Egiten artista, saltzen artisau


2005eko irailaren 25an
Merkatua merkatu den honetan, produktuaren marrazki edo josturetara baino lehen joaten zaizkigu begiak preziora. Gure balioak eta bizimoduak aldatu dira, eta gutxien aldatu den sektorearen egoera komertziala oso eskasa da. Lehenago altzariak eta etxerako osagarriak bizitza osorako erosten ziren, eta iraganari lotuta zeuden. Baina orain ia erabili eta botatzekoak dira, praktikotasuna lehenesten da. Blanka Gomez zeramikagileak horrela ulertzen du gaurko joera: «Benetako gauzak, ondasun kulturalekoak, ez dira baloratzen edo jendeak ez du bateragarri ikusten bere bizimoduarekin: gazte bat batez ere, gaur etxe honetan eta bihar han biziko bada, ez da ibiliko trasteok garraiatzen!». Karlos Irazuk egurra lantzen du, eta ez omen du oso ondo ulertzen jendeak artisautza nola ikusten duen: «Gure lana eta dendetakoa ez da hain desberdina, baina gure produktuak oso serioak ez balira bezala hartzen dituzte. Gure saltzeko modua ikusita, ez da harritzekoa, guk geuk ematen dugu itxura hori».

Jose Pablo Arriagak tailak eta egurrezko altzariak egiten ditu, eta saltzeko arazo nagusia prezioa dela dio: «1.200 euro balio badu kutxak, prezio horretan logela osoa jarri dezakezu egun». Jendeak gero eta altzari merkeagoak eskatzen dizkie, nahiz horrekin kalitatea galdu. Arriagak badaki merkatzeko modua zein den: «Produkzioa kanpora atera, eta adibidez, Indonesiara eskatzea 50 pieza berdin egiteko. 3 aldiz merkeago aterako litzaiguke, baina ezin dugu horretan erori. Bertako jendea, bertako lantokietan eta bertako produktuekin egitea da gure bidea». Irazuk esaldi batean utzi du garbi: «Nik txinorik ez dut etxean gordeta lanerako, neroni aritzen naiz».


Balioa: kalitatezkoa, neurrikoa eta geurea

Arriagak egiten dituen altzariei 300 urteko bermea ematen die, «txantxarik gabe», orain dela 350-400 urteko kaxak egoera onean daude-eta. Kalitatea prozesu osoa hasieratik amaierara kontrolatzeak ematen du, eta material onak erabiltzeak: «Guk egurra nondik datorren kontrolatzen dugu, argizaria eta tinteak ere naturalak dira» dio Arriagak. Irazu ere zerra eta traktorea hartuta joaten omen da egur bila, eta behartzen denean hemengoei erosten die.

Kalitatea zaintzeaz gain, artisaua originaltasuna neurrira egiten duen mago gisa aurkeztu digu Bernat Vidal, Arbasoko (Euskal Herriko Artisautza Tradizionala Bizkortzeko Elkartea) lehendakariak: «Pieza bakoitza desberdina da, eta hori da esplotatu beharreko ezaugarria: etxeko txoko horren neurrira egingo dizu, zuk dendan aurkitzen ez duzun pieza; edo zuk nahi duzun kolore zehatzekoa egingo dizu, ez Ikea-k saltzen dizun kolorekoa. Hori ez dakigu behar bezala esplotatzen».

Gomezek dio geure balioak urguiluz zabaldu behar direla kanpoan: «Beste herrialdeek euren nortasun zeinuak azpimarratu egiten dituzte, motibo zeltak eta horrelakoak. Guk hemen balio asko ditugu». Geurea azaleratzeko bizitako oztopoak ditu gogoan Jose Maria Arriagak -Jose Pabloren aitak-, kaxak tailatzen espezialista denak: «Zeltak diren aztarnak ez dira agerrarazten, erromatarra bada bai, dena. Beste nazio denak egia ateratzen ari direnean, hemen ezkutatu egiten dute». Balio erantsi hori lantzeko adibidea jarri du Gomezek: «Txakolin pitxar bat ondo, txakolin pitxarra da. Baina txakolin pitxar hori bada ez dakit non aurkitua, bere dekorazioarekin, eta erreproduzitzen baduzu justu horixe, eta idazten badiozu bere istorio txikia, eta ondo aurkezten baduzu, beste balio bat du. Guk hortik jo dugu, eta ondo goaz».


Azokak, top manta

Artisautza azokak Franco hil ostean sortu ziren, herri kultura kalera ateratzeko adierazpen gisa. Egun artisau elkarteek eta udalek antolatzen dituzte, eta oraindik artisau gehienen saltoki bakarrenetakoak dira. Oso jarrera desberdinak daude azoken inguruan. Jose Maria Arriagak tinko defendatzen du ferietara joan egin behar dela, eta zenbat eta gertukoetara, hobe: «Bertan, jendaurrean taila egin, lana ezagutarazi eta txartelak banatu behar dira, enkarguak hortik iristen dira-eta». Irazuren hitzetan, artisau azokak islatzen du gizartean artisautzak duen tokia: «Gu non gaude? Kale gorrian. Jarduera normalak, kontzertu bat edo edozer, ez dira gure baldintzetan egiten. Top Manten ondorengoak gara. Gu feriako tximuak gara, entretenimendurako gaude ezer baino gehiago, edozein festari kolorea emateko».

Gomezek orain urte batzuk igarri zuen azokak gainbehera zihoazela, eta joateari utzi zion: «Ez dira baldintza egokiak, karpa baten azpian ahal bezala jarriz eskuz egindako lanak... Debaluatu egiten da produktua, inork ez du baloratzen eta bereizten zer den ona eta zer ez. Euskal Herrian feria profesional bat falta da, artisau profesionalentzat». Irazuk ere, merkatu finkoen beharra azaldu du: «Euria eta haizea hasten badu, piezak bustitzen zaizkigu eta gero berriro dena lixatu behar izaten dugu. Karpak plastiko zirak izaten dira, harri kozkorrekin eutsiak».

Artisauek ideia sortzetik saltzerainoko prozesu osoa egin beharra dute, eta eurek bakarrik: azokak non diren jakin, egur bila joan, azokak muntatu, produktua egin, saltzeko azalpenak eman... Irazuk borobildu du egoera: «Saltzen gara gu artisau, Erdi Aroan gaude lan horretan. Ni ez naiz saltzailea, beti esaten dut erdi brometan, bakarrik saltzen diren katxarroak egiten ditudala nik, eta ez dutela azalpenik behar».

Feriez kanpo, bakoitzak merkaturatzeko bere bideak ditu. Askok enkarguz egiten dute lan, eta denda batzuetara ere eramaten dituzte euren produktuak. Arriagak 110 metro koadroko denda eta erakustokia ditu Markinako alde zaharrean bertan, bere altzari eta eskulturak ezagutzera emateko.

Blanka Gomezek Euskal Buztingintza Museo bizia sortu zuen 1993an, Ollerias-en (Araba), eltzegileen auzoan, alegia. Etxea garai bateko eltzegintza-lantegi berritua da eta beheko solairuan dauka tailerra »jendaurrean lan egiten du» eta denda. Goiko pisuan, berriz, zeramika ondarea du ikusgai. Eta kanpoan, garai bateko labetzarra du oraindik. Gomezek argi du hori dela artisautzak egin beharreko bidea: «Bere ingurunean ikusi behar da artisau lana, zentzua izango badu. Tailer sare bat sortu behar da jendeak bisitatu gaitzan».


Etorkizuna lantzeko

Irazuk ez du etorkizunerako itxaropen handirik: «Niretzat hau bukatuta dago, eta denbora kontua da. Erdi Aroko azoka ere artisautza akabatu denaren seinale da, ofizio baten agoniaren museo bizidunak gara». Jose Pablo Arriaga optimistago ageri da: «Ziur nago buelta emango duenaz. Gaur dena da nobedadea. Baina horrek ere aspertu egiten du, eta nire ustez denborarekin nahasketa etorriko da: lehengo elementu bat sartu nahia, gauza oso modernoekin nahastuta». Pieza hauek ez direla bazter batean jartzeko, edo baserrietarako modukoak bakarrik ohartarazi du: «Nik etxea oso moderno jarria daukat, eta horrelako elementu bat sartuta tartean, kontrastean asko goxatzen du, berotasuna ematen du». Irazuk ere egurra preziatzen duen jendea badagoela dio: «Egurra goxoa da, eta egiten ditudan formak ez dira oso gogorrak, borobil antzekoak dira... Egur artean bizi zen aspaldian jendea, eta oraindik gustatzen zaio».

Gomezek, egoera dagoen bezala egonda, aurreikusten du datozen 10 urtean jende askok utzi beharko duela artisautza, oso zaila izango dela eustea. Selekzio horretan gertatuko dena klabea izango da artisautzarentzat: «Profesionalak direnek uzten badute ofizioa, 8-10 urtean egin duten lana galduko da, eta aldi baterako artisautzan hasten direnekin ez goaz inora. Artisautzara emandako jendea behar dugu kalitatea ziurtatzeko». Baina etorkizunarekin baikorra da: «Artisautzatik bizi ahal izango da, ez milaka, baina ehunka bai, eta horretarako ona izan behar da, ahalik eta onena. Ikasteari eskaini behar zaizkio 5 urte. Noski, hori lizentziatura bat ateratzea bezala da. Eta nork esan du buztingile batek ez duenik lizentziatu batek duena?».

Bide berriak zabaldu direla esanaz jarraitu du Gomezek: «Turismorako, enpresetarako opariak, erakundeetarako... eta oraindik bide asko ditugu jorratu gabe. Esaterako, eraikuntza publikoak dekoratzeko artisauak erabiltzea». Heziketaren garrantziaz oso kontziente da: «Museo honekin 12 urte daramat. Hemendik ikasle asko pasa dira, eta heldu ahala etortzen dira hemengo baxera baten bila, beraz, zerbait egin dugu. Gurea maitatzen erakustea funtsezkoa da». Buztingintza eskola sortzeko proiektua dauka buruan, nahiz eta badakien errealitatean martxan jartzea ez dela erraza izango: «Baina proiektua behintzat egingo dugu. Nik jaso dudana ez badiet ondorengoei zabaltzen, ez dugu ezer egin». Eskola ereduak aztertzen ari dira beste herrialdeetan, eskolatik ofizioa ikasita atera daitezen: «Egungoek 5 urte ikasi eta ez baitakite zeramika lantzen, marrazkia eta diseinua bakarrik egiten dute».


Artisauak artista

Lehen pieza sortzea artea da, eta errepikatzea, berriz, artisautza. Artisauek teknika eskola oso ona dute, aldiz, artistak sormena du bere indar. Ondo uztartzea da kontua. Arriagatarren etxean taldea ondo osatu dute: «Neure anaia artisau oso ona da, teknika oso ondo menperatzen du, eta lana horrela antolatzen dugu, nik sortu eta berak egin» dio Jose Pablok Arriagak. Enpresan hiru ari dira, aipatutako bi anaiak eta Josu Arrilaga lankidea. Arriagaren altzari batzuek eskulturak dira, ideia bat transmititzen dutelako eta bakarra egiten dutelako. Azken aldian burua sortzera jarria du, eta eskultura ari da lantzen gero eta gehiago. Esperientziatik ondorioztatu du artisau gehienak direla artista, «baina artetik bizitzea oso zail dago, eta gauzak errepikatzera behartuta gaude».

Irazuk bere burua ez du artisautzat: «Nik artisautza bizitzeko era gisa ikusten dut, filosofia bati lotua, eta gure egungo bizimodua ez da artisau batena». Piezak lantzeko moduan ere ez da batere ortodoxoa: «Ni ez naiz batere mozten, rotaflexarekin lehenago egingo badut, heldu azkar! Inongo beldurrik gabe. Nik nire gustuko gauzak eginaz bizitzeko bide gisa ikusten dut, eta kito. Ez naiz kezkatzen artisautza den edo ez». Arriagak bezala, eskulturarako asmoa du: «Tarteka pieza sakonagoak egin, estetikaz eta esanahiz landuagoak, eta galerietan edo toki egonkorragoetan jarri nahi nituzke. Espresatzeko era bat da niretzat, eskultura bezala. Iruditzen zait sortu, sortu ez dugula ezer egiten, gauzak konbinatzen ditugula. Sortzeko dugun gaitasun bakarra umeak egitea da. Bestea materiala ideiekin lotzea da. Nik nireari egurraren eraldaketa edo deituko nioke».


Gehienak beltzean

Artisautza zaletasuna da gehienentzat, eta ofizio gutxi batzuentzat. Gehienak segurtasun sozialik ordaindu gabe aritzen dira lanean. Arbaso Elkarteko Vidalek salatu du horrek bidea eragozten diela artisautzatik bizi nahian ari direnei: «Deklaratu gabeak gero eta gehiago daude, deklaratutakoak gero eta gutxiago. Goizez funtzionario lana eta arratsaldez artisautza egin dezake edonork modu ilegalean, hortik bizi nahi dutenei konpetentzia eginez, eta abar. Joko arau batzuk jarri behar dira, eta behin arauak jarrita zorrotz betearazi». Barne Produktu Gordinari asko eragiten ez dion sektorea delako ez diotela erakundeek gaiari heltzen salatu du: «Deabruaren eskuek utzita dago, instituzioek ez dituzte aurrera egiteko zutabeak jartzen».

Merkatua saturatuta dago, edonork jarri ditzakeelako bere lanak salgai, eta ez dago benetako artisautza edo faltsua bereizten duen markarik. Badaude errebentako gauzak saltzen dituztenak, eta pieza batzuk eginda erosten dituztenak. Non dago eskuz egindakoaren muga? Horregatik, labela sortu behar dela argudiatzen dute artisau batzuek. Jaurlaritzak hasi du prozesua, baina azkartu egin behar dela aldarrikatzen dute. Vidalek bi arazo azaldu ditu artisautza arautzeko: «Batetik, artisautza kontzeptua bera definitu gabe dago. Eta bestetik, euren lagunak zerrendan sartzeagatik edozer onartu dute artisautzat. Erakundeek dituzten baliabideak izanda honi ez heltzea ez da ulertzekoa».


Bizimodua

Elkarrizketatu ditugun hiru artisauek etxea dute euren lanaren erakusgarri, eta lantokia etxe. Irazuk kontatzen duenez: «Nik ez dut ordutegirik, oso bizimodu desberdina da.» Arriagak lana gozamen dauka, eta Gomezek aitortzen du horretan ematen dituela 8 ordu ez, 24 «eta eguna luzeagoa balitz, hobeto». Lotura eta askatasuna, biak ematen omen ditu ofizioak.

Euskal Buztingintza Museoa
Blanka Gomez markinarra duela 25 urte inguru etorri zen Elosuko (Araba) Ollerias auzora. Joxe Ortiz de Zarate herriko azken buztingilearekin 10 urtez ofizioa ikasi, eta maisuaren baserria behetik gora berregin zuen. Egun, beheko solairuan tailerra eta denda ditu eta goikoan museoa. 12.400 bisitari jasotzen ditu urtean.

Azoka nagusi batzuk
Errenteriakoa, maiatzean.
Getxokoa, maiatzean.
Euskal Denda. Durangon, liburu azokarekin batera.


Interneten


Artisauekin kontaktatzeko erregistroa, Eskuekin Artisautza Ikerketa Gunean:
www.eskuekin.net

Euskal Buztingintza Museoa:
www.euskalzeramika.com

Arriaga:
www.arriagaarte.com

Arbaso: Euskal Herriko Artisautza Tradizionala Sustatzeko Elkartea:
www.arbaso.com

Artisau produktuak saltzen dituen denda:
www.basandere.com

Arriaga, egur bereko ezpalak
Arriagatarren aitona bere kabuz hasi zen aroztegian lanean eta denborarekin tailerra jarri zuen. Aitak, Jose Maria Arriagak, tailer horretan ikasi zuen aitarekin. Eta Jose Pablo eta Enrike semeek egiten dute orain lan bertan. Jose Pablok Barakaldon arotzgintza ikasi zuen, eta gero Eskozian altzarien diseinuari buruzko master bat egin. Ondoren Bartzelonan beste altzarigile batekin lanean aritu zen. Itzultzean, aitaren tailerreko makineria dena berritu zuen, eta denda ere bai. Beheko irudian Jose Pablo, Jose Maria eta Enrike.


Tradiziotik sormenera

«Kaxetan, euren sinesmenak azaltzen zituzten gure arbasoek, eta nik ere nire mezuak altzaritan ematen ditut», dio Jose Pablo Arriagak. Beheko irudietan, ezkerrean, dakusagu Ganbara lana, baserrietako ganbarako atea eta eskailerak irudikatzen dituena. Zirrikituetatik argia sartzen da, eta barrukoa ireki nahia adierazten du. Erdikoak Kanporaketa du izena, eta eskuinekoak Garrasia. Altzaria eskultura bihurtu da.

Erlojua edo armairua den arbola
»Hasieran egurraren formatik abiatzen nintzen. Egurraren forman ikusten nuena landuz. Ez dakit egur formak edo burukoak bukatu zitzaizkidan, orain beste era batekoak ere egiten ditut. Gaztain enborrak berak forma oso bereziak ditu, orain urte batzuk izan zen gaitzak barrutik hustu egiten dituelako. Horrekin egiten ditut armairuak, erlojuak...».

K. Irazu

Euskal zeramika: praktikoa eta soila
Arkeologia indusketetan aurkitutako piezak aztertu, eta forma eta marrazki berekoak berregiten ditu Blanka Gomezek, eta batzuetan interpretatu ere bai.
Euskal zeramika oso soila da, ia dekoraziorik gabea eta beti izan du funtzioren bat, apenas dagoen objektu apaingarri hutsik. Buztin-kolore marroia, eta Bilboko portura ekarritako eztainuz egindako esmalte zuria dira bere koloreak. Eta dekoratzekotan, oxido kobaltoz egindako urdinaz eta oxido kobrez egindako berdez dekoratzen zuten. XVI-XVIII. mende artean dekoratu ziren gehien piezak, XIX. mendean, industrializazioarekin, ahalik eta gehien produzitzea izan baitzuten lehentasun.
Euren formagatik, irudiko hiru ontzi motak nabarmendu dizkigu Blancak: goiko irudiko katilu normal normala, betikoa, kultura denetan dagoena. Gure katiluak barrutik esmaltatuak izaten ziren eta kanpotik marroiak. Hori esmaltea aurrezteko egiten zuten, eta ezaugarri bihurtu da. Erdiko irudian dugu txakolin pitxarra: Likidoak bereizteko, forma desberdineko pitxarrak egiten zituzten, eta txakolinarena oso estua eta luzanga da. Eta behean, gerra garaiko postalean, ikus dezakegu pegarra: Pirinio osoan erabilitakoa, emakumeek ura ekartzeko burukiarekin buru gainean erabiltzen zutena. Ganadua ere iristen ez zen iturrietara eramateko apropos egindako forma dute.


Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude