Iñaki Garcia Koch: “Otsailean ‘libre’ izango naiz eta borrokan jarraituko dut”

Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Okupazio mugimendu historikoen partaidea da, desobedientzia eta intsumisio bidean aritutakoa. Gipuzkoako zenbait herritan okupatzaile aritu ondoren, 1995ean, Iruñera iritsi zen Euskal Jairen okupazioan parte hartzeko. Hiriko etxeen okupatzaile izatetik mendiko herri abandonatuen okupatzaile izaterainoko bidea egin zuen. Solidarioek Itoitz urtegiaren eraikuntzako kableak moztu zituztenean Arizkuren herrian bizi zen. Egun Irati oihanaren inguruan bizi da, baldintzapeko askatasunean. Lurrari atxikia segitzen du, laborantza lanetan: «Ez naiz ekologista, laboraria baizik. Azkeneko hotzek ganbarako patatak izoztu dizkigute, arraioa!», diosku irribarretsu Iñakik.

Arizkunen bizi zela, Itoizko Koordinadorako Patxi Gorraiz eta Dani Unziti bizilagunak ezagutu zituen, besteak beste. Urtegiaren eraikuntzaren aurkako konpromisoa hartu zuen. 1996rako Koordinadorak legezko bide guztiak urratuak zituen urtegia geldiarazteko, baita Auzitegi Gorenak arrazoia eman ere. Hots, urtegia legearen aurka eraikitzen ari zela erakutsi zuten. Sistemak baina, hamaika jukutria erabiltzen du bere interesen alde egiteko: «Baiki. Hartara, Solidarioak osatu genuenok beste borroka bide bati ekin genion: ekintza zuzenari. Baina betiere, pertsonen aurka ekin gabe. Urtegiko kableak moztu baino lehen 20 ekintza burutu genituen jada».

Eraikuntzako lanabesen aurkako ekintza haien egileek beren burua erruztatu edo inkulpatu zuten, eta oraindik ere zigorra ordaintzen ari dira. Urtegiaren kableak moztu zituztenek ere euren burua entregatu zuten. Estatuko instituzioek baina gupidarik gabe egin du euren aurka. Honatx horren lekukotasuna.


Ia hamar urte joan dira sabotajetik. Zer da Solidarioak taldeko kideez?

 

Egileek ekintzak gure gain hartu genituen, baita beste herritar askok ere. Ni 2001ean harrapatu ninduten, eta Ibai Ederra hiru urte beranduago. Ibaik martxoan bi urte beteko ditu espetxean. Zigor bera jarri ziguten. Beste seiak bilaketa eta harrapaketa agindupean bizi dira, ihesari emanda. Jende askok ahaztua izango du, baina guk 1996an gure burua entregatu ondoren bi hilabete eman genuen espetxean. Herritarren mobilizazioari esker fidantzarik ordaindu gabe atera ginen. Gero epaituak izan ginen eta bakoitzari bost urteko zigorra ezarri ziguten. Ihes egin genuen. Legeak lege, ekintza harengatik ez genuen horrelako zigorraren arriskurik, baina epaileek Nafarroako Gobernuak urtegiko guardia eraso izanaren akusazioa ontzat eman zuten. Finean, burutu ez genuen delitu batengatik kondenatu gintuzten.


Hautu latza eta zaila iheslari bizitzea.

 

 

Euskal Herrian, zoritxarrez, iheslari samalda dago. Ni Hego Amerikan ibili nintzen ihesi eta harrituta geratu nintzen, motibo ezberdinengatik Espainiako «justiziarengatik» ihesi zebilen jende piloa topatu nuen, bizimodu finkorik gabe. Ni okupazioaren munduan aritutakoa naiz eta moldatu nintzen bizitza horretara -tira, gero ni harrapatu ninduten lehenengo, paradoxa (kar, kar, kar)- baina badaude lan finkoa izan dutenak, nominak, hipotekak edo konpromisoak dituztenak, etxea ordaintzen ari direnak, pentsa. Ihesari emanda bizitzea zaila da, beste mota bateko zigorra. Gure kasuan, ondo bidez, 12 urte ihesi pasa ondoren zigorra preskribitzen zaigu. Baina demagun, iheslaria 12 urte betetzear delarik harrapatzen badute, bost urteko zigorra bete beharko du. Psikologikoki hagitz gogorra da.


Zuk elkartasuna eskaini diozu kausa bati. Elkartasunik jaso al duzu zigorra betetzean?

 

 

Bai. Espetxean nintzela oso babestua sentitu nintzen, ez bakarrik Euskal Herriko pertsonen aldetik. Iruñeko espetxean egon nintzen bitartean 3.000 gutun baino gehiago jaso nituen: Euskal Herritik, Estatutik -eskerrik beroenak Zaragozako Torrero auzoko kolektibo errepublikazalearentzat-, Europatik eta beste kontinenteetatik ere bai. Presoak babesten dituzten hainbat kolektibo daude munduan, oraindik ere oilo-ipurdia jartzen zait.


Espetxean sartu aitzin Guardia Zibilaren esku izan zinen, baita tortura salatu ere.

 

 

Jakina, torturatua izan nintzen -izan ginen- eta ez bakarrik fisikoki, psikologikoki ere bai, eta ez ekintzaileok bakarrik. Sabotajea egin ondoren gure burua entregatu genuen eta Guardia Zibilak hedabideetako langileak albo batera eraman zituen eta tratu txarrak emateaz gain, euren materiala, milioiak balio zituena, hondatu zuten. Niri hankeko zainak eta esku bateko nerbioa puskatu zizkidaten, besoa hiru hilabetez zintzilik izan nuen sentsibilitaterik gabe, tinpano bat leherrarazi zidaten... Espetxean sartzean ispilu aurrean jarri eta nire -gure- burua ez genuen ezagutzen. Gure aurpegiak Unai Romanoren argazki zoritxarreko eta "ikusgarri"aren berdinak ziren.


Estatuak "terrorista»tzat hartu zaituzte.

 

 

Niri «terrorismo» hitza ez zait batere gustatzen. Niretzat borroka armatua gauza bat da, terrorismoa aldiz Estatuaren indarkeria da, hots, boterearen, kapitalismoaren eta instituzioen indarkeria da terrorismoa, finean eta funtsean desarrollismoa terrorismoa da. Egunero milaka pertsona gosez hiltzen dituen politika ekonomikoa ere terrorismoa da. Zergatik? Hargatik! Guk gure etxea defendatzeagatik -ama lurra defendatzeko eskubidea dugu, ezta?- egin duguna ez da terrorismoa, haatik, «terrorismoa»ren aurka ezarritako legeak eta zigorrak aplikatu dizkigute.


Euskal gatazka delakoa tarteko izanda, gogorrago jokatu dute zuekin, alegia.

 

 

Bai. Nafarroako Gobernuari oso ondo atera zaio gurea, den-dena nahastu du. Solidarioak kolektiboan ideologia ezberdineko jendea aritu gara, baina ideia oso garbi batez: gure borroka urtegiaren eta Nafarroaren ubidearen aurkakoa da, inposizioaren aurkakoa. Gobernuak "desinformaziorako hedabideak" ondo baino hobeto erabili ditu. «Kale borrokako komandoak» ginela aditzera emateraino.
 


Ordainduak ez duela merezi pentsatu al duzu inoiz? Kostua handiegia dela, hots.

 

 

Borrokak badu bere kostua, jakina. Norberak ez du neurtzen zigor batek nola eragingo duen bere baitan. Niretzat, esaterako, kostua emozionala izan da. Espetxetik noiz aterako zaren ez jakiteak kiskali egiten zaitu. Nik, legez, bi urte bete ondoren libre izan behar nuen, ederki izorratu naute baina. Espetxeko zaintzak tortura psikologikoa lantzen du, beti duda-mudan zaitu, euren legeak ere ez dituzte betetzen. Euren legeen arabera, egin genuenarengatik ez ginen zigortuak izan behar, baina engainu eta amarruen bidez nahi dutena egiten dute. Zu euren legeetara "egokitzen" zara, eta hala ere, eurek higatzen zaituzte lur jotzeraino. Horrek, batetik, dezente xahutu nau, baina aberastu ere egin nau. Kontzientzia argitu zait, bizitakoak hainbat esparrutan ez nuen jakintza eman dit. Ez dizut esango nire bizitza berriz ere "arriskuan" jarriko nuenik, baina ez naiz ezertaz damutzen. Otsailean "libre" izango naiz eta borrokan jarraituko dut, borroka frente asko dago-eta.


Borrokak baina gorabeherak sorrarazten ditu. Zer dela-eta Koordinadora eta Solidarioak kolektiboen arteko moldatu ezina?

 

 

Adibide batez erantzungo dizut: 18/98 auziaren karietara hitzaldi batean parte hartu dut orain gutxi, eta bertan desobedientzia zibila gaia eztabaidatu genuen. Ni ez naiz pertsona herratsua edo aihertsua, baina, hara, izateko moduko motiboak baditut. Alegia, Estatuak ondo jakin du "gatazka" delakoa erabiltzen eta batzuk eta besteak elkarren aurka jartzen. Borroka berean ari bagara, ezin duzuna da zure aldean ari direnak kriminalizatu, hau da, besteak behatzez seinalatu eta esan: "Zuek betikoak zarete, terroristak zarete". Beaumont familiak Patxi Gorraizi burua ederki berotu dio eta hauxe esan ere bai: "Moztu harremanak solidarioekin, bestela Koordinadorak larrutik ordainduko du". Larrutik guk ordaindu dugu, bistan denez.


Argitu iezadazu hori gehixeago, arren.

 

 

Koordinadorak gurekiko izandako jarrerak gure kolektiboaren kriminalizazioa ekarri du. Ni FIES-III preso izendatu ninduten eta Koordinadorakoa ere modu beretsuan har zezaketen. Adibidez, Estatuak Zumalabe Fundazioarekin edo Desobedientzialariak kolektiboarekin egin duena egin zezakeen Koordinadorarekin. Ni espetxean nintzela Koordinadora publikoki deslotu zen Solidarioak taldearengandik. Ondo, normala da. Baina hori egin ondoren "horiek gaiztoak dira" esatea eta gu seinalatzea ez da zuzena. Horrek min ikaragarria egiten du. Nik Patxi Gorraizi eskutitzak bidali nizkion espetxetik, mesedez horrela ez jokatzeko eskatuz. Besteak beste, hauxe esan nion: «Ni zure autoan joan nintzen sabotajea egitera. Beraz, egindakoa egin ondoren, zu traidorea zara".


Horrela idatziko dut...

 

 

... badakit hitz hauek tirabira eta liskarrak sorrarazten dituztela, baina jendeak gertatua ezagutu behar du. Ibai Ederra preso dago, jende askok bilatua eta jazarria izaten segitzen du, sasitan dago borroka honegatik, kausa berarengatik. Hori esatea ez al da haizu eta zilegi?

 

«Ardurak argitu eta garbitu gabe ez dago demokraziarik»
Batetik hauxe diot: puskatuko ahal da! Horrek arrazoia emango liguke, baina nik ez dut milaka lagun eta adiskide hildakoren bizkar arrazoia izan nahi. Are gutxiago ezagutzen ditudan herriak urak gaindituta ikustea. Gainera lur horietan bizitzea eta lan egitea espero dut. Zaraitzu haranean bizi naiz eta inguruotan lurrikara txikiak daude, lurrikarak sentitzen ditugu gure azpian. Artzain eta baserritarrei horiei buruz galdetzen diegu eta beren hizkuntzan ondo baino hobeto azaltzen dizkigute lurrikaren nondik norakoak, gauza arraroak sentitzen dituzte bere etxe eta zangopetan. Zer gertatuko da? Auskalo! Zoritxarrekoa litzateke urtegia lehertzea, ikaragarria! Baina, mesedez, ez dadila Biescasko auzian bezala gerta! Kalte ordainak diruz estaltzea. Gurasoak, anaia eta arreba galdu zituen gazte batek zioenez «niri dirua berdin zait. Nik legez kanpo egindako obraren (Kanpina) erruz galdu nuen familia osoa. Nork baimendu zuen legez kanpoko proiektu hori egitea? Zergatik ez doa kartzelara?» Hau da, ardurak argitzen eta garbitzen ez diren bitartean ez dago demokraziarik.

«Tamalez, dituen hektareen arabera balio du laborariak»
Itoizko urtegia eta Plan Hidrologiko Nazionalaren obrak gezurren gainean egiten ari dira, gezur ekonomiko eta desarrollistan oinarrituta. Politikarien trapitxeoa edota xehekako salerosketa handiak daude atzean. Ebro ibaiaren arroko laborari gehienak adin handikoak dira. Ubidea datorrela-eta, ubidearen lotura eta beren lurrak ordaindu -dirutza- beharko dituzte berriz ere. Hauen seme-alabek bizitza osorako hipotekatu beharko dute, sistemak hautatutako uzta landu beharko dute, beren laborea murriztua eta ureztatua izango da, beste lurralde batzuetako laborantza ordezkatzera behartuak. Murtziakoa kasu. Hango lurrak arrunt lehorreraziak daude engoitik. Negutegiko baratzeek -berotegiek- Erriberako lurrak estaliko dituzte aurki, horrek inmigrazioaren ustiaketa dakar. Laborariak ez du deus balio, hektarea kopuruak baizik, tamalez, dituen hektareen arabera balio du laborariak. Uraren lotura hartzen ez duenak -txikia delako- ezin du lehiatu, eta hor dago terratenientea bere lurra erosteko. Hau da, laborariak politika desarrollistari segitu ezinean, lurra laborantzako enpresa handien aldeko politika sustatzen dutenen esku geratuko da.


Azkenak
Gazara Martxako Euskal Herriko ordezkaritzaren komunikatua Egiptotik
Okupazioa dagoen bitartean, erresistentzia egongo da

Euskal Herriko ordezkaritza gara Gazara Martxan. Egiptora etorri gara mezu argi batekin: genozidioa salatzeko, blokeoarekin amaitzeko eta Israel estatu genozidarekin harreman guztiak eteteko exijitzeko.

Gure elkartasun ekintzaren aurrean, aginte sionistaren eta... [+]


Donostiako Guardetxearen epaiketa urriaren 7an izango da

Donostiako Udalak jakinarazpena bidali dio Alde Zaharreko Gazte Asanbladari, epaiketaren data zehazteko. Asanbladak azaldu duenez, epaiketa aurreko hilabeteetan ezin dira desalojatuak izan, epaileak agindua eman arte.


Egiptok Gazarako martxaren aurkako errepresioa gogortu du, ekimena amaitutzat eman badute ere

Antolakuntzak salatu du Poliziak jarraitzen duela martxako partaideak atxilotzen eta tratu txarrak ematen. Kezka berezia agertu du Saif Abukeshek martxako presidentekidearen egoeragatik: astelehen arratsaldean atxilotu zuten, tratu txar “larriak” eman... [+]


Elkarretaratzea egingo dute Muxikan, jaietan gizon batek hainbat adin txikiko neskari eginiko sexu erasoak salatzeko

San Roman auzoko jaietan bost neska adingaberi ukituak egiteagatik 18 urteko mutil bat atxilotu zuen Ertzaintzak Muxikan (Bizkaia). Udalak eta herriko Mugimendu Feministak elkarretaratzea deitu dute asteartean 20:30erako.


Yala Nafarroak jaurtiko du sanferminen txupinazoa

Palestinaren askatasunaren aldeko eta genozidio eta okupazioaren kontrako Nafarroako plataforma izan da hautagai bozkatuena.


Elektrikari bat amiantoagatik hil zela ebatzi du Gasteizko auzitegi batek

Gasteizko Lan arloko bigarren auzitegiak ebatzi du SIS Electricidad enpresarentzat lan egiten zuen eta 2019an hil zen behargina amiantoak eragindako minbizi batengatik hil zela. Udal galdarak konpontzeaz arduratzen zen elektrikaria, eta 1999tik 2017ra lan egin zuen enpresa... [+]


Txetxu Barrios Atarrabiako presoa baldintzapeko askatasunean geratu da

Kartzelan 27 urte egon eta gero askatasunean geratu dela iragarri du Etxerat elkarteak.


Hilberria
Fermin Leizaola etnografoa hil da, 81 urterekin

Euskal Herriko artzaintzaren kulturan aditua izan da; milaka pieza jaso eta dokumentatu ditu Aranzadirekin. 45 urte eman zituen Etnografia Saileko zuzendari.


17 urteko neska bat elektrokutatuta hil da Araiako tren geltokian

Geldirik zegoen bagoi baten sabaira igo eta han elektrokutatu da. Berarekin zegoen 16 urteko neska zauritua izan da eta Gurutzetako ospitalera eraman dute.


2025-06-17 | Mikel Aramendi
“Lur arraroak” edo “mineral estrategikoak”?

Ezer geratu bada argi pasa den astean Londresen Txinako eta AEBetako merkataritza-arduradunen artean adostu zuten “esparru-akordioan” (batek daki zer esan nahi duen zehazki esamoldeak; “Genevako akordioari buruzko akordioa” dela diote batzuek), hauxe izan... [+]


Israelek Irango telebista kate publikoaren egoitzari eraso egin dio, eta Netanyahuk mehatxu egin du Khamenei hilko dutela

Teherango barruti bati eraso egin ondoren, Israelek jaurtitako misil batek IRIB Irango telebista kate publikoaren egoitza izan du jopuntu. Erasoa gertatu aurretik Israelgo Defentsa ministro Israel Katzek ohartarazi du "Irango propagandaren bozgorailua" desagertzear zela... [+]


2025-06-17 | Gedar
“Parte hartzeko dugun eskubidea aldarrikatzen jarraituko dugu, eta aurten ere ez gara jaietatik kanpo geratuko”

Ehunka lagun mobilizatu dira berriz Gasteizen, txosnetan GKSren eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistaren aurka mantentzen duten betoa dela-eta, irtenbide bat aldarrikatzeko.


Herri Sanferminak festarako prest

O plazan garatuko dute egitaraua. Bazkariak, bertso saioa, txikientzako antzerkia, pilota txapelketa, herri olinpiadak eta elektrotxarangak izango dira, besteak beste.


EAEko Kultura Sistemaren Legea, Espainiako eskuinaren esku?

Jaurlaritzak lizitaziora atera zuen proiektua, “lan teknikoegia” delako. Ia 80.000 euro jasoko ditu Estudio Jurídico Gabeiras y Asociados SLP enpresa madrildarrak, “egoeraren diagnostikoa” eta legearen hasierako proiektua egiteko. Enpresa horren... [+]


“Irunen alarde gatazkarik ez dagoela diotenen asmoa da gaiari garrantzia kentzea, inor busti behar ez izateko”

Irungo Alarde Parekidean sortu berri den Meaka konpainiako kapitaina da Nagore Olaskoaga. Alarde Tradizionala vs. Parekidea, “kopuruak direnak dira, baina oso pozik gaude gazte askok eta askok hartzen dutelako parte Alarde Parekidean, eta beraiek dira gure herriaren oraina... [+]


Eguneraketa berriak daude