Azkenean zalaparta handiz ofizialdu da prozesua egon badagoela eta datu asko ateratzen ari badira ere, azaleratutakoak ez du bere uneari buruzko informazio gehiegirik utzi. Zapatero Espainiako gobernuburuak eman ditu argibide zehatzenak: «Luzea, gogorra eta zaila izango da». Gaitza dena sinple bihurtzeko ahalegina eginez, eta errealitatearen konplexutasun osoa islatu nahi gabe, negoziazio politikoaren aurrean izandako erreakzio guztiak bi bloke handitan bana daitezke. Baikortasun zuhurrarena litzateke lehen blokea eta handiena euskal eragile politikoen artean, negoziazioaren saioak merezi du eta oraingoz ondo doa, hastapenean bagaude ere. Bigarren blokean, negoziazioa ukatu, oztopatu eta dagoen saioaren aurrean Espainiako Gobernua ETAren aurrean amore ematen ari dela irudikatzen da. Euskal Herrian lehen blokea gehiengo oso handiz nagusitzen zaio bigarrenari, Espainian ez dakigu.