Instrumentuen sendagileak


2005eko uztailaren 10ean
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas
«Sokazkoen teknikariarekin pasako zaitut" esan digute… Halaxe deitzen diote Donostiako Erviti musika dendan soken limurtzearekin doinu egiten duten musika tresnekin lan egiten duen Jon Galarragari. Ez du bere burua luthiertzat, ez du inor mindu nahi, antza. Dioenez, luthierra sokazkoak konpondu eta egin ere egiten dituen pertsona da. Urtetan, luthierra izateko ikasketa bereziak egin dituena deitzen da horrela. Ez hori bakarrik, "gitarrak egiten dituena ere luthierra da" argitu digu, ofizioaren orotarikotasuna islatu nahian.

Luthier izenak lautea instrumentuan du jatorria. Lautea jatorri arabiarra duen musika instrumentua da, Europako aristokraziak geroago hartu eta musika kultuaren adierazgarri bihurtu zuena. Hasieran edozein musika tresna konpontzen zuenari deitzen zitzaion luthierra. Arotzak eta egurrarekin lan egiten zuen jendea izaten zen lanbide honetan aritzen zena, baina denborarekin profesionalizatu egin ziren eta harizko musika tresnak konpontzen zituztenei baino ez zitzaien hala deitzen.


Pasio barrokodun arotzak

Jon Galarragak txistua, dultzaina eta alboka jotzen ditu; musikaria bada izan, baina ustekabean hasi zen lan honetan. Orain 15 urte ez Euskal Herrian ez Espainian ez zen lan honetan aritzen zenik. Horregatik, dendan saltzen zituzten musika tresnei konponketa txikiak egiten hasi zen. Modu horretan, musika tresnak ez zituzten zertan atzerriko fabriketara bidali. Kontua da, oraindik ere, oso musika tresna gutxi sortzen dela hemen eta gehienak kanpotik ekarri izan dituztela beti. Konponketak egiteko kanpora bidaltzea garesti izaten da oso eta, beraz, halabeharrez lan honetan hasi behar izan zuen. "Gustatu behar zaizu hala ere, eta baita eskua izan ere, artisau arima behar duzu azken batean".

Horretan bat dator Alipio Guinaldo. Guinaldok Jonen tailerraren albo-alboan du berea. Txikitandik Donostian bizi izan den salamancar honek haizezko instrumentuak konpontzen lan egiten du, bai egurrez egindakoak, baita metalezkoak ere. Saxoa ikasteko saiakera egin duen arren, musika ezagupen gutxi duela onartu digu.

Hegazkinen mekaniko eta delineatzaile izateko ikasi zuen berak, baina San Sebastian egun baterako danborrak egiten hasi eta dagoeneko 23 urte daramatza tailerrean lanean. Hiru milioi pezeta balio duen fagota eskuetan hartu gaitu; 15 milioi pezeta balio duenik ere konpondu behar izan du. "Hau musikarien luzakin moduko bat da. Izugarri estimatzen dute euren instrumentua eta Formula 1ean ibiltzen direnentzako auto mekanikoa dena gara gu eurentzat", kontatu digu barre artean. Euskadiko Gazte Orkestrakoek, aurten Txinara egin duten bidaiara joan aurretik, zorte ona opa ziezaieten eskatu omen zieten. "Zer egingo dugu zuen laguntzarik gabe?" galdera eginda joan ziren hara.


Mekanika arte bihurtzen denean

Askotan, musika tresnak fabrikatik ekarri eta puntuan jartzea izaten da hain zuzen ere egiten duten lana, mekanikoak bailiran: biolinen zubiak martxan jarri, ziriak gogortu, arimak bere lekuan jarri… Lehen sorospen horiek ikastera, Bartzelonako lantegi batetara bidali zuten Jon Galarraga. Pixkanaka konplexutasun handiagoko gauzak eskatzen hasi zitzaizkion dendan eta orduan Alemaniara egin zuen bidaia, bertan nola lan egiten zuten ikustera. Han sokazko instrumentuen fabrikazio prozesu osoa ezagutu zuen. Hori izan da bere eskola, eta baita Alipio Guinaldorena ere.

Eurak hasi zirenean ez zen orain diren luthier eskolen antzekorik, ez Euskal Herrian behintzat. Praktikak egin ditu maisu. Are gehiago, Guinaldo maisu ez, irakasle ere egin da. Musikenen irakasten die egun, musikako goi zikloa egiten ari direnei nola zaindu euren instrumentuak. Instrumentuen mekanika eta mantenua da ikasgaiaren izen teknikoa eta derrigorrezko ikasgaia da gainera etorkizunean musikari profesional izango direnentzat. Asmoa musikariek euren instrumentuek izaten dituzten kalte txiki horiek euren kasa konpontzen irakastea da, orain artean musikariek ez baitzekiten "zer zen" eskuetan zutena, "behatzak jarri eta jo, besterik ez zuten egiten", dio Guinaldok. Orain, zein pieza dituen, nola muntatzen diren eta soinua zergatik sortzen duen ikasten dute, bere laguntzarekin.


Profesionalen eskasia

Profesional gisa, oso jende gutxi ari da instrumentuak konpontzen Euskal Herrian. Bilboko Juan Crisostomo Arriaga musika kontserbatorioan da Euskal Herriko luthiergintza eskola bakarra. Bertan, hiru urtez fisika akustikoa, matematika eta kimika ikasten dituzte, besteren artean. Patxi Atozki Iruñeko luthierrak hantxe ikasi zituen luthier izateko lehen lezioak. Handik Italiako Cremona hirira jo zuen, luthiergintzan gehiago trebatzeko. Musikaria da bera eta artisautza ere gustuko zuen. Iruñean den antzineko tailer batean ari zen lanean, musikarekin zuen afizioak ofizio hau aukeratzea erabaki zuenean.

Ikasketa horiek beharrezko ikusten ditu berak, baita biolina jotzen jakitea ere, gutxienez, biolinaren soinua ezagutzea. Hori gabe, zail egiten zaio hainbat konponketa egin daitezkeela sinestea. Italiako esperientzia ere oso lagungarri izan zitzaiola nabarmendu du, han luthier asko ezagutu baitzuen eskolan eta lantegi batean ere aritu zen Stradivarius eta beste maisu handien sehaska den hirian, sekretu txikiak ikasten.


Kalitatea vs kalitatea

"Orain 40 biolin egin eta gutxi gorabehera gehienak dezenteak izaten dira. Kalitatea estandarra izaten da. Lehen ez zen ziurtasun hori izaten, baina 40 horietarik bat ona irten eta paregabea izaten zen. Hori da diferentzia", dio Jon Galarragak. Hala ere, instrumentu zaharrei dutena baino balio handiagoa ematen zaiela uste du.

Orain ere badira eskuz lan egiten jarraitzen dutenak, baina kapritxozko pieza moduan egiten dituzte instrumentu horiek eta prezioa ez da konpetitiboa izaten gainera. Horietako bat da Atozki iruindarra. Atozkik ere, Ervitikoek bezala, konponketak egiten ditu batez ere, baina gustuz harizkoak zaharberritzen aritzen da. Urtean pare bat biolin ere eraikitzen ditu eta baita saldu ere. Hala ere, onartzen du hauen prezioa ez dela batere lehiakorra egungo merkatuan.

Egurrezko instrumentuen munduan, onak artesanalak izaten jarraitzen dute, profesional hauen arabera. Euren ustez makinek ezingo dute eskuen lana ordezkatu, ez behintzat kalitatezko soinu bat lortu nahi bada. Teknologia berriekin eta teknika modernoekin, gauzak erraz konpontzen direla onartzen dute, baina instrumentuek eskatzen duten mimorik ez diete ematen.


Eskola baten beharra

Egile batzuek ez dituzte euren sekretuak ezagutzera eman nahi. Hori ulertzea kosta egiten zaie elkarrizketatu ditugun artisau hauei, horregatik, tailerrera doan edozeini, dakizkiten guztiak erakusten dizkiote.

Langileok argitu digutenez, atzerritar asko etortzen da bere burua laguntzaile bezala eskaintzera. Bertakorik apenas. Bertakoek gainera, kanpora jo behar izaten dute lehenago edo beranduago, ofizioaren ikasteko. Musikari gero eta gehiago izanik, teknikari gehiago ere beharko dira eta, horrenbestez, Euskal Herriko musika konpontzaile eskola on baten hutsunea sumatzen dute.

Cremona Luthierren sehaska
Cremonan bildu ziren talenturik handienak. Hiru dinastia izan ziren: Amati, Guarneri eta Stradivarius. Zalantzarik gabe, azken hauek izan dira denetan handienak. Stradivarius familiaren lana, luthiergintzari dagokionean, mugarritzat hartzen dute askok. Familia hark sekretuak, baina, hilobira eraman zituen eta ordutik ez du inork halako izen eta osperik izan, ez eta haiek asmatutakoen errezetarik berreskuratu. Hori bai, haiek egindako biolinak ez ditu inork ahazten, are gutxiago enkanteetan horiekin aberasten direnek.

Ofizioa arte

Errenazimenduan hasi zen luthierren lana garrantzia hartzen. Bi arrazoi nagusi dira: bata, ordura arte, ahotsak zuela garrantzia konposizio musikaletan eta instrumentuek lagundu baino ez zutela egiten. Orduan hasi zen musika instrumentala ere indarra hartzen eta ondorioz luthierren lana beharrezko bihurtzen. XVII. eta XVIII. mendeetan ofizioa arte bihurtu zen. Ospe handia hartu zuten luthierrek eta eskola eta talentu asko sortu zen; batez ere, Espainian, Alemanian, Frantzian eta Italian.


Azkenak
Hegazkinez bidaiatzea trenez baino 26 aldiz merkeago izan daiteke Europan

Europa barruan hegaldiak hartzea trenez bidaiatzea baino 26 aldiz merkeagoa izan daiteke, 31 herrialdetako 142 ibilbidetan oinarritutako Greenpeaceren ikerketa baten arabera. Hegaldien zerga pribilegioei egotzi die desparekotasuna, eta trenbidea merketzeko neurriak eskatu ditu.


Belfasteko Kneecap musika taldea jo-puntuan: epaiketak, zentsura, jazarpena...

Israel Gazan egiten ari den genozidioaren aurkako mezuak adierazteagatik mota askotako errepresioa jasan du Irlandako Kneecap musika taldeak: Liam Óg Ó hAnnaidh kidea asteazkenean epaitu zuten, Londresen emandako kontzertu batean Hezbollah miliziaren bandera... [+]


Gutxieneko soldata propioaren alde 138.495 sinadura lortu dituzte sindikatuek

ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek aurkeztu dituzte Herri Ekimen Legegilearen sinadurak Eusko Legebiltzarrean. Orain pilota alderdien teilatuan dagoela esan dute, eta herritarren borondatea kontuan izatea eskatu diete.


Gazako genozidioan hildakoen %83 zibilak dira, Israelgo armadaren datuen arabera

Israelgo armadaren barne agiri batean agertzen diren datuek diote Gazan hil dituzten sei palestinarretatik bost zibilak direla, azken hamarkadetan aurrekaririk ez duen sarraskia izanik. Israelgo zerbitzu sekretuek maiatzean zioten armadak Hamaseko eta Jihad Islamikoko 8.900... [+]


Sexu erasoak “kopuruz eta intentsitatez handitu” dira Bilboko Aste Nagusian

Bilboko Konpartsek elkarretaratze jendetsua egin dute Arriaga Antzokiren aurrean azken egunetako eraso sexisten aurka egiteko. Konpartsek adierazi duten arabera, erasoak kopuruz eta intentsitatez handitu dira. Aste Nagusiaz gozatzera gonbidatu dituzte herritarrak, eta... [+]


Kartzelan jaioa eta Israelek eraila adin nagusitasunera iritsi aurretik: Youssef Al-Zuqen historia

Youssef Al-Zuq munduko preso gazteena izandakoaren bizitza Gazako zigor zikloaren ikur da. Al-Zug 2008an jaio zen kartzelan, ama atxilotu eta epaiketarik gabe espetxeratu ondoren. Uztailaren 12an hil zuten Israelen bonbardaketa batean.


Oporrak ere gaixotasun?

Abuztua heldu zaigu, irakurle. Oporretan zaude eta zuretzako denbora gehiago daukazu? Edo agian ez daukazu denborarik, oporrak planez bete dituzulako? Edozein modutan, kontuz! Egungo bizimoduaren psikologizazioak edonon sailkatzen ditu sindrome berriak, eta oporraldiak ez daude... [+]


Txikiren eta Otaegiren mural bati eraso egin diote Durangon

Durangoko Ernaik salatu du Txiki eta Otaegiren muralaren kontrako erasoa. Ostegun arratsaldean murala berregiteko dei egin dute.


Nazien kontzentrazio esparruetan palestinar zapia ezin dela jantzi ebatzi du Alemaniako epaitegi batek

Turingia estatuko Auzitegi Gorenak ebatzi du Buchenwald konzentrazio esparruko memorialak eskubidea duela kufija daraman edonori sarbidea ukatzeko, "judutar ugariren segurtasuna" arriskuan jarri baitezake.


AEBek beltzez margotu dute Mexikoko mugaren hesia haren tenperatura igo eta migratzaileak pasatzea saihesteko

Mexikoko mugako hesia beltzez margotu du AEBetako Gobernuak. Lehenengo brotxakadak ematera bertaratu da Segurtasun Nazionaleko idazkaria bera, Kristi Noem. Neurri horren bidez, hesiaren tenperatura igo nahi dute, eta horrela migratzaileen pasabidea zailtzeko.


Ibai Iturria Garmendia, mendi gidaria
“Jende asko ez da modu egokian joaten mendira, kezkagarria da”

Garmendi mendi gidaritza zerbitzuaren bitartez zeharkaldi eta ateraldiak antolatzen ditu Ibai Iturriak. Argitara eman diren datuekin kezkatuta, mendian "kontzientziaz eta arduraz" jokatzearen beharra azpimarratu du.


2025-08-21 | Gedar
Zumaiako Bedua jatetxeko esplotazioaren testigantza gehiago bildu dituzte

Ez kobratzea, nagusiaren senideen etxeak garbitu behar izatea, lantokian lo egin behar izatea, irainak... Luxuzko jatetxeko esklabotza-baldintzen lekukotzak argitara ateratzen jarraitzen dute Urola Kostan.


Israelek Gaza hiria okupatzeari ekin dio, Hamasek azken su-eten proposamena onartuta ere

Erakunde palestinarrak astelehenean jakinarazi zuen ohar batean Egiptoko eta Qatarreko bitartekariek proposatutako su-eten akordioa ontzat jo duela. Israelgo armadak, ordea, dagoeneko inguratuta dauka Gaza hiria, eta han dauden palestinarrei urriaren 7ra arteko epea eman die... [+]


Eguneraketa berriak daude