Boni Aldaia: «Drogak beste ezer ez daukazunean zapaltzen zaitu»

  • Albitxuri Handia harria nongoa? Hangoxea da Boni. Aitari gordoa tokatu omen zitzaion, 45.000 pezeta, eta ostatua erosi zuten Donostian. Hamar urterako tabernan txikitoak zerbitzatzen zituen, hamaika urterekin dominoan jolasten zuen, hamabirekin musean... Baina kartak dominoak balira bezala bota, eta mundua deskubritzeari ekin zion. Berrogeita hamazazpi urtera gazte-gazte iritsi da, dabilen harriari ez omen zaio goroldiorik lotzen.

2005eko uztailaren 03an
Nola bihurtu zinen hippy?
Beti eduki izan dut beharra ezberdina izateko. Behintzat ez berdina izateko. Integrazio osoari beldurra diot, eta espazio bat markatu behar dut goizetan esnatu eta lotsagabeagoa izateko. Nire buruari esaten diot: "Boni, arraioa, ezin dizute irabazi! Txikia da, baina badago zure bizitzaren partzela bat zurea dena, beraz jantzi zaitez nahi duzun bezala, egin ezazu nahi duzuna".

Horregatik alde egin zenuen Parisera 68an? Zure partzela handiagoa zen Parisen Donostian baino?
Hamasei-hamazazpi urterekin ikusi nuen nik ez nuela tabernan zer eginik. Amak 2.800 pezeta eman zizkidan, eta lagun batekin Parisera joan nintzen. 68ko maiatza egokitu zitzaigun, baina ni ez nintzen iraultza egitera joan, sexu eta kanuto bila baizik. Manifestaziora joaten nintzen han harrapatzen ninduelako eta joateko adinean nengoelako. Parisen ia bi urtean egon nintzen, lanik egin gabe biziz. Batzutan metroko sarreran eskean ibili, bestetan neska lagun frantses bat egin eta haren etxera joan... Baziren moja batzuk Saint-Pierre auzo juduan, hara joanez gero jateko zopa moduko bat ematen zuten, eta lagunak eta nik beti esaten genuen: "Mojengana joan beharko dugun egunean itzuliko gara etxera". Baina ez zen horrelakorik gertatu.

68ko maiatza bizi izan duten guztiek beraien bizitzan mugarri bezala kontatzen dute. Zu zertan aldatu zintuen?
Ni, nolabait, han hasi nintzen nire filosofia propioa mamitzen: gauzekiko kuriositatea. Kuriositatez mugitzen hasi nintzen, gauza berrien bila, deskubritu nahian. Zorionez ez zegoen inolako droga gogorrik eta ez nintzen bide horretan erori. Baina handik Marokora joan nintzen, Chauenera. Chauenen, urte betean, uzta guztia erre nuen. Zer egingo genuen bada? Hippyak ginen, komuna batean bizi ginen, dena elkartrukatzen genuen, eta egun osoa hondartzan pasatzen genuen erre eta erre. Tira, erre eta larrua jo. Handik bueltan Torremolinosetik pasa nintzen. Eta Torremolinosen bazegoen diskoteka bat Peepers izena zuena. Nire bizitzan ikusi nuen lehen diskoteka. Diskoteka hartan gogoak zeuden. Eta ni nola hippya nintzen eta ez neukan duro alu bat ere haiekin dantzan hasi nintzen. Diskotekako jabea etorri eta uda guztian han gogo bezala gelditzea eskaini zidan. Ez dakit ez ote zen egunekoa mila pezeta podiumean dantzatzegatik. Nik baietz, eta gogoa izan nintzen nire bizitzako lau hilabetetan.

Eta noiz integratu zinen, ezinbestean, tropelera?
Etxera itzultzean mezulari hasi nintzen aseguru enpresa batean. Bestalde miss Benidorm izandako neska bat ezagutu nuen, eta harekin alaba bat eduki. Orduan lotuta gelditu nintzen. Lastima da, ez nuen hori egin behar. Bizitzen segitu izan banu askoz hobe nuen. Baina orduan ez zen ulertzen ez integratzea. Eta nire frustraziorako, kurios izateari utzi eta sistema baten barruan sartu nintzen. Baina ez betirako. Handik bederatzi urtera, neska harengandik bereizi eta bidaiatzeari ekin nion.

Bidaiatzea gizartetik alde egiteko modu bakarra zen?
Ez dakit, niri txikitan amak bidaia izugarriak kontatzen zizkidan ipuinetan, eta haiek utzitako arrastoagatik hasi nintzen bidaiatzen. Hego Amerikara joan nintzen, Argentina ezagutu nuen, Brasil ere bai, Dominikar Errepublika, Txile, Afrika osoa ezagutzen dut, Maroko, Tunez, Aljeria, Kenya, Somalia, Europako leku asko ere bai. Aurten berriz Afrikara noa, Kenyara. Ezin naiz bidaiatu gabe bizi, leku bakoitzera joaten naizenean maitemintzen hasten naiz, lekuek maitemintzen naute.

Miguel de la Quadra Salcedok dio nerabezarotik heldutasunera pasatzeko denek egin beharko luketela iniziazioko bidaia bat. Zer diozu?
Ados nago, nire ustez gazteak bidaiatu egin behar du. Bidaiatzeak zure kuriositatea pizten du, konturatzen zara ez dakizula ia ezer. Eta orduan bi aukera daude: edo beldurtu, edo bila hasteko motibatu. Nik uste gazteriak bizitzaren kontzeptua aldatu egin behar duela, eta aldatu baloreen eskala. Ez dut esan nahi ni ez naizenik burgesa, alderantziz, ni nahiko pijoa naiz, baina oraindik ere badut espiritu erromantiko bat. Eta orain espero dudan bakarra da nire alabak beren kasa bizitzeko gai izatea, dena utzi eta bidaiatzen hasteko. Nire bizitzaren eskala ideala horixe litzateke: bederatzi hilabete kanpoan eta hiru etxean. Bizitzan denetik egin behar baita, denetik lana izan ezik. Sistema bat bilatu beharko litzateke bizi ahal izateko gauza pila bat eginez, baina lanik egin gabe.

Oraindik ere hippy izaten segitzen duzu?
Bai, hori betirako da. Eta nire etorkizuna hippy izaten segitzen ahalko dudan leku bat aurkitzea da. Orain banitatez Harley Davidson bat daukat, gizarteko parte naizelako eta nik gizarte horrek ematen dizkidan gauzekin disfrutatzen dudalako. Jatetxe handi batera afaltzera joatea noski gustuko dudala, eta sagardotegira joatea ere atsegin dut. Baina biharko egunean nik ez dut ezertarako beharko Harleya, edo ez dut ezertarako beharko jatetxe handi bateko afaria, nik behar dudana da bidaiatzea, bidaiatzea jendearekin hitz egiteko. Ez hainbeste paisaiagatik, gehiago interesatzen zait jakitea nola hitz egingo dudan peruarrarekin, zertaz hitz egingo dudan dominikarrarekin.

Hippy beti izango zara, baina pentsatzen jarri, eta 68ko amets haiek, bide haiek, non gelditu dira?
Hura galdutako gerra bat izan zen. Anekdota baten bidez erakutsiko dizut. Nire lehen emaztearekin Oiartzunen bizi nintzenean, baserri batean, ez zegoen orain bezalako hozkailurik. Westinghouse markako hozkailu batzuk ziren, ate trinko luzexka bat, motor txiki bat azpialdean, eta palanka handi bat. Mamut inauguratu zenean, hara jaitsi nintzen eta bi litroko Coca Cola botila bat erosi nuen. Hozkailura heldu nintzen, baina han ez zegoen bi litroko Coca Cola botila hura sartzeko leku egokirik, etzanez gero tanta dariola hasten zen, zutik ezin sartu. Kanutoak itsutzeraino erretzen genituen egun horietako batean, pentsatzen jarri eta nire lagunei esan nien: "Jarri iezaiozue arreta multinazionalen indarrari. Coca Cola botila ez da hozkailuan sartzen. Baina ikusiko duzue, denborarekin hozkailua aldatuko da, ez Coca Cola botila". Eta egia da. Orain Coca Cola zutik sartzen da hozkailuan. Horrekin esan nahi dut 68ko maiatzeko gerra hartan ez genuela zer eginik, sistema halako moduan garatuko zen denei lau buelta emanaz bukatuko zuela, eta azkenean hozkailua aldatuko genuen Coca Colagatik. Nahiz eta hozkailuak izugarrizko prezioa izan, eta Coca Colak hutsaren parekoa. Coca Cola indartsuagoa izan da Westinghouse baino. Beharbada Westinghouse ere multinazional bat da eta adibidea ez da erreala, baina filosofiak zer bide egin duen ikusteko balio du.

Gatozen zure gaur eguneko lanera. Kontzertu handientzat aseguruak egiten dituzue. Musikarako gustua, betidanik?
Noski. Dena gustatzen zait niri, antzerkia, musika, dena. Gutxi gustatzen zaidana gure musika da. Ez garelako batere kreatiboak. Begira, musika zeltarraren arrakasta, galiziarra izan arren unibertsal bihurtzetik dator. Eta guk musika euskaldun-euskalduna egiten segitzen dugu, euskaldunok euskaldunontzako. Musika euskalduna baina unibertsala egin beharko genuke.

Hori nola egin liteke?
Adibidez heavy izateari utziz. Ez du balio euskaraz Metallica, AC DC edo Scorpions imitatzeak. Guk baditugu gure instrumentuak, eta badugu mundura zabaltzeko modua. Ez dago musika yankia egin beharrik, Amezketakoa izan behar da eta horrek berekin dituen eragin guztiekin sortu musika, baina ez Amezketarako bakarrik.

Euskaraz kantatuz mundura zabaltzea zaila dela esaten dute.
Egia da komunikabideek izugarri eragiten dutela, baina kontzertuetara doan gehiengoak ez daki hitzik ingelesez. Beatlesek milioika disko saldu zituzten, berdin Rolling Stonesek, eta guk ez genuen ingeles ideia zipitzik ere. Eszena, erritmoa, musika... hori dena zen. Lehenik Rollingek konbentzitzen zintuen eta gero itzulpena irakurtzen zenuen.

Rolling Stones eta Beatlesak aipatu dituzu. Zurekin lan egin duten taldeen zerrenda ere harrigarria da...
Bob Dylan, Rolling Stones, AC DC, Metallica, Madonna, Frank Sinatra, David Bowie, Bryan Adams... horiek denak ezagutu ditut.

Urte honetan zein dituzue agendan?
Shakiraren bira osoa, Joan Luis Gerra, Elton John, U2, Bruce Sprinting dagoeneko egin dut, Lenny Kravitz ere bai, Carlinhos Brown, Amaral, Andy&Lukas, Alice Kooper, Scorpions... Handi denak pasatzen ditugu.

Musikari asko eta handiak ezagutu dituzu gertutik. Esaten dute artista bat miresteko, onena, pertsonalki ez ezagutzea dela. Egia da?
Musikarien artean arraro asko dago, baina baita sekulako pertsonaiak ere. Joaquin Sabina adibidez oso hurbiletik ezagutu dut, eta munstro bat da. Garai batean gaizki egon zen, baina orain zorionez hobeto dago, berak ere aitortu du, beraz, esan daiteke. Sabinarekin parranda bat egin nuen nik Galizian. Orduan ez zuen lorik egiten, eta kontzertuaren ondoren kopa batzuk hartzera joan ginen. Asko gustatzen zaio prostituten mundua, ez prostitutak berak, baizik eta prostituten mundua. Ez zen prostitutekin oheratzen, baina han ibiltzen zen. Gainera orain prostituta denak hego amerikarrak dira eta ez dute Joaquin Sabina ezagutzen, horretaz bera beste bat gehiago zen, eta ez dakizu zein ongi pasatzen zuen gizonak: kantatu, dibertitu, goizeko bostak, seiak, zazpiak aldera arte hantxe ibili ginen. Oso pertsonaia aberasgarria da. Nik uste Espainian bi pertsona bakarrik daudela kontzertua betetzen dutenak, jainkoak dohain hori eman dielako: Joan Manuel Serrat eta Joaquin Sabina. Serrat utzi ezazu bakarrik oholtza batean eta oholtza bete egiten du, ez dauka beste inoren beharrik. Sabinak berdin. Bi horiek magikoak dira, beraiekin hizketan txundituta egotekoak.

Droga aipatu duzu. Garai batean musika, droga, alkohola, gaueko mundu horrekin oso lotua ikusten zen. Gaur eguneko musikariak nolakoak dira?
Denetik dago. Lehen nik uste denek probatu zutela denetik, kuriositate hutsez, beste mundu baten bilaketa zen. Beste mundu horretan inspirazioa ere bilatzen zen. Baina argi dago ez dagoela hor inspiraziorik. Kokainak eta anfetaminak ez zaitu inteligenteago egiten, hori gezurra da, desegin egiten zaituzte. Zorionez, gaur egun esango nuke kontzientzia gehiago dagoela, eta drogarekin jolastu egiten dela jendea. Izan ere, zure bizitzan ideal bat baldin badaukazu drogak ez zaitu akabatzen. Drogak beste ezer ez daukazunean zapaltzen zaitu.

Irrati tertulietan ere parte hartzen duzu Onda Ceron. Donostia ez omen duzu oso hiri begikoa, zergatik?
Ni irratira horregatik iritsi naiz, hiri hau etengabe eta lotsagabeki kritikatzeagatik, eta batik bat klase politikoa kritikatzearren. Donostiak aisialdirako hiri bat izan behar luke, eta hiri balnearioa iruditzen zait. Politikoaren obligazioa da herritarra ilusionatzea. Baina orain pertsonaia politikoen kasta bat sortu da. Dena beraien artean banatzen dute, eta boterean finkatzea da nahi duten bakarra. Ez dute batere arriskatzen. Eta hori dela eta, hiri honetan ezin da gauez bizi, hiri honek ez du ilusiorik, ez du proiekturik. Politikoak jende helduaren eskutik bizi dira. Egunean-egunean gero eta jende heldu gehiago dago, eta orduan, jende heldu hori zaintzen dute hor boto gehiago dagoelako. Eta erabat ahazten dute botorik ez duen jendearen problematika osoa.

Adin batetik behera debekatua dagoen bezala, adin batetik gora boto eskubidea kendu beharko litzateke?
Noski baietz. Sistema honen bidez lortzen ari garena da gazteria ez inplikatzea, galarazi egin diegu hori. Ez dute zer eginik, beraz zertarako borrokatuko dute. Baina mugitu egin behar dira, hiri hau astindu, lekuak behar dituzte. Ezin dira Illumbe bezalako ghetto batean egon, hori gure gainetik kentzea da. Non sartuko ditugu? Illumben, urruti, han ez dute trabarik egiten. "Bai, bestela gauez zarata ateratzen dute eta pixa egiten dute". Eta zer uste duzu, munduko gainontzeko lekuetan ez dela gertatzen hori? Hiri honetan kendu egin dute Ondarretako zinea, besteak beste, suak pasa eta gero zarata ateratzen zuelako. Aste nagusi batean, gauerdian, soinua ateratzen duela, kopeta behar da gero! Sagueseko kontzertuekin ere gizon bat kexatu egin da geltokiko etxeetatik, Sagueseko soinua ibaitik barrena iristen zaiolako. Besterik ez genuen falta! Urumeatik barrena soinua iritsi? Gizon horrek ez du Donostian egon behar horrek NASAra joan behar du lanera, entzumena hain du garatua! Barre egin ezazu gero animaliekin ekaitza datorrela entzun egiten dutelako. Gizon horrek bai entzun!

Irrati tertulietan gehienbat zezenketez hitz egiten duzu. Begira Bartzelonari zer gertatu zaion, zezenketen aurkako hiri izendatu dute. Denborarekin, zezenketena ez al da izango beste gerra galdu bat?
Zezenak sufritu egiten omen du, eta ingurugiroa kutsatzen. Bada Bartzelonan urtean sei milioi zerri hazten dira, eta horiek 15 milioi metro karratu minda sortzen dituzte. Horrek 200 milioi lagunek beste kutsatzen du. Zerri bati jaio bezain laster letaginak, buztana, eta barrabilak mozten dizkiote. Hilabete baten buruan bere amarengandik bereizten dute, eta lau hilabetean loditzen edukitzen dute, bosgarren hilabetean, aurreikusita eta kalkulatuta, ehun kilo pisa ditzan. Ehun kilorekin hil egiten dute. Alegia, gajo horri sortzen denetik hiltzen den arte senperrak pasarazten dizkiote. Itxita dago, ez du askatasunik, ez du bere ama ikusten, orduak erregulatzen dizkiote, argia aldatzen diote. Ez dakit zezenak gehiago edo gutxiago sufritzen duen, baina Bartzelonako gizon horiek uste duzu manifestaziorik egin dutela zerri haztegien kontra? Nola egingo dute bada, milioiak eta milioiak mugitzen dituen industria baldin bada? Hara, nik zerrien psikologiari buruz ez dakit ezer, eta zezen psikologiari buruz ere ez, baina nahiko garbi dago zerriek zezenek baino gehiago sufritzen dutela, eta kutsatu ere bai, beraz nik defenditzen dudana da, edo sistema aldatzen dugu eta denak begetariano bihurtzen gara, edo hipokrita batzuk gara.

Esango dizute arazoa dela sufrimendu horrekin espektakulu bat egitea...
Ados nago horrekin. Baina espektakulu horri esker lortu da arraza ezberdin bat bizirik mantentzea. Gure lurrean mila urtetik gora dituen arraza da Betizuena. Esango didate, baietz, baina arraza aldatzen joan dela. Noski aldatzen joan dela, dena bezala, zerria ere bai, oiloa ere bai, babarruna eta baina ere bai, dena aldatu da! Baina zorionez zezenak lortu du espektakulua haragia baino garestiagoa izatea. Baserritarrak diru gehiago jasotzen zuen espektakuluagatik haragitarako salduta baino, eta horri esker mantendu da arraza. Animalia horrek sufritu egiten duela? Bai, pizti batek bezala sufritzen du bere bizitzako hogeita bost minututan. Ni ez nator bat minaren aurrean zezena hazi egiten dela esaten dutenekin. Baina badakit zezenak horra iristeko lau urte eta erdi pasatzen dituela zelaian. Azkenean, hogeita bost minutuan sufritzen du, eta hil egiten da. Zerriek bizi dutena ikusiz, zerk konpentsatzen du? Arazoa da zezenketenak konnotazio politikoa duela, festa nazionala baita. Baina zertaz ari gara hizketan, politikaz edo animalien aurkako tratu txarrez? Zeren eta tratu txarrez ari bagara, nik hemengoei esan izan diet joango garela Astigarragara, sagardotegietara, animalien aurkako tratu txarren kontra manifestatzera. Txahala ere izorratuta edukitzen baitute bizitza guztian.

Bat gaizki egoteak ez du esan nahi bestea ongi dagoenik...
Ados nago, baina nik Bartzelonakoei esango diet lehenik Bartzelona zerrien aurkako izendatu behar dutela. Lehenik hankaz gora bota dezatela Kataluniako zerri industria, eta gero hasiko gara zezenarekin. Lehentasuna zerriak du. Hemen ere bi gizon baldin badauzkagu, batek bat akabatzen duena eta besteak hamar, lehenik hamar hil dituena atxilotuko dugu, eta gero bat hil duena. Baina jakina, txarra, dena da.

Lasai, ez dizut ezpatarik sartuko. Luzitzen utziko dizut, zezenketa arte bat da?
Bai, bada. Aurrena zezena plazara sartu aurreko eszenografia hori guztia. Eta gero izate inteligente baten eta animalia baten arteko antzinako borrokaren drama bat konfiguratzen da. Zezenak sufritu egiten du, baina berdin sufritzen du toreroak zezenak harrapatzen badu. Bi arma berdinekin neurtzen dira, bat adarrekin, eta bestea trapuarekin; baten asmoa bestea hiltzea da, eta besteak hil egiten du. Eta bien bitartean errepikatu ezin den segundo bakarrean konposizio bat ematen da. Gizon bertikal batek, 600 kiloko animalia bati trapu gorri bat jartzen dio eta postura bat konfiguratzen du. Eta horren erdian drama gertatzen da. Hori artea ez bada!

Nortasun agiria
1948ko maiatzaren 7an jaio zen Amezketan, baina Donostian eman zuen gaztaro osoa. La Sallen ikasi zuen goi mailako batxilerra bukatu arte, eta gero seguruetara bideratu zituen ikasketak. Parisen, Marokon, munduan barrena hippy bezala ibili ostean aseguru etxe batean hasi zen lanean 21 urterekin. Zuzendari komertzial izatera iritsi zen, eta 1987tik bere artekaritza enpresa muntatua du. Kontzertu handietako aseguru eta produkzio lanak egiten ditu. Bidaiari amorratua, eta zezenketa zale itsua, Onda Ceroko irrati tertulia batean ere parte hartzen du astean hirutan. Bi aldiz ezkondua da, bi alaba ditu, eta orain gazteenarekin bizi da Donostian.

94 urterekin hilko naiz
«Ez nau beldurtzen heriotzak, zer arraio! Nik badakit 94 urterekin hilko naizela, desmunduko herri bateko bidegurutze batean, Coca Colako kamioiak harrapatuta. Eta ez banau harrapatzen neroni jarriko naiz bere aurrean».

Gorputza makina bat da
«Nik uste dut gorputza makina bat dela, eta egurra eman behar zaio. Lo gutxi egin, eta erabili izorratzen den arte. Adin batera iritsi arte denetik probatu beharko genuke. Baina beti heldu batek lagundurik. Nik egin izan dut nire alabarekin. Kosto puska bat harrapatu nion behin eta esan nion: 'Lasai, ez da ezer gertatzen Martina, goazen biok kanuto batzuk erretzera eta kito'. Horrela behar luke. Baina hori esan liteke? Ez, ezin da esan, akabatu egiten zaituzte».

Basamortuko zeharkaldia
«Nire bi alabekin eta beste lagun batzuekin, hogei egunean, Tunezeko basamortua zeharkatu genuen nomada batzuekin. Haiekin bizi izan ginen, lurrean lo egin, haiek jaten zutena jan... Ezberdintasun bakarra zen haiek putzuko ura edaten dutela, eta guk botilako ur edangarria, badaezpada ere. Basamortuarekin maitemindua itzuli nintzen, izugarria zen, isiltasuna, natura, bakardadea, hodarrezko itsaso amaigabe hori, biziraupena. Gameluaren lagun hurkoak bihurtu ginen. Ikasi genuen eguzkiaren eta gameluaren artean ibiltzen, itzal bila, ogia egiten ere bai, gauza asko».


Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude