Durango egunak: hitzak eta hotsak

  • Gerediaga Elkarteak 40 urte bete ditu, baita Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokak ere. Data garrantzitsua ei da antolatzaileentzat, alabaina, horren zioz ez dute ekitaldi berezirik egingo. Azoka adinez nagusi izan arren, bestelako zenbakiei erreparatu diegu: Azokak 309 stand izango ditu. 163 argitaletxe, diskoetxe, elkarte eta erakundek parte hartuko dute bertan. 477 nobedade aurkeztuko dira: 361 liburu, 34 CD, 43 DVD, 29 aldizkari eta bestelako 10 agerkari. Durango herri baino gehiago ei da euskal letren eta doinuen munduan: «Kultur ekoizpenen azoka nagusia, data berezia, baita hamaika zenbaki eta kontuen gordeleku ere».

2005eko abenduaren 04an
Durango izena ez da oharkabean pasatzen munduan. Irterneteko bilatzaileetan Durango idatzi eta Mexikoko Estatua edota AEBetako Colorado Estatuko hiria agertuko zaizkizu. Euskaldunontzat are bereziagoa da Durango. Durango Bizkaiko herria da, urtean behin Azoka -erraldoia euskaldunontzat- antolatzen duen herria. Areago, www.durangokoazoka.com idazten baduzu, Durangoko Azokara iristeko bide arina topatu duzu dagoeneko; gure munduan ia dena denboraren menpe eta ziztu bizian joan baitoa, baita Durangoko Azokaren ekitaldiak halaxe joan eta etorri ere.

«Durango, herri baino data da gure kulturan. Iritsiko da eguna eskolatik umea idazlanen bat egin behar duela esanaz itzuli, gurasoek 'noizko?' galdetu eta umeak 'Durangorako' erantzungo duena». Honela idatzi berri du Andoni Egañak ARGIAko Agenda22n (2005eko azaroaren 20a). Hara, Durango herri baino data da euskaldunontzat. Are gehiago zioen Egañak: «Batean eta bestean sumatu ditut lagun eta gertukoak lanak bukatu beharrean, itota, presaka... Durangorako». Horrela gabiltza gu ere, Durangorako bidea edo Durangoko Azokan aurkituko duzuna eskaini nahian. Horra Durangora bidean topatu ezezik irudikatu duguna.

Arestian aipatutako web orrian sartu eta Azoka iragartzen duen kartela ikusi dugu zintzilik, Txelu Argoitiak egina da. Egileak berak kartelaz esandakoa gogoratu nahi dugu segidan: «Azokaren kartelak badauka ni umea nintzenean Durangora etortzen zen zirkoarekin zerikusia. Orduan karpa jartzen laguntzeagatik sarrerak lortzen genituen eta aho zabalik geratzen nintzen bihurrikariekin. Hortaz, kartela egitea eskatu zidatenean, oso garbi neukan orduko feria hura eguneratu behar nuela». Kartelean neska trapezista edo bihurrikari bat agertzen zaigu, buruz behera irakurtzen ari. Mundua aldatu da inondik ere, eta Durangoko Azoka ere bai. Durangoko Azoka feria da, eta feria ikuskizuna.



Ikuskizun nahiz gogoeta eta ospakizun

Aurtengo gai nagusia zentsura da. Joan Mari Torrealdaik burutuko du inaugurazio ekitaldiaren sarrera hitzaldia: "Zentsura frankistaren irakurketa gaurkotua". Ez da, haatik, zentsuraz ariko den hizlari bakarra izanen. Egunak joan-etorrian, Xabier Paia bertsolariak "Zentsura bertsolaritzan edo kristalezko eskailera" izeneko hitzaldia emanen du-eta. Angel Mari Unzueta "Eleiza eta zentsura" lemapean ariko da. Fermin Muguruzaren «Hegoak ebaki gabeko kantua" hitzaldia ere iragarria dago. Zentsura gaia mahai-inguruan aztertua izanen da halaber: "Komunikabideak eta zentsuraren begia". Joxe Felix Azurmendi eta Carmelo Otaegi partaideak izaki. Mundua itxuraz aldatu da, baina ez osotaro. Mundua gero eta ikusgarriagoa da, ajeak bere baitan daramatza horregatik. Hitzaldi osteko prentsa titular bat iradoki dugu jada: «1960ko hamarkadan legez 2000koan zentsura indarrean dago». Zentsura ez da mahai-inguruan landuko den gai bakarra. "Liburutegiak eta jabegotza intelektuala" gaia ere mahai gainean izanen da, besteak beste.

Zer ospatzea ere badago halaber: aurtengo Argizaiola omen-saria Gotzon Garate euskaltzaleari emango zaio. Ez da hala ere, omenduko den pertsona bakarra izanen. Jose Maria Jimeno Juriori gorazarrea egingo zaio, baita bere obra osatua aurkeztuko ere. Den-dena ez duzu Azokan bertan aurkituko ere: Antzinako Liburuak Euskal Herrian erakusketa Durangoko Arte eta Historia Museoan baituzu eta Haur Literatura aretoa lekuz aldatu da aurten. Ekimena Gerediaga Elkarteak Berbaro Elkartearekin batera antolatua da eta Azokaren alboko etxe berri batzuetako lonjan aurki dezakezu.

Horiek horrela -edota horietaz gainera- Durangora liburuen peskizan hurbildu bazara, udazkeneko liburu eta disko azokaren uzta zabala zure kautan bilatu beharko duzu. Iragan udaberrian euskal ipuinek azoketako ibiltariak liluratu bide zituzten eta poesiak leku zabala hartu zuen standetan. Larrazken honetan berriz ezin gutxiago espero gure idazleen aldetik. Eleberria, ipuina -Harkaitz Canoren Neguko Zirkua ipuin liburua udaberrirako iragarria zegoen, baina argitaletxea ez zen jabetu nonbait neguko zirkua Durangoko Azokan dela-, poesia, saiakera... Argitaletxeak saiatzen dira, saiatzen direnez, baita idazleak ere bai, denboraren zein eguraldiaren aurka saiatu ere. Neguko zirkuan saiatu beharko ere! Durango, herri izateaz gain, data esanguratsua baita euskalgintzan, hots, letren nola doinuen oihanean.

Literaturak generoak ditu eta idazleak ere bai. Generoak genero, idazleak idazle, Durangoko Azoka idazle kontsakratuen hostoentzako «gune erreserbatua» ei da. Idazle hasi berrien hosto gutxi aurkituko duzu, eta euren liburu gutxi beraz. Alta bada, bidaide lagun hori, Durangon munta ez da ere literaturzale eta irakurle amorratua izatea. Eguberrien karietara «egin beharreko» opariak bertan aurkitu baititzakezu, eta idazleen hostoz jantzi beharrean, idazle kontsakratuen liburuez, jolas-gailuez nahiz CDz bete ahal izanen duzu zure otarrea. Durangoko Azokan, ferian, neguko zirku edo dena delako oihanean aukera ugari duzu. Hona bi: munta handiko idazleen hostoz janztea edota bestelako hostoz apaindutako saski betearekin etxeratzea.


Ikuskizun eta entzunkizun Durangon

Irakurkizuna zeregin zalantzagarria izanagatik, ikuskizuna ziurtatuta dago Durangon, baita entzunkizuna ere. Udazkenerako disko berrien doinuak entzuten ari naiz dagoeneko, 9 dira Elkarren eskutik datozen CDak. Guztiok ez datoz elkarrekin alabaina. Gaztelupeko Hotsak Elkarrek baino bat gehiago ekoiztuko du: 10. Oihukak honek baino bi gutxiago: 8 eta Metak-ek azken honek baino bat gutxiago: 7. Hirustak eta Gorrek bina emaitza plazaratu dute. Noizpopek berriz: bakarra. CDak eta DVDak dira gehienak. Gehienak berriak, baina badaude ere berrargitaratuak. Badira hainbat estilo eta garaiko musikak, musikari hasi berriak hala nola kontsakratuak. Atx! Idazle zein musikarien eta euren lanen izenburuak ez ditut aipatu. Durangoko Azokara bidean, ez izenik -ez guztiak bederenik- ez denborarik, eta behin bertaratua, ezta ibiltzeko espazio nahikorik ere. Hara, pentsa ezazu une batez -Durangotik hurren dagoen- Iurretako idazlea zarela, eta bera plagiatuz-edo, oihuen eta oihanen gordelekuetan barrena zoazela «Lili bat hartu, eta hostoz hosto erantzi eta harek zu ere amets eta harek zu ere erantzi eta hostoz hosto hartu lili bat» hitzak entzuten dituzula Mikel izeneko kantari baten ahotsean. Tira laguna, gure Durango ez da estatu ez hiriburu. Gure Durango data bat honatago eta nota bat haratago dago.

ARGIAko eskaintzak

ARGIAko Egutegia urteroko eskaintza izarra duzu gure txokoan. Aurten baina, ez da distira egingo duen ekoizpen bakarra izango: ArdiBidez mahai jolasarekin Euskal Herriaren gaindi ibili eta Jakue bidea ezagutu ahalko duzu, baita, bidez bide, hamaika istorio eta bitxikeria ezagutu ere. Badakit jolasa ere eskura daukazu, edizio honek baina 1.800 galdera berri eskainiko dizu eta are eta jakintsuago izateko parada ere. Azkeneko bi eskaintzak haur eta gazteekin elkarrekin eta familian aritzeko badira, helduek liburu interesgarria duzue gure standean: Erlea gure sendagile. Apiterapia zer den ba al dakizu? Hortxe duzu erantzuna. Mokogorri, Munduko ipuinak, Nairobitarra, Lauburua jolasak, baita Gartxot eta Txorakikeriak liburuak ere eskura ditzakezu.


Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude