Iraganeko zaborra egungo harribitxi

Unai Brea @unaibrea
2005eko irailaren 04a
Eguerdia da, baina zuhaitzetako hosto erraldoiek ez dute eguzkiaren argia iragazten. Oihana ilun dago, eta beroak eltxoak ere lokarrarazi ditu. Giza-aztarnarik ez da sumatzen, baina, halako batean, zuhaitz zabal baten atzean, harrizko tenplu zaharra agertu da. Gizona haraino doa, astiro, kontuz. Bidea segadaz beteta dago; okerreko soka zapalduz gero, pozoindutako gezi batek akaba dezake bidaiari ausarta. Zorua estaltzen duten dozenaka sugeetako batek, bestela. Azkenean, ordea, oztopo horiek eta are arriskutsuago batzuk gaindituta, gure gizonak bere helburua lortu du: tenplu barruan dagoen jainko baten estatua txikia da, giza-esku baten tamainukoa edo. Milioika dolar balio du. Poltsan sartu eta badoa bueltan, gezi eta suge artean, AEBetako museo baterantz.

Aurreko istoriotxoko protagonista, igarriko zenutenez, Indiana Jones da, munduko arkeologorik ezagunena, ospetsu bezain gezurrezkoa. Lehenik eta behin, Jonesek pelikula hasten den unetik daki zeren bila jardun beharko duen; benetako arkeologo batek, susmoak susmo, ez daki zer topatuko duen ikerketa bat abiatzen duenean. Bigarrenik, eta are garrantzitsuago, benetako arkeologoen helburua ez da objektu edo eraikin ikusgarriak aurkitzea. Ezta, sikiera, objektu edo eraikin apalak ere. Horiek tresna eta ondorio dira, baina ez helburu. Benetako arkeologoek ondare ukiezin bat bilatzen baitute: gure iraganari buruzko informazioa.

Zineari eta literaturari esker batzutan, eta komunikabideen eraginez bestetan, ohituta gaude arkeologia hitza aurkikuntza ikusgarriekin lotzen: hango piramidea, hemengo momia, tximino eta gizakien arteko lokarriaren garezurra... Baina oro har, indusketa arkeologikoen emaitzak ez dira horren txundigarriak izaten. Are gutxiago Euskal Herrian. Zibilizazio garatuenek utzi dituzte aztarnarik ikusgarrienak, eta gurean berri samarra da oraindik "zibilizazio garatu" kontzeptua. Nolanahi ere, badugu, gure apalean, "harribitxiren" bat.

Euskal Herrian "ikusgarritzat" jo ditzakegun aztarnategien artean, Ekain eta Santimamiñeko kobazuloak -bereziki, haien margoak- aipa ditzakegu; denboran hurbilago, aztarnategi erromatar garrantzitsuak daude Foruan (Bizkaia), Oiasson (Irun, Gipuzkoa) edo Arellanon (Nafarroa), besteak beste. Gogoan hartzekoa da, halaber, Bilboko Euskal Museoan ikusgai dagoen Mikeldi, zezen itxurako harrizko idoloa. Baina zalantzarik gabe, Gasteiz da gaur egun euskal arkeologiaren hiriburua, han daude-eta une honetako bi indusketa aipagarrienak: Andra Mariko katedralekoa eta Armentiako basilikakoa.

Aurreko belaunaldien «zaborra»

Salbuespenak salbuespen, Euskal Herriko indusketa arkeologikoetan, "aurreko belaunaldiek utzitako zaborra topatzen da gehienbat: zeramika puskak, hezurrak, txanponen bat...", Iñaki Garcia Camino Bizkaiko Foru Aldundiko arkeologoaren hitzak erabiltzearren. "Hortik aurrera, historia berreraiki behar da. Hori da helburua, eta ez museoetarako aleak topatzea. Dena dela, historia berrosatzeko datuak ez ezik, hiritarrek bisitatzeko moduko aztarna batzuk edo museo batean erakus daitezkeen gauzak aurkitzen badira, askoz hobe".

Aranzadi Zientzia Elkarteko Alfredo Morazaren ustez, arkeologiak osasun ona dauka gaur egun Euskal Herrian. "Orain 40 urte baino askoz gehiago industen da, eta baita orain 20 urte baino gehiago ere". Iaz, esate baterako, Gipuzkoako Foru Aldundiak 80ren bat indusketa egiteko baimena eman zuen. Bizkaian, berriz, 30en bat izaten dira urtero, eta Nafarroan, 50 inguru. Gipuzkoa hain nabarmen gailentzearen arrazoia, bide batez esateko, Aranzadi elkartea da; hark eskatzen -eta eskuratzen ditu- baimen gehien. Beste alde batetik, kantitateak ez ezik kalitateak ere gora egin du, Alfredo Morazak nabarmentzen duenez. Garai bateko kemenak -behar adinako ezagutza eta bitartekorik gabea askotan- profesionaltasunari utzi dio lekua, nonbait.

Edonola ere, ez da iker daitekeen guztia ikertzen. Esan nahi baita, arkeologoek ezagun duten aztarnategi bat baino gehiago ukitu gabe dagoela oraindik. "Bitartekoak falta dira, dirua falta da", dio Iñaki Garcia Caminok. "Eta bitarteko egokirik ezean, hobe da ikerketarik ez abiatzea. Ezin da ebakuntzarik egin ukuilu batean. Beraz, ez dugu ikertu ezagutzen dugun guztia, eta gainera ez litzateke komenigarria. Indusketa arkeologiko bat abiatzea ekintza suntsitzailea da berez. Liburu bat irakurri ahala orrialdeak kentzea bezalakoa da. Behin baino ezin da irakurri. Jatorrizkoa desegiten den bitartean apunteak hartzen dira, jakina, baina ezinbestekoa da apunte horiek ondo hartzea. Horregatik, zenbat eta gutxiago egin, hobe. Eta beti ere, ikerketa guztiek helburu argia eduki behar dute, hasiera-hasieratik".

Helburuak zehaztea ezinbestekoa izanagatik ere, ezinezkoa da ikerketa batean zer aurkituko den jakitea aldez aurretik. Dena dela, ustekabe gutxi izaten da. "Arkeologia, azken batean, zientzia da -dio Morazak-; aurretik dauden datuak aztertuta, jakin daiteke zer aukera dagoen leku jakin batean zerbait egiteko. Ezusteak izan daitezke, baina ez da arruntena, ez behintzat Euskal Herrian. Zorteak, beraz, badu eraginik, baina ez erabatekoa".

Arkitekturaren arkeologia

Agustin Azkarate Gasteizko Andra Mari katedraleko zahar-berritze lanak zuzentzen ditu orain dela ia hamar urte. Katedrala erortzeko zorian zegoela-eta, haren zolua altxatu dute guztiz, eraikinaren "gaixotasunaren" jatorria bilatu nahian, eta hantxe agertu zaizkie antzinako eliza biren eta garai batean Gasteiz inguratzen zuen harresiaren hondarrak, besteak beste. Baina hori euren lanaren ondorioetako bat baino ez da izan. Arkeologo talde honek ez baitio lur azpikoari soilik begiratzen.

Azkarate EHUko Arkitekturaren Arkeologia Ikerkuntza Taldeko burua da. Zuzentzen duen taldea arkeologiaren adar horretan oinarritu zen, hain zuzen, katedralaren zahar-berritzeari ekiteko. "Tradizioz, beti pentsatu da arkeologia zuloak egitea dela. Baina arkeologia aztarnen azterketa estratigrafikoa ere bada, eta nonbait ageri bada estratigrafia, eraikin historikoetan da. Arkeologiak berdin azter ditzake lur azpia edo eraikin bat".

Gasteizko katedralaren arazoari ekin aurretik, Azkarateren taldeak hari buruzko agiri historiko guztiak aztertu zituen. "Gaixoaren historia ezagutu behar da ebakuntza egin baino lehenago. Hala, katedralak hainbat æpatologiaÆ zituela ikusi genuen, denak historikoak, eta horiek konpontzen gabiltza. Hori da arkitekturaren arkeologia".

Legeek diotena

Leku askotan -hirigune historiko gehienetan, esaterako- ezin daiteke lurra mugitu aurretik azterketa arkeologikoa egin gabe. Hala ezarrita dauka legeak. Premiak eragindako ikerketa horiek dira, hain justu, Euskal Herrian gehien direnak. Ikerketak egiteko beste arrazoia jakingura hutsa da, baina Armando Llamosas Eusko Jaurlaritzako arkeologoak dioskunez "hemen gutxi ikertzen da ikertzearren". Beste horrenbeste gertatzen da Nafarroan.

Hego Euskal Herrian, lege desberdin bik arautzen dute ikerketa arkeologikoekin zer ikusia daukana. EAEk badu berea 1990etik. Nafarroan, berriz, Espainiakoa (1985ekoa) dago indarrean. Jesus Sesma Nafar Gobernuko arkeologoak azaldu digunez "gurea da, une honetan, Espainia osoan berezko legerik ez daukan erkidego bakarra, baina hori laster da aldatzekoa. Denbora dezente daramagu lege bat sortzeko lanean, eta uda ostean eramango da parlamentura onar dezaten".

Iparraldean, berriz, Parisko gobernuari atxikia dagoen Departamentuko Arkeologia Zentroak dauka ardura arkeologia kontuetan. Tamalez, ez diete gurekin harremanean jartzeko eskariei erantzun. Beraz, gutxi esan dezakegu Iparraldeko legediari buruz. Zerbait jakin ahal izan dugu, baina. Frantses legearen arabera, bere jabetzako lur eremuan ondasun arkeologikoa aurkitzen duen norbanakoa da ondasun horren ugazaba. Hala ere, ez dauka saltzeko eskubiderik, eta oso mugatua dauka haren erabilera oro har. Espainiako Estatuan, aldiz, administrazioa da ondasun guztien jabe bakarra, eta hiritarrek aurkitutakoa hari emateko beharra daukate. EAEn behinik behin, "diru-sari bat jasotzen da horren truke, baina oso gutxi da, objektuaren balio materiala besterik ez", Armando Llamosasek azaldu duenez.


Negozioa ere bada

Hego Euskal Herri osoan, legeak babespeko izendatu dituen gunetan lanen bat hasi aurretik, azterketa arkeologikoa egin behar da. Ingurune-inpaktu azterketek ere, ataltxo bat eskaintzen diote arkeologiari. Etxebizitzak erakitzen dituzten enpresa handiak ondo prestatuta egon ohi dira horrelakoetarako, baina etxean aldaketaren bat egin nahi duten norbanakoentzat zailagoa da. Beraiek kontratatu behar dute azterketa egingo duen enpresa -arkeologia, hein handi batean, negozio pribatua baita- eta, EAEn behintzat, administrazioak ordaintzen du lan horren erdia. Beste erdia etxeko ugazabaren poltsikotik ateratzen da. Azterketa horiek, gehienetan, ez dute bizpahiru aste baino gehiago irauten.

Aldundiek -Nafarroan, gobernuak- daukate azterketa horiei baimena eman ala ukatzeko ardura. Iñaki Garcia Caminok dioskunez, "arretaz begiratzen dugu zein enpresari eman, eta gero jarraipena egiten dugu. Zenbait baldintza bete behar dira baimena eskuratzeko: proiektu ona aurkeztea, araudia betetzeaà Bizkaian, berbarako, Historiaurrean aditua den batek ezin dezake indusketarik egin Erdi Aroko hirigune batean, eta alderantziz".

Babespeko 8.000 gunetik gora Hegoaldean

1990etik, Nafarroako Gobernuak herrialdeko aztarnategien katalagoa egiten du urtero. Arkeologia-enpresak bidaltzen dira herri guztietara, aztarnak bila ditzaten eta aurkitutakoa idatziz jaso dezaten. Gero, administrazioari dagokio haiek babestea. Gaur egun, 2.000 aztarnategi inguru daude katalogoan.

EAEn, Eusko Jaurlaritzak hiru taldetan sailkatu ditu babespeko guneak. Babes maila handiena ondasun kalifikatuek daukate: "Ehun inguru izango dira lurralde osoan", dio Armando Llamosasek, "berebiziko garrantzia daukaten lekuak". Sailkapeneko hurrengo maila ondasun inbentariatuek osatzen dute, hau da, "garrantzizko ondasun arkeologiko baten babes-maila normala dutenek". Multzo honetan daude hirigune historiko gehienak, esaterako; ehunka batzuk dira, guztira, EAE osoan. Azkenik, 6.000 inguru presuntzio arkeologikoko gune daude. Hots, gune "susmagarriak", babes gutxien dutenak. Lehenengo maila bietan edozein obra egin nahi duenak badaki, aldez aurretik, arkeologoa kontratatu beharko duela derrigorrez. Presuntzio arkeologikoko guneetan, berriz, aldundiek erabakitzen dute beharrezkoa den ala ez. Llamosasen ustez, "harrigarria izango litzateke zerrenda hauetan sartuta dauden lekuetatik kanpo ezer aurkitzea". Esan dugu lehenago ere: arkeologiak ustekabe gutxi ematen du Euskal Herrian.

Indusketak, zabalik ala itxita?
Gasteizko Andra Mari katedralaren zahar-berritzea eta Armentiako basilikaren berreskuratze-proiektua dira, seguruenik, gaur egun Euskal Herrian burutzen ari diren ikerketa arkeologikorik esanguratsuenetakoak. Ez-ohikoak ere bai, alderdi askotan. Horietako bat, jende aurrean eduki duten zabalkundea. Gasteizko katedralari, konparazio baterako, 400.000 lagun inguruk egin diote bisita orain hamar urte lanak hasi zirenetik.

Proiektu biak zuzentzen dituen Agustin Azkaratek adierazi digunez, egiten ari diren lana zabaltzea behar etikoa da. "Beti esan dugu diru publikoz egiten dena herriari itzuli behar zaiola era ulergarri eta, ahal izanez gero, jostagarrian. Normalean, lan-eremuak itxi egiten dira, eta gero politikariak joaten dira inauguratzera. Herritarrek ez dute jakiten zer egin den, urtetan zehar, beren diruarekin. Guretzat funtsezkoa da herriari etengabe azaltzea zer ari garen egiten, eta horregatik katedrala egunero egoten da zabalik".

Arkeologia-lanak ez erakusteak, normalean, arrazoi argia dauka: herritar arruntek lanok oztopa ditzakete. Hala da Gasteizko katedralean ere, baina Azkaratek ontzat ematen du galga hori: "Malgutasuna eta pragmatismoa behar dira. Geure lan egiteko era egokitu behar dugu: segurtasun-neurriak hartu behar ditugu, bisitarientzako ibilbideak maiz aldatu behar ditugu lekuz, gu lanean gauden aldetik ezin daitekeelako pasaà Lana ematen du, bai, baina guretzat -eta hau ez da demagogia, kontzientzia etikoa baizik-, jendea da protagonista nagusia".

Arkeologia munduan denak ez datoz bat Azkaraterekin. Iñaki Garcia Caminok dioenez, "egia da ez direla indusketak ezagutarazten; izan ere, arazo handiak daude hori egiteko. Kasu bakoitza desberdina da. Hemen ere, San Anton elizako indusketak egin zirenean, jendeari sartzen utzi genion epe labur batez. Baina beti ezin da. Ezin da Gasteizkoa edonon egin".

Laborategian ere badago zer eginik
Arkeologoentzat, laborategian egiten den ikerkuntza indusketan bertan egiten dena bezain garrantzitsua suerta daiteke, baina Agustin Azkarateren iritziz "askotan landa-lanari eman zaio lehentasuna -aurrekontuetan ere bai- laborategi-lanaren kaltetan, eta akats handia da hori". Azkarate bera jardunbide biak parekatzen ahalegintzen da. Egun bat ematen badu landa-lanean, beste horrenbeste arituko da laborategian. Baina hori ez ei da jarrerarik hedatuena.

Eta zertan datza laborategi-lana? "Informatika, gehienbat", argitu du katedradunak. Bada besterik: jasotakoa garbitu, neurtu, mikroskopioz begiratu... Datazioak laborategi espezializatuei eskatzen zaizkie, "oso prozesu zaila eta garestia da". Denetik aztertzen da laborategietan, baita arkeologiarekin lotu ohi ez ditugun gauzak ere: "Esate baterako, lurrean dauden aleak jasotzen dira, eta zer nolako nezakaritza zeukaten aztertzen da, zer jaten zuten, zer nolako basoak zeuden..."

Andra Mari katedralean ikus daitekeena
1- Gasteizko Andra Mari Katedraleko indusketetan agerian geratu den eliza zaharreko horma.
2- Etxeak zurezkoak zirenean zutabeak sartzen ziren ageri diren zulo horietan.
3- Indusketetan bi hilobi agertu dira. Bata hutsik; bestea gorputza barruan duela.

Paisaia, balizko ikergaia arkeologiarentzat
Arkeologiak adar asko eduki ditzake, eta batzuk ez dira batere jorratzen, Iñaki Garcia Caminoren ustez. "Gauza asko daukagu æzainÆ. Paisaia, esaterako. Oraindik ez da ikertu, eta historiari buruzko informazio-iturri bikaina da, aztarnategi arkeologikoak bezalaxe". Bizkaiko Foru Aldundiko teknikariaren iritziz, gaur egun dugun paisaia belaunaldi askoren ekintzaren ondorioa da: "Belaunaldi horiek euren arrastoa utzi dute bertan, eta arkeologoon lana garai bakoitzeko arrastoak aurkitzea eta ezagutzea da. Paisaia gizakiaren lanaren emaitza da ia mundu osoan, eta batez ere Europako Mendebaldean. Hortxe daude laborantza soroak, eta abar. Hala ere, Euskal Herrian ez da paisaiaren azterketarik egin apenas".

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!


Azkenak
Akabatzearen negozioa argitara

Hiltegietako irudiak publiko egiteak kaltea eragiten dietela jakitun, animaliak hiltzea negozio bilakatu duten arduradunek hermetismo handia ezarri dute hiltegien inguruan.


2018-10-21
Otegi eta Zapatero Txillarren elkartu dira, jendeari horrelako bilerak inporta zitzaizkionean bezala

Arnaldo Otegik eta Jose Luis Rodriguez Zapaterok ezkutuko bilera egin zuten irailean Elgoibarko Txillarre baserrian. Bileraren xedea “elkar ezagutzea” zela esan duten arren, ezker abertzaleko iturriek Beranduegiri esplikatu diotenez, bi politikariek beren buruari egindako omenaldia ere izan da.


2018-10-21
Legioko ahuntzak idatzi du Casadoren diskurtsoa

Oso gutxitan erabiltzen dutela-eta, Espainiako Legioak erabaki du bere desfileetan parte hartu ohi duen ahuntza, Cientocincuentaycinco, birziklatzea.


2018-10-21 | Adur Larrea
Ez hanka ez buru
Behingoz edo garaia da

"Mitxoletak nahi ditugu", pestizida guztiak orain debekatzeko aldarria

Urriaren 5ean milaka pertsona bildu dira Frantziako Estatuko hirurehun hiri eta herri baino gehiagotako udaletxeen aurrean, "Nous voulons des coquelicots" (Mitxoletak nahi ditugu) deialdiarekin bat egiteko. Bi urte iraungo duen kanpainaren antolatzaileek ez dute huskeria eskatzen: pestizida kimiko guztiak debekatzea eta oraintxe bertan. Bioaniztasunaren hondamendiari eta gizakien pozoiketari behingoz erremedioa jartzea aldarrikatuko dute hileroko lehen ostiraletan.


2018-10-21 | Amaia Lekunberri
Ruben Collio aktibista maputxea
"Macarena lurraren defentsan borroka egiteagatik hil duten lehenengo emakume maputxea da"

Ruben Collio maputxeak (Santiago, Txile, 1976) itsasoa zeharkatu du Macarena Valdés ekintzailearen hilketaz jakinarazi eta nazioartean babesa lortzeko, salatzen duenez Txileko Estatuaren baitan maputxeentzat justiziarik ez baitago. 32 urte zituela hil zuten Valdés Tranguileko bere etxean, beraien bizilekuan zentral elektrikoa eraiki duen RP Global enpresa transnazional austriarraren auto batetik mehatxatuak izan eta egun batera. Macarenaren bikotekidea zen Ruben Collio, eta... [+]


Nerea Arriola. Txantxarik ez umorearekin
"Umorearen izenean ez dira gauzak banalizatu behar"

Sarritan gertatu zaio Nerea Arriolari; azkena, uda honetan bertan: ezezagunak hurbildu zaizkio, zaleak, bera zelakoan Idoia Txoperena, Supertxope, euskal youtuber sonatua. Hura, baina, kanpaina politiko baterako propio pentsaturiko pertsonaia zen [Hiru Damatxo ideia faktoriak egin zuen kanpaina, Sortu alderdiarentzat]. Arriola, berriz, Supertxope gorpuztu zuen aktorea dugu. Eta erizaina. Eta bakarrizketa-egilea. Eta…


2018-10-21
Nerea Arriola Urberuaga (1988, Donostia)

Erizaina da lanbidez, baina antzerkian ibili da betidanik, Zurriolako Ikastolako antzerki-taldean. Berak eman die gorputza eta ahotsa Supertxope euskal youtuberrari eta Info7 irratiko Dolores Mujika Dolox pertsonaiari. Duela bi urte egin zuen lehen bakarrizketa, eta besteak beste, zeregin horretan dabil orain han eta hemen. Aurten bukatu du antzerki-prestakuntza, Donostiako Arte Eszenikoen Tailerrean (TAE).


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude