Okinaren alaba omen zen Lurdes euskaraz kantatzen zuen hura. Françoise Hardy, Chichiola Chinquetti, Sylvie Vartan... Gazteleraz jasotzen genituen kanpoko kantari gehienen kantuak. No tengo edad gogoratzen dut arrakastatsuenetako bat bezala, oker ez banago Eurovisión orduko kantarien obus hartan garaile irten zena. Gona motzak zeuden modako eta Lurdes neska lirain polit hura moderna genuen oso. Bere anaia bat ere ibili zen kantari, gazteleraz polito, beste gutako asko bezala Donostiako falangisten inguruek antolatu "Artistas noveles" lehiaketa kutre hartan. Etxeko okindegiko lanek isilarazi omen zuten. Joan Baez eta Bob Dylan iritsi zitzaizkigun beranduago, Vietnameko yanki inbasioari kantuz aurre egin nahian omen. Eta bazuen Lurdesek Joan Baez haren antzik bere ahotsaren kolorean eta tonalitatean. Lazkao Txikik erabiltzen zuen askotan zortziko handia, egungo bertsolari zenbaitek ere noizbehinka erabiltzen duen bera da Lurdesek kantatzean txinatartzat aurkezten zuena: "Lin Pan mendiko tontor gainean...". Baina Lurdes beti gogoratzen dut Hego Amerikako kanta batekin: "Por las lejanas montañas, va cabalgando un jinete...". Hau da hain zuzen nik entzun nion lehen kantua euskaraz, ni harritu egin ninduena, euskara ez bainuen normaltzat jotzen mundua kantatzeko.