Orotariko Euskal Hiztegiaren azken liburukia kalean
Orotariko Euskal Hiztegiak 16 liburuki ditu -lehenengoa 1987ko abenduan argitaratu zen-, 125.987 sarrera eta 14.028 orrialde. Koldo Mitxelenak Azkueren Diccionario Vasco-Español-Francés izan zuen abiapuntu eta Ibon Sarasolak Mitxelenaren lanari segida eman zion. Sarasolak argi adierazi duen moduan, hiztegia «obra deskriptiboa da; eta beraz, ez da arauemailea». Hiztegian garai, toki eta mota guztietako euskal hitz-ondarea biltzen da. Euskaltzainburuak, Andres Urrutiak, azaldu duenez, hurrengo urratsa hiztegia digitalizatu eta sarean jartzea izango da.
Datu soziolinguistikoen bilketa kolokan
1981az geroztik, Espainiako Estatistikako Institutu Nazionalaren eta Eustat-en arteko hitzarmenari esker, EAEko errolda datuez gain, hainbat datu soziolinguistiko jaso da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Bost urtero izan ditugu euskararen ezagutzari, ama hizkuntzari eta etxeko hizkuntza erabilerari buruzko datuak. Badirudi ordea, INEk errolda ez duela bost urtez behin berrituko, baizik eta etengabe berritzeko sistema ezarriko duela. Horrela egiten bada EAEn datu soziolinguistikoak jaso gabe geratuko dira. Eustat-ek adierazi duenez, ezagutza eta ama hizkuntzari dagozkion datuak biltzeko modua egin dezake erakundeak berak, baina erabilerari buruzko datuak jaso gabe geratuko lirateke baliabide ezagatik.
Azti-Begia elkarteak urtarrilean jarriko du irratia abian
Irratia abian jarri baino lehen bazkideen sostengua lortzeko kanpaina egin dute, baina ez dute beharrezko bazkide kopurua lortu. Hala ere, proiektua urtarrilean bertan abian jartzea erabaki du Azti-Begia elkarteak eta irratia martxan dagoen bitartean jarraituko dute bazkide berriak egiteko kanpainarekin. Irratiaren izena ere aurki ezagutaraziko dute.
Haurrentzako filmak euskaraz
Tinko euskara elkarteak lau film prestatu ditu Donostiako Warner aretoetan emateko: Mozart txakurra, (abenduak 4), Mixina (abenduak 18) eta Iratxoen erregea (urtarrilak 6). Ikasgela hegalaria filma azaroaren 20an hasi ziren eskaintzen. Ikusle kopuruaren arabera asteburu gehiagotan edo gutxiagotan eskainiko dituzte filmak.