasleen aldetik... Gogoan dut Imanol Urbietak zenbat ordu sartzen zituen gurekin bai eskolan eta bai eskolaz kanpo, berak erakutsi zigun irudimentsuak izaten, ausartak izaten, ezberdinak izaten, musikaren bidez sentimenduak adierazten...
Ansorena geroxeago etorri zen. Hamazazpi urte neuzkala ezagutu nuen, UBIn, Larramendi ikastetxean, eta dezente ikasi nuen nik orduan Ansorenarengandik. Bera ere gaztea zen orduan, hogeita lau bat urte zituen, eta gogoan dut, behin, nola galdetu zigun: «Zeinek maite du euskara? Maite duenak altxa besoa!». Denek altxa genuen. Nik ere bai. Heldu zidan orduan paparretik eta, «hori ez duk esan behar! Maitatu ez, euskara egin behar dik erabili!». Orain oso ikasgai arrunta ematen du, baina garai hartan niretzat lezio handia izan zen, eta euskal filologia ikasten ere bere aholkuz hasi nintzen.
Eta gero Amuriza. Nik 80ko txapelketa ez nuen zuzenean entzun, futbol partida bat edukiko genuen plaierotan eta ez ginen finalera joan, baina oso adi egon nintzaion. Nire gelako batzuk joan ziren, eta haien grabazioen zain egon nintzen. Liburua ere erosi nuen. Amurizak zerbait berria ekarri zion bertsogintzari, horretaz denak jabetzen ziren, baina ni gainera jabetu nintzen neuk ere antzeko zerbait egiten saiatzeko aukera baneukala. Ez dakit zergatik. Segur aski neure kasa bertsotan hasi eta nahiko erraz egiten nuelako, nahiko gaizki baina nahiko erraz.

Ofiziorako gaia orain. Gu funtzionario baten kontzientzia txarra eta ona gara. Funtzionarioak Gasteizko udaletxean lan egiten du, eta nik diot lan ona dela, badela aski diru eta segurtasun, egunkariak irakurtzeko lain denbora... Baina zu ez zaude oso konforme.
Kontzientzia onak bere lehen argudioa atera dezake funtzionarioak ospea duela txarra, baina funtzionarioak, ona delarik, beste edozein langilek adina lan egiten duela. Kontzientzia txarrak erantzungo lioke funtzionarioen alderdi txarra langiletasunetik aparte dagoela, ez dela langile-ez langilean neurtzen, baizik eta behin azterketa bat gainditu eta bizitza osoan bertan goxo segitzeko eskubidea ematen diola bere buruari, eta hori egiten duenak zerbait baduela txarretik. Orduan kontzientzi onak esango lioke, tira baina hala ere funtzionaritzaren barruan beti daudela eskailera mailak, beti daudela azterketak gainditu nahi dituztenentzat. Eta kontzientzia txarrak erantzungo lioke, eskailera maila horiek beti jakinekoak direla, beti goranzkoak, eta beti ate batean daukatela topea.
Nik Gasteizko udaletxea uztea hogeita hamar urterekin erabaki nuen, beraz munduan gazteen jubilatutako pertsona izango naiz, eta pozten naiz. Gasteizko udalak orduan bazituen kultur proiektu garrantzitsuak: zentro zibikoen sorrera adibidez; kultura, kirola eta ongizatea leku berean trinkoturik herritarren eskura eta edozein auzotan jartzeko ideia hori. Ez ziren irten behar bezala baina ideia nik uste berria eta ausarta zela. Baina nahiz horrelako ametsen ardura zati bat eduki, ni bulegoan ito egiten nintzen, eta gainera Gasteiz geografikoki urruti zegoen nire bertso saio gehienen kokalekutik, eta oso lo gutxi eginda pasatzen nituen egunak. Eskerrak erabaki nuen ez nuela ziurtasunik nahi, arnasa nahi nuela.

Kartzelakoa: 1993a da, abenduko arratsalde bat, Belodromo inguruko gelatxo itxi batean, kartzelan, purua errez zauden bertsolaria zara. Zauden lekutik «ole» eta txalo zaparrada latzak entzuten dituzu.
Urte hartan kartzela belodromotik kanpora zegoen, kanpoko estadioan. Nik momentu hartatik lagun baten, Xebastianen, hitzak oroitzen ditut: «Aurrena hoa, ez ezak arriskatu, txapela lortuko duk». Xebastianek belarria jan zidan behin eta berriz kartzela garaian, arriskatu gabe txapela ziurta nezan. Eta babes hori estimatzen da, zerorrek seguru ez dakizun unean, berak konfirmatzea, «bueno, bueno, gauza normaltxoren bat egiten baldin baduk normalean hiretzat behar dik txapelak».

Beste ofizio bat: Jon Sarasua naiz ni eta zu Andoni Egaña, gaur esan dio beleak zozoari, ezingo duela bertsotan segitu, utzi beharra daukala.
Bertsotan askotan erabili izan dugun esamoldea da: esan nahi eta ezina. Beleak, utzi egingo zuela, azken bertso saioaren aurretik planteatu zion zozoari. Beraz, aurrez biok bagenekien azken saioa hura izango zela, baina guk ere ez genekien noiz artekoa izango zen despedida. Ebakuntzaren zain zegoen, eta bere ahots kordak hunkitu zitezkeela bagenekien aldez aurretik. Nik bizitzan izan dudan bertso saiorik zailena izan zen hura, geu hunkitzen baikinen kantuan, eta jendea ez, ez zekielako.
Hala ere, nik uste dut badutela gogoa berriz ere bai zozoak eta bai beleak elkarri kantatzeko, eta ea aurtengo urtearen barruan gertatzen den. Uste baitut Jonek baduela ahots bat, eta ahots horren faltan ez nuke esango bertsogintza herren dagoenik, nahiko estilo eta jende on badago, baina bat falta izateak beti ematen du pena, eta Jonek badauka zer kontatua. Gainera bera ere izan liteke jendearekiko igurtzi horren gogoz, eta ea elkar konbentzitzen dugun, alegia, ea nik bera konbentzitzen dudan.

Ofizio honetan ni gazte literaturara emana naiz, eta liburutegian nabil liburu baten bila, pasa bat, pasa bestea. Batek erakarri nau: Pausoa noiz luzatu. Eskua luzatu diot. Zabaldu dut, eta zabaltzearekin bat, gabonetako postaletan nola, ahots bat kantuan hasi zait.
Lehenengo bertsoaren bukaera hala litzateke: «Abenturaren idazketa da, idazketan abentura. Behingoagatik egin behar nuen neronek nahi nuen hura».
Bertsolariok ohituak gaude beti besteen esanera ibiltzen. Poz hartzen da etxean jasotzen denean abisua: «Halako tokitara etorri hadi», baina azkenean beti besteak nahi duen lekuan, besteak nahi duenean, eta besteak nahi duen modura gabiltza, eta literaturak ematen digu beste arnasbide bat, geuk egiteko geure proiektuak, eta kasu hau hala izan zen. Buruan sartu zitzaidan eleberri bat egin behar nuela, ideia banuen, eta tira aurrera. Beraz, egia da, Ricardouk edo ez dakit nork zioen hori dela liburua: «Abenturaren idazketa da, idazketan abentura» eta gainera nik nahi nuenean egindakoa.

Orain ofizio laguna zuk aukeratzen utziko dizut. Zure etxeko liburutegitxoan zabiltza liburu artean solaserako lagun baten bila. Zeri helduko diozu?
Igual bertso doinutegiari helduko nioke. Nik hitza jarriko dut, eta berak erantzun dezala doinu soilarekin, eta uste dut biak geldituko garela erkin. Hitzak doinurik gabe ez du balio, doinuak ere ez hitzik gabe bertsotarako, eta inork uste duguna baino harreman handiagoa dauka batak bestearekin. Askotan uste izan da doinua hitzaren jantzi soila dela, eta bai zera, askoz ere gehiago da, biak batera doaz, nola sortu ere doinuak agintzen du. Nire buruari bertso ibilian autokritikarik egin beharko banio horretan egingo nioke, doinuekin alferra izan naizela, doinuak entseatzen, doinuak berritzen, doinuak mihi puntan edukitzen.
Alde horretatik pare bat urteotan inbidia eman dit Maialenek zein ongi kantatu duen ikusteak, kantatu ondo, gero eta hobeto, eta doinua ez arropa soiltzat erabiliz. Ea datozen belaunaldiek doinuei guk emandakoa baino garrantzia handiagoa ematen dieten, hori literaturaren oinarrian dagoen zerbait baita, fondo eta forma ez daude bereziak, ezin bereziak dira.

Iñaki Segurolaren bi zita emango dizkizut orain. Bat egin, ez egin, edo erdi bat egin, baina bakoitzari bertso bana bota.
«Horixe da jolasa: esaldien josi-askatze bat, esanahien elkar urratzea eta hotsen gurutzatze atzenkorra».
Ados nago horrekin erabat. Azken batean hizkuntza bat hori da, dagoenetik edan, ez dagoenetik sortu, eta beti hor egon diren bi hitz sekula inork elkartu ez dituenak elkartzea. Hortik dator, poesia ez, baina kondentsazio poetikoa. Eta kondentsazio poetiko hori da, desberdin esatea, bakan esatea, horiek dira hiztun onaren ezaugarri, bertsolari onaren ezaugarri, eta literaturgile onaren ezaugarri.

«Euskara akademikoan kantatzen duten koblari orojakileen txapelketa irabazi nahi duenak bota dezakeen bertso sakon, hunkigarri, eta poetikoa, gaia kartzelakoa delarik, eta doinua elizakoa».
Badago horrelako ikuspegi bat zenbait literaturgileren artean, edo pentsamenduari emandako zenbait euskal intelektualen artean, lehengoa hobesteko, garo usaineko bertsoa hobesteko. Ez dute planteatzen, baina agian hau esan nahi dute: bertsoa zenbat eta txarragoa orduan eta hobea da. Jakina, ez zaie interesatzen bertsoa ona izan dadin, bat-batean egiten baldin badira besteek denborarekin egiten dituzten antzeko gauzak, hori urkamendia izango litzateke zenbaitentzat. Orduan bai, logikoa da zenbaitek pentsatzea bertsoa zenbat eta txarragoa hobea dela.

Beste ofizio bat: Andoni Egañaren sakelan gaude biok, bi paper gara, ni nortasun agiria, eta zu billetea. Ni denaren papera, eta zu duenarena. Beti gabiltza nagusiarekin alderrai. Baina teman bizi gara biok, biotako nor gaituen maiteago.
Diru billetea hasiko litzateke nortasun agiriari esanaz, egiazko nortasuna ere aski ezkutukoa duenak nortasun agiria gezurrezkoa duela noski. Eta nortasun agiriak erantzungo lioke bere fidagarritasuna dudan jarri duela, baina bera urte askoan daramala nagusiak patrikan, billeteak, aldiz, sarri-sarri aldatzen dituela. Beraz, Egaña fidela dela nortasun agiriarekiko, hain fidela ere sei urte daramatzala kadukatuta.

Eta azken orduan presaka eta gaizki aparkatuta iristen da autoko karneta, eta elkarrizketara sartzen da.
Gidatzeko karnetak diru paperari kantatuko lioke bera dirua baino izerdi gehiago kostatakoa dela nagusi honen kasuan, eta nortasun agiriari nortasun agiria behin bakarrik ateratzearekin aski izan zuela Egañak, gidatzeko karneta bitan atera behar izan zuela, beraz, askoz ere maiteago duela gidatzekoa, prest baitago edozein azterketa berriz egiteko tontoa izateagatik.

Saioaren erdian komunera joan zara zure buruarekin egotera. Eta komunean bakarrik zeundela, galdera batzuk irakurri dituzu atean: «Aurpegira begiratzen al diozu heriotzari?».

Arazoa litzateke saihesterik balego, baina saihesterik ez dagoenez etorriko da etorri behar duenean. Eskerrak gainera inork ez dakiela bere heriotza ordua zein den, sekulako tortura izango litzateke yogurrek bezala iraungitze data bakoitzak kopetan idatzia bagenu. Orduan bai kopetara begiratuko geniokeela elkarri! Pentsatzen dut, serio, esaera ezagunak dioen gisan, heriotza ez dela arazo, arazoak konponbidea daukatenak dira, eta horrek ez dauka, beraz ez da.

«Zertarako artistak?».
Egia, komunean denok berdinak gara.

Oraingoan zu Indio Nabori zara, Kubatar dezimista hil berria. Zerura joan eta Xalbadorrekin egin duzu topo. Ni, Xalbador, zur eta lur gelditu naiz, bizitza guztian entzun bainuen bertsolaritza bakarra zela munduan. Eta orduan inprobisazioaz, bertsolaritzaz eta dezimistez jardun dugu.
Xalbadorrek segur aski esango lioke Indio Naboriri, bera irten zela mundura, behin baino gehiagotan joan zen Ameriketara, Parisen ere izan zen, baina Xalbadorrek bere umiltasunetik aitorpena egingo luke mundua ezagutzera irten eta mundu guztiak ez zituela ezagutu, gure mundua munduan zehar bakarrik ezagutu zuela, ez beste hizkuntzetan inprobisatzen zutenik eta abar. Eta Indio Naborik esango lioke Xalbadorri, berak ezagutu dituen euskaldun bertsolari astapotroen aldean, Irazu, Maialen eta ni behintzat ezagutu baikaitu bertsotan, oso kubatarra iruditzen zaiola Xalbador. Xalbadorren poesiarako abildadea kubatarrek ere hartuko lukete, eta handia daukate, Indio Naborik ikaragarria. Xalbadorrek galdetuko lioke Indio Naboriri, ea bera nola iritsi zen bertsolari edo repentista izanda Kubako Literatur Sari Nazionala lortzera, eta Indio Naborik Xalbador bertsotan entzun ondoren, ez luke ulertuko nola Xalbadorrek ez zuen sekula txapelik eraman, eta are gutxiago nola ez zen sekula Sari Nazionala izan literaturan.

Eta Xalbadorrek galdetuko lioke Indio Naboriri ea nola iritsi zen euskaldunak ezagutzera, zer gertatu den bera mundutik joan zenez geroztik inprobisatzaileek elkarrekin topo egin dezaten.
Indio Naborik segur aski esplikatuko lioke harrituriko Xalbador bati, gaur egun, zorionez, inprobisatzaileak beste munduak ezagutzeko ahaleginean ari garela. Izan dugula suertea elkarrekin topo egiteko, eta nazioarteko kultur jardunaldiak burutzen ari garela. Xalbador harritu egingo litzateke akaso Indio Naborik esango balio bera bizi zen azken urteetan Euskal Herria badela erreferentziatxo bat inprobisatzaileentzat, bai Hego Amerikakoentzat, bai Espainiako estatuko beste herrialdekoentzat, bai Sardiniakoentzat...

Gu biok Andoni Egañaren bi ideia gara. Hitza jarri digute bederatziko txikia botatzeko: AULKIA. Niri otu zait: «Laurekin bakarrik ez, hiru oinekin ere bertsoa osa litekeela... eta aulkietan berdin, aulkitxoak egin, hiru hankarekin, iragana lurrera eror ez dadin». Zuri otu zaizu: «IKEAN bai lepo, baina ezetz txikirik behiak jezteko». Biak alderatzen ari zara.
Orain artean lehenengoa hobetsiko nuen, ez dakit zergatik, kontzeptu sakonagoa dagoela dirudielako, baina aurtengo nire apustua bigarrenaren aldekoa izan da. Konkretutasunetik abiatuta interpretatu mundua, eta ez alderantziz, potolotasunetik abiatu eta gauza txikiak interpretatu. Esanguratsua da orain dela zortzi urteko txapelketako finalean jarri zidaten gai hura, porruak erosi nituela azoka batean, eta porru sortaren ederrari begira nengoela. Suposatzen zen esan behar nuela baserrian edo jabego txikietan egindako produktuak askoz ere hobeak direla saltoki handietan erositakoak baino. Hori esan nahi arazi zuen gaia ipini zuenak, baina horrek ez zidan kilimarik egin. Aldiz, aulkia jarri eta antzeko interpretazio bat neuk sortzeak bai. Horregatik diot, bertsolariari utzi zulo txiki batetik mundua interpretatzen, eta ez eman mundua zulo txiki bat esplika dezan.

Bi bakarkako gai jarriko dizkizut orain, eta zuk aukeratu gustukoena. Lehena hau da: «Hamaikagarren aldiz hots egiten ari zara, telefonoa txirrinka ari da, baina berriro ere inork ez dizu hartzen». Bigarrena: «Zu bertsolari zahartua zara, urte asko pasa dituzu plazarik plaza, eta nekatua zaude. Baina deitzen dizute oraindik. Gaur ere hoska ari zaizkizu, hamaikagarren aldiz hasi da telefonoa joka, zalantzan zaude, hartu edo ez».
Garbi daukat bigarren gaia itxi samarra dela, azken batean dauzkazun aukerak hiru dira: hartu eta bai esan, hartu eta ez esan, edo ez hartu. Horri erantsi zure ibilbidea bertsogintzan, eta hiru ondorioetako bat justifikatu. Baina nahiko itxi ikusiko nuke nire burua, sorpresarako toki gutxi dago hor. Segur aski orain lehenengo gaia aukeratuko nuke, telefonoz deika ari denarena, libreagoa zara hor. Izan zintezke adin ertaineko pertsona bat, ama zahar eta alarguna beste etxe batean bakarrik bizi duena, eta ez erantzuteak dramatismo puntu bat badu. Har zenezake erabat ikuspegi desberdinetik, eta esan Miguel Fuentes zarela, Realeko presidentea, eta Nihati deika ari zatzaizkiola, ez duela hartzen eta beraz galdutzat jotzen duzula, eta Zubietako gazteekin lan gehiago egin beharko dela. Edo sexu irrikaz dagoen mutil gaztea, mutil zaharra, edo ezkondua izan zaitezke, zure puta kuttunari deika, eta ez dizu hartzen, orduan momentua zaildu egiten zaizu. Horra, bote lasterrera, hiru bide oso desberdin aukeratuak lehen gairako, eta bigarren gaiak berriz, oso bide hertsiak ematen zizkidan. Beraz, lehena aukeratuko nuke.
Baina bertsogintzan beste kalkulu bat ere egin behar da. Kalkulatu beharko genuke ez ote den konplikatuegia lehen gaiak aukeratzen duen edozein bide, asko esplikatu behar delako, beraz ez ote den bigarrena jakinekoagoa baina jendea hunkitzeko errazagoa. Kalkulatu beharko genuke kartzelan zer zenbaki garen; bata, bia edo hirua izanda, igual gairik itxiena hartu liteke, baina zortzia izanda ia hobe da arriskatu, eta ama alarguna bakarrik bizi duenarena hartu. Bertsoak baditu bere sekretutxoak eta kalkuluak. Gero, gainera, ahal bada, ongi errimatu behar da, ongi neurtu, eta esan indarrez bete esan behar duzuna, baina aldez aurretiko kalkulu hori klabea da gaur egun.

Beste ofizio bat orain. Ni mutiko gaxte bat naiz, eta zu Andoni Egaña, baina posterrekoa. Nire gelan zauzkat, paretari itsatsia, eta gauero luze egoten naiz zuri begira, zu bezalakoa izatea amets. Gaur hizketan hasi zatzaizkit.
Lehenengo bertsoa horrela bukatuko nuke: «Oraindik ere gaztetxo zara ez dezaket ezer eska, baina bi gauza sortu didazu: ohorea eta kezka». Hala delako. Ohorea da, gure belaunaldiaren bertsogintzako obsesioa eta apustua hori izan zen, prestigioa lortzea eta zabaltzea, beraz, lortzen baldin badugu prestigio maila hori ez dago zertan autoflagelaturik gure burua, uste dut aurten BECera joatearen eta egin dugun propagandaren azertuetako bat hori izan dela, konplexurik gabe garena azaltzea. Orduan, posterrak baluke ohore hori, baina kezka ere bai, mitomania beti delako arriskutsua. Nik badakit gailurrera iritsi nahi duenak zenbat oztopo izaten dituen, zenbat dagoen zortearen baitan, eta zein gutxi iristen diren. Iriste ez horretan depresio eta amets puskatze asko dago, eta gainera, nire esperientziatik esango nioke gailurra ez dela jendeak uste duen bezain goxoa eta goxagarria. Eta horrekin bukatuko nuke bigarren bertsoa: «Hotz izugarri bat egiten du gailurreko ertz guzian, askoz hobeto egongo zara kanpamentu nagusian».

Ipuin kontalariaren ofizioa jarriko dizut orain, 1997an Beran zuri jarria. Zu, Andoni, ipuin kontalaria zara ofizioz. Eguna lanean pasa eta neka-neka eginda etxera sartu orduko, ni, zure seme txikia, hurbildu naiz ipuin bat kontatzeko eskatuz.
Gaizki hezitako umearen seinale da hori, umeak listoa baldin bada jakin behar du zer eska dezakeen eta zer ez, orduan aita ipuin kontalaria baldin bada, umeak badaki aita tximetaraino etortzen dela ipuinez, eta eska liezaioke elkarrekin puzzle bat egiteko, edo elkarrekin futbolean jokatzeko etxeko pasilloan, baina ipuinik ez.
Alde horretatik nik zortea daukat, nire ingurune hurbilenak behin ere ez dit eskatu eskatu behar ez denik. Nekatuta, bertso gogaituta, edo bertsoz lepo nabilen garaietan, gure etxean edo lagunartean, ez duzu aurkituko desorduan eta momentu okerrean bertso bat eskatuko dizunik, eta hori zorte handia da. Beraiek izango dira sentiberak, edo agian nik hezi ditut ongi. Segur aski lehenengo aukera.

Bukatzeko, azken ofizioa: zu Andoni Egaña zara, baina 90 urterekin, gaixo, alzheimerrak jota, eta alabak, nik, zaintzen zaitut. Gero eta okerrago zaude, eta memoria proban jartze aldera, galderak egiten hasi naiz. Galdetu dizut zein zen Franco, eta ez dakizu, galdetu noiz jaio zinen, eta ez dakizu. Dena ahantzia duzu. Etsi-etsian azken galdera egin dizut: «Zer dira bertsolariak?»
Bertsolariak? Ez al dakin zer diren alaba? Ni beti izan naun bertsolari, akordatzen naun zazpi urte neuzkala nola kapaz nintzen bat-batean edozein bertso botatzeko. Garai batean Joxe Agirre etortzen huen gure Trinitate kaleko etxera, inoiz edo behin lotara, aitaren eta koadrilan santa eskean ibilita. Eta gero, gosari ordutan, bera jarri mahai ertz batean, puntua jarri, eta nik zazpi urterekin tapa-tapa erantzuten nionan. Akordatzen naun behin ze puntu jarri zidan ere, beno ez, ez naiz akordatzen.
Isiltasuna
«Nik ez dut inoiz isiltzeko premia larririk sentitu, lau jaialdi segidan egin eta bi egun libre gustura hartzen dira, baina nik ez nuke balioko boladatan isiltzeko. Oso garbi daukat bertsolaritza menuko zerbait dela, datorrena hartu, harekin moldatu, eta hura janaz gozatzen ikasi. Kartatik aukeratzen hasten baldin bagara, eta horretarako eskubide osoa du bakoitzak, ni behintzat gaizki sentituko nintzateke gero menura itzuli behar dudan egunean. Esperoko da ez dakit zer ematea, eta nik ez daukat batere segurtasunik nire buruarengan halako egunetan halako tokitan emango dudanik. Akaso hamar egunetan segidan kantatuta bederatzigarrenean hobeto kantatzen dut, zortzi egunean isildu eta bederatzigarren egun horretarako propio prestatuta joanda baino. Jakingo banu kirolarekin bezala zenbait egunetan hobeto aritzeko aurretik atsedentxo bat ona dela, baina ez dut frogatu hori nire ibilian».

Bertsozale Elkartea

«1987. urtea, artisautza eta artea, gotorra eta fuertea, betea, bertsoaren izatea, hauskorra eta merkea, aurrera joatea, eskaparatea...
Bertsozale Elkartearen zeregin nagusia bertsogintzaren inguruan sortu den mugimendu hori, bertsolaritza, kultur proiektu bezala gauzatzea da. Eta horrez gain kultur proiektu hori Euskal Herriko gainerako kultur ekimenekin harremanean jarri eta herrigintzarako bidean jartzea. Bertsoa berez eta bertsolariak geurez oso gauza hauskor eta manipulableak gara bakarka, eta orduan horren oreka, horren ekologia, kultur proiektu bat daukan elkarte batek bakarrik zaindu lezake».

Solasa
«Uste dut azken hau solasaren txapelketa izan dela, solasa prestakuntza garaian adibidez. Inoiz baino gehiago hitz egin dugu bertsolariok elkarrekin, zer egin asmo genuen, baita gure estilo proiektuez ere, zer doinu hartu, nola heldu bakarkako gaiari... Eta uste dut gero eta garrantzitsuagoa izango dela bertsolari bakoitzarentzat egin nahi duenari buruz hitz egitea, horrela bakarrik kontrastatzen delako zer zirrikitu dauden, zein diren joerak, joera horietan segitu nahi den edo hautsi nahi den... Aurrerantzean bertsogintzarako hori ikusten dut bidea, nor izatea, eta nor izatea lortzen da, ez asko kantatuta, baizik eta asko hitz eginda kantu lagunekin, gogoeta bide».

Bertsoa

Doinua: Lagundurikan danoi

Asko esan daiteke
Andoni, zugatik,
baina aukerak esan
nahia eraman dit.
"Zorionak Txapeldun"
esateagatik,
hortik aurrerakoa,
zer eta zergatik,
zuk badakizu eta
nik ere badakit.

Nortasun agiria
Andoni Egaña Makazaga Zarautzen jaio zen 1961eko urriaren 2an. Senideen artean ere lehena, hiru anai-arreba ikusi zituen bere atzetik etortzen. Zarauzko ikastolako lehen belaunaldikoa izanik, Salbatore Mitxelena ikastolan eman zituen lehen pausoak, gero Antonianotan ibili zen, eta Donostiako Larramendi ikastetxetik euskal filologia ikastera egin zuen jauzi. Gasteizko udaletxean kultur sustatzaile bezala zazpi urtean lan egin ondoren, 1992an atzera Zarautzera bihurtu zen sormena bizigai harturik. Iturri horrek bertsotan izan baldin badu ere emanik handiena, liburuetara, telebistako gidoietara, eta prentsa zutabeetara ere bideratu du bere etorria. Azkenaldian ahozkotasuna ikas tresna ere izan dadin lanean ari da. Sei liburu baditu idatziak, disko bat ere bai argitaratua, baina Andoni, batez ere, lau aldiz izan delako bertsolarien Euskal Herriko txapeldun da Egaña. Ezkondua da eta bi seme-alaba ditu. Zarautzen bizi da.


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude