Hego eta mendebal-menpetasunak


2005eko irailaren 25an
Parada izan dut opor hondarrean eztabaida politiko ireki batean parte-hartzeko, Ziburun, ezker abertzaletasunaren zatiketa eta batasunari buruz. Beti da ona etxe-zulotik ateratzea bertze bazterretako kontuez hobeto jabetzeko, gure aurreiritziak aldatu edo sendotze aldera. Niri dagokidanez, ene baitan borborrean neramatzan sentsazioak ezagumendu zehatzago bihurtzeko balio zidan bidaiak.

Ezagunak dira Iparraldeko abertzaletasunaren hego-menpetasuna eta Nafarroa Garaikoaren mendebal-menpetasuna, XX. mendean. Ezagunak dira, halaber, menpetasun horien fruitu politikoak.

Alta, ez da beti horrela izan. XIX. mendean Iparraldean irudikatu zuten euskal nazio-eraikuntzarako lehen proiektua. Hain zuzen, Domingo Jose Garat lapurtarrak diseinatu zion Napoleoni Tyr edo Fenizia Berria izeneko Euskal Herria, Inperio barneko euskal federazio gisa Zazpiak Bat leloa avant la lettre gauzatu nahian, Napoleonek, jakina, kasurik egin ez bazion ere. Mendea aurrera zihoala, Iparraldeak jarraitu zuen izaten geroko euskal nazionalismoaren aurrekarien sorleku, Xaho zuberotarra paradigma dugula, 1830-1858 artean. Azkenik, hirugarren pintzelada bat baizik ez emateagatik, Iparraldean sortu zen XIX. mendeko bigarren erdian Euskal Berpizkunde Kulturala; gero zabalduko zen Hegoaldera, funtsezkoa suertatuz nazionalismo politikoa sustatzeko. Nafarroa Garaian ere, bai arlo kulturaletik nola nazio kontzeptutik, mende amaieran Sabino bizkaitarrak sortuko zuen nazionalismo politikoaren aurrekari dugu hainbat jende, Asociación Euskara de Nabarra haren inguruan.

Baina, bai horixe, XX. mendean euskal nazionalismoa Hego-mendebaldean errotu zenetik, nazionalismo horren ereduari jarraitu zioten Iparraldeko eta Nafarroa Garaiko talde abertzaleek, dela Sabinoren ereduari, dela beranduagoko eredu ezkertiarrari. Arrazoi anitz direla medio, arrazoi horiek gehien-gehienak arras ezberdinak izan arren Iparraldean eta Nafarroa Garaian. Halere, ene buruan daukadan euskal geografia politiko, sozial eta kulturalean »oro har, hiruki gisa ikusten dudan horretan: Iparralde frantsestuan, Hego-mendebalde abertzaleagoan eta Hego-ekialde espainiartuagoan», oso egoera ezberdinetan mugitzen gara abertzaleok, bai arlo politiko-administratiboan, bai zonalde bakoitzeko jendartearen nazio-identifikazioaren arloan, bai ekonomian, bai kultura eta euskalgintzan.

Aitortu behar dut, 1990. urteetako hamarkada hartan inbidia halako batez begiratzen niela Iparraldekoei Iruñetik, AB plataformaren inguruan biltzen hasi zirenean talde abertzale anitz. Ez zen batere erraza plataforma bakar batean biltzea EA, EB edo EMA bezalako indarrak, batik bat jakinik zein diferente ziren talde bakoitzaren usteak ekintza armatuen aurrean agertu beharreko jarreraz. Horixe izanen zen gehienbat, noski, jada XXI. mendea hastean plataformaren batasuna apurtuko zuena, AB koalizio huts hura erakunde bihurtu zelarik, bai alde batetik nola bertzetik, jende batzuk atereaz gero: koalizioa baino txikiago, baina aurreko EB baino sendo eta helduagoa, abertzale gehienen erreferentzia ere, suertatuz. Edonola ere, mugarri bat izan zen ABren sorrera Iparraldeko abertzaletasuna hego-menpetasunetik askatzeko bidean. Nafarroa Garaian, aldiz, inolako zantzurik ez zen oraindik sumatzen gure indar abertzaleak mendebal-menpetasunetik atera beharraz hausnartzeko prest zeudela adieraziz... 2004. urte arte behintzat, NaBai sortu arte.

Ez dut gustuko salmenta lana. Ez noa, ba, NaBai-ren bertuteak goraipatzera produktu zehatz gisa. Baina Iparraldean hego-menpetasunetik ateratzeko AB mugarri bat izan zen eran, nafar label-eko bertze mugarri baten beharrean geunden -eta gaude-, gure soro honetan fruitu oparoagoak lortuko baditugu nazio eraikuntzan. Egin bezate nahi dutena Hego-mendebaldekoek: prest nago horiek libre uzteko.


ASTEKARIA
2005eko irailaren 25a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
#2
Barbara Miller
#4
Olaia Salazar Urrutia
Azoka
Azkenak
Ei politikariak, “pope” akademikoek esaten badizuete, aktibatuko al zarete behingoz?

Behetik gorako komunikazioetan ez da erraza mezuen garrantzia transmititzea eta makinaria politikoa aktibatzea. Askotan, gure mezuak "belarri batetik sartu eta bestetik atera" egiten direla sentitzen dugu. Beraz, gaurkoan, nazioarteko ikertzaile ospetsu batzuek... [+]


Mundu mailako lapurra

Azeria kanido bat da, otso eta txakurren familiako haragijalea. Animalia zuhur, maltzur eta argiaren fama dauka, eta ez alferrik! Ez da indartsuena izango, baina beti moldatzen da han eta hemen, mokaduren bat lortzeko.


Eguneraketa berriak daude