Urre gardena

«Ur baliabideekin zerikusia duten arazoak konpontzea lortzen duen edozein pertsonak bi Nobel Sari mereziko lituzke, bata zientzietakoa, bestea bakearena». J. F. Kennedyk bota zuen esaldi hau duela 40 urte inguru, eta egun inoiz baino gaurkotasun handiagoa du.

Ura funtsezkoa izan da beti. Baina populazioa sakabanatuagoa egon da oraintsu arte eta uraren inguruko gatazkek ez dute izan sekula egun duten dimentsioa. Gaur, munduko populazioaren laurdenak, gutxi gorabehera, ez du ur zerbitzurik. Gainerakook iturria zabaldu besterik ez dugu ura lortzeko, baina horrek ez du esan nahi uraren arazoak ukitzen ez gaituenik.

Pribatizazioaren ur handitan

Hong Kongeko MMEaren goi bileran pribatizaziorako zerrenda luzea da, eta tartean uraren pribatizazioa dago. Iñaki Antiguedad hidrologo eta EHUko irakaslearen iritziz, « hori ez da kasualitatea; eta ez da kasualitatea, halaber, globalizazioaren aurkako mugimenduak pribatizazioaren aurka agertzea». Pribatizazioaren arazoa Hego Amerikan da bereziki larria, edo bertako oihartzuna iritsi zaigu bederen. Hainbat tokitan -Boliviako Cochabamba eta Argentinako Tucuman lurraldeak dira adibide esanguratsuenetakoak- borroka luzearen ondoren, pribatizazioa atzera botatzea lortu dute. Antiguedadek dioenez, «Europa eta AEBetatik putreak bezala joan dira ur zerbitzua hartzera, baita Euskal Herritik ere». Eta Bilboko Ur Partzuergoak Montevideon eta Buenos Airesen egindako saiakera aipatu digu. Ur zerbitzua pribatizatu den hainbat lekutan frogatu da, zerbitzuak hobetu baino okerrera egin duela: ura asko garestitu da eta ordain dezakeenak soilik jasotzen du, zerbitzua zabaldu beharrean, berau murriztuz. «Argi dago -dio hidrologoak- urak zerbitzu publikoa behar duela izan».

Uraren gatazkak

Irakeko Gerraren ageriko helburua petrolioa mendean hartzea izan da, baina pentsatzekoa da uraren kontrolak ere zerikusia izan duela. Izan ere, inguru lehor horretan, Tigris eta Eufrates ibaiek garrantzi geoestrategiko handia dute. Lurralde horretako produktibitate guztiaren ardatza ibaion arroak dira. Ekialde Hurbiletik aldendu gabe, Jordan ibaia ere tirabira iturri izan zen Sei Eguneko Gerran, eta israeldar eta palestinarren arteko gatazkan ere baliabide hidrikoek badute zerikusirik -beheko koadroan azaldu dugun moduan-. Hain zuzen, lurreko toki idorretan ari da populazioa gehien hazten eta horrek, eskaria handitzean, ur arazoak areagotzen ditu.

Hain urrutira joan gabe, eta gerrara iritsi ez arren, inguruan badira ur kudeaketak sortutako tirabirak, Ebroren trasbase ezaguna kasu.

Ura alferrik galtzen ari gara

Etxera begira jarrita, ikusten dugun berdeak ez gaitzala engaina. Ur nahikoa badugu egun, baina ardura eta aurreikuspenik gabe jokatzen ari gara. Lehen munduko biztanle garenak gutxi gora behera 300 litro ur kontsumitzen dugu egunean pertsonako -kopuru honek jarduera guztiak, industria eta nekazaritza barne, kontuan hartuta ateratako batez bestekoa adierazten du-. Hor ere gorabeherak daude; Bartzelonako datuek, esaterako, bertako biztanleek eguneko 280 litro inguru kontsumitzen dutela diote. Iñaki Antiguedadek dio euskaldunok 400 litrotik gertuago gaudela dio, horretarako datu zehatzik ez badu ere: «Gurean datu horiek lortzeko CSI lana egin behar duzu askotan. Bilboko Ur Partzuergoak, esaterako, urtero argitalpen eder bat ateratzen du, baina bilbotar batek egunean zenbat kontsumitzen duen ikusi nahi baduzu, ez dizute daturik ematen».

Datu esanguratsu bat badu, ordea: Bilbo Handiko hainbat udalerritan modu ofizialean onartzen dute banatzen duten ur kopuruaren %40tik gora ez dutela fakturatzen, beraz, neurri handi batean bidean galtzen dela. Egia da, galera hori saihesteko hoditeria guztia berritzeak inbertsio handiak eskatzen dituela. «Eta galtzen den urak? Horrek izugarrizko balioa dauka, gero eta gehiago gainera» dio Iñaki Antiguedadek.

Baina Bilboko ura ez da salbuespena alferrik galtzeari dagokionez. Plan Hidrologiko Nazionalaren barruan berriki eginiko azterketa batek dio Espainiako Estatuan prezipitazioetatik lortutako uraren %20 besterik ez dela aprobetxatzen. Gainera Europako Batasunak Espainiaren aurka neurri judizialak abian jarri ditu Europako Ur Arteztaraua ez duelako betetzen.

Iñaki Antiguedadek, kontsumo zehatza jakin gabe ere, urtegietatik zenbat ur banatu den badaki eta 1980tik 2003ra bitarteko kopuruak kontuan hartuta, eboluzioa ikusi ahal izan du. Horrela ikusi du azken urteetan duela 20 urteko ur kopuru berdinean gaudela. Kopuruak gora egin ondoren, 1990 inguruan inflexio puntu bat dago eta ondoren behera egiten du. Inflexio puntu hori, hain zuzen, 1988an hasitako bi urteko lehortearen amaieran dago kokatua. Eboluzioa Bilbora ura eramaten duen Zadorraren datuetan ikusten da argien. Donostiarako urak gordetzen dituen Añarbeko urtegiko datuak, hain argi ez bada ere, behera ari dira. Iruñea eta Gasteizen berriz, ur banaketan ez da jaitsierarik eman, baina Donostia eta Bilbon ez bezala, hiri hauetan populazioa hazten ari denez, pertsona bakoitzeko kontsumoa jaitsi egin dela ondoriozta daiteke.

Joera hau horrela azaltzen du hidrologoak: «Duela 17 urteko lehorte hartan Bilbon 12 orduko ur mozketetara iritsi ginen. Badirudi, jendeak zerbait ikasi zuela hartatik eta kontsumoa kontrolatzen hasi zela». Baina administrazioak ezer gutxi egin zuela salatzen du, ez zuela erreakzionatzen jakin, ez momentuan ez ondoren: «Gaur, lehorte edo uholdeen aurrean orduan bezalaxe edo okerrago gaude. Ura gehiago zaintzen hasi bagara, geure kabuz egin dugu, ez administrazioari esker».

Gure aldaketa klimatikoa

Goizegi da gizakiok sortutako aldaketa klimatikoa dagoeneko iritsi den ala ez baieztatzeko. Normala baino tenperatura handixeagoa sumatzen badugu, berehala larritu eta aldaketa klimatikoari egozten diogu. Baina, Euskal Herriko meteorologia iraganean gutxi aztertua izan bada ere, dauden datuen arabera aldaketa nabarmenik ez omen da gertatu. Klima aldaketa baieztatzeko perspektiba behar da, urte batzuk beharko dira. Baina oraindik iritsi ez bada, zalantzarik ez dago iritsiko dela, ondorioak nozituko ditugula.

Berriki Esther Larrañaga Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuak iragarri du datorren urtean aldaketa klimatikoaren inguruko bulegoa zabaltzeko asmoa dutela. Iñaki Antiguedad hidrologoak faltan botatzen du aldaketa klimatikoa Euskal Herrian aztertuko duen ikertzaile talde bat. Europako Batasunak edo Unescok egindako azterketa orokor eta zabalez gain, hemen ez da egin azterketa zehatzagorik eta «gehiago zehaztea ezinbestekoa da egoera berria aurreikusi eta egokitzen hasteko» dio Antiguedadek.

Aldaketa klimatikoaz hitz egitean, beroketa globala, eta beraz, tenperatura igoera datorkigu gogora. Hartzen ditugun neurrien arabera, aurreikuspen baikorrenek diote 2050ean batez besteko tenperatura 1,3 gradu igoko dela; ezkorrenek, aldiz, 3,6 gradu egingo duela gora.

Prezipitazioez, uraz, ez da hainbeste hitz egiten. Tenperatura igotzen bada, lurrinketak ere gora egingo du eta, beraz, prezipitazioak ugaritu egingo dira. Baina euria ez du edonon botako. EHUko irakasleak azaldu digunez, «Adostasun zientifiko handia dago euria gehitu egingo dela latitude handietan, 40 gradutik gora; hortik behera, prezipitazioak gutxitu egingo dira». Gertuko adibideak ipintzearren, Europako Iparraldean eta Bretainia Handian euri gehiago egingo du eta Mediterraneoan gutxiago, hots, berez hezeak ziren lurraldeak hezeago izango dira eta lehorrak zirenak lehorragoak. Eta Euskal Herrian zer gertatuko da? Euskal Herria tartean dago, beraz, prezipitazioak handitu edo gutxitu egin daitezke. Horregatik da garrantzitsua azterketa zehatzak egitea.

«Garbi dagoena da-dio Antiguedadek- muturreko gertaerak areagotuko direla. Batez beste gehitu, berdindu ala gutxitu, prezipitazioek muturrera joko dute, eurijasak larriagoak izango dira eta lehorteak ere bai. Eta hori uraren aprobetxamenduan oso kaltegarria da».

Garapen ez iraunkorra

Etorkizunean berez lehorrak diren lurraldeak are idorragoak izango direla ez du komunitate zientifikoak soilik onartzen. Espainiako Gobernuak, esaterako, onartu du. Baina gero ez da lurralde antolaketan islatzen. «Mediterraneoko kostaldean populazio handitzea bultzatzen dute. Gainera golf zelaiak, lorategiak... dena berde nahi dute. Azkenean eusten oso zaila den dinamika batean sartzen zara» dio Iñaki Antiguedadek. Eta ondorengo galdera botatzen du: «Zerk mugatzen du zer? Lurralde batean bizi den gizarteak lurralde horretara, eskaintzen dituen baliabideetara, dituen mugetara egokitu behar du ala alderantziz? Dena alderantziz egiten ari gara». Modu horretan ura baldintzatzaile baino, baldintzatu bihurtzen da. Alegia, adibidez, industriak ura behar badu, ura dagoen tokian ipini beharrean, nahi dugun tokian ipini eta ura haraino eramaten dugu.

«Garaiotan egiten den guztia, nahiz eta astakeria izan, garapen iraunkorraren izenean justifikatzen da» salatu du Antiguedadek. Uraren adituaren ustez, ibai eta erreken egoeraneurgailu egokia da garapena benetan iraunkorra ote den ikusteko: «Azken urteotan, garapen iraunkorra eta guzti, ibai eta erreka tarte gehiago ari da hondatzen, lehengoratzen, suspertzen baino. Plan bat edo eraikin bat edo dena delakoa ingurumena errespetatu behar delako atzera botatzen dela ikusi arte ez dut garapen iraunkorrean sinistuko».

Kontsumoa berdintzea, itsasoko ur pixka bat gatzgabetzea edo erabiltzen dugun uraren portzentaje bat birziklatzea baino zerbait gehiago beharko da, uraren etorkizun beltza saihestuko badugu. Pertsona bakarraren eskutan ez da egongo konponbidea. Eta hala balitz, bi Nobel Sari baino gehiago mereziko lituzke.

Ur zikinak birziklatzea
Ura birziklatzea, hots, lehen erabilerara mugatu gabe garbitu eta berriro erabiltzea, ez da kontu berria. Aspaldian eta hainbat lekutan egiten da. Europako Ur Arteztarauak ere aipatzen du ganorazko ur kudeaketak baliabideak behin baino gehiagotan erabiltzea kontuan hartu behar duela. Eusko Legebiltzarrean laster aurkeztuko dute Uraren Legea eta funtsean Europako Ur Arteztarauak dioena jasoko du.
Munduaren beste muturrean badute esperientzia ur berrerabilera kontuetan. Melbourne Water enpresak eskainitako datuen arabera, Australiako hiri honetako bi araztegi nagusietan urtero 36.000 milioi litro ur hondakin birziklatzen dira berriro erabiliak izateko, hiriak sortzen duen ur zikinen %11. 2010. urtean batez bestekoa %20ra iristea da euren helburua.
Arazte prozesuak uraren kalitatean eragina du. Melbourneko ur araztua, esaterako, industrian eta erregadioan erabiltzen da, baina ez da edangarria.
AEBetako Californian, berriz, ur edangarria lortzen dute araztegietatik eta bertako kontrolak hain dira zorrotzak, ezen ur birziklatuak lehen erabilpenekoak baino kalitate berme handiagoa lortu baitu.
Ur edangarria lortzeko prozesurik gabe ere, beste hainbat erabilerarako prozesuak bideragarriak dira. Eraikin berrietan edo zaharren berritzean urarentzat bi hodi ipiniko balira, esaterako, komuneko bonbari tiratzean ez genuke ur edangarria alferrik xahutuko, eta kalitate gutxiagoko ura botako genuke.
Iñaki Antiguedaden ustez, «ura birziklatuko balitz, etorkizunean etor daitezkeen ur arazoen aurrean malgutasun handiagoa izango genuke».

Itsasoan nahi adina ur dago, baina...
«Gatzgabetutako 1.000 litro ur euro baten truke!» dio Interneten topatu dugun iragarkiak. HOHCanarias enpresaren webgunean topatu dugu, eta adibide bat baino ez da. Kontuan hartu behar da egun 0,7 edo 0,8 euro ordaintzen dugula ura metro kuboko, beraz, itsasoko ur tratatuaren eskaintza ez da batere garestia. Itsasoak ur baliabide ia infinitua eskaintzen duenez -Lurreko uraren %97 bertan dago-, gatzgabetzeari esker ur arazoen konponbidearen aurrean gaudela pentsa genezake. Eta Ekialde Hurbilean bereziki egin diren saiakerek ere hori frogatu nahi dute. Ekialde Hurbilean petrolioa dago, ordea, eta horrek gatzgabetze prozesua erraztu eta merkatu egiten du, Iñaki Antiguedadek dioen moduan, «gatzgabetzearen arazoa ekonomikoa baino, energetikoa baita». Hots, itsasoko urari gatza kendu eta gizakiak erabil dezan, energia asko behar da. Gasa eta petrolioa erabiltzen dira eta, hain zuzen, horiek dira negutegi efektua areagotzen dutenak. Energia iturri alternatiboak erabiliz gero, eguzki energia esaterako, hektarea kopuru izugarriak beharko lirateke gatzgabetze plantak abian jartzeko. Adibide bat ipini digu EHUko irakasleak: «Demagun Benidormen 7 gatzgabetze planta ipintzen dituzula, eta horien funtzionamendurako hiruzpalau energia zentral eraiki behar dituzula. Jendeak ez du arazorik izango ur horren prezioa ordaintzeko eta gero eta jende gehiago bilduko da. Arazoa toki idorretan populazioaren handitzea bultzatzen duen gizarte eredu hau da, azkenean zementozko burbuila batean bizitzera behartuko gaituena». Gatzgabetzearen muga, beraz, ez dago itsasoan, lurrean baizik.

Sei Eguneko Gerrara eta Palestinara ur bila
1967an Sei Eguneko Gerra izan zen Israel eta inguruko estatuen artean. Sei egun horietan Israelek bere mugak zabaldu zituen, egun, teorian ez baina praktikan, onartuta dauden mugetara iritsi arte. Besteak beste ekialderantz 100 bat kilometro egin zuten aurrera, ordura arte Siria eta Jordaniaren lurretan zen Jordan ibaira iritsi arte. «Israeldarrek ahalmen militarra bazuten aurrera egiteko baina ibaiko uraren erabilpen partekatua edo etengabeko gerra zeuden jokoan eta bertan geratzea erabaki zuten» dio Antiguedadek. Jordan iturburuan, Golango jauzietan, ibaia pasa zuten, ordea. Modu horretan ur emari garrantzitsu horren iturburua euren eskuetan geratu zen, eta ibaiaren kudeaketa partekatzeko aukera lortu zuten, ur eskasia saihesteko bermea lortuz, Israelek berez ur baliabiderik ez baitzuen.
Egun Jordan ibaiak Israelen ur beharren %60 asetzen du. Gainerako %40 akuiferoetatik lortzen du eta horietatik garrantzitsuenak Zisjordanian daude. Hidrologoaren esanetan, «egunero dugu Israel eta Palestinaren arteko gatazka gogorraren berri, baina oso gutxitan aipatzen da urak duen garrantzia; negoziazioak izan diren bakoitzean, ura lehentasunezko gaia izan da». Zisjordaniakoaz gain, Gazan ere bada akuifero txikiago bat. Urtetan ustiatu du Israelek eta itsasotik gertu sarri gertatu ohi den bezala, maila batetik aurrera ustiatu, ur gazia sartu eta baliorik gabe geratu da. Beraz, egun Israelek ez du Gazan galtzeko asko; Zisjordanian ordea bai.
Israeldar batek, batez beste, 340.000 litro ur kontsumitzen du urtean, palestinar bakoitzak 82.000 litro baino ez.


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude