Erretzaileak jada ez dira errentagarri


2005eko urriaren 02an
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak
Tabako salmentari esker administrazioak lortzen dituen mozkinak ez dira nahikoa hark eragindako gastu guztiei aurre egiteko, Euskal Autonomia Erkidegoko Osasun Saileko iturrien arabera. "Gutxi gorabehera", azaldu digu saileko teknikari batek, "zergen bitartez jasotzen den diruaz tabakoak zuzenean eragindako gaitzen tratamenduak ordaindu ahal dira, baina horrez gain erretzeak zeharka eragiten dituen kalteak izan behar ditugu kontuan. Alegia, tabakoaren ondorio zuzena izan gabe ere, erretzeagatik larriago bihurtzen diren gaitzak". Tabakoa ez da errentagarria estatuarentzat, askotan aurkakoa uste dugun arren.

Zenbakiak ikaragarriak dira. Ez dugu eskuratu administrazioak tabakoa dela-eta gastatu behar duenaren kopuru zehatzik, baina jakin badakigu aurtengo lehen zazpi hilabeteetan, Hego Euskal Herrian, 475 milioi euro baino gehiago xahutu ditugula tabakotan. Aurreko paragrafoan esandakoa guztiz zehatza bada, egin kontu. Tabakoarenganako adikzioa osasun publiko arazo larria da, eta halaxe adierazten dute azken urteotan haren aurka hartutako neurri guztiek.

Gogorrenak -erretzaileen ikuspegitik, batez ere- etortzeke daude oraindik. Edo etortzear, esan beharko. Espainiako Estatua hainbat lekutan erretzea debekatuko duen legea prestatzen ari da eta, oraingoz ezer zehatzik ezin esan badaiteke ere »oraintsu amaitu da alegazio-epea», iragarritako neurri batzuek ika-mika ugari sortu dute dagoeneko.


Erretzaileentzako gune bereziak

Laburbilduz, lege berriak ardatz nagusi bat izango du, EAEko Osasun Sailetik dioskuenez: "Ezin izango da lantokietan erre, langileek kea arnastea eragotzi gura delako". Horrek berez ekarriko du polemika oraindik tabakoarekiko tolerantzia handia daukan jendartean, baina eztabaidak bereziki latz bihurtu dira ostalaritzari dagokionez. Lege-aurreproiektuak dioenez, 100 metro koadro edo gehiagoko azalera duten jatetxe, taberna eta abarrek gune bat izan beharko dute erretzaileentzat. Gune horrek ezin izango du bete areto osoaren %30 baino gehiago, eta gainerakotik guztiz banatuta egon beharko du. Hitz samurragoz esateko, hormak egin beharko dira.

Esan gabe doa ezin izango dela erre erretzaile-gune berezi horietatik kanpo, eta lege-aurreproiektuak tabernariaren arau-hauste larritzat jotzen du norbaitek hala egitea. Ostalariak honen aurka azaldu dira dagoeneko, beste norbaiten arau-haustea -erretzen duenaren kasuan, arina baino ez da- eurei leporatu ezin zaiela argudiatuz. Taberna eta jatetxe jabeek, bestalde, euren haserrea adierazi dute orain pare bat aste EAJk lege-aurreproiektuari egindako aldaketa-proposamena dela eta. Hain zuzen ere, 100 metro koadrotik beherako aretoetan ere erretzaileentzako gune bereziak egotea eskatu dute jeltzaleek -momentuz, legeak ugazabaren esku uzten du bere tabernan erretzen uztea ala ez-. EAJren proposamenak aurrera eginez gero, polemika latza izango dugu ezbairik gabe, taberna txiki askok ez baitute modurik »ez eta lekurik, askotan» gune berezia atontzeko. Eta gehienen ustez, erretzea debekatzeak hondamendia ekarriko lieke euren bizibideei.



Urtarrilerako ote?

Neurriok urtarrilaren 1erako iragarrita daude, eta hala jaso dute komunikabide ugarik. EAEko Osasun Sailekoek, baina, zalantzak azaldu dizkigute: "Ez dago jakiterik legea noiz jarriko den indarrean, oraindik eztabaidatzen ari dira eta. Gainera, erretzaileentzako guneak ipintzera behartuko badute, pensatzekoa da epe bat utzi beharko dutela egin beharreko lanak egiteko. Ezin da horma bat egitera behartu egun batetik bestera. Eta ez nolanahiko horma gainera: erretzeko gunea hermetikoki banatuta egon beharko da gainerakotik, bertako aire guztia kalera joan beharko da zuzenean, eta presioak egokituta egon beharko du kanpotik datorren aireak barrukoa bota dezan".


Uzteko tratamenduak

Badaezpada ere, gero eta erretzaile gehiagok erabakitzen du uztea. Lan zaila da, ordea. Nikotinak menpekotasun handia sortzen du erretzaile gehienongan -%5-10 inguru baino ez da gai neke barik uzteko, osasungintzako profesional batek azaldu digunez-, eta borondate hutsa ez da nahikoa askotan. Horregatik, osasungintzak hainbat tratamendu garatu ditu azken urteotan, erabakia hartzen dutenei sufrikarioa arintzeko xedez. Argi eduki behar baita, adituek behin eta berriro gogorarazten dutenez, ezin zaiola sufritu gabe erretzeari utzi; tratamenduak makulu hutsa baino ez dira.

Osakidetza 1994an hasi zen mediku eta erizainei heziketa eskaintzen, haiek erretzeari uzteko tratamenduak eskain zitzaten. Zeregin horretan diharduen erizain batek esan digunez, "ikastaroak hartzea guztiz borondatezkoa da, eta hartu ondoren norberaren lantokian eskaintzea ere bai". Nolanahi ere, EAEko osasun zentro gehienek tratamendua eskaintzen dute. "Eta hala ez bada, erretzaileak Minbiziaren Aurkako Elkartera bidaltzen dira", dio Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, "haiek hitzarmena baitaukate gurekin. Inor ez da tratamendurik gabe gelditzen". Guztira, medikuntzako 1.500 profesionalek hartu dituzte ikastarook azken hamaika urteetan.

Tratamenduaren lehen urratsa erretzaileak tabakoa uzteko daukan gogoa zenbaterainokoa den jakitea da. Baita menpekotasuna neurtzea ere, bide batez. Horretarako, elkarrizketa batekin hasten da beti. Erretzaileari uzteko dauzkan zergatiez galdetzen zaio, eta testa egiten zaio nikotinari zenbateraino lotuta dagoen jakiteko. Behin hori eginda, mediku edo erizainak tratamendurik egokiena zein den erabakiko du, beti ere aholkuak eta elkarrizketak ardatz nagusia direla. Lan "psikologikoa", nolabait esatearren.


Bide bi: ordezko nikotina eta bupropioa

Gaur egun, tratamendu mota nagusi bi daude: nikotina bidezkoak eta bupropioa. Lehenbizikoak aski ezagunak dira aspaldidanik. Funtsean, erretzaileari nikotina ematen segitzean oinarritzen da -txikleak, adabakiak…-, gero eta dosi txikiagoetan eta guztiz utzi arte. Bupropioa, berriz, berriagoa da. Antidepresiboen taldeko sendagaia da, burmuinean nikotinaren antzera diharduena. Ez du erretzeko gogoa guztiz kentzen, baina dezente arintzen du.

Zaila da tratamenduon arrakasta neurtzea. Adituen ustez, norbait erretzaile ohia dela esateko urtebete eman behar du erre gabe. Baina tratamenduak laburragoak dira ia beti, eta zaila da kontsultategietara ez doazenen berri jakitea. Nolanahi ere, eta EAEko Osasun Sailak adierazi digunez, "%35ak lortzen du lehenengo ahaleginean urtebete erre gabe irautea". Oso portzentaje handia omen da hori. Ea orain, lege berrien akuiluak zirikatuta, handitzen den.

Datu batzuk
Erretzaile gehienak 20 eta 40 urte bitartekoak dira EAEn (Nafarroako eta Iparraldeko daturik ez dugu eskuratu, zoritxarrez) eta emakume erretzaile gehiago dago gizon baino. Erretzaile gehienek 15-16 urte zutela erre zuten lehen zigarroa.

Gero eta gehiago ahalegintzen dira erretzeari uzten. EAEko Osasun Sailak emandako datuek diotenez, urtero 5.600 lagunek lortzen du Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan. Osakidetza edo Minbiziaren Aurkako Elkartearen bidez ahalegintzen direnak 17.000 inguru dira. %35ak lortzen du, iturri beraren arabera.

Biztanleen %35 zen erretzailea iaz EAEn. %18,7, berriz, erretzaile ohia. Erretzaile kopuruak gora egin du aurreko urteekiko, baina baita erretzaile ohi kopuruak ere.

854 tabako-denda daude Hego Euskal Herrian. Araban 92, Bizkaian 322, Gipuzkoan 211 eta Nafarroan 229.

201 milioi inguru zigarro pakete saldu dira Hego Euskal Herriko lau herrialdeetan, aurten, uztailaren 31 arte. Gipuzkoa da "erretzaileena" (ia 78 milioi). Araban 15 milioi saldu dira, Bizkaian 54 milioi eta Nafarroan 53 milioi. Epe berean, 100 milioi inguru zigarro puru, norberak zigarrotxoa egiteko 2.040.077 tabako poltsa, eta 94.047 piparako tabako poltsa saldu dira lau herrialdeetan. Oro har, tabako salmenta jaitsi egin da Araban eta Bizkaian, eta gora egin du Gipuzkoan eta Nafarroan.

475 milioi eurotik gora gastatu dugu tabakotan, aurten, uztailaren 31 arte, Hegoaldeko euskal herritarrok.

The Fisherman taberna, bost urte kerik gabe
Lantokietan erretzea debekatzeko prestatzen dabiltzan legeak asaldaturik dauzka ostalariak. Bakan batzuek, ordea, aspaldi hartu zioten aurre legediari. Horixe da, konparazio baterako, Santi Otaolaurrutxiren kasua. Otaolaurrutxik The Fisherman taberna dauka Algortan (Bizkaia); leku txikia da, 40 metro koadro ingurukoa. "Berehala betetzen zen kez, eta apurka igartzen hasi nintzen osasun-arazoak sortzen zizkidala ke hark". Orain zortzi urte, Otaolaurrutxik debekatu egin zuen goizeko hamaiketatik aurrera tabernan erretzea. Hiru urte geroago, debekua erabatekoa izatea erabaki zuen. "Ez zen erraza izan; lo ordu asko galdu nituen urratsa eman aurretik, eta ohiko bezeroei banan bana galdetu nien ea nola hartuko zuten halako neurri bat. Ezetz esan balidate, ostalaritza utziko nukeen, hori argi neukan".
Azkenik, ordea, Otaolaurrutxi debekua ezartzeko modua eduki zuen. Bezero batzuk galdu zituen, baina baita beste batzuk irabazi ere, eta kontuak pareko atera zitzaizkion. "Etortzen zaizkidanetako asko erretzaile amorratuak dira, baina gustuko dute nire kafea, eta bost minutu erre barik eutsi diezaioketela diote. Azken batean, ohitura kontua da. Erretzaileak ohitu badaitezke zine-areto batean ordu bi erre barik egoten, zergatik tabernan ez?". Otaolaurrutxi aitzindarietakoa izan zen Euskal Herrian halako erabakia hartzen. "Eusko Jaurlaritzak esan zidanez, lehenengoa izan nintzen EAEn". Orain badago baten bat gehiago, baina salbuespenak dira momentuz.

Neurtu zure menpekotasuna
Tabakoarenganako menpekotasuna neurtzen duten test asko dago. Ez dira erabat zehatzak, jakina, galdera batzuen erantzuna subjektibo samarra delako, baina lagungarri suerta daitezke medikuntzako profesionalentzat. Ezagunena eta erabiliena -Osakidetzak, berbarako, horixe darabil- Fagerströmena da, beharbada. Sei galdera ditu, eta erantzunen arabera 0 eta 10 bitarteko puntuazioa lor daiteke. 8 edo gehiago izanez gero, menpekotasuna oso handia dela esan nahi du. Nahi baduzu -eta erretzailea bazara-, hementxe daukazu test osoa, zu zeu saiatzeko:


Fagerström testa:

Zenbat denbora irauten duzu esnatzen zarenetik eguneko lehen zigarroa erre gabe?
5 minutu edo gutxiago ............... 3 puntu
6-30 minutu ............... 2 puntu
31-60 minutu ............... Puntu 1
60 minutu baino gehiago ................0 puntu

Zaila suertatzen al zaizu debekatuta dagoen lekuetan ez erretzea?
Bai ................Puntu 1
Ez ..................0 puntu

Zein zigarrori uko egitea izango litzateke zailen zuretzat?
Goizeroko lehenengoari ..................Puntu 1
Gainerakoei ...................0 puntu

Zenbat zigarro erretzen duzu egunero?
31 edo gehiago ................3 puntu
21-30 ...............2 puntu
11-20 ...............Puntu 1
10 edo gutxiago ...............0 puntu

Gehiago erretzen duzu esnatu ondoko lehen orduetan gainerakoetan baino?
Bai ................Puntu 1
Ez ..................0 puntu

Gaixotasunak ia egun osoan ohean egotera behartzen zaituenean ere erre egiten al duzu?
Bai ................Puntu 1
Ez .................0 puntu

Jean Mixel Galant, tabakogilea: «Zigarreta erosten delarik ordaintzen denaz oso gutxi eramaten dugu guk»
Jean Mixel Galantek 0,7 hektareako tabako-plantazio txikia dauka Azkaraten (Nafarroa Beherea). Bera bakarrik arduratzen da lanaz, eta ez da lan makala. "Hektarea batean badira 28.000 ondo, eta horiek, memento batez, eskuetatik pasatu behar dira. Orain badira tresna mekanikoak zenbait lan egiteko, baina azaroan eta abenduan egin beharreko lan guztia eskuz egiten da. Ez da gogorra, baina bai egin beharrekoa. Oren asko behar da pasatu". Galantek dioskunez, orain dela hogei urte baino dezente tabakogile gutxiagok eusten diote lanbideari Euskal Herrian: "Donapaleu eskualdean bada gehiago, baina hemen, Garazi-Baigorri eskualdean, oso gutxi, Lapurdin eta Zuberoan bezala. Hegoaldean ez dakit zerbait ote dagoen".
Iparraldeko laborari askok ardi-hazkuntzan dihardute, eta besteak beste horrek eragin du, Galanten ustetan, tabakogintzak beheraldia izatea, "biek eskatzen dutelako sasoi berean lan asko". Horrez gain, tabakogile aritzea ez bide da batere errentagarria. "Guk Akitania mailako kooperatiba bati saltzen diogu; hark elkartzen ditu herrialde osoko tabakogileak. Orain ahantziak ditut zenbakiak, baina duela hogei urte egin nituen kalkuluak, eta zigarreta erosten delarik ordaintzen denaz oso-oso gutxi eramaten dugu guk".


Azkenak
2025-07-17 | ARGIA
EH Bildu: “Ez da nahikoa salaketa, hizkuntza politika ausartak behar dira”

Nere Kortajarena EH Bilduko legebiltzakideak prentsa agerraldi batean esan du Eusko Legebiltzarrean dauden "gehiengoak" baliatu beharko liratekeela "hizkuntza politika berri bat ahalbidetzeko". 


2025-07-17 | ARGIA
Jaurlaritzak esan du ez duela bat egiten Auzitegi Gorenaren erabakiarekin

Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzako bozeramailearen esanetan, “indar politiko batzuk erabaki politikoak judizializatzen ari dira”.


Tortura argitara atera ezinik oraindik Euskal Herrian

Ondo jakina da Euskal Herriak bere buruaren jabe izateko beharrezko duen botere politikoa ukatua duela Espainia eta Frantziako estatuen aldetik. Euskal Herrian, bertan bizi, lan egin eta euskaldun izan nahi duen biztanleriari, herritar gisa bizi-proiektu duin eta ziurra garatu... [+]


Langile bat hil da Gasteizen, altueratik erori eta gero

Langilea uztailaren 15ean hil zen eraikin baten estalduraren konpontze lanak egiten zebilela, eta ostegunean jakinarazi du ELA sindikatuak. Estaldura apurtu, eta altueratik erori zen. Guztira 31 langile hil dira Hego Euskal Herrian 2025ean, bostgarrena Araban.


Israelek Damasko bonbardatu du, eta Siriako armada su-eten akordio batera heldu da milizia drusoekin

Israelen bonbardaketek Siriako Defentsa Ministerioa eta presidentearen egoitzaren ingurua izan dituzte jo-puntuan. Asteburuan tribu beduinoen eta milizia drusoen artean piztutako liskarrek gutxienez 300 hildako eragin dituzte As-Suwayda hirian. Israelen erasoen ondoren, Siriako... [+]


Baionako eguneko harrera zentroa itxi dute higiene baldintza txarrak direla eta

Atherbea elkarteak Baionako eguneko harrera zentroa ixtea erabaki du higiene falta dela eta. Egunero 100 pertsona ingururi ematen zien dutxa hartzeko eta gosaltzeko aukera, baina lokalean labezomorro eta arratoi asko daudenez, itxi egin behar izan dute. 


Israeli armak ez saltzea adostu dute hamabi estatuk Kolonbiako goi bileran

Hagako taldeak deituta 30 estatu bildu dira bi egunez Kolonbian, eta horietako hamabik sei neurri sinatu dituzte "Israelen Palestinako kolonizazio ilegala" gelditzeko. Horietako bat, Tel Avivekin duten kontratu publiko oro berrikustea, okupazioan eraginik duen ala ez... [+]


Migrazio politikak gogortzeko eskuin muturrarekin bat egin du Portugalgo Gobernuak

Portugalgo Gobernua osatzen duten Alderdi Sozialdemokratak eta CDS-Alderdi Popularrak Chega eskuin muturreko alderdiarekin bat egin dute Atzerritarren Legea erreformatzeko. Delitu larriak egiten dituzten migratzaile nazionalizatuei pasaportea kenduko diete, herritartasuna... [+]


UEMAk mobilizatzera deitu du Espainiako Auzitegi Gorenaren epai euskarafoboaren aurka

Vox alderdi ultraeskuindarraren eskariz EAEko Auzitegi Nagusiak 2023ko irailean baliogabetu zituen EAEKo Udal Legearen hainbat artikulu, euskararen normalizazioaren ingurukoak. Erabaki hura berretsi du orain Espainiako Auzitegi Gorenak, eta ez dago helegiterako aukerarik... [+]


DIPCko presidente Pedro Miguel Etxenike Landiribar
“Zientzialaria izatea pribilegio bat da, eta horrek ardura bat dakar”

DIPCko bere bulegoan izan da elkarrizketa. Argazkilaria lanean hasi denean, arroparengatik desenkusatu da [kirol-jertse bat dauka jantzita]: “Ez nintzen gogoratzen elkarrizketa genuenik”. Baina Elhuyar aldizkariarentzako dela eta, gustura egingo omen du. Euskaraz... [+]


2025-07-17 | Sustatu
WeTransfer: erabilpen baldintza berri ez oso fidatzekoak

Hautsak harrotu ditu azken orduetan Interneten WeTransfer zerbitzu oso praktiko eta erabiliak iragarri dituen erabilpen baldintza berriek, abuztuan jarriko direnak indarrean. WeTransfer da oso fitxategi (edo fitxategi multzo) handiak bidaltzeko modu bat. Ez dira kabitzen e-posta... [+]


2025-07-17 | Gedar
Faxisten protestak porrot egin du Torre Pachecon: Polizia eta prentsa gehiago, manifestariak baino

Lintxamenduen ostean immigrazioaren aurka izan den lehen mobilizazio-saiakerak ez du jarraitzaile gehiegi erakarri, baina izu arrazistak hartu du herria.


Israelekiko harremanak mantentzearen alde egin du Europar Batasunak

Israelek Gazan eta Zisjordanian egindako giza eskubideen urraketak argi uzten dituen Kanpo Ekintzarako Europako Zerbitzuaren txostena esku artean, EBko Atzerri ministroek erabaki dute Israel-EB elkartze-akordioarekin berdin-berdin segitzea. EBren "ekintza-eza" ikusita,... [+]


Algortan izandako taldeko sexu-eraso baten ustezko egileetako bat atxilotzeko agindua eman dute

Getxoko 3. Instrukzio Epaitegiak atxilotze-agindua eman du 2023ko urrian Algortan jazotako talde sexu-eraso batean ustez parte hartu zuen egileetako baten aurka. Kasua sexu-eraso larri gisa sailkatu du magistratuak eta poliziari eskatu dio, gaztea aurkitzen dutenean, epaitegira... [+]


Sudango paramilitarrek asteburuan 300 zibil hil dituztela salatu dute, eta krisi humanitarioa areagotzen ari da

Giza eskubideen aldeko Sudango abokatu talde baten arabera, Sudan mendebaldeko hainbat herrixkari eraso egin zieten larunbatean eta igandean, eta zibilak tiroz hil edota bizirik erre zituzten, etxeetan giltzapetuta. UNICEFek salatu du Ipar Darfurgo 40.000 haur artatu zituztela... [+]


Eguneraketa berriak daude