Idazleen ohitura eta maniak

  • Ernest Hemingwayk idazketa saio bakoitzaren ondoren, idatzitako hitz guztiak kontatzen zituen. Egun klik batekin ordenagailuak kontatzen ditu. Baina teknologia berriek ez dituzte idazle guztien ohiturak berdindu eta askok detaile eta mania txikiak mantentzen dituzte idazteko esertzen direnean -edo etzaten direnean, horrelakoak ere badirelako-. Edo ordenagailuaren bip-bip hori, txokolatearen gozoa, zigarroaren kea, kafearen usaina, gaueko isiltasuna edo egunsentiko argia. Inspirazioari ateak zabaltzeko hainbat trikimailu erabili izan dituzte eta erabiltzen dituzte idazleek. Euren idatziak bezala, orijinaltasunez eta irudimenez bete izan dute euren egunerokotasuna. Iraganeko eta oraingo atzerriko idazle batzuen fetitxe, erritual eta mania deigarriak bildu ditugu eta hainbat euskal idazlek ere euren ohituren berri eman digute.
Marcel Proust-ek urteak eman omen zituen ia etxetik atera gabe, kortxoz tapizatutako gela batean sartuta, leihoak belus beltzezko errezelek estalita, kanpoko argi izpirik txikienak bere idazketa eten ez zezan. Juan Ramon Jimenez aldiz, behin eta berriro aldatu zen etxez isiltasun eta lasaitasun bila; hormaz bestaldeko egoitza alokatzera ere iritsi zen bizilagunek bere lana oztopatuko ez zutela segurtatzeko. Idazle gehienek idazteko txokoa dute etxean, baina badira tarteka inspirazioa kanpoan aurkitzen dutenak ere. Patxi Zubizarretak liburutegian idazten du batzuetan, bi seme-alaben aita izanda etxean ez baitu idazteko girorik. Kafetegi batzuetan ere idatzi ohi duela aitortu digu: «Euskal Herrian oso kafe on gutxi dago eta hemen, Gasteizen, badira bizpahiru kafetegi kafe ona ematen dutenak; nire kafetegi kuttunak dira eta hor gustura aritzen naiz». Fernando Morillo, berriz etxean ari zen beregana zuzendu ginenean, Baina kanpoan ere idazten du: «Gaur goizean kanpoan izan naiz, haize eta eguzki pixka bat hartzen. Nahiago dut autoa eta ordenagailu portatila hartu eta itsaso bazterrera edo mendira joan».


Gau-txoriak eta egunsenti-txoriak

Edgar Allan Poe edo Franz Kafkak gauez idazten zuten. Gabriel García Márquez, aldiz, egunsentiko argiarekin hasten da idazten, beti ere arrosa hori bat mahaian duela. Toni Morrison ere eguneko lehen argiarekin hasten da idazten. Anjel Lertxundi gau-txoria zen gaztetan, «baina adinean aurrera egin ahala, egunsenti-txori bihurtu naiz; goizeko 07:30etarako dagoeneko lanean naiz». Baina euskal literaturan gehienek ezin dute idazteko ordutegia aukeratu, bestelako beharrek aginduta. «Tartea dudanean idaztea beste erremediorik ez dut -dio Jon Alonsok- baina aukeran, nahiago dut gauez egin, kafea eta tabakoarekin eta musika jarrita». Isiltasunzale izan ohi dira idazleak, baina Lertxundi eta Morillok ere tarteka musika jartzen dutela esan digute, beti ere testuaren aldarte eta tonuarekin bat egiten duten doinuak aukeratuta.

Bakardadea ere bilatu ohi du idazleak, Susan Sontagek esaterako, eta gehienez katu baten konpainia elegante eta diskretua onartu izan du hainbat idazlek. Edo katu askorena. Ernest Hemingway katuzale amorratua zen. Kubako bere La Vigía etxean 50etik gora katu izatera iritsi zen. Gainera, denei «s» soinua zuten izenak ipintzen zizkien. Inguruan ibiliko ziren, Boise, Missouri, Lasco edo Ambrossy katuak idazle sanferminzaleak, idazten hasi aurretik, bere 20 arkatzei punta ateratzen zienean. Edo lana amaituta, egunean idatzitako hitz guztiak banan-banan kontatzen zituenean.



Luma ala teklatua?

«Eskuz idazten dut, derrigorrezkoa dut -dio Patxi Zubizarretak-. Ordenagailuaren zurrumurruak izugarri molestatzen nau. Nire bi Montblanc lumekin idazten dut, tinta tintontzitik hartuta. Lumak paperean egiten duen kras-kras hori entzutea izugarri gustatzen zait; soinu horrek tempusa, eritmoa markatzen laguntzen dit». Tintaren koloreak, aldiz, testuaren tonua markatzen laguntzen omen dio. Haurrentzako lanak idaztean tinta berdea erabiltzen du; helduei tinta urdin edo beltza dagokie. Kafkarentzat ere garrantzitsua zen tintaren kolorea, eta beti urdina edo morea erabiltzen zuen.

Zubizarretak hainbeste maite duen kras-kras hori paper lodia erabiliz lortzen du, gehienetan zuria ez den beste kolore batekoa. «Edozein bidaia egiten dudala, beti ekartzen dut paper bereziko 100 orriko sorta, eta lagunen batek kanpora bidia egiten duenean ere, papera ekarri izan dit». Leonardo Sciascia idazle siziliarrak zioen paper-denda baten paretik pasatzen zen bakoitzean, alkoholiko batek taberna parean sentitzen duen gauza bera sentitzen zuela. Hemingwayk landare-papera erabiltzen zuen beti. Ricardo Barojak orri guztiak itsatsi egiten zituen bere sormen jarioa orri aldaketak eten ez zezan. Jack Kerouac-ek On The Road, beat belaunaldiaren biblia, teletipo paperean idatzi zuen.

Eskuz edo idazmakinaz idazten zuen Anjel Lertxundik hasieran, baina egun «ezingo nuke ordenagailurik gabe lanik egin: «Badira hogei bat urte ordenagailua erabiltzen dudala, lehenengo Amstrad horiek atera zirenetik». Ez ditu papera eta luma faltan botatzen: «Narrazioa idazten dut; poesia idatziko banu beste modu batera hitz egingo nuke». Agian Pablo Nerudaren iritzikoa izango zen. Nerudak behatz bat hautsi zuen behin eta hainbat hilabetez ezin izan zuen makinaz idatzi. Gaztaroan bezala eskuzko idazketara itzuli behar izan zuen. Horrela ikusi omen zuen eskuz idatzitako poesia sentiberagoa zela, plastikoagoa eta poesiarekiko intimotasunera hurbiltzen zuela.

Fernando Morillok ez du eskuz idazteko tentazioarik, agian letra txarra daukalako. Teknologia berriek nahi duen tokian eta nahi duen bezala idaztea permititzen diote. Ordenagailu portatila erabiltzen du eta, hori eraman ezin duenean, Palm delako agenda elektronikoa, toles daitekeen teklatu txiki batek lagunduta. «Ohean idaztea gustatzen zait -dio azpeitiarrak-, etzanda, erdi lo erdi esna zauden horretan ideiek bor-bor egiten baitute. Zorionez ez dut teklatuari begira egon beharrik eta buruz gora, begiak itxita idatz dezaket. Erosoa da benetan, lokartzeko arriskua badago ere». Ohean ideia ugari datorkiola aitortzen du, baina gero, horiek harilkatzeko, ordenatzeko, eseri egin behar duela.

Morillok ez du Victor Hugoren antzik horretan. Frantziarrak Les misérablesen 1.500 orrialdeak zutik idatzi zituen, atril baten laguntzaz, eta egunero 14 orduz arituta. Hala ere, Morillok ezin du besterik gabe, hotz-hotzean idazten hasi: «Barrenak baretu behar ditut lehenago, meditazioa edo lasaituko nauen zerbait behar dut».


Papera zuri eta mahaia gainezka

Baina meditazioa, nonbait, ez da nahikoa askorentzat eta, idazteko ezinbesteko lanabesez gain, idazleak hainbat elementu inguratu ohi ditu paper -edo pantaila- zuriari aurre egiteko.

Jon Alonsok ez du idazleen artean tabakoa eta kafearen esklusiba. George Simenon, esaterako, pipa hortzean duela irudikatzen dugu beti. Gertuago, Andu Lertxundik ere ederki ezagutzen ditu bizio hauek: «Duela 15 bat urte utzi nion erretzeari, eta horrekin batera baita kafeari ere. Erretzaile konpultsiboa nintzen; niretzat idaztea, baita irakurtzea ere, tabakoarekin oso lotuta zeuden».

Txokolatea izan da beste idazle batzuen bizioa. Lord Byronek poltsikoak trufaz betetzen zituen, txokolate barietate honen usainik gabe ezin baitzuen idatzi. Gurean, Aurelia Arkotxak eman zigun Berriako zutabe batean euskal idazle txokolatezaleen berri: «Diote, idazleen kofradian eta bereziki, poetenean, katuzale bezala txokolatezale franko aurkitzen dela. Susako kide batek, adibidez, record guztiak porroskatzen ditu bakarrik Lindt %100 kakaoduna baitu estimatzen...». Ondoren, Andolin Eguzkitza zenaren zaletasuna zuen hizpide: «Andolini ere anitz gustatzen zitzaion txokolatea. Preseski, elkar ikusi genuen azken aldian, Baionako delako txokolategi famatu horretara joan ginen. Xarmaz betezko dekoradu argia, miraila handiak, portzelanazko kikara arrosa bakardunak, kikeratik txokolatezko hagun-aparra jalgitzen, chantilly krema mukurruaren puntta, bertze garai bateko andere xahar finak, eta Andolin irriz, haur bat bezain kontent».

Txokolatezaletasuna alkoholzaletasuna baino osasuntsuagoa da behintzat. Tennessee Williams egunsentiarekin hasten zen idazten, baina baita neurririk gabe edaten ere. Charles Bukowskik ezin zuen idatzi nahikoa edanda ez bazegoen. Isak Dinesenek glamour gehiago eman zion bere zaletasunari: txanpaina zen haren dietaren oinarria, zainzuriz eta ostraz lagunduta. Gurean, dirudienez, moderatuagoak dira idazleak. «Mozkorraldietan ideiak sortu izan ditut -dio Fernando Morillok-, baina zorionez ez dut hori egiteko ohiturarik».

Altzari eta dekorazio kontuak ere lagungarri zaizkie idazleei. John Steinbeckek bere mahaia etengabe lijatzen zuen, kolore ezberdinez pintatu, paperez forratu... baina inoiz ez zen gustura geratzen. Gainera, arkatz hexagonalak gorroto zituen eta behatzak desitxuratzen dituztela zioen. Hemingwayk inguruan animalien irudiak eta animali hortzez betetako kaxak izaten zituen. Mario Vargas Llosak hipopotamo irudiak maite ditu. Eta Julio Cortazarrek berak egindako jostailuz eta tramankuluz beteta izaten zuen gela.

Thomas Mannek estudioan lurrin flasko mordoa izaten zuen eta bioleta urez betetako konketan garbitzen zituen eskuak etengabe. Beste muturrean, Rimbaudek egunak ematen zituen bere garbiketa pertsonalaz arduratu gabe eta sarritan biluzik idazten zuen. Jorge Luis Borgesek garbiketa eta lana bateratzen zituen goizero: ordu erdiz baineran sartu eta bere ametsen edukiak errepasatzen zituen, gaueko musek ipuin edo poema baterako materialik utzi ote zioten ikusteko.


Diziplina eta kaosa

Hori da hori diziplina José Saramagorena: goizero 2 orrialde idazten ditu, ez lerro bat gehiago, ez bat gutxiago. Hori Oscar Wildek behin egin zuena baino askoz gehiago da: goiz osoa pasa zuen testuari lehenik koma bat eransteko eta, ondoren, koma hura kentzeko.

Jon Alonsok ezin du denbora askoan eserita idazten egon: «Tarteka altxa egin behar dut, plantxa egitera, bazkaria prestatzera... idaztea ez den beste zerbait egitera».

Fernando Morillok, aldiz, ezin du testu bakarrean lan egin, aldaketa behar du. Ramon Gomez de la Sernak ere lan bat baino gehiago egiten zituen batera, baina ez mahai berean. Horregatik bere estudioan 6 idazmahai izatera iritsi zen.

Anjel Lertxundik aitortu du ez dela ordenatuegia: «Demagun 15. orrialdea idazten ari naizela, bada, 200. orrialdean joan daitekeen zerbait bururatu eta horri heltzen diot». Bere azken liburuetan beti agertu da pertsonaiaren bat koadernoetan idazten duena eta oso diziplinatua dena. Ez omen da bere kasua ordea: «Hemen koaderno mordoa daukat, urtetan pilatutakoak, baina haietan norbait zerbait bilatzen hasiko balitz, ikusiko luke horretan zenbateraino naizen anarkikoa».

Bere koadernoak zinez maite zituena Carmen Martín Gaite espainiarra izan zen. Duela bost urte, bere koadernoei besarkatuta hil zela diote.

Patxi Zubizarretak ez du koadernorik erabiltzen, apunte interesgarriak gogoan hartzen dituela dio. Ordiziarrari edizio prozesua jarraitzea gustatzen zaio: papera, letra tipoa, azala... «Liburua objektu bezala ere niretzako kuttuna izatea gustatzen zait. Alde horretatik editoreentzat nahiko gorrotagarria izango naiz, seguruenik», dio barrez.

Idazleak bere ohiturak alda ditzakeela frogatu du Anjel Lertxundik: tabakoa eta kafea utzi zituen, ordenagailura pasa zen, gaua batzertu eta egunsentian idazten hasi zen.

Beste batzuek ez zuten idazteko giroa aukeratzerik izan. San Juan de la Cruzek komunean idatzi omen zuen bere Cántico Espiritual obra. William Faulknerrek As I Lay Dying ikatz meatze batean idatzi zuen sei astez, eskorga mahai gisan erabiliz eta kaskoan zeraman karburo lanpararen argitan.



Giltzapean koblatan

«Horma iragan ezinak, bihotz iluna,/ zementozko bertikalak eta horizontalak,/ pasilo luzeak, burdinezko ate zarratuak,/ behin eta berriroko zarrailak,/etxe errea, etxe hotza». Ez dirudi idazteko girorik egokiena Joseba Sarrionandiak, Puerto de Santa Maríako espetxean zela, poema honetan deskribatu zuena. Zer eta nola idatzia duenak edozein egoeratan egin dezakeenaren seinale? «Hau ezinbestekoa dut, beste hau gabe ezingo nuke idatzi...» eta tankerakoak esan ohi dituzte idazleek. Eta euren ohiturak lagungarri izango zaizkie seguruenik. Baina beharbada ez dira ezinbestekoak. Cervantesek berak On Kixote kartzelan idatzi baitzuen.

Idazleen otoitza
Marinelek edo soldaduek bezala, idazleek ere badute euren otoitza. Samuel Johnson ingelesak idatzi zuen 1753ko apirilaren 3an eta horrela dio gutxi gorabehera: «Jauna, lagun iezadazu nire idazketa lanei eta nire helburuei eusten; eta nire azken egunean, eman zenidan talentuaren errepasoa egitean, barka nazazu Jesukristoren izenean. Amen». Eraginik ba ote duen ez dute frogatu oraindik.

«La vrai Moleskine n"est plus»
Apunteak hartzeko koadernoei dagokienez, hainbat idazlek nolabaiteko fetitxismoa dute. Azken bi mendeetan Europako intelektualen libreta kuttunenak Moleskine zuen izena. Ernest Hemingway bezalako idazleez gain, bestelako artistek ere bertan hartzen zituzten apunteak, Van Gogh edo Matisse margolariek kasu. Hule beltzezko azala eta orri koadrikulatuak zituen, eta zinta elastiko batek lotua zegoen.
Libreta hauen tradizioari Bruce Chatwin idazle ingelesak gogotsu heldu zion. Pariseko L'Ancienne Comédie kaleko paper-denda batean erosten zituen Moleskineak. Orrialde guztiak numeratzen zituen tinta beltzez eta, bere izenaz gain, gutxienez bi helbide eta koadernoa galduz gero berau itzultzeagatik ordaintzeko prest zegoela zioen ohartxo bat ere idazten zituen.
1986an L'Ancienne Comédie kaleko paper-dendara hurbildu zen Chatwin 100 libreta erosteko asmoz eta «La vrai Moleskine n’est plus» zioen afitxarekin egin zuen topo. Moleskineak Tourseko familia negozio txiki batek ekoizten zituen eta produkzioa eten berri zuen.
Han eta hemen geratzen ziren ale apurrak bildu zituen, baina ez ziren nahikoak. Bi urte beranduago hil zen idazle eta bidaiari ingelesa, Txinan hartutako infekzio baten ondorioz, eta ez zuen Moleskinearen berpizkundea ezagutu.
Moleskineak berriro merkatuan daude. Enpresa italiar batek ekoizten ditu gaur egun eta idazleen eskaerak ugaltzen ari dira. Libreta honek benetan inspirazioa bultzatzen ote duen jakin nahi duenak www.modoemodo.com helbidean aurkituko du berau eskuratzeko modua.

Mania txikiak eta patologiak
Orriotan idazleen bitxikeria txikiak jaso ditugu batzuetan, arazo larriagoak bestetan. Hainbat ikerlarik literatur sorkuntzaren eta mania patologikoaren edo depresioaren arteko harremana landu izan du.
70eko hamarkadan Iowako Unibertsitateko Nancy C. Andersonek 30 idazle aztertu eta ondorio hauek atera zituen: %80ak gutxienez depresio larriko episodio bat izana zuen eta %43ak hipomania edo mania.
Handik gutxira, Hagop S. Akiskalek Kaliforniako Unibertsitatean 20 idazle aztertu eta ia bi herenak kiklotomia eta joera hipomaniakoak zituztela ondorioztatu zuen.
1992an Kentuckyko Unibertsitateko Arnold M. Ludwigen ikerketak XX. mendeko milatik gora idazleren biografiak izan zituen aztergai. Ondorioak: idazleen artean psikosia eta suizido saiakerak ohikoa baino bi edo hiru aldiz gehiago ematen dira.
Berriki, Londresko St. Mary's ospitaleko Montgomery senar-emazteek 50 poeta britainiar aztertu ondoren, %25i depresio larria diagnistikatu diete eta idazleen artean suzidioak ohikoa baino sei aldiz maizago izaten direla ere esan dute.
Zorionez, gurekin hitz egin duten euskal idazleek ez digute ohitura patologikorik aipatu, eta Jon Alonsok dioenez, «baldin badituzte ez dizkizute esango».


Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude