Jose Mari Elosua: «Berme prozesalen bortxaketa nabarmenak ematen ari dira»


2005eko abenduaren 25an

18/98 auzia euskal herritarrak inoiz epaitu dituen prozesu handiena da. Haika-Segiren prozesua ezagutu dugu berriki, eta duela 35 urte Burgosko prozesu historikoa ezagutu genuen. Alabaina, 18/98 auzia -Segiren auziaren ezaugarri antzeko batzuk dituena- ezin da inola ere Burgosko prozesuarekin alderatu. Epaiketa hartan akusatuei ETAko militante gisa ekintza armatu batean parte izana leporatzen zitzaien eta horregatik izan ziren epaituak. Oraingoan aldiz, ez da ekintza armatu edo egite kriminal bat epaitzen, ideologia abertzale independentistarekin identifikatzen dituzten hainbat mugimendu sozial eta politiko baizik. Horregatik berarengatik ETArekin lotzen dituztenak: «Bi auziak zeharo ezberdinak dira. Alabaina, Burgosko epaiketa herri honen historian inflexio puntua izan zen, eta hau ere halaxe izatea gustatuko litzaidake», adierazi digu Jose Mari Elosua abokatuak.

Epaiketako fiskala -Haika-Segiren auziko- Enrique Molina da. Sumarioaren instrukzioan Baltasar Garzonekin lankidetzan aritutakoa hasieratik. Epaiketa Espainiako Auzitegi Nazionalaren Madrilgo Casa del Campo areto berezian burutzen ari da iragan azaroaz geroztik.


Zazpi urte pasa behar izan zuten epaiketa hasi orduko, eta epaiketa gutxieneko oinarririk gabe hasi zen. Lagunduko al diguzu auzi honen historia ulertzen eta kokatzen, mesedez.
Sumarioaren lehen agerpena 1998ko maiatz aldean izan zen, orduan egin zen lehen operatibo poliziala. Ikerketa askoz lehenago hasi zen ordea, diligentziak 1997koak baitira. Datu hori operatiboaren berri izatean baieztatu genuen-eta. Sumarioaren oinarria ordea, beste diligentzia batzuetan oinarrituta dago: 75/89 sumarioan. Beraz esan daiteke formalki ere ikerketa 1989an hasi zela. Diligentzia hauek (75/89) Garzonen «almazen» bat dira. Garzoni, iraganean, ETAren inguruko informazioa pilatzea interesgarria iruditu zitzaion, une klabeetan operatibo polizialak abiatu ahal izateko. 18/98 sumarioaren abiapuntua interbentzio telefoniko batzuetan datza. Telefono interbentzio horiek lehen aipaturiko 75/89 diligentzietan erabaki ziren. Beraz, hauek ez badira eransten 18/98 sumariora ezin daiteke ezagutu interbentzioen legalitatea: ondo edo gaizki eginak zeuden, legea errespetatuz edo bortxatuz eginak ziren, eta abar. Hori jakitea behar-beharrezkoa da, gaizki eginak baleude 18/98 prozesu guztia baliogabe gera daitekeelako. Diligentzia horien garrantzia kontuan hartuta, ikerketan zehar defentsak hainbat aldiz eskatua zuen 75/89 diligentziak 18/98 sumariora eransteko. Erantzuna ezetza izan da. Defentsak, epaiketarako ere, diligentzia horiek sumarioari eranstea eskatu du. Baietza jaso dugu, baina ia bi hilabete pasa arren epaiketa hasi zenetik ez dira erantsi.

Frogak eta ikerkuntzaren diligentziak erantsiko diren esperantzarik ba al duzue?
Bai, lehen aipaturiko diligentzia horiek eta defentsak eskatu dituen hainbat froga dokumental ziur asko iritsiko dira, baina berandu erantsiko dira. Eta horiek defentsa eskubideak bermatu ahal izateko derrigorrezkoak dira. Epaiketa hasten denean, froga guztiak tribunalaren eta parte-hartzaile guztien esku egotea ezinbestekoa da. Adibidez, nire defendatu bati jatorriz ETArena den dokumentu bat erabili izana leporatzen bazaio, nik akusatuaren galdeketarako dokumentua behar dut derrigorrez. Akusatuak ematen dizkidan erantzunek baldintzatuko baitute itaunketa guztia. Hori ukatu egin zaigu. Dokumentu horiek gabe egin daitekeen galdeketa guztiz ezberdina da, galdeketa murriztua da. Epaileek dokumentuak ez direla beharrezkoak erantzun digute: «Jarrai ezazue galdeketarekin eta dokumentuak edo dena delako frogak sumarioari eransten zaizkionean ikusiko dugu zer gertatzen den», dioskute. Babes falta nabarmena da.

Zein hitzez barnebilduko zenuke auzi edota epaiketa honen tesia?
Epaiketan Garzonen tesiak eragin du. Epaile honek, sumarioa abiatu aurretik, tesia publiko egin zuen liburu entzutetsu baten hitzaurrean. Epaiketa eta ikerketa hasi orduko honela kaleratu da bere tesia: «ETA fenomeno konplexua da, ez dira bakarrik komando armatuak. Alderdi politikoak eta masa mugimenduak dira, ETA populazio erreferentea da... Hartara, poliziaren norabide bakarreko interpretazio partziala eginez, Garzonek ETAren historia partzial eta subjektibo bat egin du -errealitatearekin bat ez datorrena- eta interpretazio horretaz baliatuz -berari iruditzen zaion modura- sumarioa antolatu. ETA, erakunde armatua izateaz gain, fenomenologia soziala dela dio. Norabide horretan, ETArekin baino ETAren postulatu eta helburuekin ustez bat datozen herri erakunde eta elkarte akusatu hauek -hainbat politikarik ETAren entornotzat jotzen zutenak- orain ETA bera direla dio.


18/98 auzia Garzonen gehiegikeria baten ondorioa dela zabaldu da han-hemenka. Besterik ez?
Hori baino gehiago da, jakina. Faktore asko elkarganatu dira: bat, Garzonen gehiegikeria, protagonismoa eta handinahikeria agerikoa izan da prozesuan nahiz hedabideetan. Bi, "fenomenologia terrorista" zigortzen duen legedia berezia da eta legedi horren interpretazio zabal baten bidez -"ez-legezko" interpretazio zabala- jokabide terrorista tipikoak ez direnak integratzeko aukera ematen du. Hiru, interpretazio hori egiten ari diren Auzitegiak, gainera, Auzitegi bereziak dira, instrumentalizazio politikorako auzitegirik egokienak. Lau, hori horrela izanik, testuinguru politiko zehatz batean abiatzen dira operatiboak -PP Espainiako Gobernuan zela- "mugarik gabeko borroka antiterrorista" gauzatzeko ideiak babes politiko izugarria zegoen testuinguruan... Faktore hauek guztiak, eta ziur aski beste batzuk baliatu dituzte prozesua aurrera eramateko.

Nola baloratzen duzu epaimahaiaren orain arteko lana?
Epaimahaia oso gaizki eramaten ari da epaiketa. Berau osatzen duten hiru magistratuetatik -Angela Murillo, Martinez de Salinas eta Nicolas Poveda- lehen biak dezente samar ezagutzen ditugu. Murillo eta Martinez de Salinas aspaldikoak dira Auzitegi Nazionalean. Poveda berria da, hilabete batzuk besterik ez daramatza, baina, itxura batez, bera da epaiketaren eredua ezartzen ari den magistratua. Presidentea Angela Murillo anderea da, alabaina Poveda da etengabe keinuka ari dena, oharrak pasatzen... Uste osoa daukagu bera dela epaiketaren nondik norakoak bideratzen dituena. Gainera, Poveda zuzenbide prozesal nahiz penalean hasiberria da, eta abokatuok ez dugu epaile jantzitzat jotzen. Tira, beste biak ere ez ditugu ondo jantzitzat jotzen eremu honetan aritzeko. Halaber, Angela ez da orain arte ezagutu dugun epaile bera. Auzitegi Nazionalean izan ditugun harremanetan ez da epaiketa honetan agertzen ari den bezain autoritarioa, atseginagoa baizik, nahiz epaietan bere gogortasuna agerian utzi duen. Epaitegietan ere formak gordetzen badaki eta harrituta gaude bere jokaeraz. Baliteke presionatua izatea bere ahalmen eskasarengatik, zuzenbide prozesala ez baitu ondo menperatzen.

Beste arlo batera etorriz. Zer iritzi duzu epaiketari begiraleak egiten ari zaizkion jarraipenez?
Zoritxarrez begiraleen presentzia oso murritza da, nik neuk arlo horretan egiten ari denaz dezepzio pixka bat badaukat. Nire konbikzioa da berme prozesalen bortxaketa oso nabarmenak ematen ari direla. Hori guztia aditzera emateko pertsona inpartzialak falta direla iruditzen zait. Epaiketan parte hartzen ari garen edonor bortxaketak salatzen baditugu, gure sinesgarritasuna zalantzan jar daiteke. Horregatik prozesua kanpotik ikusiko dutenen presentzia derrigorrezkoa da. Ziur gaude edozein begiralek arrazoi emango digula. Nolanahi ere, epaiketa hasi zenean elkargo katalan bateko ordezkariak egon ziren. Elkargo hori Europako elkarte batean federatuta dago eta talde horren ordezkatzaileak baziren, baita Madrilgo ALAkoak ere (Abokatu Libreen Elkargoa). Hurrengo sesioetan begirale gehiago ere egon da. Hala ere, begirale gehiago behar dugu eta arlo hori lantzen ari gara uneon. Duela egun batzuk Eusko Jaurlaritzan egon ginen, begiraleen presentzia ezinbestekoa dela esatera bertaratu ginen. Lan bera egiten ari gara nazioarteko hainbat forotan: Alemanian, Bruselan... Baina oso zaila da inor ekartzea. Guk geure kasa begirale kualifikatu horiek ekartzea, bidaia eta estantzia ordaintzea oso garestia da. Eusko Jaurlaritzak berak finantzatuko balitu, etor litezke. Hori da Eusko Jaurlaritzari eskatu dioguna. Oraingoz ez dugu erantzun baikorrik jaso.

Argudio juridikorik ezean, epaia aldagai politikoen eraginpean egon daitekeela esaten da. Nola eragin dezake PSOEren Gobernuak erabakian? Auzitegi Nazionalak eragin ahal dezake auziaren bilakaeran?
Bai, noski. Bide organikoak badira hori horrela izateko. Estatuak fiskalaren jarreran eragin dezake, fiskalaren jarrera erabakitzailea da, baina ez guztiz erabakigarria. Fiskaltza organo hierarkikoa da, behekoak goikoari obedientzia zor dio eta fiskaltzaren gorenean dagoen fiskal burua Gobernuak izendatua dagoenez, Gobernuak jardunbidea bideratzeko agindu diezaioke. Honek aukera legala dauka Gobernuaren agindua betearazteko. Baina, uneon, ez Auzitegi Nazionala bakarrik, baizik eta Botere Judizialaren Kontseilua, Auzitegi Gorena eta Auzitegi Konstituzionala PPk Aznarren garaian jarritako «pieza» edo eragile erabakigarriez osatuta daude. Uneon, horiek guztiak "eragile" berebizikoak dira ebazpena emateko orduan. Egoera hau kontuan izanik borondate politikoa ez da nahikoa prozesuaren bukaera nolakoa izango den baldintzatzeko.

Orduan, zerbait aldatu al da PSOE Espainiako Gobernuan egonda edo ezer gutxi?
Prozesu honetan zehar eta orain arte behintzat, ez da Espainiako Gobernuaren jarreran aldaketarik nabarmendu. Fiskaltzak PPren Gobernu garaian zuen jarrera berari eusten dio. Jarrera aldaketarik balego ordea, ezin ahaztu, esan bezala, botere judiziala PPren garaiko "pieza" garrantzizkoez osatua dagoela eta botere honek orain arte erakutsitako jarrera PSOEren borondate politikoari, itxuraz behintzat, muzin egiten diola. Adierazgarri izan daiteke Arnaldo Otegiren aurka egiteko botere judizialak agertu duen grina. Gobernuaren edozein borondate mota erabat zapuztu dezake organo judizialak.

18/98 auziak balizko bake eta normalizazio prozesuan eragin dezake, edo aitzitik, epaiak prozesuan?
Bake prozesuak aurrera egiten badu eta pauso kualitatiboak ematen badira, ez dut zalantzarik, eragin baikorra izango du sumario honen norabidean. Alderantziz, sumario hau ondo edo gaizki bukatzeak ez du eraginik izango ezker abertzaleak bake prozesuarekiko duen jarreran. Ezker abertzaleak bere jomugak beste puntu batzuetan jarriak dituela esango nuke, eta erabakiak ez duela eragingo. Edozein baldintzatan ezker abertzaleak bakearen aldeko apustuari eutsiko dio. Baina hori nire ikuspuntua besterik ez da.

Auzitegi Gorenak Segi "erakunde ez terroristatzat" jo izanari ezarritako helegitea ebatzi behar du oraindik ere. Erabakiak eragingo ote du epaiketa honen erabakian?
Erabakigarria izan daiteke Segiren prozesuan nahiz honetan. Izan ere, Auzitegi Gorenak, besteak beste, borroka armatua praktikatzen ez duten pertsonek elkarte terrorista osa dezaketen edo ez erabaki behar baitu behin betiko. Haika-Segiren auziko epaimahaiak «ez dela erakunde terrorista» ebatzi du, ez dagoela harreman zuzenik ETA eta Segiren artean. Beraz ezin da katalogatu erakunde terrorista bezala. Auzitegi Gorenak lehen instantzian emandako epaia baieztatzen badu eta auzi honetan irakurketa berdina egiten bada, akusazioen larritasunen aurrean pauso bat izango da, baina ez nahikoa. Kriterio hori baieztatzen bada, epaituak diren elkarteak ez dira elkarte terroristatzat hartuko, baina bai ezlegezkotzat. Hori, esan bezala, akusazioen larritasuna kontuan hartuta pauso bat litzateke, baina ez da nahikoa izango, 18/98 sumarioan epaitzen diren elkarte eta talde guztiak eta beren aktibitateak guztiz legitimoak direlako.


Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude