Durangoko ajea pasatakoan
Aurreko urteetan baino jende gutxiago izan da aurten Durangoko Azokan eta horrenbestez aurreko urteetan baino disko, liburu eta bestelako produktu gutxiago saldu da. Baliteke bi zubi egokitu direlako izatea, baina baliteke bestelako arrazoiak egotea tarteko. Auskalo. Dena den, Azoka antolatzen duen Gerediaga elkarteak adierazi duenez, helburua bete dute: "Gure asmoa ez baita urtero errekor matematikoak gainditzea, euskal kulturaren erakustokia eta topalekua antolatzea baizik". Azokaren egunak ikerketa egiteko baliatu ditu Gerediagak, bisitarien profila eta ohiturak ezagutze aldera, baina oraindik ez ditu aurkeztu. Urtarrilean edo otsailean argitaletxe eta diskoetxeekin bilera egingo dute, hurrengo urteko Azoka hobeto antolatzeko. Indartzen segitzeko.
Espai Catalunya Topalekua Donostian
Euskal Herrian bizi diren hainbat katalanek eta Kataluniarekin harreman estua duten hainbat euskaldunek Asociación Spai Catalunya Topalekua elkartea sortu dute. Donostiako Federico García Lorca pasealekuan dute egoitza eta euskaldunen eta katalanen topaleku izan dadin sortu dute. Tarragonan jaiotako Gorka Knörr da elkarteko presidentea, Joxean Larrañaga Urko abeslaria presidenteordea eta Bartzelonan jaiotako eta Donostian bizi den Cristina Lage idazkari eta kudeatzailea. Toni Strubell kazetaria, Txiki Begiristain eta Jose Mari Bakero futbol jokalari ohiak eta Josep Piera medikua dira elkartearen ehun bazkideetako batzuk. Lokala jatetxe kate baten jabe den Via Fora enpresak kudeatuko du. Egoitzak jatetxea eta taberna izango du eta horrez gain, ekitaldi eta bileretarako gelak. Makina bat ekitaldi iragarri dituzte: haurrentzako txokoa, 65 urtetik gorakoen gunea, kontzertuak, katalan eta euskara ikastaroak...
Testuliburuen mailegutza egitasmoa dela-eta, editoreak kexu
Testuliburuak doako izan daitezen, Eusko Jaurlaritzak martxan jarri nahi duen mailegutza sistema indarrean jartzen bada, sektorearentzat hondamena ekarriko duela adierazi dute Euskadiko Editoreen Elkarteak eta Euskal Editoreen Elkarteak. Doakotasunaren kontra ez daudela esan dute, bai ordea, mailegutza sistemaren kontra, argitaletxetik hasi eta salmenta punturik txikieneraino, kate osoari kalte egingo diola uste baitute. Editoreak kexu dira egitasmoa osatzeko ez direlako behar beste aintzat hartuak izan. Bi alternatiba proposatu dituzte editoreek: familiei laguntza zuzenak ematea eta liburuetan gastatutako dirua errenta aitorpenetik kentzea.
MEM jaialdia Bilbon
Diziplina anitzeko Musica Ex Machina (MEM) nazioarteko jaialdiak ekitaldi andana antolatu ditu Bilbon, laugarren urtez. Abangoardiako musika, dantza, zinema eta bestelako adierazpenei egingo die leku hilaren 30a bitartean, punk espiritua eta teknologia berriak uztartuta, antolatzaileek diotenez. Félix Fernández bideoartista galiziarraren eta Felipe Uribarri pintorearen lanak ikus ahal izango dira Pulimentos del Norte enpresan, Andrés Blasco Ramos Valentziako musikariak eta Annabelle Bonnery dantzari frantsesak kontzertuaren eta performancearen artean dagoen saioa eskainiko dute, soinu ikuskizuna eskainiko du Frantziako Gast Fall taldeak bost automobil erabilita...
Entzun! aldizkariak 10 urte
Musika talde eta bakarlariei egindako elkarrizketak, diskoen aipamenak, musika estiloei buruzko dosierrak, kontzertu kronikak, kontzertuen agenda... eskaintzen ditu bi hilabetean behin kaleratzen den Entzun! euskarazko aldizkariak. Zailtasunak zailtasun, hamar urteko bidea egin du eta sasoiko dago. Horren adibide da kalean den 46. zenbaki mamitsua. Iaz bezala, euskal taldeen bideoklipen bilduma plazaratu du musika bihilabetekariak: Euskal bideoklipen bilduma 2. Besteak beste, Captain Nemo, Lor eta Motorsex taldeen lanak batu dituzte.
Haurrentzako musika
Haurrei zuzendutako disko ugari argitaratu dira azken aldian. Hirusta diskoetxeak abesti tradizionalak biltzen dituen Herri kanta ttikiak kaleratu du. Elkarrek haurren loa laguntzeko Lotarako kantak bilduma eta herri txikietako eskolen festarako apailatu duen Gure mundu txikitik lana plazaratu ditu. Mara-mara diskoetxe berriak Nire gorputza diskoa argitaratu du eta Ereinek Urrezko giltza disko-liburua. Eta gehiago ere badira.