Net Hurbil: Txetxeniako sua zabaltzen ari da Ipar Kaukaso osora


2005eko azaroaren 06an
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas
Mosku hirian argitaratzen diren kazeta batzuk ari omen ziren abisatzen Ipar Kaukaso aldean egoera gogorra zela. Baina inor gutxik espero zuen urriaren 13an Naltxik-en -Kabardino-Balkariako hiriburuan- halako guda gertatzea.

«Benetako gerra lehertu zen hogeita lau orduz Naltxik herri lasaian, Elbruz mendi magalean, eski sasoia prestatzen ari zirenean», idatzi zuen beranduago Ivan Sukhovek Moskuko Vremia Novostiei egunkarian. Tiro hotsak gero eta ohikoagoak dira inguru haietan, bertako tropek ekintzaile klandestinoak «likidatzeko» operazioak bezala, baina ez zegoen indarrean ez larrialdi eta ez setio legerik.

Kazetari horri egokitu zitzaion gertutik ikustea irail bukaeratik Errusiako armadak Ipar Kaukasoko bost errepublikatan egiten zituen maniobra izugarrizkoak. «Egunetan, blindatuak eta soldaduz bezala komunikazio materialez betetako Ural kamioiak batera eta bestera ikusten ziren lautadako bideetan. Mendiek tiro ariketa ikusgarrien dekoratua ziruditen. Errepublika horietako batzuetatik ibili nintzen egun haietan. Eta 58. Armada sendoa han ikusirik, pentsatu nahi izan nuen azken urteotan hor jazo diren ameskaiztoetakorik gehiago ez zela jazoko». Alegia, ez zela berriro ikusiko Grozniko txikizioa edo Beslan-go eskolako sarraskia bezalakorik.

Areago dio kazetari horrek: urri hasieran Kabardino-Balkarian zabaldu zela terrorista islamiarrak Naltxikeko aireportua erasotzekotan zebiltzala, han hegazkin bat harrapatu, leherkariz bete eta airez Moskura abiatzeko. Gezurra badirudi ere, zurrumurrua egia bilakatu zen. Urriaren 13an Naltxikeko hainbat egoitza ofizialen kontra su egin zuten 217 ekintzaileek ezin izan zuten aireportua konkistatu, eta egun beteko tiroketetan erasotzaileen kasik erdiak bertan gelditu ziren hilda edo zaurituta. Baina Sukhov kazetaria ez du horrek askorik kontsolatu.

Oso albiste txarra baita Naltxikekoa Ipar Kaukasoko ekialdea bake eremua zela sinetsi nahi zutenentzako. Horrela jakin da nola Kabardino-Balkarian azken aldi honetan sarri entzuten diren leherketa eta tiro hotsak, eta inork aitortu gabeko setio egoeran bizi direla bertan. «Ezin dugu ukatu, lurralde hau gainerako Errusiatik etenda dago, hemen ez dute jadanik legeek edo ohiturek agintzen, gizon armatuen gogoak baizik». Aurtengo eski denboraldia askok nahi baino hotzagoa izango da hainbeste turista errusiar biltzen zituen Kaukaso mutur honetan.

Naltxikeko gertakizunen ondoren aztertzaile asko ohartu da beste eraso bat Kaukasoko edonon gerta daitekeela, izan Txetxenian, Inguxian, Kabardino-Balkarian... Inork horretaz duda egiten badu, irakurtzea dauka Txetxeniako gobernuko lehendakari-orde eta erresistentziako buruzagi Shamil Basaiev-ek Naltxikeko erasoez idatzi duen errebindikazioa: «Alhamdulillah (Goratua bedi Jainkoa), Allahren laguntzarekin, Kaukasoko fronteko Kabardino-Balkaria sektoreko mujahidinek (gudariek) 2005eko urriaren 13an Naltxik hirian maila handiko eraso operazioa burutu dute errusiar inbaditzaileen eta haien zerbitzarien kontra».



Shamil heroia mende eta erdi geroago

Ipar Kaukasoa politika aldetik Errusiako Federazioaren zati da, eta bertan Hegoaldeko Eskualde Federalean dago sartuta. Eskualde horretan Krasnodar Krai eta Stavropol ere sartzen dira, baina Ipar Kaukasoa izenaren pean errepublika autonomo hauek aipatu ohi dira: Adigei, Karatxai-Txerkesia, Kabardino-Balkaria, Ipar Osetia, Inguxia, Txetxenia eta Dagestan. Kaukaso mendiak iparraldeko lautadetarantz makurtzen diren magaletan lerro bat osatzen dute errepublika horiek Kaspio itsasotik hasi eta Mediterraneo-Isaso Beltzeraino, hegoaldetik tarte batean Azerbaijan eta gainerako luzera osoan Georgia kristaua daukatelarik. Ipar Kaukasoa bezala Georgia, Kaspiotik Europara eta Errusiara petrolioa ateratzeko bidean daude erdiz erdi.

Zergatik ari da orain zabaltzen Txetxeniako sua ondoko errepubliketara? Errusiak nazioarteko terrorismo islamiarraren esku beltza aipatzen du, eta definizio horretan bere inguruan bildu ditu Mendebaldeko potentziak. Dena, Al Kaida eta musulman wahabien dirua. Alderantziz, askok ikusten du Kaukasoko liskar horietan Errusiak azkenaldi honetan hor egin dituen txikizioen erantzuna. Ivan Sukhov kazetariak adibidez: «Hemen, azken urteotan, ditxosozko mehatxu terrorista internazionalaren kontrako borrokak ekarri du inongo legek justifikatu ezin duen bortizkeria itsua. Hona ondorioa: gure garaipenen alboko eragina («collateral damage») are beldurgarriagoa da erasotzen duguna bera baino. (...) Preso hartutako gizon batzuei, gehienetan haiei aurpegiratzeko erlijioarekiko zaletasunaz gain ezer ez egon arren, pedagogia handiz galdetzen zieten militar errusiarrek: ‘Eta orduan zer, noiz hasi behar duzue erlijioaren aldeko gerran?’. Sekula armak hartzerik pentsatu ez zuten gizon hauei horretara bultza egin nahi baliete bezala. Baina gero espero zitekeen erantzuna iritsi denean, ezustekoa handia jaso dute».

Lekukotasunak ugari eta gogorrak dira. Errusiako Batzorde Islamiarraren lehendakari Geidar Djemalek salatu du: «Gure anai-arrebak arrestatu eta elektrizitatez torturatzen dituzte. Mailu kolpez lehertzen dizkiete hatzak, azazkaletan orratzak sartzen (...) Musulmanak direlako, besterik gabe».

Ikus dezagun Shamil Beno-ren analisia. Txetxeniako lehen gobernu independentistan -Dudaiev lehendakariarekin- ministro izan ondoren, errusiarren aldera pasatu zen eta Vladimir Putinek indartutako Khadirov-en gizon bihurtu. Gaur Errusiako Ondare Islamiarra deitzen den mugimenduaren buruzagitzan dago, eta dio Ipar Kaukaso osoan Hamas antzeko mugimendua ari dela antolatzen. Zertan oinarrituta?

«Lehen arrazoia boterearen ustelkeria da. Honek herritarrak beren kasa antolatzera daramatza beren arazoak konpontzeko». Benok Kaukaso osoan gazteak ikusten ditu kale eta plazetan bildu eta eztabaidatzen. Ordu luzez, langabezia %50az goiti dagoelako. «Inork ez du erreparatzen zertan ari diren gazte horiek». Agintea hankaz gora dago, inork ez omen du zergarik pagatzen eta ekonomia ez arautua funtzionarioei eta lekuko agintariei eskupekoak ordaintzearen gainean dago eraikita.

«Erlijioa hemen funtsezkoa da, horrek mobilizatzen du» esan du Shamil Benok, eta Ipar Kaukasoan jendeak ezagutu dituen bi egitura bakarrak komunismo sobietikoa eta islama direla. Txetxeniako gaietarako Putinen aholkulari den Benok baditu arrazoi praktikoak analisi hori egiteko: Hamas beldurgarria aipatzean Errusiako erreformistei (eta Putini) laguntza eskatzen diela esan daiteke bere posizioa sendotzeko. Baina Ipar Kaukasoaren iraganean ere baditu sustraiak azken urteotako mugimendu honek.

Izan ere, XIX. mendean militar errusiarrei hortzak erakutsi eta luzaz aurre egin zien Shamil buruzagiak ikuspegi islamiarra zuen eta Ipar Kaukasoa bere etnia guztiekin izaki politiko bakartzat hartzen omen zuen. 1859an menderatu zuten errusiarrek Shamil.

Mende eta erdi beranduago, Shamil berri batek -Shamil Basaievek- fronte bakar batean bildu nahi ditu etnia ezberdinetako zazpi milioi ipar kaukasiarrak. Valdimir Putinek fronte bakar bateko kide legez lehertarazten ditu.

http://www.argia.eus/nethurbil helbidean, gai honi buruzko informazio gehiago eta Interneteko loturak.


Azkenak
Hegazkinez bidaiatzea trenez baino 26 aldiz merkeago izan daiteke Europan

Europa barruan hegaldiak hartzea trenez bidaiatzea baino 26 aldiz merkeagoa izan daiteke, 31 herrialdetako 142 ibilbidetan oinarritutako Greenpeaceren ikerketa baten arabera. Hegaldien zerga pribilegioei egotzi die desparekotasuna, eta trenbidea merketzeko neurriak eskatu ditu.


Belfasteko Kneecap musika taldea jo-puntuan: epaiketak, zentsura, jazarpena...

Israel Gazan egiten ari den genozidioaren aurkako mezuak adierazteagatik mota askotako errepresioa jasan du Irlandako Kneecap musika taldeak: Liam Óg Ó hAnnaidh kidea asteazkenean epaitu zuten, Londresen emandako kontzertu batean Hezbollah miliziaren bandera... [+]


Gutxieneko soldata propioaren alde 138.495 sinadura lortu dituzte sindikatuek

ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek aurkeztu dituzte Herri Ekimen Legegilearen sinadurak Eusko Legebiltzarrean. Orain pilota alderdien teilatuan dagoela esan dute, eta herritarren borondatea kontuan izatea eskatu diete.


Gazako genozidioan hildakoen %83 zibilak dira, Israelgo armadaren datuen arabera

Israelgo armadaren barne agiri batean agertzen diren datuek diote Gazan hil dituzten sei palestinarretatik bost zibilak direla, azken hamarkadetan aurrekaririk ez duen sarraskia izanik. Israelgo zerbitzu sekretuek maiatzean zioten armadak Hamaseko eta Jihad Islamikoko 8.900... [+]


Sexu erasoak “kopuruz eta intentsitatez handitu” dira Bilboko Aste Nagusian

Bilboko Konpartsek elkarretaratze jendetsua egin dute Arriaga Antzokiren aurrean azken egunetako eraso sexisten aurka egiteko. Konpartsek adierazi duten arabera, erasoak kopuruz eta intentsitatez handitu dira. Aste Nagusiaz gozatzera gonbidatu dituzte herritarrak, eta... [+]


Kartzelan jaioa eta Israelek eraila adin nagusitasunera iritsi aurretik: Youssef Al-Zuqen historia

Youssef Al-Zuq munduko preso gazteena izandakoaren bizitza Gazako zigor zikloaren ikur da. Al-Zug 2008an jaio zen kartzelan, ama atxilotu eta epaiketarik gabe espetxeratu ondoren. Uztailaren 12an hil zuten Israelen bonbardaketa batean.


Oporrak ere gaixotasun?

Abuztua heldu zaigu, irakurle. Oporretan zaude eta zuretzako denbora gehiago daukazu? Edo agian ez daukazu denborarik, oporrak planez bete dituzulako? Edozein modutan, kontuz! Egungo bizimoduaren psikologizazioak edonon sailkatzen ditu sindrome berriak, eta oporraldiak ez daude... [+]


Txikiren eta Otaegiren mural bati eraso egin diote Durangon

Durangoko Ernaik salatu du Txiki eta Otaegiren muralaren kontrako erasoa. Ostegun arratsaldean murala berregiteko dei egin dute.


Nazien kontzentrazio esparruetan palestinar zapia ezin dela jantzi ebatzi du Alemaniako epaitegi batek

Turingia estatuko Auzitegi Gorenak ebatzi du Buchenwald konzentrazio esparruko memorialak eskubidea duela kufija daraman edonori sarbidea ukatzeko, "judutar ugariren segurtasuna" arriskuan jarri baitezake.


AEBek beltzez margotu dute Mexikoko mugaren hesia haren tenperatura igo eta migratzaileak pasatzea saihesteko

Mexikoko mugako hesia beltzez margotu du AEBetako Gobernuak. Lehenengo brotxakadak ematera bertaratu da Segurtasun Nazionaleko idazkaria bera, Kristi Noem. Neurri horren bidez, hesiaren tenperatura igo nahi dute, eta horrela migratzaileen pasabidea zailtzeko.


Ibai Iturria Garmendia, mendi gidaria
“Jende asko ez da modu egokian joaten mendira, kezkagarria da”

Garmendi mendi gidaritza zerbitzuaren bitartez zeharkaldi eta ateraldiak antolatzen ditu Ibai Iturriak. Argitara eman diren datuekin kezkatuta, mendian "kontzientziaz eta arduraz" jokatzearen beharra azpimarratu du.


2025-08-21 | Gedar
Zumaiako Bedua jatetxeko esplotazioaren testigantza gehiago bildu dituzte

Ez kobratzea, nagusiaren senideen etxeak garbitu behar izatea, lantokian lo egin behar izatea, irainak... Luxuzko jatetxeko esklabotza-baldintzen lekukotzak argitara ateratzen jarraitzen dute Urola Kostan.


Israelek Gaza hiria okupatzeari ekin dio, Hamasek azken su-eten proposamena onartuta ere

Erakunde palestinarrak astelehenean jakinarazi zuen ohar batean Egiptoko eta Qatarreko bitartekariek proposatutako su-eten akordioa ontzat jo duela. Israelgo armadak, ordea, dagoeneko inguratuta dauka Gaza hiria, eta han dauden palestinarrei urriaren 7ra arteko epea eman die... [+]


Eguneraketa berriak daude