Net Hurbil: Munduko elbarri txiroek diote, «Pikutara errukia!»


2006ko urtarrilaren 15an

Tomas Hernandez du izena goiko aldeko argazkian borra eskuetan espaloia hautsi nahian ageri den gizonak. Ariera bitxia berea, eserita lanean. Baina zerbaitengatik dihardu horrela: ondo erreparatu badiozu, zangoak falta ditu, ez dakigu jaiotzatik edo istripuren baten ondorioz. Tomas Hernandez gurpil-aulkian dabiltzan herritarren elkarteko buruzagia da, Nikaraguan, eta agintariek ezinduentzako igobideak egiten ez dituztenez, beste herritar batzuekin ari da espaloietan maldaxka edo arrapala bat egiteko lanean.

Ezinduak Munduaren Gehiengoan, gai honi eskaini dio azken zenbakia The New Internationalist hilabetekariak. Dosierra egiteko puntua Britainia Handiko irakurle batek ipini omen zion aldizkariko zuzendariari; bera ere minusbaliatua izaki, irakurle horrek sarritan bere buruari galdetzen omen zion ea nola moldatzen ote ziren herrialde atzeratuetako handikapatuak.

Tartean esan behar da The New Internationalist aldizkariak «Majority World» kontzeptua erabiltzen duela, guk «Gehiengoaren Mundua» itzuli duguna, hemengo hizkuntz adituek besterik erabakitzen ez duten bitartean. Zergatik «Majority World»? Batetik, jadanik ez du balio «Hirugarren Mundua» kontzeptuak, Sobiet Batasunaren inguruan antolatutako «Bigarren Mundua» suntsitu zenetik. Bestetik, «Garapen Bidean diren Herriak» kontzeptua baino zuzenagoa dirudi «Munduaren Gehiengoa» deitzea Asia, Afrika eta Latinoamerikan bizi den gizadiari.

Gauza da -eta honetara dator The New Internationalist artikuluokin- ezinduak eta Munduaren Gehiengoa ez direla normalean nahasten; gure buruetan ezintasunari buruzko gaiak -minusbaliotasun fisikoak zein mentalak dituzten pertsonenak- herrialde aurreratuetako gorabeheretan mamitzen dira. Eta aldiz, munduko jende gehienak bezala ezinduak ere nagusiki Munduaren Gehiengoan bizi dira.

Jende elbarritua herritarren bataz bestekoa baino pobreagoa da mundu osoan, baina hori are larriagoa da herrialde txiroetan. Nazioarteko erakundeen datuak erabiliz, aldizkariak argitu du Munduaren Gehiengoan ezinduen %82a txirotasunaren marraren azpitik bizi dela. Munduan 600 milioi ezindu bizi badira, horietatik 500 «pobreen arteko pobreenak» direla dio Munduko Bankuak. Dosier honen ardura hartu duen Dinyar Godrej editoreak idatzi duenez, «horien giza eskubide arazo premiazkoena bizirik irautea da. Ezintasunekin jaiotako haurren heriotza tasa herrialde batzuetan %80raino iristen da, eta inork ez du argitzen haur horiek zergatik hil diren».

Datuetan sartuta, Osasunaren Munduko Erakundeak uste du biztanleria osoaren %10k daukala minusbaliotasunen bat. Baina Munduaren Gehiengoan portzentajea apalagoa omen da: txirotasuna eta prejuizioak elkartzen direnean, horien eragina hilgarria izaten baita ezindu askorentzako. Bizirik atera diren haur ezindu horien %98a ez da eskolara iristen; kopurua beste moduan aztertuta, eskolara ez doazen 115 milioi umeetatik 40 milioi ezinduak dira.



Txirotasunaren zepoan

Jende ezindua edozein gizartetako edozein mailatan aurkitzen da, baina kopuru handiei erreparatuz gero begibistakoa da ezintasuna eta pobrezia elkarrekin ezkonduta daudela. Eta ororen buru, Munduko Bankuak kalkulatu du munduko txiroenen artean %20 pertsona minusbaliatuak direla. Izan ere, ezintasunen %50 prebenitzeko modukoak dira -zuzenean pobreziari lotuak beraz- eta horien artean %20 malnutrizioak eraginak. Adibidez, elikaduran A bitamina gutxiegi hartzeagatik urtean 500.000 haurrek ikusmeneko gaitzak nozitzen ditu, horrek dakarren minusbaliotasunarekin. Beren amek iodo urriegi hartzeagatik berriz 41 milioi haur daude adimen ezintasunak nozitzeko arriskupean.

Beste elbarritasun iturri agortezina gerra da. Lur gaineko minek eta gerra modernoetan erabiltzen dituzten gainerako armek -bala, obus, bonba, misil...- milioika jende utzi dute munduan minusbaliotasun larriekin.

Txiroa eta ezindua izatea maiz txanpon beraren bi aurpegiak diren bezala, are okerrago biziko da pertsona hori gainera emakumea baldin bada. Eskolara -gogoratu aurreraxeago eman dugun datu ikaragarria- are gutxiago joan ahal izango da. Emakume ezindu batek beste emakume «normal» batek baino bi edo hiru halako aukera dauzka bortxa fisiko edo sexuzkoak jasateko.

Indiako Orissa estatuan egindako ikerketa baten nabarmendu zen emakume eta neska minusbaliatuen %100a etxean jo egiten zutela, ezintasun intelektualak dituzten emakumeen %25 bortxatu egin dutela eta %6a esterilizatu. Urtero 20 milioi emakume geratzen da minusbaliaturik munduan erditzean gertatutako arazoen ondorioz; hauek ia denak Munduaren Gehiengoan gertatzen dira. Eta ezin ahaztu Afrikan 100 milioitik gora emakumek sexu-organoetako mutilazioagatik ezintasun ikaragarriak dituztela.

Gizaseme edo andre izan, pertsona minusbaliadunek sendatzeko aukera urriak dituzte herrialde txiroetan, eta errehabilitatzekoak berdin. Munduaren Gehiengoan %2k besterik ez dauka errehabilitazio zerbitzuren bat eskueran. Datu lazgarri bat: munduan badira 20 milioi pertsona gurpil-aulki bat behar eta eskuratu ezin dutenak. Pentsa zenbat milioika dabiltzan aulki desegoki eta traketsen gainean.

Baina herrialde horietan ere -hori da The New Internationalist aldizkariak jaso dituen lekukotasunek erakusten dutena- herritar ezinduen eskubideen aldeko mugimenduak badira. Munduko mugimendu nagusiak herrialde aberatsetan daude indartsuen, baina hauetako askok harremanak dituzte Hegoaldekoekin. Internet bidez ezagutu daitezke horietako asko. Bi aipatzearren, International Disability Alliance-k munduko itsu, gor eta bestelako ezinduen federazioak biltzen ditu, eta Disabled People’s International erakundeak mundu osoan zabaldutako mugimendu handi izan nahi du. Albiste eta dokumentazio asko dago munduan minusbaliatuek sutan dituzten borrokez.

Horietako bat Tomas Hernandezek Managuan piztu duena: «Revolución Sandinista» egin zuen herrian, orain «Revolución Rampista». Gurpil-aulkietan dabiltzanek espaloiak gainditu ahal izateko maldaxka edo arrapalak eskatzea ere suerta daiteke iraultzaile.

«Nikaraguan gurpil-aulkitan gabiltzanok ezin gara ibili kalean zuek Europan zabiltzaten bezala», deklaratu dio Hernandezek aldizkariari. «Garraiobideak ez daude gure beharretara egokituta, espaloietako zintarriak oso altuak dira». 2003an hasi zuen borroka Cadisca elkarteak. Hasteko, ezinduentzako igobideak behar ziren 200 puntu izendatu zituzten.

Managuako herriari galdetu eta udaletxean ez zioten gai honi garrantzirik ematen. Hala ere, norbera bere aldetik espaloiak mugitzen hastea ez zen komeni: 30 dolarreko isuna dago espaloi bat hondatzen duenarentzako. 30 dolar bider 200...

Hasi zuten kanpaina Managuako auzoetan, egunkarietan, telebistan. Jendeak ekintzaileei area eta porlana eskaini zien, unibertsitatean arkitektura ikasten zutenek laguntza teknikoa, eta abar. Udalak keinu txiki bat egin zuen: espaloiak hondatzeagatik ez ziela isunik ezarriko. Baina dirulaguntzarik ez: atzerriko erakundeekin eta jende eskuzabalak emandako zimentarekin moldatu behar izan zuten Hernandez eta bere lagunek Managuako erakunde publikoen aurrean (udal zerbitzuak, eskolak, kiroldegiak, elizak...) 200 arrapala egiteko. Arrakasta ikusita, orain udalak agindu die beste 400 gehiago egingo dituela.

Besteen artean, aldarrikapen dotore hau dauka elbarrituen mugimenduak: «Stuff pity!», «Pikutara errukia!».

www.argia.eus/nethurbil helbidean, gai honi buruzko informazio gehiago eta Interneteko loturak.


Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude