Odon Elorza: «Behin ETA amaituta osa liteke alderdien mahaia»


2005eko urriaren 30an

Urriaren 14an, ostiralean, ezagutarazi ziren Donostiako Udalaren aurrekontuak: "Legezko epean, Euskadin beste ezein hiriburuk ez du horren goiz egin, eta Estatuan ere lehenetarikoak izan gara", adierazi digu Odon Elorzak. Eta oposizioak aurrekontuak bloketau balitu?: "Hori EAJren esku dago. Espero dezagun PPrekin bat egiteko tentazioan ez erortzea. Oposizioak aurrekontuak blokeatu ditzake baina, baldin eta guztiok -atalez atal eta kasuan kasu- amore emateko gauza bagara, eta ni lehena, oposizioak aurrera ateratzen lagundu dezake. Aurrekontuak guztionak izan daitezke, denok partekatuak, hori behar du hiriak", dio alkateak. Hona, berriz, zentsura mozio posiblea nola ikusten duen: "Ez dut uste zentsura mozioa aurkezten ausartuko direnik. Baina tira, PPk eta EAJk blokeo frontea antolatua dute, oposizio politika suntsitzailea. Donostiarrek era ezkorrean baloratu dute jada, eta bestela, denborak esango du". (Udalari buruz planteatutako gaiak alboko koadro batean paratu ditugu).

Hiriko futbol talde nagusiaren egoera ekonomiko larria aipatu diogu segidan: "Gipuzkoako Joxe Joan Gonzalez de Txabarri diputatu nagusiak Realaren azkenaurreko zuzendaritzaren lana eta kudeaketa goraipatu zituen iaz. Udal eta Diputazioaren arduradun nagusiek hainbat gauzetan bat egiten dugu, futbol talde baten kontzepzioan ez dugu bat egiten, ordea. Anoetan burutu nahi izan zen Gipuzkoarena proiektuaren aurrean nire iritzia eman nuen. Nire nahia ez zen proiektua geldiaraztea, operazio hura arrazoizko bideetan barrena bideratzea baizik. Lortu nuelakoan nago".

Politika orokorreko gaiekin hasi aitzin honela esan digu Odon Elorza Donostiako alkateak eta PSE-EEko kideak: "ETAren jomugatik at izanda, hobeto hartzen dut arnasa, bizitzaz gehiago gozatzen dut eta lehen egiten ez nituen gauzak egiten ditut, ez nahi nituzkeen guztiak hala ere. Alabaina, egoera behin-behinekoa edota zirkunstantziazkoa izan daitekeela kontziente naiz".

Nola antzematen duzu zure alderdiak asteburuon egingo duen V. Biltzarra?
Hasteko, Nicolas Redondo Terrerosen PSE-EErekiko alderatuz, beste alderdi bat antzematen dut. Alderdi sozialistak PPrekiko zituen hainbat menpekotasun hautsi ditu Euskadin, eta batez ere estatu mailan. Hautematen dut, halaber, Patxi Lopezen eta Jesus Egigurenen lidergoa sendotuz doala. Beren nahia -astiro-astiro, egia esanda- estrategia baskista lantzea eta garatzea da. Euskadin ditugun arazoez kontziente izaki, epe ertainean PSEk euskal gizarteari alternatiba irekia eta aurrerazalea aurkeztea espero dut: aniztasunez eta errespetuz jokatuko duena eta autogobernua areago bultzatuko duena.

Donostiako PSEren taldekoek aurkeztu dituzuen zuzenketak Biltzarreko txostenean onartzeko aukerarik bai?
Guk aurkeztu ditugun zuzenketak onartzeko aukerekin eszeptikoa naiz. Alabaina, alderdiaren kongresuan eztabaida sustatzea, alderdi sozialistaren aniztasuna agertzen duen parte-hartzea, eta gustatu edo ez, mahai gainean euskal herriak bere etorkizunaz erabakitzeko duen gaitasuna planteatzea -marko demokratiko eta bortizkeriarik gabeko batean- saihestezina izateaz gain, beharrezkoa eta oso egokia iruditzen zait.

Zer esan nahi du euskal herriak erabakitzeko gaitasuna izateak?
Euskal gizarteak erabakitzeko eskubidea duela. Beti ere, kontsulta demokratikoen bitartez, galdera edo planteamendu argi eta garbien bidez, eta erantzunak benetan gizartearen gehiengoa ordezkatzeko badira. Hau da, oraingo marko jurdiko-politikoa aldarazi dezaketen erabaki garrantzitsuak herritar gehienen erabakia eta parte-hartzea behar ditu, herritarren portzentaje handia behar du, eta segidan Madrilgo Gobernuarekin prozesu aldebikoa ere behar du. Ezin du besterik izan, bestela lau urtetan behin Espainiarekiko harremana bozketan jarriko genuke, eta hau kontu serioa da.

Nazio kontzeptua ere ezbaian dago.
Ezbaia horrek ez dit loa kentzen. Niretzat Euskal Herria espresioa oso garrantzizkoa eta egokia da, berak daraman edukiarengatik: Herria alegia. Alabaina, niretzat, herria, nazioa edo nazio komunitatea baino, herritarren kohesioa da garrantzizkoena, Euskadiren eratzea, egituratzea eta antolatzea alegia. Eta zeregin horretan lurralde haurrideekin -Nafarroa nola Iparraldearekin- bide egin ahal izatea. Biolentzia eta inposiziorik gabe bide hori landu daiteke datozen hamar urteetan.

Hori Ibarretxe Planaren bidean joatea da...
Ez dut uste Ibarretxe Plana hori soilik denik, baina hori balitz nik ez nuke onartzeko arazorik izango.

«Espainia anitza izango da edo ez da Estatua izango». Ados?
Niretzat Espainia beti Estatu nazio-anitza izan da. Espresio hori federalismoaz ari zen liburu batetik jaso nuen orain hogeita hamar urte, eta ideia berberari eusten diot.

Nazioa izan edo ez izan, egituratu al daiteke Euskal Herria edota euskal gizartea Espainiako Estatuaren marko konstituzionala aldatu gabe?
Galdera horri ezin zaio bat-batean eta zehatz-mehatz erantzun. Baina, zein bide eta zein erreferendum mota planteatu nahi den arabera erantzun dakioke, betiere, herri honetaz ari garenean zein lurraldez ari garen zehaztuz gero.

Demagun EAEn planteatzen dela.
Nire ustez, inork ez du kontsulta bat eskatuko EAEko lurraldera mugatua. Horregatik diot inportantea dela prozesuaren nondik norakoa, unea zein den, zein den galdera edo galderak. Baldin eta gehiengoak galderari erantzuten badio, ea zein neurritan hartu behar duen kontuan Estatuko Gobernuak, ondoren, herriak libreki adierazi dituen aldaketak, kontsekuenteki, araua edo lege mailan aldatu ahal izateko. Gauza bat da printzipioen eremua eta besterik da prozesu hori gauzatzea.

Erreferendumari garrantzia ematen diozu nolanahi ere.
Bai, baina erreferenduma gauzatu daiteke edo ez. Dena une eta marko politikoaren menpe dago, baita egin beharreko galdera ere. Uneon garrantzizkoena herri honen erabakitzeko ahalmena onartzea da, hori ezin da aldez aurretik denboran edo galdera zehatz batean zehaztu ordea.

Nola artikulatu litezke arestian aipatu dituzun hiru euskal eremuak?
Hasteko, lurralde horietako herritarren askatasunean oinarrituta. Hori gakoa da. Gustukoak izan edo ez, Nafarroan edota Iparraldean dauden soziologiak eta joera politikoak errespetatuz. Beraz, ez ditzagun errealitate horiek ukatu, eta artikulatu nahi dituztenek nahi beste ahalegin egin dezaten bertako indar korrelazioak aldatzeko.

Subiranotasuna da bolo-bolo dabilen beste kontzeptu bat, partekatua edo osorik...
Subiranotasunez hitz egitea euskaldunen aldetik hala nola Espainiako Gobernuaren aldetik, falazia eta amarrua da. Subiranotasuna Europa honetan, gizarte moderno honetan, erabakiak Bruselan hartzen direnean, absurdua da. Ejertzitoen estrategia militarrak NATONn edo NBEn erabakitzen dira edo AEBek ezartzen dute. Ekonomiaz eta monetaz besteak beste. Espainiako Konstituzioa onartu zenetik mundua zeharo aldatu da, subiranotasunak konpartituak dira, AEBek edo enpresa globalizatuek eta multinazionalek erabat mediatizatuak. Gaur egun subiranotasun partekatuaren eredua da gailentzen dena. Izan gaitezen errealistak eta ez gaitezen inora ez garamatzaten eztabaidetan sartu.

Posible ikusten al duzu alderdien mahaia gauzatzea?
Gaur gaurkoz, lehentasuna eta garrantzia duena ETA eta Espainiako Gobernua mahai batean esertzea da. Baina horretarako ETAk armei edota terrorismoari uko egingo dion bermea behar da. Hau da, zenbait arazori irtenbide emateko modua eta bermea ETA bukatzea da. Egoera horrek alderdien mahaia gauzatzea erraztu egingo luke, eta orduan ezker abertzaleak bertan izan beharko luke. Hasteko, datozen hauteskundeetan indar politikoen parte-hartzeaz hitz egiteko eta ondoren autogobernurako bideez hitz egiteko.

Ez al duzu faltan hartzen, Espainiako Gobernuaren aldetik distentsio egoera erraztuko lukeen neurririk?
Distentsio neurriak beharrezko dira. Baina Rodriguez Zapateroren Gobernuak duen maniobra margenaz kontziente izan behar dugu, espainol eskuinaren eta hedabideen presio azkarraren menpe dago. Kataluniako Estatutua Gorteetan izandakoan gertatua edo Ceuta eta Melillako arazoarekin ikusi baino ez dago. Baita, jakina, Zapaterok ETArekin elkarrizketatzeko prest dagoela dioenean egiten zaion presioa ere. Testuinguru horretan Espainiako Gobernuak ETAren aldetiko bere amaierako keinu erabatekoa behar du. Hartara, nik uste, espetxe politikaren aldaketarekin has liteke nolabaiteko distentzioa.

Zer iritzi duzu Kataluniako Estatutuarekin gertatuaz?
Kataluniako Parlamentutik atera den Estatutua logika parlamentarioari dagokio. Ezin dugu ahaztu parlamentu horretako gehiengoa nazionalista dela, beraz, onartutako testuak CiU eta ERCren eskaerak bildu ditu hainbat ataletan. Estatutuaren izapideak behar diren moldaketa edo aldaketa itunduei eutsi beharko lieke. Modu horretara, Estatutua ez litzateke Konstituzioaren aurkakotzat hartuko, eta aldi berean, ez litzateke desitxuratua izan beharko indar politikoek eta kataluniar gehienek ezetza eman ez diezaioten erreferendumean. Alegia, Estatutuak ezin du Gorteetatik pasa koma bat ukitu gabe, ezta Parlamentuaren gehiengoak erabaki duena desitxuratuta atera ere. Horrek Zapaterori irtenbide orekatua bilatzea eskatzen dio. Hori da bere apustua. Konponbidea hautematea zaila eta konplexua da, ez dut ukatzen, baina Zapateroren gaitasunean konfiantza daukat. Nire ustez, aterako den Estatutua alderdi gehienen baietza jasoko du erreferendumean.

Nola eragin dezake Kataluniarako erabakiko denak euskal politikan?
Estatutua Gorteetatik indartsu ateratzen bada, bidea zabal liteke autonomia erkidegoen eta Estatuaren arteko estatutuen erreformak gauzatzeko. Euskaldunok ere bide hori aztertu eta segi genezake.

Zuk estatutu berri bat proposatzen duzu.
Bai, baina presarik gabe. Hasteko, alderdi politikoen mahaitik atera daitekeena ikusi behar da. Baita, zein gaitasun eta malgutasun daukan Espainiako Konstituzioak ere. Nire ustez, Konstituzioak baditu hainbat artikulu eta bide, gehiago aztertu eta sakontzeko.

Zer iritzi duzu Batasunaren jarrera eta jarduera politikoari buruz?
Batasunan aldaketa ematen ari da, begi-bistan dago. PSEko kide batzuek Anoetako Proposamena positiboki baloratu genuen, ez zela nahikoa ere esan genuen. Baldintza politikoak sortu behar dira eta Batasunari "lagundu" behar zaio ezker abertzaleak behar duen autonomia irabaz dezan. Jakina, hobe litzateke aldaketa azkarragoa izatea, hartara, Batasunak XXI. Mendeko Europan edozein helburutara iristeko bidea demokraziarena dela sinesten duen seinalea litzateke. Pentsaera horrekin koherente jokatzea da bidea, Batasunari ez zaio besterik eskatzen. Hortik aurrera instituzioetara itzuliko da eta bere helburuen alde lan egingo du, herri borondatearen botoa bitarteko duelarik, bestelako baldintza eta inposiziorik gabe. Horretara iritsiko den desioa eta esperantza daukat.

Batasuna legalizatzea eta hurrengo hauteskundeetan parte-hartzea, baita alderdien arteko mahaia gauzatzea. Ez dira betekizun makalak.
Ez horixe! Baina ez badugu lortzen ezker abertzaleak 2007ko Udal eta Foru hauteskundeetan parte hartzea, bake eta normalizazio prozesuaren ahaleginak porrota jasoko du. Beraz, denok lanean jardun behar dugu ETAk armak utz ditzan eta Batasuna legalizatua izan dadin. Baita, modu horretara, PP ere mahaian egon dadin. Ez badugu hori lortzen, erraza dena esaten baina zinez zaila dena lortzen, beste behin ere trena galduko dugu.

«Zaborra tratatzeko alternatiba posible guztiak ez dira sakon aztertu»
Udaleko oposizio (EAJ eta PP) taldeak kezkatuta daude hiriaren geroarekin. Hiriko hornikuntza arloan duda-mudan ari omen zara.
Ez dugu inolako duda-mudarik. Proiektu estrategiko ugari dago, batzuk aurrera doaz, eta beste batzuk motelago euren konplexutasuna dela-eta. Gainera, proiektuak ez dira Udalaren esku soilik, Diputazioa, Eusko Jaurlaritza edota Espainiako Gobernuaren ministerioen esku ere badaude. Aitzitik, oposizioak ez ditu aintzat hartzen konplexutasun horiek eta alternatibak aurkeztu beharrean, gobernua higatzeko oposizio politika neurrigabea egiten du, arrazoi gabeko ezezko borobilez abusatzen du.

Garraio eredua ere ez duzu definitua, euren ustez.
Hiriak eredu definitua dauka. Nahiz defizitarioa izan, autobusen garraioa bultzatu dugu. Ez nahi genukeen beste baina Bidegorri asko egin dugu. Oinezkoen mugikortasuna erraztu dugu. Hainbat auzotan igogailuak ezarriko dira aurki. Bestalde, tranbiaren trazatuaren ikerketak hasi ditugu, tamalez, udalari ez dagozkion hainbat erabaki duda-mudazko medio, atzerapenez. Izan ere, EAEn gobernatzen duen nazionalismoak hiriaren mesederako bideratu beharko lukeen inbertsioa ezkutatzen du. Inbertsio honen bidez Topo delakoan tunel eta geltoki berriak egingo lirateke eta Intxaurrondo eta Altza auzoak Easo plazarekin lotuko lirateke, hiriko atasko asko saihestuz. Eusko Jaurlaritzaren asmoak ez dira ageri, proiekturik ere ez, eta hemengo EAJk ez du txintik esaten.

Errauskailuen auzian ere Udala eta Aldundia ez zarete bat etorri.
Gipuzkoako Foru Aldundiak eta herri mankomunitateek -EAJren zerbitzuan daudenak- ezin dute inposatu Donostian errauskailu bat erabaki politiko hertsia medio, erre nahi den zaborra Gipuzkoa osokoa delarik. Batetik, errauskailua Donostian ezartzeko erabakia erabat politikoa izan da. Diputaziotik ez dira ausartu alkate jeltzalea duten herrietan errauskailua jartzen. Ez dute kritikarik onartu nahi izan. Bestetik, zaborra tratatzeko alternatiba posible guztiak ez dira sakon aztertu, gure azterketen arabera errauskailua ez da ezinbestekoa. Beraz, ez dut errauskailurik nahi, ez Donostian ez Gipuzkoako beste edozein herritan.

Oposizioak EB baliatu izanaz kritikatu zaitu, bestalde.
Hori Ibarretxe lehendakariak Madrazo jauna erabiltzen duela esatea bezala da. Politika hori gauzak sinplifikatzeko modu arrunta eta inozoa besterik ez da, areago, fede txarrez eta pertsonenganako errespetu faltaz egiten bada. EB gobernuan izaki, oposizioa guztiz eskuinekoa da eta ez dute onartu nahi gurea euskal hirietan dagoen lehen gobernu paritarioa dela. Horra oposizioaren drama. Hemen merituak eurena dira soilik, antza. Tira, ulergaitza.


ASTEKARIA
2005eko urriaren 30a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
#5
Maite Díaz de Heredia Ruiz de Arbulo
Azoka
Azkenak
Uztailean hasi nahi du Erresuma Batuak migratzaileak Ruandara deportatzen

Rishi Sunak lehen ministroak jakinarazi du deportaziorako "baliabideak" prest dituela "legez kanpoko migratzaileak" kanporatzeko. Auzia etenda dago Auzitegi Gorenaren erabaki baten eraginez, baina parlamentuak Sunaken lege bat onartu berri du horren gainetik... [+]


Eguneraketa berriak daude