Landareak: Te biltzaileen osasuna


2005eko ekainaren 19an

Osasunarekin lotutako gaiak ezkerreko txokoan erakusten badizkigute ere, eta landareak eta osasuna kate motzean lotuta daudenez, gaur lizentziatxo bat hartzera noa.
Uraren ondoren munduan gehien hartzen den edaria da tea. Milaka urtetan erabili izan dute tea Asian. Gastronomia, ohiturak, kultura, erlijioa, osasuna… dena tetan bustitzen da. Txina eta India dira munduko te ekoizle nagusiak, atzetik Sri Lanka, Indonesia, Japonia, Turkia... Tea, batez ere, hiru eratara hartzen da: berdea, erdihartzitua eta beltza. Jeneralean hemen tea hartzen dugunean te beltza izan ohi da. Orain modan da te berdea.
Tea kamelia jendeko barietate batzuen kimuko puntta berriko ireki gabeko hostotxoak dira, Txinan Camelia sinensis eta Indian Camelia assamica. Aipatzekoa da Vietnam mugako Txinako eskualde epel, heze eta izotzik gabeko Yunnanen ekoizten den enperadoreen te sonatua; Indiako barietatea erabiltzen dute baina bera egiteko era sekretu iluna da.
Te berdea ur irakinetatik pasa eta lehortutakoa da. Beltza, aldiz, bildu bezalaxe utzi eta berez hartzitzen da. Hartzidura honetan kafeina askatzea da te beltza berdearen aldean gogorragoa izatearen arrazoia.
Te berdeak gure osasunean dituen eragin onak direla eta tximistaren moduan zabaltzen ari da te "berri" hau hartzeko ohitura. Azken ikerketen arabera egunero te berde kikaraka batzuk hartuz gero, luzaroan zenbait gaitzei aurre egiten da, minbizi batzuk tartean. Bitaminatan aberatsa -A, C, E eta B taldeko batzuk-, ilogoelementuak -Manganesoa, Fluorra, Zinka eta Kuprea-, polifenol antioxidanteak, kolesterolaren aurkakoa, asma eta neke fisiko eta mentalaren aringarria, antibiotikoa… zertan ez da ona te berdea?
Egun-sentitik ilun-bistara, aldapan gora eta behera kimutxoak kimatzen aritzen diren biltzaileei galdetu behar… hartuko al dute te berdea… etengabeko lan merkea arindu eta bere osasunaren onerako.


Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude